230. ALDIZKARIA - 2014ko azaroaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

109/2014 FORU DEKRETUA, azaroaren 12koa, Nafarroako Urrezko Domina ematen diena Nafarroako industria sustatzeko 1964ko programaren bultzatzaileei.

Aurten badira berrogeita hamar urte Nafarroako Foru Diputazioak onetsi zuela Industria sustatzeko programa. Legezko baliabide horri esker, enpresa industrial berriak eta garrantzitsuak etorri ziren, lanpostu ugari sortuz eta, hori zela bide, Foru Komunitatea eraldatu zen ekonomiaren eta gizartearen aldetik.

Programa horren ondorioz, hasieratik 1975era arte, 200 enpresa baino gehiago sortu edo handitu ziren, 20.000 lanpostu sortu eta 12.000 milioi pezetatik gora (72 milioi euro) inbertitu ziren. Bai horrek bai garrantzizko beste zenbait jarduketa osagarrik, komunikazioei, industrialdeei, lanbide prestakuntzari eta abarri dagokienez, funtsezko oinarri bat eratu dute Nafarroaren garapenerako eta erabakigarriak izan dira egun eskura ditugun aitzinamendua eta ongizatea erdiesteko.

Nafarroako Foru Diputazioak programa onestea eta haren sustatzaileen esku-hartze pertsonala, horien artean Félix Huarte Goñi lehendakariorde jauna eta Miguel Javier Urmeneta Ajarnaute foru diputatu jauna nabarmendurik, eredugarriak dira ikuspegiaren, ekimenaren eta jarduketaren aldetik, eta baliotsuak dira egun Nafarroako etorkizunari heltzeko orduan.

Hori dela eta, Nafarroako Gobernuak, aitorpenaren eta esker onaren seinale gisa, irizten du bidezkoa dela Foru Komunitateko golardorik handiena ematea Nafarroako industria sustatzeko 1964ko planaren bultzatzaileei, biei batera eta hilondoan. Hala eginen da aurtengo Nafarroaren Eguna ospatzeko ekitaldietan.

Horiek horrela, lehen lehendakariordeak eta Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2014ko azaroaren 12an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. Nafarroako Urrezko Domina ematea Foru Diputazioak 1964ko apirilaren 10ean Nafarroako industria sustatzeko onetsi zuen 1964ko programaren bultzatzaileei, biei batera eta hilondoan.

2. Domina Félix Huarte Goñi jaunaren eta Miguel Javier Urmeneta Ajarnaute jaunaren senitartekoei emanen zaie.

3. Foru dekretu hau aipatutako pertsonen senitartekoei jakinaraztea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea.

Iruñean, 2014ko azaroaren 12an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.–Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilaria, Lourdes Goicoechea Zubelzu.

Iragarkiaren kodea: F1415403