Iragarkia
242. ALDIZKARIA - 2015eko abenduaren 4a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK
17C/2015 EBAZPENA, urriaren 14koa, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana. Honen bidez erabakitzen da Iruñeko Xilema Fundazioaren hitzarmen kolektiboa erregistratu, gorde eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Iruñeko Xilema Fundazioa entitatearen hitzarmen kolektiboaren testua (kode zenbakia: 31100311012015) aztertu da, Erregistro honetan 2015eko irailaren 14an sartu zena eta enpresaren ordezkariek eta sindikatuen ordezkariek 2015eko otsailaren 9an izenpetu eta 2015eko urriaren 6an zuzendu zutena, honako hauekin bat: Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatiak eta Hitzarmen Kolektiboen eta Akordioen Erregistro eta Gordailuei buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretua. Horrenbestez,
EBATZI DUT:
1. Nafarroako Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatzeko agintzea.
2. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, denek jakin dezaten.
Iruñean, 2015eko urriaren 14an.–Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Pilar Irigoien Ostiza.
NAFARROAKO XILEMA FUNDAZIOAREN HITZARMEN KOLEKTIBOA
I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak
1. artikulua. Lurralde eremua eta langile eremua.
Xilema Fundazioko langileen lan baldintzen arauak ezartzea du xede hitzarmen kolektibo honek, langile horiek Nafarroan kokatuta diren haren edozein programa edo bulegotan ari direla. Enpresaren EJSNa: 8790. Orobat, indarra duen bitartean kontratatzen diren langileengan izanen du eragina, zein diren ere itundutako lan harremana eta haren iraupena.
Negoziazio batzordean langileen ordezkariak aritu dira: LABek 5 ordezkari, ELAk 1, CCOOk 2 eta UGTk 1. Izaskun Esparza Artazcoz (LAB), NANa: 72681842W; Oihan Unai Ataun Rojo (LAB), NANa: 72812594E; Iker Larrañeta Armendariz (LAB), NANa: 72693607Z; Ander Zuazu Blanco (LAB), NANa: 44615832H; Javier Palacios Dronda (CCOO), NANa: 72804351J.
Enpresaren aldetik: Idoia Urzainqui Beorlegui, zuzendari nagusia, NANa: 33437653T; Javier San Miguel, zuzendari teknikoa, NANa: 33436536X; Nuria Saenz Montenegro, NANa: 16568619V; Patricia Villanueva Merino, giza baliabideen zuzendaria, NANa: 33425211R.
Fundazioak bezeroekin sinatu eta indarrean dauden kontratuen baldintza-zerrendetan agertzen diren eskakizunak bete behar ditu.
2. artikulua. Iraupena, salaketa eta aurreraeragina.
Hitzarmenaren indarraldia hura sinatzen denetik 2015eko abenduaren 31 artekoa izanen da.
Alderdi sinatzaileetako edozeinek salatzen ahalko du hitzarmen hau, hura iraungi baino 60 egun lehenago gutxienez. Salaketak indarra izan dezan, idatziz jakinarazi beharko zaio beste alderdiari. Salaketarik ez bada, ulertuko da hitzarmena automatikoki luzatzen dela.
Agiri honen lehenbiziko berrikuspena 2015eko ekainean eginen da.
Hitzarmen honek sinatzen den egunean hartuko du indarra. Nolanahi ere, hitzarmena salatuta, horrek aurreraeragina izanen du, hau da, hitzartutakoa aplikatuko da beste hitzarmen batek ordeztu arte. Langileen Estatutuaren 86.3 artikuluko 4. paragrafoan xedatutako urtebeteko epea gainditzen bada ere.
3. artikulua. Batzorde paritarioa.
Lan hitzarmen hau sinatzean, lan hitzarmenaren segimendurako, aplikaziorako eta interpretaziorako batzorde paritario bat eratuko da, alderdi sinatzaileek osatua. Batzorde paritario horrek alderdietako edozeinek eskatuta eginen du bilera. Eskaera formala egiten denetik bilera egunera bitarte ez dira inoiz hamar lanegun baino gehiago pasako.
6 kidek osatuko dute batzorde paritarioa, 3 Fundazioa ordezkatuz eta beste 3 langileen legezko ordezkaritzaren aldetik, enpresa batzordean duten ordezkagarritasunaren arabera. Titularrek ordezko bana izanen dute. Batzorde paritarioak gatazkak hor bertan konponduko ditu, hilabeteko epean.
Batzorde paritarioak lortzen dituen akordioek bi alderdiak lotzen dituzte, eta haren irizpenak hitzarmenari gehituko zaizkio eranskin gisa.
Hitzarmeneko soldaten inguruko xedapenak ez betetzeko, Langileen Estatutuaren 82. artikulua aplikatuko da, betiere borondatezko arbitrajea erabiliz.
4. artikulua. Osotasunarekiko lotura. Konpentsazioa eta irenspena. Bermeak.
Hitzarmen honetan itundutako baldintzek multzo zatiezina osatzen dute eta, hitzarmenaren aplikazio praktikoaren ondorioetarako, beren osotasunean hartuko dira. Hitzarmen honetan jasorik ez dauden gaietan goragoko eremuko hitzarmena aplikatuko da. Irizpide nagusia da hitzarmen honetan itundua errespetatzea; ezin da haren aplikazio partzialik egin.
Langileren batek, urteko kopuruan eta orokorrean, hitzarmen honetan ezarritakoak baino lan-baldintza hobeak izanez gero, errespetatu eginen zaizkio.
Subrogazioak badira, lan arloko maila handiagoko legeria indardunaren arabera arautuko dira.
5. artikulua. Lege subsidiarioak.
Hitzarmen honetan berariaz aurreikusten ez den hartan, lan arloko maila handiagoko legeria indardunari jarraituko zaio, aurreko artikuluan xedatutakoan izan ezik.
II. KAPITULUA
Langileen sailkapena
6. artikulua. Lanbide sailkapena.
Hitzarmen honi atxikitako langileak honela sailkatzen dira:
1 | Zuzendaritza taldea |
2 | Koordinatzailea |
3 | Psikologoa, proiektuetako teknikaria, teknikari orokorra. Gizarte langilea, bitartekaria, erizaina |
4 | Gizarteratze proiektuaren arduraduna, Egoitzako Oinarrizko Harreraren arduraduna, Egoitzako Harrera Espezializatuaren arduraduna, Eguneko Egoitzaren arduraduna, Familia Elkartzeko Gunearen arduraduna |
5 | Familia Elkartzeko Guneko teknikari espezialista, sistemetako teknikaria, kalitateko teknikaria, komunikazioko teknikaria, giza baliabideetako teknikaria, administrazioko teknikaria, prestakuntzako teknikaria, administraria, sukaldaria, hezitzailea |
6 | Hezitzaile laguntzailea, integratzailea, monitorea, mantentze-lanetako langilea, sukaldari laguntzailea |
7 | Zerbitzuetako laguntzailea, administrari laguntzailea, harrerako langilea, banatzailea, garbitzaile-sukaldaria |
8 | Gizarteratze arloko zerbitzuetako laguntzailea |
Artikulu honetan ageri den langileen sailkapena aipamen hutsa baino ez da, eta ez dakar berarekin adierazi diren lanpostu guztiak bete beharra fundazioaren premiek eta lan kargak edo administrazioekin sinatzen diren kontratuek hala eskatzen ez badute.
7. artikulua. Lanbide taldeen definizioa, eginkizunak eta betekizunak.
Langile bakoitzaren eginkizunak bere kontratuaren xedeko lanpostuari dagozkionak izanen dira.
Talde bakoitzaren betekizunak eta eginkizunak lanpostuen profiletan ezartzen dira oro har, eta bezeroekin sinatzen diren kontratu indardunen baldintza-zerrendetan berariaz. Lanpostuen profilen eranskina eguneratuko da.
Langile bakoitzari esleitutako eginkizunei dagokienez desadostasunik badago, hitzarmenaren batzorde paritarioari kontsulta eginen zaio, inplikatutako alderdiei entzun ostean.
8. artikulua. Kategoria funtzionalak.
Fundazioak izendatuta, aldi baterako betetzen direnei esaten zaie kategoria funtzional, zein den ere lanbide taldea. Dagokion osagarria kobratzeko eskubidea sortuko du denbora horrek. 7. artikuluko irizpideekin berekin zehaztuko dira kategoria bakoitzaren eginkizunak.
