230. ALDIZKARIA - 2014ko azaroaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

473E/2014 EBAZPENA, urriaren 14koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Etxauriko Udal Plan Orokorrari buruzko Ingurumen ondorioen adierazpena egiten duena. Etxauriko Udalak sustatu du.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 3.A eranskinaren B) 1. atalean ezarritakoaren arabera, udal plan orokorrak Ingurumen ebaluazio estrategikoaren mende jarri behar dira eta Ingurumen ondorioen adierazpena behar dute, plan horiek onestearekin batera edo lehenago.

Etxauriko Hirigintzako Udal Plana hasiera batez onetsi zen, Osoko Bilkuraren 2011ko urtarrilaren 19ko Erabakiaren bidez, eta jendaurrean jarri, iragarkia paratuz 2011ko 27. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 9koan. Ondotik, zenbait aldaketa egin dira, plan horri funtsezko aldaketa ekarri diotenak; horrenbestez, hasiera batez onetsi zen beste behin, eta berriz jendaurrean paratu, 2012ko 157. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta, abuztuaren 9an.

Dokumentazio horri dagokionez, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak txostenak egin zituen 2011ko otsailaren 1ean, 2011ko maiatzaren 26an eta 2012ko azaroaren 9an. Haietan, beste ingurumen ondorioen azterlan bat eskatu zen, udalerriaren azterketa eta diagnostikoa osatzeko, planaren ondoriozko ukipenak baloratzeko eta, batik bat, lurzoru urbanizaezinaren sailkapena eta azpikategoria bakoitzari lotutako araudia berrikusteko.

Etxauriko Udalak igorritako Ingurumen ondorioen azterlana abiapuntu izanik, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak txostena egin zuen 2013ko maiatzaren 6an, eta azpimarratu zuen osatu eta zuzendu behar direla paisaiaren, geologiaren eta ingurumenaren arloetako balioa duten tokien identifikazioa eta mugaketa, eta lurzoru urbanizaezinari buruzko araudiaren egokitasuna eta koherentzia. Ondoren, 2013ko ekainaren 14ko eta abuztuaren 1eko txostenetan, berriz ere eskatu zen planean sartzeko aipatutako txostenetako irizpenak, eta babes bereziko eremuei buruzko informazio grafikoa igorri zen hirigintza planean sartzeko.

2014ko ekainaren 20an, Udalak Hirigintzako Udal Planeko dokumentazio guztia aurkeztu zuen, zein 2014ko uztailaren 23an onetsi baitzen behin-behinekoz. Tramitazio fase horretan aurreikusita ez dagoenez jendaurreko epe bat, eta, planari erantsitako proposamen berrien aurrean, Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiak jendaurrean paratu du berriz, 2014ko 149. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta, uztailaren 31n. Jendaurreko epe horietan, ez zen ingurumenari buruzko alegaziorik jaso.

Etxauriko Udalaren hirigintza planean egindako analisiak, diagnostikoak eta proposamenek udal mugape osoa ukitzen dute, hau da, 13,64 km². Hirigintzako Udal Planaren eta Ingurumen ondorioen azterlanaren deskribapena eranskinean dago.

Honako hauek dira hirigintzako planaren funtsezko helburuak: Udalaren lurraldea okupatzeko estrategia eta eredua zehaztea, egungo hiri bilbearen mantentzea eta hobekuntza bermatzea, baita zabalpen berriekin lotzea ere, lurzoruaren beharrei heltzea bizitegitarako, ekipamendurako eta jarduera ekonomikoetarako, baita sistema orokorren aurreikuspenei eta eguneraketei eta oinarrizko azpiegiturei ere, hiriko aurreikuspen berrietan eta kultur ondarearen babesean.

Planeko proposamenak honela gauzatzen dira: egungo hiri bilbea finkatzea, 32 etxebizitza garatzea NA-700 errepidetik iparraldera (2. sektorea), baita jarduera ekonomikoetarako eremu bat ere herritik ekialdera, errepide nagusitik sarbidea izanik (3. sektorea), eta biribilgune bat egokitzea NA-700 eta NA-7110 errepideek bat egiten duten puntuan.

Hiri lurzorua eta lurzoru urbanizagarria hirigunearen ondoko eremuetan zabaltzen dira. Leku horiek zelaiak dira, ingurumeneko balio aipagarririk gabeak, uholde arriskuko lekuetatik kanpokoak; hartara, ez da ingurumeneko ukipenik sortzen. Soilik eremu industrialeko ertzetan eginen da paisaiaren tratamendua, batez ere bizitegitarako lurzorura pasatzeko eremuan.

