234. ALDIZKARIA - 2014ko azaroaren 28a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

EGUESIBAR

Deialdia, hautaproben bitartez Eguesibarko Udalaren lorategietako peoi lanpostuan aldi baterako kontratuarekin aritzeko izangaien zerrenda osatzeko, Udalaren Lorezaintza Zerbitzuan
sortzen diren beharrei erantzutearren

Eguesibarko Udalaren Tokiko Gobernu Batzarrak, 2014ko urriaren 27an, ondoko deialdi hau onestea erabaki zuen. Hona hemen:

OINARRIAK

1.–Xedea.

1.–Deialdia egiten da hautaproben bidez D mailako lorezaintzako peoi lanpostuan aritzeko izangaien zerrenda osatzeko, Eguesibarko Udalaren Lorezaintza Zerbitzuan sortzen diren aldi baterako beharrei erantzutearren.

Aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrenda hori erabili baino lehen, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera prestatu diren edo etorkizunean prestatzen ahal diren langile finkoen zerrendak erabiliko dira.

Aurreko atalean ezarritakoa deusetan ukatu gabe, deialdi honetatik ateratzen den aldi baterako kontratuak egiteko zerrenda berriak lehentasuna izanen du lehendik dagoen beste edozein zerrendaren aurrean.

Peoi lanpostuaren eginkizunak lorezaintzak berezko dituen jarduerekin zerikusia dutenak dira, esan nahi baita, parkeetako mantentze lanak, inausketak, soropila moztea, ureztatzeko instalazioetako mantentze lanak, landaketak, ereintza, lorategien sorrera eta bertako mantentze lanak, oihangintzako lanak eta ingurumena babestekoak etab.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio.

Espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatu bateko edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek ere parte har dezakete; betiere, zuzenbidez bereizita ez badaude. Orobat, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.

b) Hamasei urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina gainditua ez izatea.

c) Eskola Graduatuaren titulua edo baliokideren bat izatea, edo hura jasotzeko eskubideak ordaindu direla egiaztatzen duen gordekina.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

f) B1 motako gidabaimena izatea.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira aurreko baldintzak, eta hautapen prozedurak diraueino eta kontratazioak iraun bitartean beharko dira bete.

3.–Eskaerak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Eguesibarko Udaleko erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira (Garajonay kalea, 1, 31621 Sarriguren), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 20ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren aukeretako edozein erabiliz.

Eskabideak I. eranskinean argitaratutako ereduaren arabera egin behar dira eta haietan izangaiek adierazi behar dute baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epearen azken egunean.

Parte hartzeko eskabidearekin batera izangaiek deialdiaren bigarren oinarrian eskatutako tituluaren kopia konpultsatua aurkeztu beharko dute edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena, bai eta nortasun agiriaren eta B1 motako gidabaimenaren kopia konpultsatuak ere.

3.2. Orobat, eskabideekin batera, izangaiek behar bezala konpultsaturik aurkeztu beharko dituzte alegatzen dituzten merezimenduak, epaimahaiak balora ditzan lehiaketaldirako ezarritako baremoaren arabera.

3.3. Alegatzen diren merezimenduak frogatzeko agiri jatorrizkoak zein behar bezala konpultsatuak aurkeztu beharko dira; horrela egin ezean, ez aurkeztutzat joko baitira. Merezimenduak frogatzeko dagozkien ziurtagiriak aurkeztu beharko dira.

3.4. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da. Inola ere ez dira onartuko eskabideak aurkezteko ezarritako epea bukatu ondotik aurkeztutako merezimenduak.

3.5. Minusbaliotasuna duten izangaiek, parte hartzeko eskabidearekin batera, minusbaliatuak direla frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana. Halaber, ariketak egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak eskatu ahalko dituzte, horren beharrik izanez gero, eskabidean bertan. Aparteko orri batean, zein ezintasun duten eta zein egokitzapen eskatzen duten adierazi beharko dute.

4.–Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hogei egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5.–Behin-behineko zerrenda eta behin betikoa.

Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Udaleko alkateak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du, eta hura Eguesibarko Udalaren iragarki oholean argitaratuko da (Garajonay kalea, 1, 31621 Sarriguren) baita haren webgunean ere (www.valledeegues.com).

Egun horretatik aitzina, izangaiek bost egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta eskabidean egindako akatsak zuzentzeko.

Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta haiek ebatzi ondoan, Udaleko alkateak izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du eta Udalaren iragarki oholean eta webgunean argitaratzeko aginduko, hautaprobak egiteko deialdi honetan aipatzen diren eguna eta tokia adierazita.

Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta Udalaren iragarki oholean eta webgunean argitaratuko da, deialdi honetan aipatzen diren hautapen probak egiteko egunarekin eta tokiarekin batera.

5.–Epaimahaia.

5.1. Honako kide hauek osatuko dute epaimahaia, baina izangai onartuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehazten ahalko da behin betiko osaera:

Mahaiburua: Eguesibarko Udaleko alkatea.

–Mahaiburuaren ordezkoa: Mikel Echarte Azcárate, Eguesibarko Udaleko zinegotzia.

Lehen mahaikidea: Juan Jesús Yoldi Jiménez, Eguesibarko Udaleko lorategietako eta ingurumeneko teknikaria.

–Lehen mahaikidearen ordezkoa: lorategietako teknikari bat, titularrak izendatzen duena.

Bigarren mahaikidea: Diego Fernández Rebolé, Eguesibarko Udaleko lorategien arduraduna.

–Bigarren mahaikidearen ordezkoa: lorategietako teknikari edo arduradun bat, titularrak izendatzen duena.

Hirugarren mahaikidea: Eguesibarko Udaleko Langileen Batzordearen ordezkari bat, hark izendatua.

–Hirugarren mahaikidearen ordezkoa: Eguesibarko Udaleko Langileen Batzordearen ordezkari bat, hark izendatua.

Mahaikide idazkaria: Jesús Marco del Rincón, Eguesibarko Udaleko idazkaria.

–Mahaikide idazkariaren ordezkoa: Pablo Gil Morrás, Eguesibarko Udaleko aholkulari juridikoa.

5.2. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean abstentziorako aipatzen diren arrazoietako bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek ezin izanen dute epaimahaian parte hartu, eta Eguesibarko Udalaren Zerbitzu Orokorren Alorrari eman beharko diote horren berri.

Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, inguruabar horietako bat izaten denean.

Epaimahaia aldatzen bada, mahaikideek parte ez hartzeko eta haiek errefusatzeko legez ezarritako kasuak direla-eta, jakinarazi eginen da, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.

5.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratuko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe.

Halaber, epaimahaiaren eraketak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide idazkariak bertan egon beharko dute.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eska dezake probarako. Aipatu aholkulariak beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan oinarriturik bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Hautaproben nondik-norakoak eta balorazioa.

6.1. Hautapen prozesua honako hauek osatzen dute: merezimenduen balorazioa eta lanpostuaren eginkizunei eta gaiei buruzko proba teoriko bat egitea.

6.1.1. Merezimenduen balorazioa.

Izangaiek alegatutako merezimenduak kalifikatuko ditu epaimahaiak, ondotik zehazten den baremoari jarraikiz:

6.1.1.a) Administrazio Publikoetan, deialdiko lanpostuaren gisako batean aritu izana. 4 puntu urte bakoitzeko, eta gehienez ere 12 puntu. Kasuan kasuko administrazio publikoaren ziurtagiriaren bidez frogatuko da.

6.1.1.b) Enpresa pribatuetan, lorezain lanpostu batean aritu izana: urte bakoitzeko 3 puntu eta gehienez ere 12 puntu. Kasuan kasuko enpresaren ziurtagiriaren bidez frogatuko da.

6.1.1.a) eta 6.1.1.b) atalen batura ez da inoiz 12 puntu baino gehiago izanen.

6.1.2. Lanpostuaren eginkizunekin ikusteko duten ikastaro aitortuetan parte hartzeagatik, dagozkien ziurtagirien bidez frogatuko baitira, epaimahaiak honela baloratuko ditu:

Ikastaroak:

–20 ordutik 50 ordura bitarte: 0,10 puntu.

–50 ordutik 100 ordura bitarte: 0,20 puntu.

–100 ordutik 150 ordura bitarte: 0,30 puntu.

–150 ordutik gora: 0,50 puntu.

Atal honetan 4 puntu lortzen ahal dira gehienez ere.

6.1.3. Euskararen B1 maila edo handiagoa ziurtagiri ofizial baten bidez frogatzen bada: 3 puntu.

Aurreko ataletan gehienez ere 16 puntu lortzen ahal dira.

Behar adina frogatutako merezimenduak, aitzineko ataletan aurreikusiak, kontatzeko, edozein kontratazio araubidetan egindako zerbitzuak hartuko dira kontuan.

Egiaztatutako esperientzia baloratzean, urte osoa egiten ez duen aldiari proportzioan dagokiona emanen zaio.

