23. ALDIZKARIA - 2014ko otsailaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

24/2014 EBAZPENA, urtarrilaren 23koa, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko zuzendariak emana, Nafarroako Foru Komunitateko ehizarako lehenbiziko lizentzia administratiboa lortzeko beharrezko gaitasun probak egiteko 2014ko deialdiak onesten dituena.

Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legearen 13.1 artikuluan ezarrita dago Nafarroako Foru Komunitatean ehiza-lizentzia lehen aldiz eskuratu ahal izateko, aurretik gaitasun probak eta ehizarekin lotutako gaiei buruzko azterketak gainditu beharko direla.

Gaitasun proba horien baldintzak eta edukia ekainaren 11ko 48/2007 Foru Dekretuaren 5. artikuluan garatu ziren, dekretu horren bidez onetsi baitzen Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legea garatu eta betearazteko Erregelamendua. Baldintza horien artean, homologatutako prestakuntza ikastaro bat egiteko beharra aipatzen da eta ezartzen da gaitasun probetan nahitaez honako gai hauei buruzko ezagutza izatea: ehizari buruzko alderdi legalak, basa faunari buruzko ezagutza, ehiza eta segurtasun metodoak, eta ehizarako arteak eta baliabideak eta haien erabilera.

Xedapen horiek betearazteko, bidezko da deialdiak eta baldintzak finkatzea, ehizan lehenbizikoz aritu nahi dutenek aukera izan dezaten egiaztatzeko ehizarako lehenbiziko lizentzia administratiboa lortu aurretiko beharrezko ezagutzak badituztela.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 35.3 artikuluan ezarritakoaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak ikusirik,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitateko ehizarako lehenbiziko lizentzia administratiboa lortzeko beharrezko gaitasun probak egiteko 2014ko deialdiak onestea.

2. Deialdi horiek arautuko dituzten oinarriak, ebazpen honen eranskinean ageri direnak, onestea.

3. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Foru Komunitateko egunkarietan argitaratzea.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute interesdunek hilabeteko epean, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua.

Administrazio Publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien jurisdikzioan, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egiteko aukera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

Iruñean, 2014ko urtarrilaren 23an.–Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

ERANSKINA

2014ko deialdien oinarriak, Nafarroako Foru Komunitateko ehizarako lehenbiziko lizentzia administratiboa lortzeko beharrezko gaitasun probak egiteko

1. Xedea.

Deialdi hauen xedea da prestakuntza ikastaroa eta azterketa egitea, ehiza gaietako gaitasun ziurtagiria lortzeko. Ziurtagiri hori Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak luzatzen du, eta beharrezkoa da Nafarroako Foru Komunitateko ehizarako lehenbiziko lizentzia administratiboa lortzeko.

Izangai bakoitzak bi deialdi izanen ditu ehiza gaietako gaitasun azterketa gainditzeko. Azterketara aurkezteko nahitaezkoa da prestakuntza ikastaroa egitea.

2. Inskripzioa.

2.1. Prestakuntza ikastaroan parte hartzeko eta azterketa egiteko –lehenbiziko edo bigarren deialdian– izena emateko epe bakarra izanen da, eta 2014ko martxoaren 7an bukatuko da.

2.2. Izena emateko, honako agiri hauek aurkeztuko dira.

Izena emateko epearen barnean, honako agiri hauek aurkeztuko dira Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Erregistroan (González Tablas kalea, 9; 31005, Iruña):

a) Prestakuntza ikastaroan eta azterketan parte hartzeko izena emateko eskabide bakarra, eranskinean ageri den ereduaren arabera.

Lehen deialdian izena eman eta azterketara aurkezten ez direnek eta lehen deialdiko azterketa gainditzen ez dutenek nahikoa izanen dute prestakuntza ikastaroko bertaratze ziurtagiria aurkeztea bigarren deialdian parte hartzeko.

b) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia.

c) Azterketa egiteko 12 euroko tasa ordaindu dela ziurtatzen duen ordainketa gutuna, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren Erakunde Autonomoen tasa eta prezio publikoei buruzko martxoaren 27ko 7/2001 Foru Legean ezarritakoa. Ikastarora edo azterketara ez joateak ez du tasa itzultzeko eskubiderik sortuko.