Horniduraren eta saneamenduaren azpiegiturei dagokienez, planeko aurreikuspenak ez dira bideragarriak baldin eta hornidura biltontzia eta arazketa sistema handitzeko eta goi horniduraren linea sendotzeko jarduketarik egiten ez bada.

Ingurumen ondorioen azterlanak udalerriaren zonifikazio akustikoa dakar. Hartan, eremu akustiko hauek identifikatu dira: bizitegitarako eremua, industriarako eremua, azpiegituraren sistema orokorra eta babes bereziko espazio naturalak.

Kalteberatasunaren ondorioetarako, argiaren kutsadurari ere eransten zaio udalerriaren zonifikazioa. Naturguneen sarean sartutako eremuak (Sarbil mendia eta ebakidurak) E1 eremu gisa sartzen dira, babes berezia jaso behar dutenak, bizitegitarako eremua, berriz, E3 eremu gisa, eta udalerriaren gainerakoa, E 2 eremu gisa. Zonifikazio horretan oinarrituta, kanpoko argiteriaren jarduketek bat eginen dute irailaren 17ko 199/2007 Foru Dekretuan xedatuarekin; haren bidez onetsi zen Argiteria Gaueko Ingurumena Babestearren Antolatzeari buruzko azaroaren 9ko 10/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua.

Landa lurzoruaren antolamendua antolatzeko, eremu sentikorrak eta bereziak identifikatu eta zedarritu behar dira ingurumenaren, paisaiaren eta kulturaren aldetik (Ingurumen ondorioen azterlanean aztertuak), baita lurzoru urbanizaezina sailkatu eta azpikategoria bakoitzari lotutako erabilera eta jarduera araubide bat garatu ere.

Hirigintzako planak behar bezala biltzen ditu Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuaren 2013ko maiatzaren 6ko eta abuztuaren 1eko txostenetako irizpenak, eta bertan sartu dira Etxauriko ebakidura eta harkaitzetako paisaia natural eta berezia eta interes geologiko bereziko lekuak. Orobat, hirigunetik ekialdera dagoen Pozo Grande iturburua jaso da interes geologikoko lekutzat. Lurraldea lotzeko espazio nagusiak Sarbil mendia eta Arga ibaia dira.

Arga ibaiaren kasuan, ibai eremu gisa proposatutako mugaketa eta horri buruzko araudia zuzendu beharko dira, LAP 3ko PN 3an zehaztutako irizpideak aplikatuz.

Arrisku naturalei dagokienez, Arga ibaiari lotutako uholde arriskua baino ez da identifikatu. Uraren Zerbitzuak, 2014ko urriaren 8ko txostenean, adierazi du ezen, “Iruñerrian, Arga ibaiaren eta haren ibaiadarren arroan Etxauritik igarotzean, uholdearen arriskua izateko ebaluazio, kudeaketa eta antolamendu hidraulikorako azterlana” izeneko txostenaren azken informazioa oinarri izanik, uholdearen guneak eguneratuko direla eta planeamenduaren barnean sartuko dela uholde arriskuaren zonifikazioa (haren erabilera araubideak LAP 3ko PN4 eranskineko irizpideei helduko die). Mugaketa berri horri esker, aisialdirako baratze gisa zedarritutako eremuaren zati batek uholde arriskua dauka, apala eta ertaina. Lanabesen etxolak, aisialdirako baratzezaintza sostengukoak, baimentzen ahal dira baldin eta PN8 eranskineko berariazko baldintzak betetzen badituzte eta itxitura estankorik ez badago.

Lurzoru urbanizaezinaren azpikategoria bat esleitzeak ez dakar halabeharrez haien balioei eustea; hortaz, ezinbestekoa da erabilerari buruzko araudiak eta erregulazioak bat egitea gorde gogo diren balioekin, hirigintzako planaren tramitazioan egindako txostenetan azpimarratu den bezala. Hori dela eta, ingurumeneko ukipenak saihesteko, ingurumeneko balioa duten enklabeetan aurreikusten den erabilera araubidea berrikusiko da (HBBa, IGBLa, paisaia naturala eta garrigak eta erkameztiak), balizko jarduerak, eraikuntzakoak izan edo ez, enklabe horiek ingurumenaren eta paisaiaren aldetik dituzten balioetara egokituz.

Planean aurreikusten diren proposamenen artean, paisaian ukipen nabarmenak sortzen ahal ditu 2. poligonoko 190. lurzatian aparkaleku bat egokitzeak (jarduera berezietarako gorde beharreko lurzoru urbanizaezina). Lurraren topografia naturala aldatzeak edo eraldatzeak, edozein dela ere, paisaia integratzeko azterlan bat ekarriko du.

