2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
BERRIOBEITI
Deialdia, liburutegiko arduradun izateko lanpostu huts bat lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko
Alkatetzaren 2014ko azaroaren 17ko Ebazpenaren bidez, Berriobeitiko Udalaren zerbitzuko liburutegiko arduradun izateko lanpostu huts bat lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko deialdiaren oinarriak onetsi ziren, ondotik heldu baitira.
Argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan.
Berriobeitin, 2014ko azaroaren 17an.–Jarduneko alkate udalburua, Francisco Esquíroz Subiza.
DEIALDIAREN OINARRIAK, LIBURUTEGIKO
ARDURADUN IZATEKO LANPOSTU HUTS
BAT LEKUALDATZE LEHIAKETA BIDEZ BETETZEKO
1.–Xedea.
Aditzera ematen da deialdia egin dela liburutegiko arduradun izateko lanpostu huts bat lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko. Hona hemen lanpostua:
–43 zenbakiko lanpostua, liburutegiko arduradunarena, Kultura Alorrari atxikia.
2.–Aplikatu beharreko arauak.
Lekualdatze lehiaketa hau ondoko arauei jarraikiz gauzatuko da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua aplikatzeko arauak, hura garatu eta betearazteko asmoz lanpostuak betetzeari buruzko azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsiriko Erregelamendua, eta deialdiaren oinarriak.
3.–Betebeharrak.
3.1. Indarra duen araudian xedatutakoaren arabera, lekuz aldatzeko lehiaketa honetan parte hartu ahal izateko, ondoko baldintzak bete beharko dira, eskabideak aurkezteko epearen azken egunean eta lanpostu hutsak aukeratu eta esleitutako lanpostuaz jabetu bitartean:
a) Berriobeitiko Udalaren plantillako langile finkoa izatea, egoera administratiboa edozein dela ere.
b) C maila edo taldekoa izatea.
c) Liburutegiko arduradun lanpostu baterako izendatua izatea.
3.2. Lanpostua gorderik izan gabe, nahitaezko edo borondatezko eszedentzian dauden langileek zilegi izanen dute lekualdatze lehiaketa honetan parte hartzea, baldin eta deialdian eskatutako baldintzak betetzen badituzte, eta, horrela, jarduneko zerbitzuan sartuko dira berriz eta behin betikoz esleituko zaie lanpostu bat.
Lehiaketa honetan parte hartzeak ez du inolaz ere ekarriko parte hartu aurretik lehiatzaileek zuten araubide juridikoa aldatzea.
4.–Ordainsariak.
Lekualdatzen diren langileek, esleitutako lanpostuari dagozkion ordainsariak jasoko dituzte, indarra duten xedapen eta plantilla organikoaren arabera.
5.–Eskabideak aurkezteko epea eta tokia.
5.1. Deialdian parte hartzeko, eskabidea aurkeztu beharko da Berriobeitiko Udaleko erregistro orokorrean (Udaletxeko plaza, zk.g., 311951), edo Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 20ko 30/1992 Legearen 38. artikuluko 4. idatz-zatian aurreikusiriko edozein baliabideren bidez, hilabeteko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
5.2. Eskabideak deialdi honetako eranskinean argitaratutako ereduari jarraikiz aurkeztuko dira eta horietan izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bururatzen den egunerako.
5.3. Eskabidearekin batera, deialdian ezarritako baremoaren arabera alegatzen diren merezimenduen egiaztagiriak aurkeztu behar dira, behar bezala kautoturik.
5.4. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.
6.–Onartuen behin-behineko zerrenda, erreklamazioak eta behin betiko zerrenda.
6.1. Eskabideak aurkezteko epea buruturik, Alkate udalburuak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du eta Berriobeitiko Udaleko ediktuen oholean argitara dadila aginduko, eta ohartaraziko du hurrengo bost eguneko epean baztertuek erreklamazioak egin ditzaketela eta, akatsik baldin bada, haiek zuzendu.
6.2. Erreklamazioak egiteko epea amaitu eta horiek ebatzirik, Alkate udalburuak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi eta Berriobeitiko Udaleko ediktuen oholean argitara eman dadila aginduko du.
6.3. Ezarritako epean eskabiderik aurkeztu ezean, Alkate udalburuak lehiaketa bete gabe gelditu dela deklaratzen duen erabakia emanen du. Erabaki hori Berriobeitiko Udaleko ediktuen oholean argitaratuko da.
6.4. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda, eta Berriobeitiko Udaleko ediktuen oholean argitaratuko.
7.–Epaimahaiko kideak.
7.1. Lehiaketa kalifikatzeko epaimahaian hauek izanen dira:
–Mahaiburua: Jose María Irisarri Ollacarizqueta jauna, Berriobeitiko Udaleko alkate udalburua.
Ordezkoa: noren eskutan uzten duen, huraxe.
–Mahaikideak:
Lehen mahaikidea: Roberto Leon Zaro, Berriobeitiko Udaleko langileen ordezkaria.
