236. ALDIZKARIA - 2014ko abenduaren 2a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZARAITZUKO IBARRAREN BATZORDEA

Udal ordenantza, Zaraitzuko Ibarraren Batzordearen esparruan euskararen erabilera arautzen duena. Behin betiko onespena

Zaraitzuko Ibarraren Batzordeak, 2014ko ekainaren 2an egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Zaraitzuko Ibarraren Batzordearen esparruan euskararen erabilera arautzen duen ordenantza.

Onesteko erabakia 2014ko 148. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 30ean, eta jendaurreko epean aurkeztu diren alegazioak ebatzi dira; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen.

Ezkarozen, 2014ko azaroaren 3an.–Batzordeko burua, Javier Udi Mancho.

ORDENANTZA, ZARAITZUKO IBARRAREN BATZORDEAREN ESPARRUAN EUSKARAREN ERABILERA ARAUTZEN DUENA

ZIOEN AZALPENA

Euskara Zaraitzuko hizkuntza da eta bere bizilagunen ohiko hizkuntza izan da historian zehar. Horregatik, Zaraitzuko Ibarraren Batzordeak euskara herritar guztien kultur ondare komuntzat jotzen du eta, gaztelaniarekin batera, udalerriaren berezko hizkuntzatzat.

Hainbat hamarkadatan alde batera utzia, gizartearen haren aldeko nahiari eta bertze estatus bati esker, belaunaldi berrietako jende gehiena euskalduna da. Horrek guztiak, gizarteak euskararen alde duen borondatearen adierazgarri, esan nahi du Zaraitzun, urteak iragan ahala, gero eta herritar elebidun gehiago egonen direla, hau da, gero eta euskaldun gehiago. Gizartearen sektore horrek, ziur aski, legez dituen hizkuntza eskubideak erabiliz, gero eta zerbitzu gehiago euskaraz emateko eskatuko dio Batzorde honi, eta Zaraitzuko Ibarraren Batzordeak, erabiltzailearendako zerbitzu publikorako bokazioa duenez, era egokian eman beharko ditu.

Hortaz, Zaraitzuko Ibarraren Batzordeak uste du euskarak laguntza berezia behar duela normalizatu dadin. Beraz, Zaraitzuko bizilagunek zerbitzuak eta arreta euskaraz izan ditzaten bermatzea da ordenantza honen helburu orokorra.

Udalaren eta bizilagunen gogo garbi horretaz gain, aipatu behar da Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak, euskara Nafarroako berezko hizkuntzatzat jotzeaz gain, helburutzat duela bizilagunen eskubidea babestea euskara jakin eta erabiltzeko, eta euskararen berreskurapena eta garapena begiratzea. Lege horrek berak administrazio publikoetan euskaraz aritzeko eskubidea bermatzen die bizilagunei, eta aukera ematen du zenbait lanpostutarako euskaraz jakin beharra nahitaezkoa izateko, eta lanpostu batzuetan baloratua, euskaldunekin komunikatu beharra gertatzen ahal denean, euskaraz mintzatzeko eskubidea bermatze aldera.

Ez da ahantzi behar, bertzalde, Erregioetako edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Gutuna, Europako Kontseiluaren Ministro Batzordeak 1992ko ekainaren 25ean hitzarmen gisa hartutakoa, hamaika estatu kidek (Espainia barne) urte bereko azaroaren 5ean sinatua. 10. artikuluan, administrazio agintariei eta zerbitzu publikoei buruzko gomendioak aipatzen dira, bertzeak bertze:

“...jendaurrean dauden agenteek erregioetako edo gutxiengoen hizkuntzak erabil ditzaten zaintzea, hizkuntza horietan mintzatzen zaizkienekin’’.

“...erregio hizkuntzetako hiztunek (...) eskaerak ahoz edo idatzita aurkeztu eta erantzuna hizkuntza horietan har dezaten zaintzea (...)’’.

Aipatu den araudiarekin bat, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 324. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraikiz, ordenantza hau onestea erabaki da:

I. KAPITULUA

Ordenantzaren xedea eta aplikazio eremua

1. artikulua. Zaraitzuko bizilagunei zerbitzua euskaraz ematea da ordenantza honen xedea, baita euskara normalizatzea eta haren erabilera sustatzea ere.

