Iragarkia
230. ALDIZKARIA - 2014ko azaroaren 24a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
OLAZTI
Udal ordenantza, Hilerriaren erabilera arautzen duena. Behin betiko onespena
Olaztiko Udalak, 2014ko otsailaren 27an egin osoko bilkuran, hasiera batean onestea erabaki zuen Olaztiko udal hilerriaren erabilera arautzen duen udal ordenantza.
Hasierako onespenaren iragarkia 2014ko 52. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 17an. Jendaurrean egon bitartean aurkeztutako alegazioak ebatzirik, testua berrikusi da, delako ordenantzaren zenbait artikulu aldaturik, Olaztiko Udalak 2014ko irailaren 18an egin bilkura berezian hartutako erabakiaren bidez.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan eta harekin bat datozenetan xedatutakoari jarraikiz, ordenantza berriz ere jendaurrean jarri da, iragarkia 2014ko 189. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta, irailaren 26an. Jendaurrean egon bitartean inork alegaziorik aurkeztu ez duenez, behin betiko onetsi da Hilerriaren erabilera arautzen duen udal ordenantza, eta haren testu osoa argitara ematea xedatu da, behar diren ondorioak izan ditzan.
Olaztin, 2014ko urriaren 31n.–Alkatea, Gurutze Rodríguez Armendariz.
ORDENANTZA FISKALA,
HILERRIAREN ERABILERA ARAUTZEN DUENA
I. TITULUA
Xedapen orokorrak
1. artikulua. Olaztiko udal hilerriaren zerbitzuen zuzeneko kudeaketa Olaztiko Udalari dagokio, horren jabea baita, ordenantza honen xedapenen arabera eta beste administrazio publiko batzuen berezko eskumenei kalterik egin gabe.
2. artikulua. Olaztiko Udalak ondoko eginkizunak beteko ditu, udal hilerriarekin zerikusia dutenak:
a) Esparrua administratu eta mantentzea, garbitasuna eta egokitzapena zainduta eta zerbitzuaren ordena zuzena bermatuta. Hala ere, norbanakoen betebeharra izanen da hilobiaren eremua, edo horma-hilobiaren aurrealdea, mantendu eta zaintzea, behar bezala segur, xahu eta apain egon daitezen.
b) Lurzatiak eta hilobiak banatu eta ematea.
c) Edozein motatako ehorzketa eskubideak onartu, aldatu, eta haien iraungipena adieraztea.
d) Hilotzak eta gorpuzkiak ehorztea eta hobitik ateratzea, osasun arloko arauei jarraikiz, salbu eta Udalak ezarritako epeetatik kanpora denean, partikularrak eskatuta.
e) Ondorio horretarako gailuak erabiliz, zerraldo, arropa, jantzi, hil-oihal eta bestelako gauzakien hondarrak suntsitzea, gorpuzkiak izan gabe ere hilobiak hustu eta garbitzerakoan agertzen direnak.
f) Udalaren bestelako administrazio eskumenak, hilerriko zerbitzuekin zerikusia izan dezaketenak.
3. artikulua. Udalak udalerriko bizilagunen premiei erantzuteko adina hilobi eraiki eta banatuko ditu. Hilobiak motaren arabera banatuko dira, eta ondoz ondoko zenbakiak emanen zaizkie kale, talde eta koadrotan banatuta.
4. artikulua. Udalak ez du lurrean ehorzteko zerbitzurik eskainiko, herriko premiak asetzeko adina horma-hilobi dituelako.
Hilerriaren barnean ez da inolako espazio berezirik gordeko, legeek debekatutako bereizketa ekar dezaketen ehorzketak egiteko.
5. artikulua. Hilerriak indarreko legediak eskatzen dituen instalazioak eta zerbitzuak izanen ditu.
6. artikulua. Hilerriaren esparrua zabalik egonen da, zerbitzuaren beharrizanekin bat etorriz Udalak ezartzen duen ordutegian.
7. artikulua. Hilerriko bisitariek hildakoak errespetatuko dituzte eta, horretarako, ez da onartuko esparruaren seriotasuna zuzenean edo zeharka hondatzen duen edo hilobiak profanatzea, suntsitzea edo donaustea dakarren inolako ekintzarik. Organo edo agintaritza eskudunari egin diren ustezko arau-hausteen berri emanen zaio.
