23. ALDIZKARIA - 2014ko otsailaren 4a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AGOITZ

Udal ordenantza, Agoizko udal hilerriaren erabilera arautzen duena. Behin betiko onespena

Agoizko Udalak, 2013ko azaroaren 7an egin osoko bilkuran, hasiera batean onestea erabaki zuen Agoizko udal hilerriaren erabilera arautzen duen udal ordenantza.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatuari jarraituz, onetsitako ordenantza jendaurrean egon zen hogeita hamar egun baliodunean, azaroaren 18an iragarkia 2013ko 222. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Jendaurrean egon bitartean inork ez du erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu. Beraz, bidezko da ordenantza hori behin betiko onestea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratzea.

Agoitzen, 2014ko urtarrilaren 9an.–Alkatea, Unai Lako Goñi.

ORDENANTZA, AGOIZKO UDAL HILERRIAREN ERABILERA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legearen 4, 25 eta 26. artikuluetan, Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 4 eta 29.etan, eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legeko 12 eta 100.etan ezarritakoaren arabera, udal hilerriaren administrazioak, zuzendaritzak eta zaintzak Agoizko Udalaren esku egon behar dute, batere ukatu gabe bertze administrazio batzuek alor berean dauzkaketen legezko eskumenak.

2. artikulua. Administrazioak, zuzendaritzak eta zaintzak ahalmen hauek dakartzate berekin:

a) Hilerriko higienearekin eta osasungarritasunarekin ikusteko duen guztia.

b) Hilotzak eramateari dagokiona eta hilerriaren barne araubidea ukitzen duen guztia.

c) Lurren eta hilobien antolaketa, banaketa, erabilera eta aprobetxamendua.

d) Eskubideak eta tasak kobratzea.

3. artikulua. Alkatetzaren ardurapekoak izanen dira hilerriaren antolaketa eta funtzionamendua; horretarako, behar adina langile izanen ditu eta bere eginbehar hau ahalik eta hobekien betetzeko, behar diren proposamenak aurkeztuko dizkio Udalari.

4. artikulua. Hilerrian aldi oro egonen dira 5 hilobi hutsik. Artikulu hau betetzeko, eta ordenantza honen lehen xedapen gehigarriari dagokionez, Udalak sei hilabeteko epean, hobi bat esleiturik izanik ehortziak izateko eskubidea galdu duten lagunei aditzera emanen die epe horretan hustu beharreko hobian dauden gorpuzkiak atera ditzaten; bertze hilerri batera eramaten ahalko dituzte edo hilerri honetako hezurtegira. Ez badute gorpuzkirik eramaten, Udalak eginen du lan hori, eta orduan gorpuzkiak hezurtegira eramanen dira.

5. artikulua. Agoitzen erroldaturik egon eta udalerrian egiazki 9 hilabetez bizi direnek baizik ez dute eskubidea Agoizko udal hilerrian ehortziak izateko, baita udalerriko seme-alabek ere, bertan bizi ez badira ere.

6. artikulua. Udal hilerrian ehortziko dira Agoizko udal mugapean hiltzen diren lagunak, haien hilotza erreklamatzen ez bada.

7. artikulua. Udal hilerrian ehortziko dira ordenantza hau onestean 1. xedapen iragankorra betetzen duten hilotzak, aitzineko bi artikuluetako baldintzak bete gabe ere.

8. artikulua. Hobi baten titularraren ahaide edo hurbilekoen gorpuzkiak ehorzten ahalko dira, betiere haien baimena izanez gero. Halakoetan gomendio egiten da zenduen hilotzak errausteko udal hilerri honetara ekarri aitzin.

9. artikulua. Hilerrian lurra emanen zaie ehorztera ekartzen diren hilotz guztiei, betiere legezko tramite guztiak bete badira, eta 5, 6, 7 eta 8. artikuluetan aipatzen diren baldintzak bete badira. Horrez landa, ordenantza honen I. eranskinean aipatzen diren tasak ordaindu beharko dira.

Hilerriaren erabilera

10. artikulua. Hilerria Udalak erabakitzen dituen orduetan egonen da zabalik, urtaro bakoitzaren ezaugarrien arabera.

11. artikulua. Hilotzak hilerrian berean lekuz aldatzeko atera daitezke hobitik, baita bertze hilerri batera eramateko ere. Nolanahi ere, osasunari buruz indarra duten xedapenetan ezarritakoari jarraikiz atera behar dira, osasunaren aldetik behar diren neurri guztiak hartuta.