9. artikulua. Mugigarritasun funtzionala eta mugigarritasun geografikoa.
Goragoko kategoriako lanak. Fundazioaren premiak direla-eta langile batek bere kontratukoa baino goragoko lanbide kategoriako lanak egiten dituenean, kategoria horretako ordainsariak eta eskubideak izanen ditu egoera horretan dagoen bitartean.
Egoera horretan 6 hilabetez baino gehiagoz bada, kategoria horretako kide bihurtuko da automatikoki eta behin betiko, ondorio guztietarako.
Egoera ezberdina da goragoko kategoriako lanak sei hilabetetik gorako aldi baterako egitearen arrazoia lanpostua gordetzeko eskubidea duten langileak ordeztea bada.
Beheragoko kategoriako lanak. Fundazioaren premia larriak direla-eta langile batek beheragoko kategoriako lanak egiten dituenean, behar-beharrezkoa den denboran baino ez ditu halako lanak eginen, eta bere kategoria, ordainsariak eta gainerako eskubideak mantenduko zaizkio.
Mugigarritasun geografikoa. Lantokiz aldatzeko erabakiak eragina izan baino hilabete eta erdi lehenago, gutxienez ere, jakinarazi beharko dio enpresak langileari erabaki hori, baita legezko ordezkariei ere, lekualdaketaren arrazoiak azaltzen dituen gutun baten bidez.
10. artikulua. Barne igoera.
Barne igoera. Lanpostu berriren bat sortu edo langileren batek bere lanpostua hutsik uzten duenean, barne eta kanpo deialdi batean eskainiko da, aldi berean. Barne igoera Xilemako langile guztiei eskainiko zaie.
Entitatearen komunikabideak erabiliko dira barne igoera jakitera emateko: Xilemako helbide elektroniko pertsonala, intraneta, etab.
Fundazioak konpromisoa hartzen du Xilemako langileek lanpostu huts hauen %55 betetzeko: kontratu mugagabeak eta urtebeteko edo hortik gorako kontratuak (kontratu berrirako hobari edo diru-laguntza jasotzeko eskubidea sortzen ez badute). %55 horretan sartuko dira eskaintza batean aurkeztu eta kontratu bat lortzen duten Xilemako langileak, soldatan edo lanbide-kategorian igoera izan ala ez izan. Barne hautagairik ez badago, prozesua ez da %55 horretan sartuko.
Fundazioan erantzukizun handiena duten lanpostuak (zuzendaritza taldekoak eta koordinazio taldekoak) ez dira nahitaez barne igoeraz bete beharko.
Gehienez 3 hilabeteko probaldia ezartzen ahalko da. Aldi horretan langileak eta entitateak kontratua amaitutzat jo dezakete; kasu horretan, langilea kategoria bereko lanpostu batera itzuliko da.
Orobat, Fundazioak bere langileei eskainiko dizkie urtebetetik beherako aldirako hutsik dauden lanpostu batzuk. Kasu horiek ez dira %55 horretan sartuko.
Sei hilean behin, hau da, ekainean eta abenduan, zuzendaritzak aldi horretako igoeren berri emanen dio enpresa batzordeari, idatziz, ezarritako ehunekoa betetzen den zaintzeko.
III. KAPITULUA
Lanean hastea eta lana uztea
11. artikulua. Langileen sarrera.
Langilearen eta fundazioaren arteko kontratazio librearen bidez sartuko dira langileak fundazioan. Kontratazio hori egiteko, lan arloko araudian indarrean dauden kontratuak erabiliko dira, praktikaldiko kontratua eta ikaskuntza eta prestakuntzako kontratua kenduta erabiltzaileekin esku-hartze zuzena duten lanpostuetarako.
Praktikaldiko kontratua oporretan dauden langileak ordezteko erabiltzen ahalko da, legeak seinalatzen dituen eskakizunak betez eta haien kategoriari dagozkion soldataren eta kotizazioaren %100 bermatuz.
12. artikulua. Probaldia.
Langile sartu berriek probaldi bat pasatu beharko dute, honako eskala honetan adierazten dena, gehienez ere:
–1., 2., 3., 4. eta 5. taldeetako langileek 6 hilabeteko probaldia izanen dute.
–6. taldeko langileak. Mantentze-lanetako langileek eta sukaldari laguntzaileek 3 hilabeteko probaldia izanen dute. Talde horretako gainerako kategoriek 6 hilabeteko probaldia izanen dute.
–7. taldeko langileek hilabete bateko probaldia izanen dute.
–6 hilabetetik beherako kontratuek hilabete bateko probaldia izanen dute.
Probaldian alderdietako edozeinek bertan behera uzten ahal du lan harremana, kalte-ordainerako eskubiderik gabe, ordea. Probaldian langilea aldi baterako ezintasun egoeran izanez gero, probaldia eten eginen da.
13. artikulua. Lan kontratuaren amaiera.
Lan-kontratua amaituko da Langileen Estatutuaren 49. artikuluan ezarritako edozein arrazoirengatik.
Fundaziotik bere borondatez alde egin nahi duen langileak aurreabisua eman beharko du, hamabost egun lehenago gutxienez. Aurreabisu-epe hori betetzen ez badu, abisu eman gabe igaro diren egunei dagokiena kenduko zaio likidaziotik.
Fundazioak aurreabisu hori epearen barrenean eta behar bezala jasotzen badu, lan harremana bukatu baino lehen egin beharko du beharrezkoa den likidazioa. Betebehar hori betetzen ez badu, langileak kalte-ordain bat jasotzeko eskubidea izanen du, hain zuzen, egun bateko soldata likidazioa atzeratzen den egun bakoitzeko. Aurreabisua zenbat egun aurretik egin den, horixe izanen da kalte-ordainetarako muga. Kalte-ordain hori langileak bere kontratuaren bukaeran jaso behar duenaz apartekoa izanen da, kontratuak, berez, halakorik ezartzen badu.
Urtebete batetik gorako kontratu ez-mugagabeen amaieran, fundazioak 15 egun lehenago eman beharko dio aurreabisua langileari.
Xilema Fundazioaren eta ezarritako programa ezberdinen euskarri ekonomikoa, jarraipena eta kontrola bere gain hartzen dituzten administrazio publikoen arteko lankidetzak langileen kontratazioari eragiten dio zuzenean.
Egoera horren ondorioz, edozein motaren bidez gauzatu lan kontratuen indarraldia aipatutako programen eta bi erakundeen arteko lankidetzaren mendean egonen da beti.
Administrazio publikoek hitzartu, itundu edo diruz lagundutako programei loturik egiten diren kontratu guztiak programa horien iraupenaren mende egonen dira beti.
14. artikulua. Erretiroa aldez aurretik hartzea.
Fundazioak unean uneko lege indardunei jarraikiz erretiroa aldez aurretik hartzeko aukera duten langileen eskaerak baloratuko ditu, eta erantzuna emanen die.
IV. KAPITULUA
Lan baldintzak
15. artikulua. Lanaldia eta malgutasuna.
Urteko lanaldi orokorra 1.680 ordukoa da, banakako akordioak eta/edo baldintza-agirietako nahitaezko baldintzak salbu.
Urteko lanorduak banakako egutegietan zehaztuko dira.
Langile bakoitzaren urteko gehieneko lanaldian, enpresak prestakuntzako 20 ordu ezar ditzake gehienez. Prestakuntzako orduak 20 baino gutxiago badira, gelditzen diren orduetan ohiko zerbitzua eginen da, indarrean dagoen legeriak ezartzen dituen malgutasun irizpideak kontuan hartuta.
Lanaldia 6 ordu jarraitutik gorakoa denean, gehienez 15 minutuko atsedenaldi ordaindua izanen da, zerbitzuak horretarako aukera ematen duenean.
16. artikulua. Asteko atsedena.
Langileek eskubidea dute astero 1,5 eguneko atseden etengabea izateko. Lanaldia aste batetik gorakoa denean, 10 eguneko epea gainditu gabe, 2 eguneko atseden etengabea izanen da.
17. artikulua. Lan egutegia.
Fundazioak urteko lan egutegiak azaroaren 15ean aurkeztuko dizkio enpresa batzordeari (azaroaren bigarren hamabostaldiko lehen egun baliodunean), eta abenduaren 1ean plantillari (abenduaren lehenbiziko hamabostaldiko lehen egun baliodunean).