8. artikulua. Hilerriaren barnean ez da baimenduko salmenta ibiltaria, eta ez da emanen merkataritza edo publizitaterako posturik edo baimenik, ezta helbururako egokiak diren apaingarriei buruzkoak izanda ere. Debeku hori hilerriaren eragin eremura hedatzen ahalko da.
9. artikulua. Udalak ez du erantzukizunik bere gain hartuko, zerbitzuarekin zerikusirik ez duten pertsonek hilobiak edo haien gainean uzten diren gauzak ebatsi edo narriatzen badituzte.
10. artikulua. Hilobiak edo hilerriko ikuspegi orokor nahiz partzialak irudi, argazki, marrazki edo pinturetan atera nahi izanez gero, Udalaren baimena beharko da lehenik.
11. artikulua. Hilerrian egiten diren hilobi eta zerbitzuen erregistroa sortuko da, honako atal hauek jasoko dituena:
a) Hilobiak.
b) Ehorzketak.
c) Hobitik ateratzea eta lekualdaketak.
d) Erreklamazioak.
II. TITULUA
Ehorzketa eskubidea
I. KAPITULUA
Hilobien kontzesioa
12. artikulua. Horma-hilobien, errauts-kutxategien eta panteoien erabileraren gaineko ehorzketa eskubidea kontzesio ekintzarekin batera sortuko da.
Ez da lurzati gehiagorik emanen panteoiak eraikitzeko. Gaur egun daudenak mantenduko dira.
13. artikulua. Horma-hilobie eta errauts-kutxategiak erabiltzeko kontzesioak 15 urterako izanen dira, eta epe hori ezin izanen da luzatu.
14. artikulua. Olaztiko Udalak hilerriko zerbitzua eginen du toki administrazioari buruzko legeria orokorrean ezarritakoarekin bat eta hilotzen gaineko osasunari buruzko legeriarekin bat.
15. artikulua. Horma-hilobiak eta errauts-kutxategiak erabiltzeko kontzesioa ehorzketaren unean ematen dela ulertzen da, ondoren onesteari kalterik egin gabe. Bestelakorik adierazi ezean, titularra bere izenean emateko eskatzen duen pertsona fisikoa edo juridikoa izanen da.
Kontzesioak ehorzleku mota bakoitzaren zenbaki korrelatiboaren ordenari jarraikiz edo, ordena korrelatiboan, dauden leku hutsak osatuz emanen dira.
16. artikulua. Horma-hilobietan egin daitezkeen ondoz ondoko ehorzketek eta hilobien erabileraren gaineko hileta eskubideen eskualdaketek ez dute aldatuko haietako lehenaren kontzesio epearen iraupena.
17. artikulua. Aitzineko artikuluek aitortu bezala, ehorzketa eskubidea mugatuko da udal jabetzako hilobiak erabiltzera barnean hilotzak eta gorpuzkiak ehorzteko eta altxatzeko; hau da, ez dago lotuta lurrari eta ezin da eraiki beste deus. Horretaz baliatzeko, ordenantza honen xedapenei lotu beharko zaie.
18. artikulua. Hilobi mota guztien gaineko ehorzketa eskubidea bermaturik geldituko da hilerriko erregistroan inskripzioa eta geroagoko komunikazioak eginda, eta haren inguruabarrak dagokion inskripzioak adierazten dituenak izanen dira.
19. artikulua. Hilobiak hilerriko erregistro liburuan inskribatuko dira, eta inskripzio bakoitzean hurrengo datuak aipatuko dira:
a) Hilobiaren identifikazioa.
b) Kontzesioaren eguna.
c) Eskubidearen titularraren izen-abizenak eta helbidea.
d) Eskubidea gauzatzeko titularrak oro har hautatzen ahal duen ordezkariaren izen-deiturak eta helbidea.
f) Hala denean, titularrak hautatutako onuradunaren izen-deiturak eta helbidea.
g) “Inter vivos” egintzen bidezko edo “mortis causa” eskualdaketak, ondoz ondoko titularren eta, hala denean, gozamendun ezkontidearen izen-deiturak eta helbidea adierazita.
h) Ehorzketak, hobitik ateratzeak eta lekualdaketak, honako hauek adierazita: zein hilotz edo gorpuzki den, pertsona horren izen-deiturak, eta jarduketa noiz izan den.
i) Mugak, debekuak eta itxiera, bidezkoa bada.
j) Ordaindutako tasak eta subjektu pasiboa.
k) Hilobia edo haren ingurua ukitzen duen edozein gertakizun.