Proba teorikoa egin aurretik, epaimahaiak merezimenduen balorazioaren emaitzak argitara emanen ditu, Eguesibarko Udalaren iragarkien oholean.

6.1.4. Proba teorikoa.

Galdera laburrei erantzun beharko zaie edo test motakoei. Lorezaintzako eta ingurumeneko gaiei buruzkoak izanen dira, hala nola: soropilak; apaingarriak inaustea; lorezaintzako makinak, erabilera eta mantentze-lanak; ongarritzeak; fitopatologia; landaketak eta ereintzak; oihangintzako landaketak eta apaingarrienak; zoruen tratamendua; lorezaintzako arriskuen prebentzioa; lore apaingarria; ureztapenak; zuhaitzak eta zuhaixkak; heskaiak; konpostajea; baratzezaintza ekologikoa; xerolorezaintza...

Proba honetan 84 puntu lortzen ahal dira gehienez ere.

Gainditzeko, gutxienez 42 puntu eskuratu beharko dira.

Epaimahaiak, proba hasi baino lehen, haren gehieneko iraupena finkatuko du.

Probarako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiak nortasun agiri nazionala aldean dutela azalduko dira. Agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira.

Hautaprobetan, minusbaliotasuna izanik halaxe eskatzen dutenek denbora eta baliabide aldetik zilegi diren egokitzapenak izanen dituzte, eskabidean azaltzen dutenaren arabera.

7.–Hautaprobak gainditzen dituztenen zerrenda eta lanean hasteko deia.

7.1. Proben kalifikazioa amaiturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Eguesibarko Udalaren iragarki oholean eta ariketa egin den tokian, probak gainditzen dituzten izangaien zerrenda, lortu duten puntuazio osoaren hurrenkeran, eta alkateari helaraziko dio, onets dezan, hautapen prozesuaren espediente osoarekin batera.

Berdinketarik izanez gero, izangai zaharrenak izanen du lehentasuna.

7.2. Gainditu duten izangaiei deitzen ahalko zaie, puntuazio hurrenkerari jarraikiz, Eguesibarko Udaleko lorezaintza zerbitzuan sortzen diren beharren arabera, deialdi honen oinarrietan ezarritakoari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraikiz.

7.3. Izangaiei dei egiterakoan, aintzat hartuko da Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen Estatutuaren Testu Bateginaren zazpigarren xedapen gehigarrian, 3. idatz-zatian, ezarritakoa (Nafarroako Foru Komunitatean desgaitasunen bat duten pertsonek enplegua lortzeari buruzko maiatzaren 31ko 16/2002 Foru Legean emandako idazketaren arabera).

7.4. Kontratudunak Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartu eta bertan kidetuko dira; beraz, haien kontu izanen dira dagokien kuota eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren atxikipena, bidezko diren kopuruetan.

8.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, bere oinarrien edo berau aplikatzeko egintzen aurka, hautara, ondoko errekurtsoetako bat aurkez daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Sarrigurenen, 2014ko azaroaren 11n.–Alkatea, Alfonso Etxeberria Goñi.

I. ERANSKINA

Izena: ..................., NANa/nortasun agiria: ............., jaioteguna (urtea, hilabetea, eguna): ............, nazionalitatea: ................, egungo helbidea (kalea, zenbakia, eskailera, solairua): ......................., herria: ..............., posta kodea: ...................., sakelako telefonoa: .............................., telefono finkoa: ..............................................

ADIERAZTEN DUT:

Ez dudala karguan aritzea galarazten didan eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik.

Ez dudala indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunetarik batere.

Ez naizela diziplina espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertua izan eta ez nagoela ezgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

Deialdian eskatutako titulazioa dudala, bai eta eskatutako gidabaimena ere, eta biak aurkeztu ditudala.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, behar diren baldintza guztiak betetzen ditudala.

Desgaitasuna dudala eta, beraz, azaltzen den egokitzapena eskatzen dudala, adierazten diren arrazoiengatik. (Beste orri batean azaldu behar dira eskatzen diren egokitzapenak eta haietarako arrazoiak).

Minusbaliotasuna dudala frogatzen duen agiria aurkezten dudala, erakunde eskudun batek emana.

ESKATZEN DUT:

Eguesibarko Udaleko lorezaintzako peoi lanpostua aldi baterako kontratuaren bidez betetzeko izangaien zerrenda hautaproben bitartez osatzeko deialdian onar nazatela (.........(e)ko ....... zk.dun Nafarroako Aldizkari Ofiziala).

Sarrigurenen (Eguesibar), 20....... (e)ko .............aren .......... (e)an

(Sinadura)

Iragarkiaren kodea: L1415279