Egutegiak kontratuen baldintza-zerrendetako eskakizunetara egokituko dira.
Enpresaren zeregina da langile bakoitzaren lan egutegia ahalik eta gehien doitzea, bete behar duen urteko lanaldiaren arabera, soberako lanaldiak saihesteko.
Oporrak zenbatuta (apirilean eta irailean), urterako ezarritako lanorduak gainditzen badira, talde bakoitzean lan egutegiak moldatuko dira soberako urteko lanaldiak saihesteko.
Lanaldia doitzeko egiten diren aldaketak jakinarazteko, ordu gehiago edo gutxiago ezarriz, 10 eguneko aurreabisua izanen da.
Egutegia doitzeko irtenbidea agorturik, soberako lanaldia atsedenaldiarekin konpentsatuko da, urteko lanaldia doitzeko. Soberakina 7,5 ordutik gorakoa bada, lanaldi osoekin konpentsatuko da, langileak eta enpresak adosten duten aldietan. Soberakina 7,5 ordutik beherakoa bada, orduka konpentsatuko da eta langilea ez da ordeztuko. Bi kasuetan, koordinatzaileak onetsiko du ordezpena, eta taldean ohikoa den langileen ehunekoa errespetatuko da.
18. artikulua. Oporrak.
Langile guztiek 30 opor egun izanen dituzte urtean.
Langileek opor egunak banatzeko, haien lanaldi mota hartuko da kontuan, hau da, astelehenetik igandera edo astelehenetik ostiral edo larunbatera lan egiten duten.
Lehenbiziko kasua (lanaldia: astelehenetik igandera). Langileek 30 egun naturaleko oporraldia izanen dute, honela banatuta: gutxienez 2 aste ekainaren 1etik irailaren 30era bitarte, eta urtean zehar aste bat, 5egun jarrai eta 4 egun solte. Aldez aurretik aurreikuspenak eta plangintza zehaztu behar dira baliabide bakoitzean.
Oporrak hautatzeko epeak.
3 aste: apirilaren 15a baino lehen eskatu behar dira. 5 egun jarraiak, irailaren 30a baino lehen. Eta 4 egun solteak, bi aste lehenago; zubietan eta Aste Santuan, hiru aste lehenago.
Oporraldietan erreferentziako plantilla finkoaren ehunekoa ez da inoiz zerbitzuko plantillaren %50etik beherakoa izanen, lanbide kategoria bakoitzean.
Astelehenetik ostiral edo larunbatera lan egiten dutenek 30 laneguneko oporraldia izanen dute urtean; horietatik, gutxienez 15 ekainaren 1etik irailaren 30era bitarte hartuko dira.
Egun solteak ezin dira Gabon egunean hartu, ezta Eguberri egunean, Gabon-zahar egunean eta Urteberri egunean ere.
Nahitaezko itxialdiak dituzten programetan, itxialdiak nahitaez oporraldiak izanen dira programa horiei atxikitako langileentzat.
Orobat, uztailaren 6a eta 7a nahitaez opor egunak izanen dira koordinazio taldekoentzat eta bulegoko langileentzat, larunbata edo igandea ez badira.
Kasu guztietan, oporrak sorrarazi eta hurrengo urteko urtarrilaren 15a baino lehen hartu behar dira.
Oporraldi horiek eta ezar daitezkeen beste batzuk gauzatzeko, baldintza-agirietako eskakizunek eta baliabidearen funtzionamenduak horretarako aukera eman behar dute. Aukera hori existitzen ez bada, zerbitzuaren koordinatzailearekin adostuko da zerbitzu horretako profesional guztien oporren banaketa, eta aplikatu aurretik enpresa batzordeari jakinaraziko zaio.
19. artikulua. Oporrak berriz ezartzea.
Eritasun arruntaren, lan istripuaren edo ospitaleratzearen ondoriozko aldi baterako ezintasunetan, oporraldia deuseztatuko da eta fundazioak eta langileak beste oporraldi bat adostuko dute, urte naturala igarota ere, betiere hurrengo 18 hilabeteetan oporrak sorrarazten diren urtea amaitzen denetik.
Enpresaren oporren egutegian ezarritako oporraldian langile batek aldi baterako ezintasuna badu haurdunaldiaren, erditzearen edo esnea ematearen zioz, edo amatasun bajagatik edo aitatasun baimenagatik kontratua eteten bazaio, oporrak etenaldia amaitutakoan gozatzeko eskubidea edukiko du, nahiz eta urte naturala amaitu.
Oporraldi batean aurreko lerroaldean aipatu ez den arrazoi arrunt batengatik aldi baterako ezintasuna gertatuz gero, eta horren ondorioz langileak oporrak dagozkion urte naturalean hartzerik ez badu, osorik edo partez, ezintasuna bukatu ondoren hartzen ahalko ditu, betiere oporretako urtea amaitu zenetik 18 hilabete baino gehiago igaro ez badira. (LEaren 38 art.).
20. artikulua. Baimen ordainduak.
Hitzarmen honi lotutako langile guztiek, aldez aurretik abisatu eta frogatuta, ordaindutako baimen hauek izaten ahal dituzte:
–Hamasei egun natural ezkontzeagatik edo bikote egonkorra osatzeagatik; oporraldiari gehitzen ahal zaizkio. Gertaera eragilearen egunetik aurrera izanen da baimena, eta bakarrik bi arrazoietako batengatik.
–Egun natural bat, hau da, ospakizun eguna, seme-alabak edo anai-arrebak ezkontzeagatik.
–Bi egun natural, semea edo alaba jaiotzean. Gertaera eragiletik aurrera.
–Heriotzagatik. Odol-ahaidetasun edo ezkontza-ahaidetasuneko lehen mailakoak (ezkontidea, gurasoak, seme-alabak, anai-arrebak): 4 egun natural. Odol-ahaidetasun edo ezkontza-ahaidetasuneko bigarren mailakoak: 2 egun natural. Gertaera eragiletik aurrera izanen da baimena.
–Eritasun larriagatik, ospitaleratzeagatik, etxeko ospitalizazioagatik edo ebakuntzagatik: 3 egun natural gehienez, ezkontidea edo seme-alaba bada. Gainerako ahaideak, odol-ahaidetasun edo ezkontza-ahaidetasuneko lehen edo bigarren mailakoak: 2 egun natural. Urtean behin, langileak erabakita, baimena 3 egun naturalekoa izanen da, guraso batek sortu badu.
Baimena sortzen duen arrazoia amaitzen bada, baimena ere amaituko da; baimen egunak ez dira derrigorrez jarraian hartuko.
Odol-ahaidetasun edo ezkontza-ahaidetasuneko lehen edo bigarren mailako ahaideen ebakuntza, ospitaleratu beharrik izan gabe, baina etxean laguntza izatea eta/edo atseden hartzea agintzen bada: 2 egun natural, gehienez ere, osasun-ziurtagirian zehaztutakoaren arabera.
Aurreko bi puntuetan adierazitako arrazoiengatik (heriotzagatik eta ospitaleratzeagatik) langileak Foru Komunitatetik kanpora joan behar badu, lizentzia hori egun natural bat gehiagoz luzatuko da probintzia mugakideen kasuan, eta 2 egun naturalez gainerakoetan.
–Bizilekuz aldatzeko: egun bat.
–Publikoa edo pribatua den eginbehar saihestezina betetzeko: beharrezkoa den denbora.
–Kontzertuetako baldintza-orrietan agertzen diren titulazioak lortzeko azterketa ofizialak egiteko: beharrezkoa den denbora.
–Haurdunaldiko azterketa medikoak egiteko eta erditzea prestatzeko tekniketan trebatzeko beharrezkoa den denbora, lanorduetan egin behar badira. Berdin jokatuko da in vitro ernaltze praktiketarako eta haurdunaldia eteteko. Baimena ezkontideak edo bikotekideak ere hartzen ahalko du. (LEaren 37.3.f art.). Adopzioaren, harreraren edo adoptatzeko egiten den zaintzaren kasuetan, informazio eta prestakuntza saioetara joateko eta egokitasun deklarazioaren aurreko txosten psikologiko eta sozialak egiteko behar den denbora, betiere lanorduetan egin behar badira. Gaueko lana egiten ari diren langileek edonolako lizentzia eta/edo baimena behar dutenean, aurreko edo osteko gaua hauta dezakete.