20. artikulua. Kontzesioa administrazio agirian gauzatuko da. Hartan honako hauek adieraziko dira: kontzesioaren hilobia, esleipen eguna eta iraupena. Ehorzketa eskubideen titularrek edo gozamendunek hilobiari buruzko erregistroko datuen informazioa eskatzeko eta eskuratzeko eskubidea izanen dute.
21. artikulua. Ehorzketa eskubidea une bakoitzean titularra denaren izenean agertuko da erregistro liburuan, hurrengo zehaztasunekin:
a) Oinordetza edo beste titulu baten bidezko hurrenez hurreneko eskualdaketek titularkidetasuna dakartenean, partaideek erregistro liburuan titular gisa agertuko den pertsona hautatu beharko dute, guztiak ados egonda. Udalak ez du baimenduko titulartasuna aldatzea, adostasun hori egiaztatzen ez bada, nahiz eta edozein partaidek ehorzketa eskubidea gauzatzea baimenduko duen, besteak horren kontra ez badaude.
b) Panteoi baten lehen esleipenean bi ezkontideak titularrak izanen dira, hori eskatzen badute.
22. artikulua. Ehorzketa zerbitzuen enpresak, aseguru konpainiak, aurreikuspeneko mutualitateak edo, haien jarduera gauzatzean, pertsona bat hiltzen denean lurperatzeko eskubidea ematen duten bestelako entitate juridikoak ezin izanen dira ehorzketa eskubidearen titularrak izan.
II. KAPITULUA
Ehorzketa eskubidearen iraungipena
23. artikulua. Ehorzketa eskubidea kasu hauetan iraungiko da:
a) Eraikuntzaren hondamen egoeragatik. Iraungipena erabakiko da aldez aurreko txosten teknikoan egoera hori adierazi eta eskubidearen titularrak beharrezko obrak egiteko egindako errekerimenduari ez aditu egin ondoan.
b) Hilobia abandonatzeagatik. Horrelakotzat joko da eskubidearen titularrak egin beharreko garbiketetan eta mantentze-lanetan modu agerian arreta ez jartzea, horretarako aitzinetik egindako errekerimenduari ez aditu eginik.
c) Eskubidearen kontzesio epea iragateagatik.
d) Kontzesioa amaitu baino lehen, hobitik ateratzeagatik edo horma-hilobiak, errauts-kutxategiak edo lurreko hilobiak nahita husteagatik.
e) Titularrak berariaz uko egiteagatik.
f) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dion lagapenagatik.
g) Hilerria ixteagatik.
h) Ordenantza honetan ezarritako tasa ez ordaintzeagatik.
24. artikulua. Kontzesio epea iragatea ez den beste arrazoiren batek eragindako iraungipena espedientea bururatzen duen berariazko ebazpenean adieraziko da, eta, nolanahi ere, eskubideen titularrei jakinaraziko zaie.
25. artikulua. Iraungipena hondamenak edo abandonatzeak ekartzen duenean, eskubidearen titularraren heriotza jasota badago, interesdunei hitzordua emanen zaie titulartasun aldaketarako duten eskubidea alega dezaten. Interesdunak ezezagunak baldin badira, zitazioa eginen da honako hauetan iragarkia argitaraturik: Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Udaleko iragarki oholetan.
Oinordekoak edo edozein tituluren bidez subrogatutako pertsonak bertaratzen badira eta eskualdaketa justifikatu, titulartasuna beren alde aldatzea lortzen ahalko dute, baldin eta ondorio horretarako ezartzen den epean hilobia konpontzeko edo egokitzeko obrak gauzatzen badituzte.
26. artikulua. Iraungipena dela-eta kontzesioa galduz gero, hilobia Udalaren esku geldituko da, eta eskubidearen iraungipenetik ez da inolako ordainketarik edo kalte-ordainik sortuko titularraren alde. Aitzinetik gaztigatuta, gelditzen diren gorpuzkiak hezurtegi orokorrera eramanen dira, edo, bestela, erre eginen dira, salbu eta hilaren senideek edo haien baimena duten beste batzuek gorpuzkiak familiaren eskutan uzteko eskatzen badute.
Orobat, familiakoek hilarria eta gainerako apaingarriak kendu beharko dituzte, edo bestela udal zerbitzuei eskatu beraiek ken ditzaten.