Ordezkoa: noren eskutan uzten duen, huraxe.
–Bigarren mahaikidea eta idazkaria: Jesús María Llorens García, Berriobeitiko Udalekoa.
Ordezkoa: noren eskutan uzten duen, huraxe.
7.2. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratu ondoko bost eguneko epean eratuko da epaimahaia.
7.3. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak aplikatzeko moduaz sortzen diren arazo guztiak.
7.4. Administrazio prozeduraren arauetan parte ez hartzeko aipaturiko arrazoiren bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta horren berri eman deialdia egin duen organoari. Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
8.–Merezimenduen kalifikazioa.
8.1. Erantsitako baremoari jarraituz kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak lehiatzaileek alegatu eta frogatutako merezimenduak.
8.2. Alegatutako merezimendu guztiak agirien bidez frogatu beharko dira, izangaiek lekualdatze lehiaketa honetan parte hartzeko eskabidea aurkezten duten unean.
8.3. Epaimahaiak ezin izanen du inolaz ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, ezta atal bakoitzean aipatutako gehieneko puntuazioa baino altuagorik eman ere.
8.4. Izangaiek lehiaketan guztira lortzen dituzten puntuetan berdinketarik bada, Administrazio Publikoen zerbitzuan antzinatasunik handiena dutenen alde joko da. Hala ere berdinduta segitzen badute, lehiatzaile adinez zaharrenari emanen zaio lehentasuna.
8.5. Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu, lehiatzaileek alegatutako merezimenduen gainean.
8.6. Merezimenduen kalifikazioa burutu ondoan, epaimahaiak argitara emanen du Berriobeitiko Udaleko iragarki oholean lehiatzaile bakoitzak lortutako puntuazioa, eta bost egun balioduneko epea ezarriko du interesdunek merezimenduen balorazioaren gainean eskubideko jotzen duten guztia alega dezaten.
9.–Izangaien zerrenda, erdietsitako puntuazioaren araberakoa.
Behin aurkeztutako erreklamazioak ebatzi ondoan, epaimahaiak parte hartzaile guztien behin betiko puntuazioak emanen ditu argitara Berriobeitiko Udaleko iragarki oholean, eta lehiatzaileen zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenaturik, Alkateari igorriko dio espediente osoarekin batera, behar den ebazpena eman dezan hasieran deitutako lanpostuen kopurua handitzeari dagokionez.
10.–Lanpostu hutsak hautatzea.
Lehiakideak lorturiko puntuazioaren arabera hautatu ahalko du lanpostu hutsa, Alkate udalburuak hartarako deituko duen ekitaldian.
Behar bezala arrazoituriko ezinbesteko kasuetan salbu, aipatu epean lanpostua hautatzen ez duten lehiatzaileek lehiaketaren xedea diren lanpostu hutsak betetzeko eskubide guztiak galduko dituzte.
11.–Esleipena eta lanpostuaren jabetza hartzea.
Lanpostu hutsa esleitu ondoan, Alkate udalburuak, erabaki baten bidez, lehiatzaileari egokitu zaion lanpostuari dagokion izendapena eginen du eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.
Izendaturiko lehiatzaileak hamar egun naturaleko epea izanen du, bere izendapena jakinarazten zaionetik, lanpostuaz jabetzeko, non eta ebazpen horretan deialdia egin duen organoak jabetza hartzeko data finko bat ezartzen ez duen.
12.–Aurkeztutako agiriak.
12.1. Hautagaiek, baldin eta erreklamazio edo errekurtsorik paratzen ez bada, aurkeztu dituzten agiriak berreskuratzen ahalko dituzte hala eskatu ondotik. Agiriak berreskuratzeko eskaera hiru hilabeteko epean aurkezten ahalko da. Epe hori esleipenaren erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hiru hilabetera hasiko da.
12.2. Aurreko atalean ezarririko epea agiriak eraman gabe bukatzen bada, ulertuko da izangaiak uko egin diola agiriak eskuratzeari eta horretarako eskubidea galduko du eta agiriak suntsituko dira.
12.3. Erreklamazio edo errekurtsoren bat aurkezten baldin bada, aurkeztutako agiriak gorde eginen dira, ikuskatu eta aztertzeko. Agiriak berreskuratu ahalko dira erreklamazioaren edo errekurtsoaren tramitazioak horretarako aukera ematen duenean.
13.–Errekurtsoak.
Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat aurkez daiteke, aukeran:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean errekurritutako erabakiak argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aitzina.
b) Gora jotzeko errekurtsoa zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean errekurtsoa paratzen zaion egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.
c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoa paratzen zaion egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
I. ERANSKINA
Eskabide eredua
Eskaera, liburutegiko arduradun izateko 43 zenbakiko lanpostu hutsa, Kultura Alorrari atxikia, lekualdatze lehiaketaren bidez betetzeko deialdian parte hartzeko. Deialdia …… zk.ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, .…(e)ko ......aren …(e)an.
1.–Norberaren datuak.