Langilea bere lanpostutik joaten den unean hasiko da kontatzen baimena.
Artikulu honetan arautzen diren baimenen ondorioetarako, ezkontidetzat joko dira bikote egonkorretako kideak, Bikote egonkorren berdintasun juridikorako uztailaren 3ko 6/2000 Foru Legean ezarri bezala; betiere, egoera hori beren bizilekuari dagokion udalaren ziurtagiriaren bidez frogatzen badute.
Ordaindu gabeko lizentziak:
–20. artikuluan aipatzen ez diren azterketak egiteko: beharrezkoa den denbora.
–Beharrezkoa den denbora, langilea medikuaren kontsultara joateko, lan orduetatik kanpo joaterik ez bada; langileak medikuaren frogagiria aurkeztu beharko du fundazioan.
21. artikulua. Amatasuna, aitatasuna, adopzioa eta esnea ematea.
Amatasun baimena: amatasun kasuan, langileak etenik gabeko 16 asteko baimena hartzeko eskubidea izanen du; 2 gehiago, erditze anizkoitzean izandako haur bakoitzarengatik. Interesdunak nahi duenean hasiko da baimena; betiere, sei aste erditu ondoren izanen dira.
Ama hiltzen bada, lanik egiten zuen edo ez kontuan hartu gabe, beste gurasoak etenaldi osoa edo geratzen den zatia hartzen ahalko du, erditzearen egunetik zenbatuta, eta erditu aurretik amak egunak hartu bazituen, horiek ez zaizkio deskontatuko. Haurra hiltzen bada, etenaldia ez da murriztuko, salbu eta, nahitaez hartu beharreko sei asteko atsedenaldia amaitu eta gero, amak lanpostura itzultzeko eskatzen badu.
Aurrekoa gorabehera, eta erditu ondoan amaren atsedenerako nahitaez sei aste hartu beharra galarazi gabe, bai aitak eta bai amak lan egiten badute, amak amatasuneko atsedenaldia hastean hautatzen ahalko du umea izan ondoko baimenaren denboraren zati jakin eta jarraitu bat aitak hartzea, bai amarenarekin batera, bai ondoren. Lanera itzultzeko garaian ama aldi baterako ezintasun egoeran badago ere, aitak berdin jarraitzen ahalko du erabiltzen amak hasieran laga zion amatasun baimenaren zatia (LEaren 48.4 art.).
Semeak edo alabak behar baino lehen jaio delako edo jaio ondoren beste edozein arrazoirengatik ospitaleraturik egon behar badu, aitak edo amak eskubidea izanen du lantokitik ordubete ateratzeko. Orobat, lanaldia gehienez 2 ordu murrizten ahalko dute, eta soldata ere proportzioan murriztuko zaie. (LEaren 37.4 bis art.).
Ama behar baino lehen erditzen bada eta haurrak pisu aski ez badu, edo jaioberria, baldintza klinikoren bategatik, jaio ondoren ospitaleratu behar baldin bada zazpi egunez baino gehiagoz, etenaldia luzatu eginen da jaioberria ospitaleraturik dagoen bitartean, hamahiru astez gehienez, betiere arauekin bat.
Luzapen hori gauzatuko da bakarrik jaioberria jaio ondoko 30 egun naturaletan ospitaleratu behar bada.
Adopzioa edo harrera: Haurra adoptatu edo harreran hartzen den kasuetan, etenaldiak hamasei aste iraunen du, jarraian. Haur bat baino gehiago adoptatzen edo harreran hartzen badira, beste bi aste gehituko dira ume bakoitzeko, bigarren umetik aurrera. Kasu horretan, langileak erabakiko du noiz izanen dituen ondorioak etenaldiak: adopzioa eratzen duen ebazpen judiziala ematen denean edo behin-behineko edo behin betiko harreraren erabaki administratiboa edo judiziala ematen denean. Ez da zilegi etenaldi bat baino gehiago hartzea adingabe beragatik.
Nazioarteko adopzio kasuetan, gurasoek adopzioan hartuko duten haurraren jatorrizko herrialdera joan beharra dutenean, adopzioa eratzeko ebazpena eman baino lau aste lehenagotik ere hasten ahalko da etenaldia.
Hemen aipatzen diren aldiak lanaldi osoan edo lanaldi partzialean hartzen ahalko dira, enpresaburuak eta ukitutako langileak aldez aurretik ados jarrita, erregelamenduz erabakitzen diren baldintzen arabera. (LEaren 48.4 eta 5 art.).
Adoptatu edo harreran hartutako adingabeak edo seme-alabak desgaitasunen bat baldin badu, etenaldiak bi aste gehiago iraunen du. Bi gurasoek lan eginez gero, etenaldiaren luzapena interesdunek hautatzen duten moduan banatzen ahalko dute, aldi berean nahiz bata bestearen ondoren, betiere etenik gabeko aldietan. (LEaren 48.4 art.).
Aitatasuna: Aitatasunagatik, lan kontratua 13 egunez eteteko eskubidea du langileak, eta erditze anizkoitzen kasuan, bi egun gehiago har ditzake haur bakoitzeko, bigarrenetik aurrera. Banakako eskubidea da, aitarena bakarrik. Aitatasuna biologikoa denean onartzen da, baita adopzioa edo harrera kasuetan ere, eta amatasunagatiko etenaldiak bezalako baldintzak ditu. (LEaren 48. bis art.).
Baimen hori seme edo alaba bat izan edo adoptatzeagatik 19. artikuluan ezartzen den baimenaren ondoren hartzen ahalko da, amatasun baimenaren bitartean edo ondoren. Etenaldia lanaldi osoan edo lanaldi erdian banatzen ahalko da. (LEaren 48. bis art.).
Baimena, garaia baino lehen erditzeagatik: Semea edo alaba behar baino lehen jaio delako edo jaio ondoren beste edozein arrazoirengatik ospitaleraturik egon behar bada, aitak edo amak eskubidea izanen du lantokitik ordubete ateratzeko. Orobat, lanaldia gehienez 2 ordu murrizten ahalko dute, eta soldata ere proportzioan murriztuko zaie.
Haurrari esnea emateko baimena: Seme-alaba izan, adopzioan edo harreran hartuz gero, haurrari esnea emateko bederatzi hilabete egin arte, langileek eskubidea izanen dute ordubetez lanetik kanpo egoteko, nahi badute bi zatitan banatuta. Ume baten baino gehiagoren erditze, adopzio edo harrera kasuan, proportzioan gehituko da baimenaren denbora.
Baimen hori amak nahiz aitak hartzen ahal dute, beren nahierara, biak lanean ari badira, baina bakarrik bietako batek har dezake (LEaren 37.4 art.).
Biek, hala nahi badute, eskubide hori lanaldiaren ordu erdiko murrizketarekin ordezka dezakete, helburu berbererako, edo lanaldi osotan pilatzen ahal dute, amatasun edo aitatasun baimena amaitzen denerako.
Pilatuta hartzea erabakitzen badute, langile bakoitzari eginen zaio kalkulua. Horretarako, ordu bat zenbatuko da benetan lan egindako egun bakoitzeko, haurtxoak bederatzi hilabete bete arte. Ateratzen den ordu kopurua benetako lanegunen orduetatik deskontatuko da jarraian, bere lan txandaren arabera. Kalkulu hori egiteko, une horretan indarrean dagoen urteko langilearen egutegia erabiliko da.
Langileak aurreko urteko opor egun batzuk hartu ez baditu, amatasun baja bukatu bezain pronto hartuko ditu, eta egun horiek ez dira kontuan hartuko esnea emateko ordu pilatuen kalkuluan. Urte horretako opor egun batzuk hartu nahi baditu jarraian, 15 eguneko aurreabisua egin beharko du.
Aldi horretan eszedentzia eskatzen bada, esnea emateko orduak ez dira pilatuko. Esnea emateko baimena (ordu pilatuak) izan ondoren eszedentzia eskatzen bada, esnea emateko ordu pilatuen egunak (eszedentziari dagozkionak) kenduko zaizkio nominatik.
Ume baten baino gehiagoren erditze, adopzio edo harrera kasuetan, baimenaren denbora modu proportzionalean handituko da.
Esnea emateko orduetarako eskubidea bateragarria da lanaldi murrizketarekin, baina ez eszedentziarekin.