III. TITULUA
Hilobiak eraikitzea, mantentzea eta zaintzea
I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak
27. artikulua. Hilerriaren esparruaren barnean edozein obra egiteko, horiek egiteko kontratatzen diren enpresek honako arau hauek bete beharko dituzte:
a) Harria, marmola, metalak edo bestelakoak prestatzeko lanak ezin izanen dira esparruaren barnean egin.
b) Eraikuntzako materialen prestalana hautatzen diren tokietan egin beharko da, kasu bakoitzean beharrezkoa den babesarekin.
c) Materialak, tresnak, lurra edo ura igarobidea eragozten ez duten lekuetan utziko dira.
d) Ondoko hilobi edo landareei kalterik ez egiteko maneran paratuko dira Aldamioak, hesiak edo eraikuntzarako behar den beste edozein tresna lagungarri. Pertsonak eta ondasunak babesteko beharrezko neurriak beteko dira, eta obrak eskatu eta egiten dituztenek obrak egitearen ondorioz sor daitezkeen kalteak beren gain hartuko dituztela ulertuko da.
e) Obra bukatutakoan, tokia garbitu egin beharko dute eta handik eraman obra-hondakinak, puskak edo materialen hondarrak leku baimendu batera, betiere eraikilearen kontura; ezin izanen dira hilerriko edukiontzietara bota. Baldintza horiek bete ezean ez zaio hilobiari altarik emanen.
28. artikulua. Norberak eraikitako hilobiak konpontzeko eta zaintzeko obrak eta Udalak eraikitako hilobietan hilarriak eta osagarriak edo apaingarriak jartzea eskubideen titularren kontura eginen dira.
29. artikulua. Hilarrietako hilartitzak, oroigarriak, ezaugarriak eta ikurrak edozein hizkuntzatan jar daitezke, eta behar bezalako begirunea agertu beharko dute. Hirugarrenen eskubideen aurka jo dezaketen idazkunen erantzukizuna titularrarena izanen da.
30. artikulua. Landareak eraikinen osagarritzat joko dira eta horiek bete beharreko arau berberak errespetatu beharko dituzte. Eskubideen titularrak haiek zaintzeaz arduratu beharko dira eta ezin izanen dute inola ere bide publikoa okupatu, ezta alboko eraikuntzak kaltetu ere. Edozein gehiegikeria haren kontura zuzenduko da, ondorio horretarako aurretik egindako eskaeraren bidez.
31. artikulua. Eskubideen titularrek edo haien baimena duten beste pertsona batzuek zaindu eta garbituko dituzte hilobiak.
Hilobia garbitu ondoren, lore arrastoak eta bestelako objektu erabiltezinak ondorio horretarako hautatutako lekuetan utzi beharko dira.
32. artikulua. Ezin izanen da hilerrira sartu edo handik atera hilobien zerbitzurako gairik, Udalaren baimenik gabe.
Hilobietan instalatzen diren hilarriak eta obra artistikoak ehorzketa eskubidearen titularrak kentzen ahalko ditu kontzesioa amaitutakoan, objektu nagusiari kalterik egin gabe bereizten ahal badira.
II. KAPITULUA
Konpontzeko, zaintzeko eta apaintzeko obrak
33. artikulua. Garrantzi txikikoak izateagatik teknikari eskudunak sinatutako proiekturik behar ez duten konpontzeko, zulatzeko edo hilobiak pilastrez, barrez eta harlauzez ixteko obrak eta hilarriak, estatuak, gurutzeak eta apaintzeko ohiko bestelako ikurrak edo objektuak jartzeko obrak kasuko obra lizentziaren bidez baimenduko dira, beharrezkoa bada.
IV. TITULUA
Hilotzak eta gorpuzkiak ehortzi, hobitik atera eta lekualdatzea
I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak
34. artikulua. Hilotzak eta gorpuzkiak ehortzi, hobitik atera, berrehortzi eta lekualdatzeko, hilotzen gaineko osasunaren arloan indarrean dauden xedapenei eta titulu honetan ezarritakoari jarraikiko zaie, ordenantza honen eranskinean ezarritako tasak sorrarazita.
35. artikulua. Ez da aintzat hartuko ehortzi edo hobitik ateratzeko inolako eskaerarik, hildakoaren hurbileko senideek horren aurka daudela berariaz adierazten badute, agintari judizial eskudunak baimendu ezean.