2. artikulua. Aipatu xedea betetzeko, ordenantzak ondoko xede bereziak ditu:

a) Bizilagunei helaraztea euskara osagai garrantzitsua dela integrazioaren zein komunikazioaren aldetik.

b) Bizilagunei bermatzea Nafarroako berezko hizkuntzetatik erabili nahi duten horretan izatea harremana.

c) Euskararen erabilera finkatzea toki entitatearen kanpoko irudian.

d) Euskararen erabilera idatziaren gaineko araudia zehaztea.

e) Zehaztea zein lanpostutan aritzeko jakin beharko den euskaraz nahitaez, eta nahitaezkoa ez den lanpostuetan euskarak zer balorazio izanen duen.

f) Euskararen erabilera sustatzea Zaraitzuko Ibarraren Batzordearen barne funtzionamenduan.

g) Euskara sustatzeko bertze jarduera batzuk bultzatzea, ordenantzaren xedearekin lotura dutenak.

3. artikulua. Ordenantza hau aplikatuko da Zaraitzuko Ibarraren Batzordearen eskumenen esparruan, halakotzat hartuta hura bera zentzu hertsian eta erakundeak, autonomoak izan ala ez, eta zentro mankomunatuak, haren menpe daudenak.

4. artikulua. Toki entitate honen eskumeneko zerbitzuak izanik, zeharkako edozein kudeaketa molde baliatuz, hirugarrenek ematen badituzte, ordenantza honen II, III, IV eta V. kapituluak aplikatuko dira.

II. KAPITULUA

Administrazioen arteko harremanak

5. artikulua. Zaraitzuko Ibarraren Batzordeak bertze administrazio publikoei, entitateei eta erakundeei igortzen dizkien agirien, jakinarazpenen eta komunikazio administratiboen oinarria eta euskarria ele bitan idatziko dira.

Ordenantza honi dagokionez ele bitan idatzitako agiria da testua osorik eta euskarri berean bi hizkuntzetan agertzen denean. Horretarako, begiratuko da diseinuan bi hizkuntzek tratamendu grafiko berdina izan dezaten, behar bezala bereizirik ager daitezen eta testua argi gelditzeko moduan banaturik.

6. artikulua. Edozein agiri bidaltzen dioten administrazio publiko, entitate edo erakunde horiei, Zaraitzuko Ibarraren Batzordeak ele bitan idatz dezatela eskatuko die.

III. KAPITULUA

Administratuekiko harremanak

7. artikulua. Zaraitzuko Ibarraren Batzordeari, gaztelaniaz nahiz euskaraz egiteko eskubidea dute bizilagunek.

8. artikulua. Batzordeari euskaraz egitea hautatzen duten bizilagunei, hizkuntza berean eginen zaie arrapostu, eta gaztelania erabiltzen duen lagunari erantzuten zaion epe berean. Horretarako itzulpen zerbitzua erabiliko da –gaitasuna duen langilerik ez badago–, eta zerbitzu horrek bizilagunak eskatzen duenaren bertsio ofiziala emanen du gaztelaniaz, eta Udalak jakinarazi behar dion erabaki edo erantzunarena.

Halaber, pertsona fisikoak zuzentzen zaizkionean, Zaraitzuko Ibarraren Batzordeak haien komunikazioak onartuko ditu, berriemailearen lurraldeko edozein hizkuntza ofizialetan eginak, betiere euskarazko edo gaztelaniazko bertsioarekin batera badatoz.

9. artikulua. Administrazioari ahoz euskaraz egiten dionari euskaraz erantzunen zaio, telefonoz nahiz buruz buru.

Bizilagunen artean euskararen erabilera sustatzeko, behar bezala adieraziko da langileen eta lanpostuen euskara maila, eta hura erabiltzeko pizgarriak ezarriko.

10. artikulua. 8 eta 9. artikuluei dagokienez, Zaraitzuko Ibarraren Batzordeak jarduketa plana diseinatu eta gauzatuko du, jendeari harrera egiteko tokietan udal langile euskaldunak egotea bermatzeko, ordenantza honen VI. kapituluan aipatzen den ildotik.

IV. KAPITULUA

Udalaren kanpo irudia

11. artikulua. Zaraitzuko Ibarraren Batzordeak eta bere mendeko erakunde autonomoek gaztelania eta euskara erabiliko dituzte bizilagunekin oro har aritzen direnean.