Haurdunaldiko edo haurrari esnea emateko aldiko arriskua. Haurdunaldian edo haurrari esnea emateko aldian arriskua dagoenean, amaren lanpostua ezin bada egoera horretara egokitu edo ezin bazaio eman egoera horrekin bateragarria den beste lanpostu bat, lan kontratua eten eginen da eta lanpostua gordeko zaio. Horrelakoetan, etenaldi hori bitartean, langileek eskubidez dagokien prestazio ekonomikoa jasoko dute. (LEaren 48.5 art.).
Langileak tramitatuko du prestazioaren eskaera, enpresaren mutuaren aurrean, eta mutuak ebazpena emanen du, prestazioaren ordainketa bere gain hartuko du eta langileari jakinaraziko dio. (Gaur egin indarrean dagoen araudiaren arabera, haurdunaldian arriskuan dauden langileek kontingentzia profesionalen ondoriozko oinarri arautzailearen %100eko prestazioa jasoko dute).
22. artikulua. Soldatarik gabeko baimena eta ordaindu gabeko lizentziak.
Urtebetetik gorako antzinatasuna duten langileek soldatarik gabeko baimenak eskatzen ahalko dituzte, gehienez 30 egun natural urtean. Eskaera onartzeko, bi baldintza hauek bete behar dira: 3 aste lehenago abisatzea eta baliabidean aldi berean baimen hori duten langileen ehunekoa %5etik gorakoa ez izatea. Eskaerak heltzen diren hurrenkera berean tramitatuko dira.
Bi alditan bana daiteke baimena, bakoitza aste batekoa gutxienez. Beste banaketa motak eta presako kasuak banan banan aztertuko ditu giza baliabideen arloak.
23. artikulua. Eszedentziak eta lanaldi murrizketak.
Borondatezko eszedentzia. Fundazioan urtebeteko antzinatasuna duen langile orok 3 hilabetetik 5 urte arteko borondatezko eszedentzia hartzen ahalko du.
Eszedentzia hori inolako ordainsaririk jasotzeko eskubiderik gabe emanen da eta denbora hori ez da antzinatasuna kalkulatzeko kontatuko. Idatziz eskatuko da beti, hasi baino hogeita hamar egun lehenago gutxienez, behintzat premia larriko arrazoi frogagarririk ez bada. Fundazioak idatzizko erantzuna bost eguneko epean jaso beharko du (hau da, larunbat, igande eta jaiegunak kontuan hartu gabe).
Lehenbiziko urtean lanpostua gordetzeko eskubidea izanen du. Epe hori igarota, langileak enpresan hutsik dauden eta haren kategoriakoak edo antzekoak diren lanpostuetan sartu ahal izateko lehentasuna baino ez dauka.
Eszedentziarako eskaera hilabete lehenago egin beharko da, idatziz; orobat, itzultzeko eskaera ere. Aurreabisua epe horretan egiten ez bada, ulertuko da langileak bere borondatez uzten duela.
Baldintza horiek betetzen ez dituzten eskaera indibidualak baloratuko ditu enpresak, betiere egoera apartekoa bada.
Nahitaezko eszedentzia. Lanera joatea galarazten duen kargu publiko baterako izendatua edo hautatua izateagatik emanen da, eta lanpostua gorde eta antzinatasuna kontatzeko eskubidea emanen du, betiere lanean berriro sartzea kargu publikoa edo enpresaz gaindiko kargu sindikala utzi ondoko hilabetean eskatzen bada.
Seme-alabak zaintzeko eszedentzia: langileek eskubidea izanen dute gehienez ere hiru urteko eszedentzia hartzeko, lanpostua gordetzeko eskubidearekin, seme-alaba bakoitza zaintzeko, norberak izandakoa edo adoptatua izan, edo etxean hartua, bai modu iraunkorrean bai adoptatu aurreko harrera fasean. Hiru urte horiek haurra jaiotzen denetik edo, bestela, epaileen edo administrazioaren ebazpenaren egunetik aurrera kontatuko dira.
Langileak eszedentzian ematen duen denbora kontuan hartuko da antzinatasunerako. Orobat, langileak lanbide prestakuntzako ikastaroetara joateko eskubidea izanen du.
Ahaideak zaintzeko eszedentzia. Halaber, gehienez ere bi urteko eszedentziarako eskubidea izanen dute, lehenbiziko 12 hilabeteetan lanpostua gordetzeko eskubidearekin (18 hilabete familia ugarien kasuan), adinagatik, istripuagatik, eritasunagatik edo desgaitasunagatik bere kasa bizitzeko gauza ez den eta lan ordaindurik egiten ez duen familiartekoren bat, odol-ahaidetasuneko edo ezkon-ahaidetasuneko bigarren mailara arteko ahaidea, zaindu behar duten langileek.
Eszedentzia hori aldi laburragoetan banatu ahal izanen da, subjektu eragile berarentzat, gehieneko eskubide aldia osatu arte. Beste subjektu eragile batek beste eszedentzialdi bat izateko eskubidea sortzen duenean, hori hastearekin bukatuko da ordura artekoa, halakorik izanez gero.
Seme-alabak edo ahaideak zaintzeko eszedentziak langileen eskubide indibiduala dira, gizonezkoa izan edo emakumezkoa izan, eta zatika hartzen ahal dira. Hala ere, subjektu eragile bera zaintzeko eskubidea enpresa bateko bi langilek edo gehiagok izaten badute, enpresaburuak aldi berean erabili nahi den eskubidea mugatzen ahalko du, enpresaren funtzionamenduarekin lotutako bidezko arrazoirik baldin bada. Beste subjektu eragile batek beste eszedentzialdi bat izateko eskubidea sortzen duenean, hori hastearekin bukatuko da ordura artekoa, halakorik izanez gero. (LEaren 46.3 art.).
Langileak eszedentzian ematen duen denbora kontuan hartuko da antzinatasunerako. Orobat, langileak lanbide prestakuntzako ikastaroetara joateko eskubidea izanen du.
Seme-alabak eta beste ahaideren bat zaintzeko lanaldi murrizketa. Lanaldia murrizteko eskubidea izanen dute, halaber, adinagatik edo istripu edo eritasunen baten ondorioz bere kasa bizitzeko gauza ez den eta lan ordaindurik egiten ez duen familiartekoren bat, odol edo ezkontza bidezko bigarren mailara arteko ahaidea, zaindu behar duten langileek. Lanaldia gutxienez zortziren bat eta gehienez erdia murriztuko zaio, eta soldata hein berean murriztuko da. Lanaldia murrizteko eskubideak haurrak 12 urte bete bitarte iraunen du, eta luzatu ere luzatzen ahalko da, semeak edo alabak zein ikasturtetan egiten dituen urte horiek, hura bukatu arte (ekainean).
Minbiziak edo beste eritasun larri batek jotako adingabeak zaintzea. Gurasoetako batek edo adingabearen adopzio edo harrera egiten duen batek eskubidea izanen du lanaldia murrizteko, gutxienez erdira, soldata hein berean murriztuta, minbiziak edo 1148/2011 Errege Dekretuaren eranskineko 108 gaixotasun larrietako batek jota dagoen bere ardurapeko adingabe bat zaintzeko, ospitaleratze luzea eta gaixotasunaren tratamendu jarraitua behar duelako, edo gaixoberritzeagatik (ospitaleratzerik gabe bada ere). Langileen Estatutuaren 37.5 artikuluak arautzen du kasu hori.
Lanaldi murrizketa edo lan denboraren berrantolaketa, genero indarkeria dagoenean. Genero indarkeriaren biktima izan den emakumezko langileak, egiaz babestua izan dadin eta gizarte laguntza integrala izan dezan, eskubidea izanen du lanaldia murrizteko (soldata hein berean murriztuko zaio), edo bere lan denbora berrantolatzeko, ordutegia egokituz, ordutegi malguaz baliatuz edo fundazioak lan denbora antolatzeko dituen beste bide batzuk erabiliz.
Kasu jakin horietan eskubide horiek erabiltzen ahal dira lan hitzarmen kolektiboetan edo fundazioaren eta langileen ordezkarien arteko akordioetan ezartzen diren moduan, edo fundazioaren eta ukitutako emakumezko langilearen artean ados jarrita. Horrelakorik gabe, langileari dagokio eskubide horiek zehaztea.