36. artikulua. Hilotzak ezin izanen dira ehortzi heriotzatik hogeita lau ordu igaro arte. Hala ere, hurrengo salbuespenak egonen dira:
a) Haren heriotza egiaztatu eta gero, organo eta ehunen emailea bada.
b) Osasunaren aldetik, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak espedienteari erantsitako dokumentuan xedatzen dituen goiti-beheitiak badira.
II. KAPITULUA
Ehorzketak
37. artikulua. Ehorzketa egiteko, Udaleko bulegoetan honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Ehorzteko eskaera, inprimakiko datuak behar bezala beterik ondoren Erregistroan idazteko. Panteoi batean ehorztea nahi bada, eskubidearen titularrak edo hori erabiltzen ahal duenak aurkeztu beharko du eskaera, eta titularra zendua bera bada, haren senideek edo hurbilekoek. Beste mota bateko hilobiak izanda, kontzesioa bere izenean emateko eskatzen duenak ehorzteko eskatuko du aldi berean.
b) Lurperatzeko lizentzia, errautsen ehorzketa izan ezean.
38. artikulua. Inolaz ere ez dira onartuko hilotzen bilgarriak, gorpuen berezko deskonposizioa galarazten edo berandutzen badute.
39. artikulua. Horma-hilobi hutsetan ez da errautsik utziko, horretarako errauts-kutxategiak baitaude. Errauts-kutxategietara ekarriko diren errauts bakarrak udalerriko bizilagun hilenak izanen dira.
40. artikulua. Lurrean ez da ehorzketarik eginen. Ordenantza hau onetsi arte egin diren ehorzketak lehengo araudiaren bidez gobernatuko dira eta, beraz, bertan ezarritako epeei jarraituko diete.
41. artikulua. Ehorzketa guztietan hilobiko zuloak hermetikoki itxiko dira, jarioak eta isuri likidoak eragozteko.
Horma-hilobi eta errauts-kutxategietan ehorzteko, ehorzketa eskubidearen titularrek idazkuna duen behin betiko hilarria paratu beharko dute bi hileko epean.
42. artikulua. Arau orokor gisa, debeku da beste hilerri batzuetatik gorpuzkinik ekartzea hilerri honetako horma-hilobi berri batera. Hala ere, gorpuzkiak ehortzi ahalko dira horma-hilobi batean, hildako bat ehorzten denean.
43. artikulua. Ehorzketak Udalak baimendu edo alta emandako panteoi, horma-hilobi edo errauts-kutxategietan eginen dira.
Udalak horma-hilobi edo errauts-kutxategietan eginen du ehorzketa. Aldiz, panteoietan, familiak eginen ditu ehorzketak, horretarako zerbitzua kanpoan kontratatuz eta bere bizkar.
44. artikulua. Panteoi, horma-hilobi edo errauts-kutxategi bakoitzaren ondoz ondoko ehorzketen kopurua edukierak baino ez du mugatuko, ehorzketa eskubidearen titularrak ehortzi beharreko hilotzen kopurua edo zerrenda aldaezina nahita eta berariaz mugatu ezean. Horretarako, hori adierazi beharko da erregistroko hilobien atalean.
III. KAPITULUA
Hobitik ateratzea, berrehorztea eta lekualdatzea
45. artikulua. Orokorrean, hobiratu zenetik bost urte iragaten ez bada ez da hilotzik ateratzerik izanen, epaile batek agindu ezik.
Salbuespenetan, Osasun Departamentuak hilotzak ateratzeko baimena eman dezake.
Nolanahi ere, hilotz bat ateratzen denetik berriz ere ehorzten den arteko epea ez da inoiz berrogeita zortzi ordu baino luzeagoa izanen.
46. artikulua. Hilotzak hobitik ateratzean hilerri berean berrehorzteko, beste hilerri batera lekualdatzeko edo errausteko, hilobiaren gaineko ehorzketa eskubidearen titularrak eskaera aurkeztu beharko du.
47. artikulua. Hilotza edo gorpuzkiak hobitik ateratzen badira hilerriaren barreneko beste hilobi batera eramateko, berrehorzketa egin nahi den hilobiaren gaineko eskubidea duen titularraren baimena beharko da. Lurrean ez da berrehorzketa egiterik izanen.
48. artikulua. Hilotzak edo gorpuzkiak hobitik ateratzeko, osasun agintaritzaren baimena beharko da, beste hilerri batera eraman daitezen Erregelamenduak aurreikusten dituen kasuetan (Hilotzen gaineko Osasun Arauen Erregelamendu onetsi zuen urriaren 15eko 297/2001 Foru Dekretuaren I. multzoa).