Espedientean jasota daude Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuaren 2011ko maiatzaren 18ko txostena eta Uraren Zerbitzuaren 2014ko urriaren 8koa. Haren irizpenak, edota planera sartu dira, edota txosten honen baldintzetara erantsi dira.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, Ingurumen ebaluazio estrategikorako prozedura osorik bete dela kontuan harturik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 25eko 70/2012 Foru Dekretuaren 42. artikuluak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz.

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ondorioen adierazpena egitea Etxauriko Hirigintzako Udal Planaren alde, Etxauriko Udala planaren sustatzaile izanik.

2. Ingurumen ondorioen adierazpen hau determinazio hauek betez gero emanen da:

–Ibaiaren eremua mugatuko da eta erabilera araubidea aplikatuko da, LAP 3ko PN3 eranskinaren arabera.

–“Iruñerrian, Arga ibaiaren eta haren ibaiadarren arroan Etxauritik igarotzean, uholdearen arriskua izateko ebaluazio, kudeaketa eta antolamendu hidraulikorako azterlana” izeneko txostenaren emaitzak oinarri izanik, uholde arriskua duten eremuak eguneratuko dira eta uholde arriskuaren zonifikazioa sartuko da. Arrisku eremuetarako aurreikusitako erabilera araubidea LAP 3ko PN4 eranskinean biltzen da.

–Ingurumeneko balioa duten enklabeetan (HBBa, IGBLa, paisaia naturala eta garrigak eta erkameztiak), proposatutako araudia zuzenduko da, balizko jarduerak, eraikuntzakoak izan edo ez, ingurumenaren eta paisaiaren aldetik dituzten balioetara egokituz.

–Industria eremuko (3. sektorea) plan partzialeko baldintza izanen da ertzetako paisaia tratatzea, batez ere bizitegitarako lurzorura pasatzeko eremuan.

–Jarduera berezietarako gorde beharreko lurzoru urbanizaezinean, aparkalekua gauzatu baino lehen, paisaia integratzeko azterlan bat eginen da; hartan, baloratuko da nolako eragina duen ikuspegiaren eta paisaiaren aldetik, eta neurri egokiak hartuko dira paisaian integratzeko.

–Hirigintzako planeko aurreikuspenak garatu eta gauzatzean, neurri zuzentzaileak eta prebentziokoak aplikatuko dira, Ingurumen ondorioen azterlanaren 6. kapitulukoak.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari eta Etxauriko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2014ko urriaren 14an.–Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

ERANSKINA

Hirigintzako Udal Planaren eta Ingurumen
ondorioen azterlanaren laburpena

Hirigintzako planaren jarduketa eremua udalerri osoa da (13,64 km²). Orobat, 55. fazeria (87 hektarea) eta 56. fazeria (42 hektarea) sartzen dira, Etxaurik eta Ziritzak partekatzen dituztenak.

Etxauriko udalerria, Iruñerriko eremu metropolitanoaren eraginetik hurbil, iparraldeko Sarbil menditik hegoaldeko Arga ibaiko ibarbasoetara zabaltzen da. Ebakiduren oinetara dago Etxauriko hirigunea, eta, Argaren ezkerreko ertzean, berriz, Otazuko herria.

Etxauriko Hirigintzako Udal Plana 1994ko abuztutik aurrera indarra izan duten Arau Subsidiarioak ordezten ditu. Hortaz, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen arabera eguneratu eta egokitu du hirigintzaren arloko araudia.

Funtsezko helburuak dira lurraldea okupatzeko estrategia eta udal eredua zehaztea, udalerria modu iraunkorrean garatzea eta herritarren bizi kalitatea hobetzea. Planaren helburuak honako hauek dira: lehendik zegoen hiri bilbea mantendu eta hobetzea eta kultur ondarea babestea, eta zabalgune berriekin behar bezala lotzea; halaber, bizitegitarako, ekipamenduetarako eta jarduera ekonomikorako lurzoruaren beharrei heltzea eta sistema orokorrak eta oinarrizko azpiegiturak aurreikustea eta hiri aurreikuspen berrietara egokitzea.

Hirigintzako proposamenak egungo hiri bilbea finkatzen du, eta bizitegitarako garapen berri bat proposatzen du NA-700 errepidetik iparraldera, baita jarduera ekonomikoetarako eremu bat ere, Iberoko herrira doan irteeran; orobat, proposatzen du bide azpiegiturak hobetzea biribilgune batekin NA-700 eta NA-7110 errepideek bat egiten duten puntuan.