Genero indarkeriaren biktima diren langile emakumezkoei, epaileak hura babesteko agindua eman baldin badu, edo ministerio fiskalaren txosten baten bidez adierazi bada demandaren jartzailea genero indarkeriaren biktima izan dela ondorioztatzeko zantzuak daudela, Genero Indarkeriaren kontrako Babes Integrala emateko Neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoan arautzen diren lan baldintzen gaineko eskubideak bermatu eta hobetuko zaizkie.
V. KAPITULUA
Baldintza ekonomikoak
24. artikulua. Ordainsariak. Hitzarmen kolektibo honen eraginpeko langileen oinarrizko ordainsariak honela banatuko dira:
Oinarrizko soldata: Ordainsariaren zati finkoa da, denbora unitate batean oinarritua, lanbide taldea edozein delarik ere. %30eko igoera aplikatu zaio oinarrizko soldatari. Zenbateko hori lanpostuaren osagarriari kendu zaio. Puntu hau urtero berrikusiko da, oinarrizko soldataren igoera baloratzeko, lanpostuaren osagarriaren kalterako.
Lanpostuaren plusa: Langilearen ordainsariaren zatia da, denbora unitate batean oinarritua, bere lanbide taldearen araberakoa.
Arduradunaren plusa: taldeetan aparteko ardura duten pertsonek kobratuko dute plus hau (Egoitzako Oinarrizko Harreraren arduraduna, Eguneko Egoitzaren arduraduna, Egoitzako Harrera Espezializatuaren arduraduna, gizarteratze proiektuaren arduraduna). Gutxienez 2 astez arduradun horietako bat ordezten dutenek ere kobratuko dute plusa.
Jaieguneko plusa (igandea ez bada). 2 euro gordin ordainduko dira jaiegunean lan egindako ordu bakoitzeko.
Hitzarmen honen ondotik onesten den arau, konkurtso edo hitzarmen batengatik enpresak ordainsarien egitura aldatu behar badu, hitzarmen honetako soldaten taula betetzeko betebeharra desagertuko da; horretarako, hitzarmenaren batzorde paritarioa bilduko da aldaketen aplikazioaren gainean ebazteko.
Soldata egitura urtero berrikusiko da, eta baloratuko da gaur egun ez dauden kontzeptuak sartzeko aukera (gaueko lana, igandeko lanaren konpentsazioa...).
Igandeko plusa. Igandeetan gutxienez 100 ordu lan egiten dutenei, egun bateko atsedenaldia emanen zaio konpentsatzeko, eta bermatzen da bere ordez beste langile bat arituko dela, beharrezkoa bada. Langileak hautatuko du eguna, eta bere zuzeneko arduradunak onartu beharko du.
Atseden egun hori ez da berreskuratuko, betiere egun horren lanaldia 8 ordutik gorakoa ez bada. 8 ordutik gorako lanaldia duen egun batean hartzen bada, ordu aldea berreskuratu beharko da.
SOLDATEN TAULAK
KATEGORIA | OINARRIZKO SOLDATA | LANPOSTUAREN OSAGARRIA | ARDURADUNAREN PLUSA | SOLDATA GORDINA HILEAN | SOLDATA GORDINA URTEAN |
Zuzendariak | 833,82 | 1.266,89 | 2.100,71 | 29.409,94 | |
Koordinatzailea | 833,82 | 864,21 | 1.698,03 | 23.772,42 | |
Psikologoa | 833,82 | 832,14 | 1.665,96 | 23.323,44 | |
Proiektuetako teknikaria | 833,82 | 832,14 | 1.665,96 | 23.323,44 | |
Familia Elkartzeko Gunearen arduraduna | 833,82 | 668,97 | 103,62 | 1.606,41 | 22.489,74 |
Gizarte-langilea | 833,82 | 716,18 | 1.550,00 | 21.700,00 | |
Egoitzako Oinarrizko Harreraren arduraduna, Egoitzako Harrera Espezializatuaren arduraduna, Eguneko Egoitzaren arduraduna | 833,82 | 578,48 | 104,87 | 1.517,17 | 21.240,38 |
Bitartekaria | 833,82 | 668,97 | 1.502,79 | 21.039,06 | |
Familia Elkartzeko Guneko teknikari espezialista | 833,82 | 668,97 | 1.502,79 | 21.039,06 | |
Hezitzailea | 833,82 | 578,48 | 1.412,30 | 19.772,20 | |
Prestakuntzako teknikaria | 833,82 | 578,48 | 1.412,30 | 19.772,20 | |
Administrazioko teknikaria | 833,82 | 578,48 | 1.412,30 | 19.772,20 | |
Giza baliabideetako teknikaria | 833,82 | 578,48 | 1.412,30 | 19.772,20 | |
Komunikazioko teknikaria | 833,82 | 578,48 | 1.412,30 | 19.772,20 | |
Kalitateko teknikaria | 833,82 | 578,48 | 1.412,30 | 19.772,20 | |
Sistemetako teknikaria | 833,82 | 578,48 | 1.412,30 | 19.772,20 | |
Janari dendaren arduraduna | 833,82 | 578,48 | 1.412,30 | 19.772,20 | |
Sukaldaria | 833,82 | 578,48 | 1412,30 | 19.772,20 | |
Mantentze-lanak | 833,82 | 578,48 | 1.412,30 | 19.772,20 | |
Sukaldeko laguntzailea | 833,82 | 496,95 | 1.330,77 | 18.630,78 | |
Garbitzaile-sukaldaria | 833,82 | 410,39 | 1.244,21 | 17.418,94 | |
Hezitzaile laguntzailea, integratzailea, monitorea, zaintzailea | 833,82 | 187,86 | 1.021,68 | 14.303,52 | |
Administrari laguntzailea | 833,82 | 187,86 | 1.021,68 | 14.303,52 | |
Zerbitzuetako laguntzailea, banatzailea | 833,82 | 187,86 | 1.021,68 | 14.303,52 | |
Gizarteratze arloko zerbitzuetako laguntzailea | 645,30 | 9.034,20 |
25. artikulua. Aparteko pagak.
Fundazioak, hamabi hilabeteko soldatez gain, aparteko bi paga ordainduko ditu, kontzeptu hauekin: oinarrizko soldata, lanpostuaren plusa eta, hala bada, arduradunaren plusa.
Pagen sorrarazpena seihileko naturalekoa izanen da, eta ordainketa, kontaketa edo likidaziorako hainbanaketa egiteko, urtarrilaren 1etik ekainaren 30era bitarteko aldia hartuko da lehen kasuan eta uztailaren 1etik abenduaren 31 bitartekoa bigarrenean. Aparteko pagak ekaineko nominarekin eta abenduaren 24a baino lehen ordainduko dira, hurrenez hurren.
Lanean urteko edozein unetan hasita ere, langileek eskubidea izanen dute aparteko eskersarietatik dagokien zati proportzionala jasotzeko.
26. artikulua. Joan-etorrietarako gastuak.
Zerbitzuaren beharrengatik zentrotik kanpora joan behar duten langileek diru kopuru hauek jasoko dituzte:
–Nork bere ibilgailua erabiliz gero, 0,24 euro ordainduko zaio kilometro bakoitzeko. Langileek bere borondatez onartu behar dute bere ibilgailua erabiltzea.
–Garraio publikoa erabiliz gero, haren zenbatekoa ordainduko zaio, gastua justifikatu ondoren.
Bi kasuetan, zuzeneko arduradunak baimendu behar du.
27. artikulua. Mantenuko eta ostatuko gastuak.
Langileek mantenuko eta ostatuko gastuaren %100 jasoko dute, langileriaren arduradunak baimendu eta hura frogatu ondoren, gastu hori lanaren beharrek eraginda eginez gero.
Zuzendaritzak urtero baloratuko du zerbitzu bakoitzean zenbat profesionalek jan behar duten, eta horren berri emanen zaio enpresa batzordeari. Soldataren kontzeptu berri hau nominetan agertuko da, eta legeak agindu bezala kotizatuko du.
28. artikulua. Aparteko orduak eta prestasun librea.
Aparteko orduak. Lanaldi arrunta luzatzean lan egiten direnak izanen dira aparteko orduak, baliabidean gerora sortutako arrazoi batengatik ezinbestean egin beharrekoak.
Bi alderdiek erabaki dute aparteko orduak ezinbesteko kasuetan baino ez direla eginen, eta urtean ez dira inola ere 80 ordutik gorakoak izanen.