Hala, ele bitan izanen dira bai euskarri tradizionalean bai teknologia berrien bitartez egiten diren komunikazioak:

Beraz, ele bitan izanen dira:

a) Bandoak, ediktuak, bizilagunei egindako oharrak edo gaztiguak, aktak, kartelak eta informazio plakak.

b) Zigiluak, tanpoiak, logotipoak, idazpuruak eta gisako elementuak.

c) Eraikin, kale eta eremu publikoetako errotuluak.

d) Udalaren egoitza eta bulegoetako errotuluak, Batzordearen ibilgailuetakoak eta langileen arropa eta uniformeetakoak.

e) Interes turistikoko, zerbitzuen kontroleko eta trafikoko seinaleak, etzanak izan ala zutikakoak.

f) Batzordeak administrazio prozedura guztien gaineko argibideak eman beharrez bizilagunen eskura jartzen dituen agiri eta ereduak.

g) Batzordeak bizilagunei zuzentzen dizkien adierazpen, jakinarazpen eta gutun guztiak.

h) Batzordeak prestatzen dituen publizitate eta dibulgazioko elementuak: liburuxkak, kartelak etab.

i) Bertze edozein baliabide edo formatu, Udalaren irudia, kanpokoa edo instituzionala, adierazteko erabiltzen dena.

j) Barne erabilerako inprimakiak.

k) Posta elektronikoz bidalitako mezuak.

l) Batzordearen web orriko testuak.

m) Batzordearen eta haren mendeko erakundeen telefono zerbitzu automatikoa.

n) Udal informazioko aldizkari bat eginez gero euskaraz eta gaztelaniaz eginen da.

12. artikulua. Udal jardueraren publizitatea eta hedapena baliabide idatzietan eta/edo ikus-entzunezko baliabideetan -prentsa idatzia, irratia, telebista eta Internet- bi hizkuntzetan eginen da, eta euskaraz bakarrik hedabidea hizkuntza horretakoa bada.

13. artikulua. Batzordearen edo bere mendeko erakundeen argitalpenak ele bitan eginen dira.

14. artikulua. Zaraitzuko Ibarraren Batzordeko kargudunek bi hizkuntzak erabiliko dituzte jarduera publikoan.

15. artikulua. Hirugarrenek kultura, kirol eta ekonomia alorrean Udalaren esparruan egiten dituzten jardueretan, euskara eta gaztelania erabiliko dituzte adierazpen publiko guztietan, zein den ere euskarria.

V. KAPITULUA

Udal langileak eta Udalaren barne funtzionamendua

16. artikulua. Zaraitzuko Ibarraren Batzordearen plantilla organikoan zehaztuko da zein lanpostutan jakin behar duten euskaraz haiek betetzen dituzten langileek. Zerrenda hori ordenantza honi erantsiko zaio, onetsi ondotik.

Horretarako, irizpide orokor hauek aplikatuko dira:

a) Eginkizun nagusietariko bat herritarrekin harreman zuzena baldin badute, plantilla organikoko lanpostu guztietan, edozein mailatakoak izanik ere, euskara nahitaezkoa izanen da, gutienez ere B2 mailan izan ere.

b) Plantilla organikoko A mailako lanpostuetan C1 pareko euskara maila eskatuko da; B mailakoetan, gutienez ere, B2 parekoa eskatuko da; eta C mailakoetan, B1 parekoa eskatuko da, gutienez.

c) Plantilla organikoko E eta D mailako lanpostuetarik aitzineko irizpideen arabera nahitaez jakiteko mailarik esleiturik ez dutenetan, salbuespenik gabe %10eko balorazioa izanen dute, merezimendutako, E mailako lanpostuetarako, eta %15ekoa, D mailakoetarako, oposizio-lehiaketak guztira duen puntuazioaren gainean. Lehiaketarik gabeko oposizioa hautatuz gero, euskara aginduzkoa izanen da (B1 gradua edo handiagoa).

17. artikulua. Lanpostua jabetzan duten langileek beren hartan segituko dute nahiz eta, printzipioz, esleitutako euskara maila ez bete.