49. artikulua. Hobitik ateratzeak Udalak adierazten duen ordutegian eginen dira eta ahaleginak eginen dira esparruan ahalik eta jende gutxien dagoenean egin daitezen.
50. artikulua. Hamar urte iragatean gorpuzkinen berrehorzketak egin ahalko dira horma-hilobi berrietara, betiere hilotz berri bat ehorzten denean.
Berriz ehortzi nahi diren gorpuzkinak hobitik ateratzeko lanak familiaren kontura eta beraren bizkar izanen dira, eta Udaletik kanpoko zerbitzuek eginen dituzte, udal zerbitzuei aurretik horren berri emanda.
IV. KAPITULUA
Zerbitzuak egiteko tasak
51. artikulua. Tasa ordainarazteko zergapeko egintza ordenantza honen I. eranskinean adierazten diren zerbitzuak egiteari dagokio.
52. artikulua. Ordenantza honetan araututako zerbitzuren bat egiteko eskatzen dutenak dira tasa hauen subjektu pasiboak, pertsona fisikoak izan, pertsona juridikoak izan edo, nortasun juridikorik gabe, batasun ekonomikoa edo ondare banatua eratzen duten entitateak izan.
53. artikulua. Zerga-oinarria ordenantza honen tarifen eranskinean agertzen da. Tributu-kuota eta zerga-oinarria berdinak dira.
54. artikulua. Aipatzen diren zerbitzuei dagozkien tasak aitzinetik ordaindu behar dira, premia larriko kasuetan edo udal bulegoek egun baliogabea dutenetan izan ezik. Horrelakoetan langileak oharra jasoko du eta horren berri emanen die udal bulegoei, behar den tarifa ordainarazteari ekin diezaioten.
55. artikulua. Ordenantza honetan aurreikusten diren zerbitzuen tasak autolikidazio bidez ordainduko dira, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legearen 108.1. artikuluan xedatuarekin bat. Halaber, Olaztiko Udalak eguneratu ahal izanen ditu, osoko bilkuran erabakita.
Xedapen gehigarria.
Udalaren Osoko Bilkurari dagokio kontzesioa ematea eta panteoiak eta panteoiak eraikitzeko lurzatiak erabiltzeko ehorzketa eskubidearen iraungipena adieraztea. Gainerakoetan, hilobien, horma-hilobien eta errauts-kutxategien erabileraren gaineko ehorzketa eskubidearen kontzesioa, eskualdaketa eta iraungipena Alkatetzaren edo eskuordetutako organoaren ebazpenaren bidez onetsiko dira.
XEDAPEN IRAGANKORRAK
Lehenbizikoa.–Errespetatuko dira lurzati, horma-hilobi eta/edo panteoien jabe gisa agertzen direnen hobiratzeak.
Bigarrena.–Denbora mugarik gabe emandako kontzesioak laurogeita hemeretzi urterako administrazio kontzesiotzat hartuko dira. Hala behar badu, zeuden horretan eta haien tituluei jarraikiz errespetatuko dira.
Hirugarrena.–Lehenagoko araudiaren arabera gobernatu ziren lurzati, hilobi eta horma-hilobien erabiltzaile guztiek haien erabilera bukatuko dute, kontzesio bakoitzaren epea iragan arte. Gero, lekurik behar baldin bada, Udalak eskatu ahal izanen du gorpuzkinak ateratzeko.
Laugarrena.–Udalak, sei hilabeteko epean, hilerriko erregistro liburua sortuko du, ordenantza honen aurreko esleipenak eta jabeak sartuta (II. eranskina).
Xedapen indargabetzailea.
Indarrik gabe gelditu dira maila bereko edo apalagoko udal arau eta ordenantza guziak, ordenantza honi kontra egiten badiote edo kontrakoa esaten badute .
Azken xedapena.
Ordenantza honek testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren hartuko du indarra, legez ezarritako epea igaro ondoren.
I. ERANSKINA
Tasak
–Ehorzketak:
A) Horma-hilobian: 50 euro. Okupazioaren gehieneko epea 15 urte izanen da (luzaezina).
B) Errauts-kutxategian: dohainik. Okupazioaren gehieneko epea 15 urte izanen da (luzaezina).
C) Horma-hilobian: familiaren bizkar. Okupazio epea 50 urte izanen da gehienez. Epe hori 20 urtez luza daiteke.
Iragarkiaren kodea: L1414745
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