Prestasun librea. Txandatik kanpo eta presako kasuetan lantokian borondatez egiten den lana da prestasun librea. 1,5 orduko atsedena emanen da astelehenetik larunbatera bitarte egindako ordu bakoitzeko, eta 2 ordukoa igande edo jaiegun batean lan egiten bada. Koordinatzailearen eta langilearen artean erabakiko da atseden ordu horiek noiz hartu.
Nolanahi ere, zerbitzuaren koordinatzaileak edo arduradunak baimendu beharko du ordu horien gaineko erabakia. 1,25 orduko atsedena emanen da astelehenetik larunbatera bitarte egindako aparteko ordu bakoitzeko, eta 1,5 ordukoa igande edo jaiegun batean lan egiten bada. Koordinatzailearen/arduradunaren eta langilearen artean erabakiko dira atseden ordu horiek noiz artu.
Ez dira aparteko ordutzat edo prestasun libretzat hartuko egoera hauen denbora: bajen, baimenen eta oporren ordezpenak eta aldez aurretik abisatzen diren errefortzuak. Egoera horietan borondatez eginen da lan, eta ordu bateko atsedena emanen da lan egindako ordu bakoitza konpentsatzeko.
29. artikulua. Prestasuna mugikor deietarako.
2 eguneko atsedena emanen zaie eguneko 24 orduetan enpresa-telefono mugikorreko deietarako prest egon behar dutenei. Koordinazio taldekoek eta zuzendaritza taldekoek dute prestasun hori.
30. artikulua. Hezitzaile ibiltariak eta haien kudeaketa.
Urtean beste aste bateko oporrak emanen zaizkio hezitzaile ibiltariak kudeatzen dituen pertsonari.
Hezitzaile ibiltariek gehienez 1680 orduko lanaldia izanen dute urtean, eta haien prestasuna konpentsatzeko, urtean beste bi asteko oporrak izanen dituzte. Beraz, honela banatuko dira haien oporrak: 5 aste natural, 5 egun jarrai eta 4 egun solte urtean zehar.
Hezitzaile ibiltariek igandeko plusa eta jaieguneko plusa izanen dituzte, hitzarmen honetan azaltzen den eran.
31. artikulua. Soldataren urteko igoera.
Zerbitzuak esleitzeko baldintza-zerrendetan ezarritakoaren arabera, edo administrazioak jakinarazitakoaren arabera, KPIaren igoera ez bada aplikatu behar zenbatetsitako diru-sarrerak ekartzen dituzten prezioen gainean, enpresa batzordearekin negoziatu beharko da soldatak igo ala ez igo, KPIaren aldaketa kontuan hartuta.
VI. KAPITULUA
Onura sozialak
32. artikulua. Prestakuntza eta sustapena.
Fundazioak, bere aurrekontuko aukeren arabera, urteko prestakuntza plana prestatuko du eta, bertan, zerbitzua hobeki emateko eta langileak sustatzeko ikastaro eta mintegiak aurreikusiko dira, bere baliabideez edo beste entitate batzuekiko akordioen bidez antolatuta. Urteko prestakuntza planaren berri emanen zaio enpresa batzordeari martxoaren 30a baino lehen, eta egun horretan plantillari.
33. artikulua. Aldi baterako ezintasunaren ordainsaria.
Eritasun profesionalaren edo laneko istripuaren ondoriozko aldi baterako ezintasunetan, langileak lehenbiziko egunetik kobratuko du bere hilabeteko soldataren %100 bermatzeko behar den osagarria.
Kontingentzia arrunten ondoriozko aldi baterako ezintasunetan, laugarren egunetik hasi eta hogeigarren egunera arte, enpresak langilearen soldata osatuko du, bajaren aurreko hilabeteko oinarri arautzailearen %75 osatu arte. Hogeita batgarren egunetik aurrera, oinarri arautzailearen %75 jasoko du.
Ohikoa den bezala, baja egunen proportzioan murriztuko da aparteko paga.
Sei hilean behin, hau da, ekainean eta abenduan, zuzendaritzak aldi horretako bajen eta haien arrazoien berri emanen dio enpresa batzordeari, idatziz.
34. artikulua. Erantzukizun zibileko asegurua.
Enpresak erantzukizun zibileko poliza bat itunduko du lanaren ondorioz sor daitezkeen erantzukizunak behar adina estaltzeko, bai langileen bai fundazioak zaintzen dituen pertsonen ekintzengatik.
35. artikulua. Bizi eta istripu asegurua.
Enpresak aseguru poliza bat itunduko du, laneko istripuaren edo eritasun profesionalaren kasuetarako. Hona hemen aseguratutako kapitala:
–12.020,24 euro, laneko istripuaren ondoriozko heriotzagatik.
–12.020,24 euro, laneko istripuaren edo eritasun profesionalaren ondoriozko ezintasun iraunkor absolutuagatik edozein lanbide edo ogibidetarako.
36. artikulua. Lan osasuna.
Enpresak plantilla osoaren osasun egoera aldian behin zaintzen dela bermatuko du, lanpostu bakoitzaren arriskuen ebaluazioaren arabera. Zaintza horretan langilearen intimitate eta duintasunerako eskubidea errespetatuko da, eta haren osasun egoerarekin zerikusia duen informazioa isilpean gordeko da.
Langileek borondatez onartu behar dute zaintza, salbu haientzat, lankideentzat, kolaboratzaileentzat edo erabiltzaileentzat arriskurik dagoela ulertzen denean, aldez aurretik enpresa batzordeari abisua emanez.
Osasuna zaintzean, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legearen 22. artikulua beteko da.
Enpresak osasun sistema publikoa onartuko du langileari baja emateko, eritasun arruntaren eta lanetik kanpoko istripuaren kasuetan.
37. artikulua. Segurtasun eta osasun batzordea.
Batzorde horrek Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen 38. artikuluan eta hurrengoetan, oro har, adierazten diren kideak, eskumenak eta ahalmenak izanen ditu.
38. artikulua. Jantziak eta oinetakoak.
Garbitzaile-sukaldariei behar dituzten uniformea eta eskalapoiak emanen zaizkie, urtean bitan: udakoak eta negukoak.
VII. KAPITULUA
Hutsegiteak eta zehapenak
39. artikulua. Hutsegite arinak.
Honako hauek dira hutsegite arinak:
–Hogeita hamar egunean lanera hiru aldiz berandu iristea.
–Lanera joan ez eta lanaldi horretan hutsegitearen arrazoiak ez jakinaraztea. Bidezko arrazoirik izan gabe, egun batean lanera ez agertzea.
–Zabarkeriaz jokatzea norberaren eginkizunak betetzean, funtzionamendu arauei edo jasotako jarraibideei dagokienez.
–Aldi baterako ezintasun kasuan, baja-agiriak edo baja berresteko agiriak horretarako ezarritako epean ez jakinaraztea, ez eta egoera zibilari eta familiarrari buruz zergen eta Gizarte Segurantzaren ondorioetarako garrantzitsuak izan daitezkeen datuak ere.
–Zabarkeria arina erakundearen esku utzitako erabiltzaileei eta haien ahaideei emandako arretan.
–Tabakoa kontsumitzea instalazioetan (eraikinaren barruan) edo, kanpoan, zerbitzuko erabiltzaile adingabeen aurrean.
–Irainak eta adeitasun falta lankideekin.
–Agindutako lanak gaizki egitea, idatziz bi abisu jaso ondoren, langileei, erabiltzaileei, entitateari berari edo elkarlanean aritzen diren administrazio publikoei kalte larririk eragiten ez zaienean.
40. artikulua. Hutsegite larriak.
Hutsegite larriak honako hauek dira:
–Lanetik bidezko arrazoirik gabe alde egitea, nahiz eta denbora gutxirako izan, baldin eta enpresarentzako, erabiltzaileentzako edo lankideentzako kalteak direla-eta hutsegite oso larritzat hartzerik ez badago.
–Zabarkeria larriaz jokatzea norberaren zereginak betetzean, funtzionamendu arauei edo jasotako jarraibideei dagokienez.
–Zerbitzuari dagokionez, agindutako lanetan behar den arreta ez jartzea eta goragokoen jarraibideei jaramonik ez egitea, enpresaren edo erabiltzaileen kalterako.
–Zabarkeria larria erakundearen esku utzitako erabiltzaileei eta haien ahaideei emandako arretan.
–Lankideekin sesio publikoak izatea.