Aldiz, osoki balioko du deialdi berrietan, barnekoak edo irekiak izan, merezimendu lehiaketetan edo lekualdatzeetan, eta edozein arrazoi dela-eta langileak ordezkatu behar direlarik (bajak, eszedentziak, oporrak, erretiroa...).

18. artikulua. Enplegatu bat behin-behinekoz ordezkatu behar baldin bada, ordezkapena egiten duenak gutienez ere izan beharko du plantilla organikoan lanposturako eskatzen den euskara maila.

19. artikulua. Lanpostu berriak betetzeko Batzordeak egiten dituen deialdi guztietan, aitzineko irizpide orokorrak erabiliko dira.

20. artikulua. Ordenantza honen edukiak orobat balioko du mankomunitate gisa ematen diren zerbitzu guztietarako edo enpresa publikoetarako, Zaraitzuko Ibarraren Batzordeak haietan parte hartzen badu.

21. artikulua. Ordenantza honen edukiak orobat balioko du Nafarroako Gobernuak udal mugapean ematen dituen zerbitzuetan.

22. artikulua. Lanpostuetarako deialdiren batean euskaraz jakitea nahitaezkoa delarik, izangaiek betetzen ez badituzte galdatzen den euskara maila, lanpostuak hutsik geldituko dira, eta bertze deialdi bat eginen da. Bigarren deialdian lanpostua berriz hutsik gelditzen bada, aldi baterako beteko da (urtebetez, gehienez ere). Horrela, berriz eginen da deialdia eta hizkuntza gaitasuna duen langileak beteko du.

23. artikulua. Edozein mailatako lanpostuetan, euskaraz jakitea nahitaezkoa edo merezimendu kualifikatua bada, hizkuntza eskola ofizial baten tituluaren bitartez edo bertze baliokide baten bidez frogatuko da haren ezagutza; bertzenaz, eskatzen den maila baduela erakusten duen proba gaindituta.

Nolanahi dela ere, euskara maila egiaztatu behar bada proba baten bidez, proba hori NAPIko akreditazio unitateko teknikariek eginen dute.

24. artikulua.

a) Euskara ikasten lagunduko zaie toki entitateko langileei, ordenantza honetan ezarritako helburuak bete daitezen.

b) Mankomunitateak hizkuntz prestakuntzarako planak antolatuko ditu, helburu horiek lortzearren. Haietan lanaldiaren murrizketak aurreikusiko dira, laguntza ekonomikoak eta ordezkapenak, Nafarroako Gobernuak ezarritako esparruaren barrenean.

c) Batzordeko langileak hizkuntz prestakuntzarako plan horietan sartuta badaude edo, Udalean sartzeko nahiz haien lan bizitzako edozein fasetan, dakiten euskara baloratu bazaie, dakitena erabiltzeko eskatzen ahalko zaie Zaraitzuko Ibarraren Batzordeko administrazioan egiten duten lanean.

VI. KAPITULUA

Kontratazioak

25. artikulua. Zaraitzuko Ibarraren Batzordeak zerbitzu publikoen kontratazioak egiten dituenean, zeharka, irizpideak ezarriko dira zerbitzu horien erabiltzailek euskara nahiz gaztelania erabiltzeko duten eskubidea bermatze aldera, ordenantza honetan aurreikusten den gisan.

VII. KAPITULUA

Euskara sustatzea

26. artikulua. Euskara Zerbitzuak proposamena eginik, Zaraitzuko Ibarraren Batzordeak urteko programak prestatuko ditu euskarari buruzko gaien eta haren egoera soziolinguistikoaren gaineko informazio maila handitzeko, eta hizkuntza horren ezagutza eta erabilera sustatzeko gizartearen esparru guztietan.

27. artikulua. Zaraitzuko Ibarraren Batzordeak bere jarduerak koordinatuko ditu Nafarroako Gobernuarekin eta tokiko bertze entitate batzuekin, haiek euskara sustatzeko prestatzen dituzten ekimen eta kanpainetan parte hartzeko.

28. artikulua. Alde horretatik, Zaraitzuko Ibarraren Batzordeak eskolako matrikulazio kanpainetan eta helduendako euskara irakaskuntzan hartuko du parte, baita euskararen ezagutza eta erabilera sustatzeko eta haren aldeko sentsibilizazioa hedatzeko kanpainetan ere.