Proposamena ondoko sektore hauetan gauzatzen da:

–S-1 sektorea, hiri lurzoru finkatukoa eta bizitegitarako erabilera duena. Arau Subsidiarioetan eta ondoko aldaketetan hiri lurzorutzat hartutakoa da.

–S-2 sektorea, hiri lurzoru finkatu gabea eta bizitegitarako erabilera duena. 32 etxebizitza berri aurreikusten dira.

–S-3 sektorea, lurzoru urbanizagarria, jarduera ekonomikoetarako eremu bat garatzeko. Haren antolamendu xehakatua egiteko, plan partzial bat beharko da.

Proposamenetan aplikatutako irizpideen artean, besteak beste, hirigunearen ondoko ingurua osatzen duten lurraldeen antolamendua nabarmentzen da. Lurralde horiek egungo kaleen bilbearekin daude loturik. Lauak dira, ongi orientatuak eta maldan egon daitezke araztegi aldera.

Hirigunearen ondoko ingurunean, garapenaren ereduaren babeserako leku bat zehaztu da, hirigunearen hazkundea iparraldean gordetzeko helburu duena. Eta, halaber, izaera puntualez, jarduera bereziko eremu bat, aparkalekua izanen dena.

Landa lurzoruari dagokionez, helburuak dira nekazaritzaren, basozaintzaren, abeltzaintzaren, paisaiaren, arkeologiaren edo ingurumenaren arloetako balioak babestea, lurzoru urbanizaezinaren sailkapenaren bidez, arreta berezia emanez jarduera baimengarriak lurzoru urbanizaezinean paratzeari eta komunikazio sare alternatiboak planifikatzeari, motorrik gabeko irisgarritasun sarea osatzeko modukoak.

Ingurumenaren balioko lurzoruaren barnean, batik bat Sarbil mendia nabarmentzen da lurraldea lotzeko espazio gisa eta hegaztien interes bereziko espazio gisa, hegaztien babesgune berezitzat eta basa fauna babesteko eremutzat hartu baita. Ibar aldera ematen duten harkaitz labarrek Etxauriko ebakiduren paisaia naturala osatzen dute. Hartan, Etxauriko Haitzetako paisaia berezia nabarmentzen da, 56. fazerian kokatua. Hedadura txikiagoa izanik baina berezitasun handiko elementu gisa, terraza trabertinikoak eta Pozo Grande iturburua nabarmentzen dira, biak interes geologikoko tokiak (IGBL). Orobat, ingurumenaren aldetik duten balioa dela eta, garrigak, ametz ilaundunak, erkametzak eta sastrakak erantsi dira, Sarbil mendiko Morate gaineko hegaletan nagusiki zabaltzen direnak.

Hauek dira kulturaren arloko balio nagusiak: 23 aztarnategi arkeologikoak (trikuharriak eta tumuluak), haietako bost Interes Kulturaleko Ondasun deklaratuak, Arga ibaiaren parkeko bide berdea eta bi abelbide (P-22 eta T-8), Sarbil mendian eta Otazuko jaurerrian barna joaten direnak.

Ustiapen naturalerako aukera ematen duten espazio gisa, honako hauek nabarmentzen dira: ibaiaren inguruneko nekazaritzako lurrak eta zuhaitz laboreak Etxauriko ebakiduretan, eta, azalera txikiagoarekin, konifera birlandatuak dituzten tokiak. Hirigunetik hegoaldera, nekazaritzako lurren gainetik, hiru eremu zehazten dira aisialdiko baratzeetarako.

500 urteko birgertatze-aldia duten uholde eremuei dagokie udalerrian identifikaturiko arriskurik handiena.

lEAren deskribapena.

Ingurumen ondorioen azterlanak behar bezala zehazten ditu planeko helburuak eta proposamenak, hiri lurzorua, lurzoru urbanizagarria eta lurzoru urbanizaezina ukitzen dituztenak.

Udalaren Hirigintza Planaren koherentzia aztertu du, LAP 3an lurralderako zehaztutako ereduarekiko, Etxauri eremu horri baitagokio, ondoko udalerrietako planeamenduarekiko, eta udalerriaren gainean eragina duten lurralde tresnekiko (hala nola Iruñerriko Ibai Parkea handitzeko UPSa).

Udalerriko ingurumenaren azterketak, diagnostikoak eta balorazioak ingurune fisikoaren datuak biltzen dituzte, klimatologiaren, geomorfologiaren, geologiaren, hidrografiaren eta uholde arriskuaren arloetako informazioaz.