Izen-deiturak:
Jaiotze eguna eta tokia:
NANa:
Helbidea:
P.K.:
Etxeko telefonoa:
Lantokiko telefonoa:
2.–Administrazio datuak.
a) Egoera administratiboa:
Zein lanpostutarako izendatu ninduten:
Berriobeitiko Udaleko enplegatua.
Jardunean.
Zerbitzu berezietan.
Eszedentzia berezian.
Borondatezko eszedentzian.
Nahitaezko eszedentzian.
(X batez markatu dagokion kontzeptua).
c) Egungo destinoa:
Lanpostua:
Jabetza hartzearen eguna:
Alorra:
Erakunde autonomoa:
c) Zein maila edo taldetakoa.
3.–Nik, sinatzaileak, adierazten dut eskatutako baldintza guzti-guztiak betetzen ditudala, eskaerak aurkezteko epearen azken egunean.
4.–Eskabidearekin batera, aginduzko dokumentazioa eta alegaturiko merezimenduen frogagiriak aurkeztu ditut.
Hortaz, eskabide honetan aipatutako deialdian onar nazatela eskatzen dut.
Berriobeitin, .…(e)ko ......aren …(e)an
Sinadura
II. ERANSKINA
Merezimenduak baloratzeko baremoa
a) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak.
1.–Edozein administrazio publikotan, deialdian eskaintzen den lanpostu berdinean edo gisako batean egindako zerbitzuak: puntu 1 urte bakoitzeko.
2.–Edozein administrazio publikotan, deialdikoa ez beste lanpostuetan egindako zerbitzuak: 0,20 puntu urte bakoitzeko.
Oharrak:
1. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen zaie izangaiei.
2. Honako a) atal honi dagokion puntuazioa gehienez ere 30 puntu izanen da.
3. Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.
4. Deialdia argitaratu ondoan egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.
b) Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa.
1) Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza jardueretan parte hartzea: 0,10 puntu kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 ikastordu), eta gehienez ere 7 puntu.
Oharrak:
1. Baloratu beharreko ikastaroetan, ikastorduen zatikiak proportzionalki banatuko dira.
2. Irakastorduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.
3. Ikasturte bateko iraupena frogatzen duten ziurtagiriei 12 kredituko balorazioa emanen zaie.
4. Erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak betetzen ez badituzte ere, Administrazioak agindurik edo oniritzirik eginak diren prestakuntza ekintzetan parte hartzea puntuazio berarekin baloratuko da. Horien artean, espresuki, sindikatuek administrazio publikoetako etengabeko prestakuntzarako itunen barruan antolatutakoak sartuko dira.
5. Titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak, hala unibertsitatekoak nola unibertsitatez kanpokoak, ez dira atal honetan baloratuko.
2) Txostenak edo komunikazioak biltzarretan edo jardunaldietan aurkeztea, lan zientifiko edo ikerlan bekadunak edo sarituak egitea eta haiek aldizkari espezializatuetan argitaratzea: 2 puntu gehienez ere, epaimahaiak baloratu beharrekoak, kontuan izanik lana edo jarduera norbanakoak edo taldeka egina den, bai eta biltzarra edo argitalpena tokikoa, eskualdekoa, herrialdekoa edo nazioartekoa den ere.
3) Sektore publikoan prestakuntza jarduerak antolatu edo/eta horietan irakasle gisa parte hartzea: gehienez puntu bat, haien iraupenaren arabera epaimahai kalifikatzaileak baloraturik.
Oharrak b) atal osorako:
1. Atal honetan aipatutako merezimenduak deialdiko lanpostuarekin zerikusia izanez gero soilik baloratuko dira.
2. Atal honetan gehienez ere 10 puntu eskura daitezke.
c) Puntuazio erantsia hizkuntzak jakiteagatik.
–Frantsesa, ingelesa edo alemana jakiteagatik, Europar Batasuneko lan hizkuntzak diren aldetik, hizkuntza horietako bakoitzeko 2 puntu gehienez.
–Euskaraz jakiteagatik, gehienez ere 6 puntu, plantilla organikoan aginduzkoa deklaratu ez den lanpostuak eskuratzeko bada.
Ondorio horietarako, hizkuntza eskola ofizial batek emandako gaitasun agiria edo ofizialki baliokidea den titulua edukiz gero, aurreko ataletan adierazi den gehieneko puntuazioa emanen da.
Titulurik eduki ezik, hizkuntza eskola ofizial batean gaindituriko maila bakoitzagatik gehieneko puntuazioaren 1/5en bat emanen da. Euskararen kasuan, Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan gainditutako urrats bakoitzeko 1/12 emanen da.
Izangai bakoitzak lau hizkuntza horietan zer dakien baloratzeko, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak antolatutako azterketak egiten ahal dira; bost zailtasun maila izanen dira, eta hizkuntza bakoitzari ematen ahal zaion gehieneko balorazioaren bosten bat emanen zaio maila bakoitzari.
Iragarkiaren kodea: L1415525