–Hiru hutsegite arin arte egitea, desberdinak izanagatik ere, lau hilabeteko epean, betiere haiengatik zehapenak izan badira.
41. artikulua. Hutsegite oso larriak.
Hutsegite oso larriak honako hauek dira:
–Eritasun edo istripu itxurak egitea.
–Lana uztea edo zabarkeriaz egitea, baldin eta enpresari edo erabiltzaileei kalte larriak ekartzen ahal badizkie.
–Zabarkeria oso larria erakundearen esku utzitako erabiltzaileei eta haien ahaideei emandako arretan.
–Zabarkeria oso larriaz jokatzea norberaren eginkizunak betetzean, funtzionamendu arauei edo jasotako jarraibideei dagokienez.
–Lanorduetan alkohola edo bestelako drogaren bat kontsumitzea erabiltzaileen eta haien ahaideen aurrean.
–Alkohola edo droga ilegalaren bat eramatea baliabideetara.
–Lanera alkoholaren edo beste droga baten eraginpean joatea.
–Errespetu falta larriak edo hitzezko edo egitezko tratu txarrak fundazioaren zerbitzuetako erabiltzaile, nagusi edo lankideekin.
–Enpresari edo beste edozein pertsonari ebastea, lapurtzea edo jokabide horren konplize gisa aritzea, lantokian berean.
–Entitateko langileek sinatzen duten DBLO komunikazioan biltzen diren eginkizunak eta betebeharrak ez betetzea.
–Urte batean hutsegite larri edo oso larri bat baino gehiago egitea, nahiz eta mota desberdinetakoak izan, baldin eta langileari, haien ondorioz, zehapenik jarri bazaio.
–Nagusiei informazio faltsua ematea edo informazioa ezkutatzea esleitutako zereginak betetzeari buruz.
–Oso larritzat joko da sexu jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena lantokian.
Xilema Fundazioak sexu jazarpenaren edo sexuan oinarritutako jazarpenaren kontra jarduteko duen protokoloan azaltzen den bezala, sexu jazarpentzat hartuko dira pertsona baten duintasuna gutxiesteko egiten diren sexu jokaera guztiak, hitzezkoak edo fisikoak, batez ere giro beldur eragilea, degradatzailea edo iraingarria sortzen baldin badute.
Sexuan oinarritutako jazarpena lanean hau da: pertsona baten sexua dela-eta haren duintasunaren aurka jotzeko eta giro beldur eragilea, degradatzailea eta iraingarria sortzeko asmoa duen edo hori dakarren edozein jokabide.
Sexuagatiko bereizkeriatzat hartuko da, halaber, eskubide bat edo eskubide baterako espektatiba sexu jazarpen edo sexuan oinarritutako jazarpen egoera bat onartzearekin baldintzatzea.
Aurreko artikuluetako hutsegiteen deskripzioa aipamen hutsa baino ez da, eta aipatzen ez diren hutsegiteei ere zehapena jartzen ahal zaizkie.
Hutsegitearen ondoriozko ageriko edo balizko ondorioen arabera zehaztuko da larritasun maila.
Ibilgailuak ere instalaziotzat jotzen dira.
42. artikulua. Diziplina batzordea.
Kasu bakoitzean ezarri behar diren zehapenak erabakitzeko, diziplina batzordea bilduko da. Zuzendari nagusiak, giza baliabideen zuzendariak eta hutsegitea egin den zerbitzuaren koordinatzaileak osatuko dute.
43. artikulua. Zehapenak.
Enpresak zehapenak jartzeko ahalmena du. Zehapenak idatziz jakinaraziko zaizkio langileari; gertakariak, hutsegitearen gradua, ezarritako zehapena eta errekurtsoa jartzeko epea adieraziko dira. Errekurtsoa lan arloko jurisdikzioan aurkeztuko da, gehienez 20 eguneko epean, zehapena jartzen den egunetik hasita.
Hutsegite larriak eta oso larriak lehenbizi langileen ordezkariei jakinaraziko zaizkie eta haien iritziak entzunen ditu enpresak zehapena jarri aitzin. Dena den, zehapenak jartzeko ahalmena enpresak izanen du beti.
Enpresak, hutsegiteen larritasuna eta inguruabarrak kontuan hartuta, gehienez zehapen hauek jartzen ahal ditu:
–Hutsegite arinak: kargu-hartze idatzia edo egun bateko edo bi eguneko enplegu-soldaten etenaldia.
–Hutsegite larriak: enplegu-soldaten etenaldia hamabost egun bitarte.
–Hutsegite oso larriak: enplegu-soldaten etenaldia hirurogei egun bitarte edo kaleratzea.
Langileak eskatzen ahalko du enpresa batzordearen ordezkari bat egotea zehapena jakinarazten zaion unean.
44. artikulua. Hutsegiteen preskripzioa.
Graduaren arabera, hutsegite arinak hamar egunen buruan preskribituko dira, larriak hogei egunen buruan eta oso larriak hirurogei egunen buruan. Horiek guztiak enpresak gertaeren berri izaten duenetik eta, betiere, gertatu eta handik sei hilabetera.
VIII. KAPITULUA
Beste xedapen batzuk
45. artikulua. Eskubide sindikalak.
45.1. Langileen ordezkariek gehienez 20 orduko kreditua izanen dute hilabetean beren eginkizuna betetzeko.
45.2. Fundazioak, ahal den neurrian, aukera emanen du langileen batzarrak egiteko, non ez diren oztopo lantokien ohiko funtzionamendurako.
45.3. Metaketa. Langileen ordezkari guztien orduen kredituak metatzen ahalko dira, haiek sindikatu berekoak badira, langile baten edo gehiagoren esku, enpresari gutxienez hilabete lehenago abisu emanda, jarduera behar bezala antola dezan.
46. artikulua. Arbitrajea.
Hitzarmen kolektibo honetan aurreikusitako lan baldintzak ez aplikatzeko, edozein gaitan, arrazoi ekonomikoak, teknikoak, antolaketakoak edo produkziokoak direla eta, edo negoziatzeko gehieneko epea akordiorik gabe agortzen bada, bi alderdiek erabakiko dute gatazka konpontzeko modua; betiere, nahitaezko arbitrajea baztertuko da.
Lan baldintzak ez aplikatzeko (Langileen Estatutuaren 41. eta 82.3 artikuluak) sortzen diren desadostasunak konpontzeko prozedura:
Fase hauek beteko dira:
1. Kontsulta langileen ordezkariei, 15 egunekoa.
2. Akordiorik ez bada, hitzarmenaren batzorde paritarioari emanen zaio eskumena, 7 egunean ebatz dezan.
Tramite horiek aginduzkoak dira, eta betetzen ez badira, aldaketak ez du baliorik izanen.
3. Nafarroako Lan Auzitegira igortzea, hartan jasotako prozeduretarako. (Adiskidetzea, bitartekotza eta arbitrajea, borondatezkoa izanen da).
AZKEN XEDAPENAK
Enpresak eta langileen ordezkariek hurrengo hitzarmenaren negoziazioan honetan adostu ez dituzten kontzeptuak jorratuko dituzte lehentasunez; hau da:
–Txandakako lana.
–Antzinatasuna.
–Gaueko lana.
–Jaiegunei lotutakoa eta aldi baterako ezintasunaren osagarria hobetzea.
Orobat, hurrengo negoziazioan artikulu hauek berrikusiko dira, behin betiko izaera ez baitute:
–10. artikulua. Barne igoera.
–18. artikulua. Oporrak.
–20. artikulua. Baimen ordainduak.
–22. artikulua. Soldatarik gabeko baimena eta ordaindu gabeko lizentziak.
–28. artikulua. Aparteko orduak eta prestasun librea.
–30. artikulua. Hezitzaile ibiltariak eta haien kudeaketa.
–31. artikulua. Soldataren urteko igoera.
–33. artikulua. Aldi baterako ezintasunaren ordainsaria.
BESTE KLAUSULA BATZUK
Aplikazioan, hitzarmen hau sinatu duten alderdiek lehentasuna ematen diote hitzarmen honi esparru horretan Estatuan egon daitezkeen beste hitzarmen batzuen aurretik.
Urteko berrikuspena duten artikuluetan, berrikusi ondoren akordiorik lortzen ez bada, hitzarmen honetan sinatutako baldintzek indarrean jarraituko dute.
Iragarkiaren kodea: F1514729
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