29. artikulua. Zaraitzuko Ibarraren Batzordeak diru kopuru bat ezarriko du urteko aurrekontuetan euskarazko ikastaroetan parte hartu nahi duten herritar helduentzat. Horretarako deialdia urtero argitaratuko da eta udalerriko postontzietan banatuko da.

30. artikulua. Batzordeak kirol, kultura, gazteria edo bertze edozein arlotan eskaintzen dituen jardueretan zuzen erantzunen zaio herritar euskaldunen eskaerari, bereziki haur eta gazteenari, eta horren arabera aldatuko dira. Ordenantza honek markaturiko xedeak betez, Batzordea ahaleginduko da euskararen presentzia handitzera herrian egiten diren jarduera sozial guztietan.

Behar diren azterlanak eginen dira eta behar diren urratsak emanen, Musika Eskolan euskarazko musika ikasketen eskaintza abian jartzeko.

31. artikulua. Zaraitzuko Ibarraren Batzordearen diru-laguntza hartzen duten taldeei, diru-laguntza horren xedeko jardueretan euskara erabiltzeko eskatuko zaie, baita jarduera horiek sustatzeko publizitatean ere.

32. artikulua. Ordenantza honek ezarritako helburuak betetzeko, kultur jarduerak eta euskara sustatzekoak bultzatuko dira, eta diru-laguntza izanen dute ibarreko elkarte eta taldeen ekimenaz eragiten direnek.

33. artikulua. Orobat, Ibarraren Batzordearen Zaraitzuko bezeroendako jarduketak (jakinarazpenak, fakturak, ordainagiriak, inprimakiak, informazio eta seinalizazioko errotuluak...) ele bitan izatea eskatuko die berarekin lan egiten duten edo bera sartuta dagoen zerbitzuetako enpresa publiko eta pribatuei.

34. artikulua. Teknologia berriekin loturiko programek eta toki entitatearen bulegoetan erabiltzeko eskuratutako material orok, ahal den neurrian, euskaraz eta gaztelaniaz funtziona dezaten egokituta egon behar dute.

VIII. KAPITULUA

Toponimia

Entitatearen izen ofiziala da Junta General del Valle de Salazar/Zaraitzuko Ibarraren Batzordea.

35. artikulua. Batzordeak bere mugapeko toponimoak (toponimia handia eta txikia) finkatuko ditu Euskaltzaindiaren jarraibideen arabera. Haien forma ofiziala euskarazkoa izanen da.

Arazorik izanez gero, Batzordeak hartuko du erabakia Euskaltzaindiari jarraituz.

36. artikulua. Oikonimiari (etxeen izenak) dagokionez, Batzordeak laguntza emanen die bizilagunei beren etxeen izenak katastroan inskribatzeko, euskarazko adierari lehentasuna emanez eta, zalantzarik bada, Euskaltzaindiari eginen zaio kontsulta.

IX. KAPITULUA

Ordenantza betetzea

37. artikulua. Komisio bat eratuko da, ordenantza hau aplikatu eta garatzeko etorkizunean hartzen diren neurri teknikoak zuzentzeaz eta jarraitzeaz arduratuko dena; hartan Euskara Zerbitzuak hartuko du parte.

Horretarako, urte bakoitzeko lehen hiruhilekoan, eratutako komisioak informazio txostena eginen du ordenantzaren betetze mailari buruz, eta kasua bada, egoki ikusten dituen neurriak proposatuko ditu, bilatzen diren helburuak zuzen gauzatzeko.

38. artikulua. Ibarraren Batzordea lankidetzan ariko da hizkuntza politikan eskumenak dituzten entitate guztiekin, ordenantza hau aplikatu eta garatzeari eta hizkuntza normalizazioaren zeregin orokorrari dagokienez.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Zaraitzuko Ibarraren Batzordeak sortu edo bultzatutako programa guztiak garatzeko, kontuan hartuko da hizkuntzaren normalizazioaren ikuspegia, eta Euskara Zerbitzuak emanen die aholkua toki entitatearen zerbitzuei euskararen normalizazioa bermatzeko.

AZKEN XEDAPENA

Behin betiko onespenaren erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamabost egun iragan ondoren hartuko du indarra ordenantza honek.

Iragarkiaren kodea: L1414950