Azterketa bioklimatikoa eta geobotanikoa oinarri hartuta, eskualde mediterraneoetatik eurosiberiarretara doan trantsizioko eremu honetan berezkoa den landarediaren serie eta geoserieak identifikatu dira: erkameztiak, garrigak abariztiekin, sastrakak eta larreak, Sarbil mendian zabaltzen direnak.

Batasunaren Intereseko Habitaten Espainiako inbentarioaren arabera, Etxauriko udal mugapean honako hauek identifikatu dira: Quercus faginea-ren iberiar hariztiak (9240), Quercus ilex-en eta Q. rotundifolia-ren basoak (9340), sastraka mediterraneoak Sarbil mendian (4090), ezpeldiak harkaitzetan eta eremu karstifikatuetan (5110), larreak (6212) eta komunitate harkaiztarrak (8211).

Ebakidurak, basoak, laboreak eta basobera izategatik eta ibaiaren ekosistema direla eta, intereseko habitat ugari dago faunarentzat. Ebakidurak nabarmentzen dira. Haietan, bi eremu babestu biltzen dira: ES00000150 HBBa (Etxauriko Haitza) eta 14 BFBEa (Etxauriko Harkaitza). Nafarroan galzorian dauden zenbait espezie (aztore-arranoa, esaterako) bertan egoteak ekartzen du babes maila handiagoa merezi izatea.

Paisaiaren aldetik, udalerrian kontraste handia dago orografian, Sarbil menditik Arga ibaira doan aldearen ondorioz. Sarbil mendiaren lerroak udalerria zeharkatzen du mendebaldetik ekialdera. Haren hegoaldeko partean, kareharrizko hormak daude, malkarren moduan, kalitate handikoak paisaiari eta ikuspegiari dagokienez, eta izugarri kalteberak. Ebakidura horietatik iparraldera, mendia bizkartsua da, non larreak eta sastrakak aurrekoak bezain kalteberak eta kalitate handikoak baitira; alabaina, unitate hori ertainekoa da ikuspegiari dagokionez.

Ebakiduretatik ibarreko beheko aldera joanda, garrigak eta erkameztiak gerezidiekin, intxaurdiekin eta olibadiekin nahasten dira. Kalteberatasuna ertaina eta naturaltasuna apalagoa izanda, ikuspegiaren maila ertaina eta handia da. Ibarreko behe aldera, Argaren terraza mailek ikuspegirako arro zabala dute eta haietan esku-hartzea handiagoa izan da, nekazaritzako jarduerak direla eta.

Azterlanak ingurumeneko 8 unitate bereizten ditu, homogeneoak, erabilera eta arrisku berdinak dituzten aldetik: ebakidurak, ingurumen eta babes balioko zuhaiztiak, ekoizpeneko basoa, zuhaixkak eta belarkiak, belardiak, lehorreko lurrak eta ureztalurrak eta ibilguen eta ur bazterren sistema. Unitate horietan kultura arloak balioak daude, hala nola abelbideak eta aztarnategi arkeologikoak.

Lurraldearen diagnostikoa abiapuntu izanik, ondorioztatzen da ingurumenaren eta paisaiaren aldetik balio handiena duten eremuak direla Etxauriko ebakidurak eta haitzak, Sarbil mendia, Otazuren inguruko erkameztia eta kultura ondarea.

Azterlanak behar bezala identifikatzen ditu planaren proposamenak, eta eragin erlatiboak baloratzen ditu, baliabideen kontsumoaren gainean, baita atmosferaren, hidrologiaren, landareen, faunaren, Natura 2000 Sarearen, ondarearen, paisaiaren eta ingurune sozioekonomikoaren gaineko eraginak ere. Eragin horiek neurrizkotzat eta bateragarritzat hartzen ditu. Irizten du planak hobekuntza dakarrela egungo egoeraren aldean, ingurumenaren, kulturaren eta paisaiaren arloetako baliabideak kontserbatzearen aldetik; izan ere, haien erregulazioa eta antolamendua aurreikusten dira, eta soilik baimenduko dira espazio horiek mantendu eta hobetzearekin bateragarriak diren erabilerak.

6. kapituluak zenbait neurri zuzentzaile garatzen ditu, atmosferaren eta gainazaleko uren kutsadura murrizteko, bai eta lehengoratzeko eta prebenitzeko beste zenbait neurri ere, helburu dutenak herritarrei, landareei eta gainazaleko urari ukipenik saihestea.

Iragarkiaren kodea: F1413984