Eskatzaileak hilotza ateratzeko lanak bere kontura eginen ditu. Alkatetzari jakinaraziko dio aurretik, hark lanak ikuskatu beharko baititu.

12. artikulua. Beste hilerri batetik ekartzen diren hilotzak ehorzteko ez da lur berria okupatuko. Gutxienez ere hamar urteko antzinatasuna duen hilobian ezarriko dira edo, bestela, hezurtegira eramanen dira.

13. artikulua. Hiltzeko arrazoiak osasun arriskurik sortu ez badu, baltsamatu gabeko hilotzak baldintza hauetan atera daitezke:

a) Lurpean ehortzitako hilotzak lurperatu zirenetik gutienez ere hamar urte iraganda atera daitezke, arrunt hezurturik baldin badaude.

b) Hilobi mota guztietan. Ehorzketa zinkezko hilkutxan egin baldin bada, noiznahi ateratzen eta lekualdatzen ahal da, betiere hilkutxa kontserbazio egoera ezin hobean badago.

Horiek baino epe laburragoetan ez da hilotzik ateratzeko baimenik emanen, epaile baten aginduz ez bada.

Ekainetik irailera bitarte, biak barne, ez da hilotzik batere aterako, epaile batek manatu ezean.

14. artikulua. Hilotz baltsamatuak atera eta lekuz aldatzeko baimena noiznahi eman daiteke, baina zerraldoaren kanpoko kutxa berria ezarri beharko da, ongi kontserbaturik ez badago.

15. artikulua. Bai hilotz bat ateratzen denean lekuz aldatzeko bai berriz ere ehorzten denean, horren oharra jasoko da behar diren liburuetan.

16. artikulua. Hilotza ateratzeko baimena idatziz eskatu beharko diote interesdunek Udalari; honek hura egiteko eguna eta ordua finkatuko ditu.

17. artikulua. Hilerriko lurra ehorzketak egiteko baizik ez da erabiliko.

18. artikulua. Hobien kokaera, lurrerauzketaren gastuak eta hobiak ireki nahiz ixteko kostuak Udalaren kontura izanen dira.

19. artikulua. Ehorzteko erraustu diren hilotzen errautsak zeramikazko kutxatila edo ontzietan egon beharko dira.

20. artikulua. Kontzesioak eta aprobetxamendua honako hauengatik ere iraungi daitezke:

a) Hilerria desagertzeagatik.

b) Interes publikoagatik.

c) Ehorzketa gehiago egiteko, hobiak behar direnean.

Apaindura eta garbitasuna

21. artikulua. Hilobiak segur, xahu eta apain atxikitzea titularren betebeharra da.

22. artikulua. Hobi edo hilobiek lurrez estalirik egon behar dute, eta debeku dira mota guztietako lauzak eta fabrikako obrak, baita itxiturak eta arbolak edo zuhaixken landaketak ere, are belarra ere.

23. artikulua. Hobi edo hilobiaren buruan oroitarri edo gurutze bat paratzen ahalko da, gehienez ere 120 cm garai, 80 cm zabal eta 10 cm lodi izanen dena.

Ez da inola ere baimenik emanen hilarririk, lauzarik, panteoirik edo neurri handiagoko hilobi-monumenturik edo aipatu ez bezalako ezaugarririk duenik; orobat, hilobien inguruan ez da zerrakurarik edo itxiturarik paratzen ahalko, ezta heskairik edo arbolazko bertzelako elementurik ere.

Hilartitzak, oroigarriak, ikurrak eta sinboloak edozein hizkuntzatan paratzen ahalko dira, eta hilerriaren izaera errespetatu beharko dute.

Lurreko hilobiak, gutienez ere, 230 cm luze eta 80 cm zabal izanen dira, eta hobien artean 50 cm.-ko tartea utziko da.

Lurrean ehorzteko erabiltzeko kontzesioak 10 urterako emanen dira, eta behin luzatzen ahalko dira, bertze 10 urtez, baina kasu honetan horma-hilobi edo errauts-kutxategian.

24. artikulua. 23. artikuluan aipatu hilobiko sinbolo eta apaingarriak hauetariko materialen batean eginen dira: harria, marmol zuria, marmol beltza, marmol urdina eta granitoa (quintana).

25. artikulua. Udalak, horretarako, komenigarri iruditzen zaizkion ikuskapenak egiten ahalko ditu; hobia baldintza desegokietan egonez gero, haren erabiltzaileei jakinaraziko die, 10 egun naturaleko epean tokia txukun dezaten.

26. artikulua. Konplitzen ez badu Udalak titularra zehatuko du; behar diren garbiketa lanak egin ditzake titularraren bizkar.

Tasak hilerrian zerbitzu egiteagatik

27. artikulua. Zergapeko egintza ondoko zerbitzuak egitea da:

a) Ehorzketak.

b) Hobitik ateratzea.

c) Hilerriko bertze lan batzuk.

28. artikulua. Ordenantza honetan araututako zerbitzuren bat eskatzen dutenak dira tasa hauen subjektu pasiboak, pertsona fisiko, juridiko edo, nortasun juridikorik gabe, batasun ekonomikoa edo ondare bereizia eratzen duten entitateak izan.

29. artikulua. Zerga-oinarria ordenantza honen tarifen eranskinean agertzen da. Tributu-kuota eta zerga-oinarria berdinak dira.

30. artikulua. Ematen ahalko dira hobi berean bi hilotz edo gorpuzki nahiz gehiago batera lurperatzeko lizentziak, baldin eta ehorzketa lekuak behar bezain zehazturik badaude. Tasak kobratzean, bi ehorzketa edo gehiago balira bezala kontatuko dira.

31. artikulua. Hilerri honetako hilobi batetik gorpuzkiak atera eta beste batean ehortziz gero, hilotza ateratzeagatik eta ehorzteagatik ordaindu beharko dira tasak. Gorpuzkiak beste hilerri batetik ekarriz gero, ehorzketari dagokion tasa ordainduko da bakarrik.

32. artikulua. Hilotz bat ehorztean edo hobitik ateratzean hilarriak kentzea (eta gero paratzea) beharrezkoa bada, subjektu pasiboak horren ardura hartu beharko du, edo bertzenaz Udalari zerbitzu horrek dakarkion kostua ordaindu.

Disko-formako hilarriak kentzean (eta gero paratzean) objektu horietan edo bertze hilobi batzuetan zerbait hondatzen bada, subjektu pasiboak bere gain hartu beharko du konponketa, edo Udalari konponketak dakarkion kostua ordaindu.

33. artikulua. Ordenantza honetan aurreikusten diren zerbitzuen tasak autolikidazio bidez ordainduko dira, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legearen 108. artikuluan xedatuarekin bat.

34. artikulua. Tasa horiek Agoizko Udalak eguneratzen ahalko ditu osoko bilkuran bilduta; bertzenaz, urtero igotzen direla ulertuko da, Estatistikako Institutu Nazionalak Nafarroarako ezarritako Kontsumoaren Prezio Indizearen arabera.

35. artikulua. Ordenantza honek aurreikusten ez duen orotan, alor honetan indarra duen legeriari eta bereziki hilotzen gaineko osasun arauen gainekoari jarraituko zaio.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenbizikoa.–Egun ehortzirik daudenak errespetatuko dira, harik eta Udalak ordenantzaren 4. artikulua betetzeko beharra ikusten duen arte. Artikulu hori bete behar den aldiro, lehentasuna emanen zaio hobiak libratzeari, erregela honen arabera:

a) Lurperaturik 10 urte baino gehiago dutenak, beren familiek udal katastroan jabetzarik ez badute. Horien artean, lehentasuna izanen dute ehortzirik denbora gehien dutenek.

b) Udal katastroaren arabera jabetzak izanik, hobia erabili gabe denbora gehien dutenak, izanik azken ehortziak egoera horretan dauden guztien arteko antzinatasunik handiena.

Bigarrena.–Urtebeteko epean ordenantza hau onesten denetik, ordenantza honen aitzinetik egindako esleipenetako egoerak erregulatzeko interesa duten guztiek esleipena eskatu beharko dute, Udal honek erregistro bat sor dezan emandako esleipenekin.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe gelditzen dira ordenantza honi kontra egiten dioten udal arau eta ordenantza guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra.–Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko, bere testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

I. ERANSKINA

Tasak

Lurrean eta panteoian ehorzteko eta hobitik ateratzeko tasak: 175,00 euro.

Errautsak ehorzteko tasa (panteoia, lurra, errauts-kutxategia): 75,00 euro.

Errauts-kutxategia 15 urtez alokatzeko tasa: 300,00 euro.

Iragarkiaren kodea: L1400428