Izena emateko eskabidea eta ordainketa gutuna, interesdunak eskatuta, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Ehiza eta Arrantza Atalean eskuratzen ahalko dira (González Tablas kalea, 9; 31005, Iruña). Internet bidez ere eskuratzen ahal dira Nafarroako Gobernuaren web orrian.

3. Onartuen zerrenda.

2014ko martxoaren 24tik aurrera, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak onartutako izangaien zerrenda argitaratuko du, prestakuntza ikastaroa egiteko tokia, data eta ordua izangai bakoitzeko zehaztuta, bai eta azterketa lehenbiziko deialdian egiteko tokia, data eta ordua ere.

2014ko maiatzaren 21etik aurrera, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak bigarren deialdiko azterketa egiteko onartutako izangaien zerrenda argitaratuko du, hori egiteko tokia, data eta ordua izangai bakoitzeko zehaztuta.

Zerrenda horiek Nafarroako Gobernuko Iragarki Oholean (Karlos III.aren etorbidea, 2; 31002, Iruña) eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Erregistroan (González Tablas kalea, 9, Iruña) argitaratuko dira. Internet bidez ere kontsultatzen ahal dira Nafarroako Gobernuaren web orrian.

4. Prestakuntza ikastaroa.

“Nafarroako ehiztarien azterketa prestatzeko eskuliburua (2013an eguneratua)”ren edukiak lantzea du xede ikastaroak, baita izangaiei eskuliburua ulertzen laguntzea ere, ezagutza handitu eta azterketa gainditu dezaten.

Gaitasun probak gainditu nahi dituzten izangai guztiek nahitaez egin beharko dute ehizari buruzko prestakuntza ikastaroa, bost orduko iraupena duena. Horretarako NANa, papera eta bolaluma aldean dituztela agertu beharko dute. Onartuen zerrendan zehaztuko da izangai bakoitzak zein egunetan eta ordutan agertu behar duen.

2008ko, 2009ko, 2010eko, 2011ko, 2012ko edo 2013ko prestakuntza ikastaroan parte hartu izanaren ziurtagiria duten izangaiek ezin izanen dute prestakuntza ikastaroa berriz egin.

Zein toki, egun eta ordutan emanen den prestakuntza ikastaroa:

–Tokia: Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Ekitaldi Aretoa (González Tablas kalea, 9; 31005, Iruña).

–Egunak eta orduak:

  • 2014ko apirilaren 4a (ostirala): 16:00etatik 21:00etara.
  • 2014ko apirilaren 5a (larunbata): 09:00etatik 14:00etara.
  • 2014ko apirilaren 11 (ostirala): 16:00etatik 21:00etara.
  • 2014ko apirilaren 12a (larunbata): 09:00etatik 14:00etara.

Izangai bakoitza saio bakar batera agertuko da. Ikastaroan parte hartzeko, izena emateko eskabidea bete beharko da, eranskinean ageri den ereduaren arabera. Eskabide horrek ehiztari azterketan parte hartzeko ere balio du.

Bertaratutako ikasleek ikastaroaren bertaratze ziurtagiria jasoko dute, azterketara aurkezteko aurretiko betebeharra dena.

5. Azterketa.

5.1. Azterketaren edukia.

Azterketak test moduko 30 galdera teoriko izanen ditu, epaimahaiak 500 galderako multzo batetik aldez aurretik aukeratuak.

Gaitasun ziurtagiria lortzeko azterketa honako erreferentzia bibliografiko hau duen eskuliburu eta galderak-koadernoaren edukian oinarrituko da: “Nafarroako ehiztarien azterketa prestatzeko eskuliburua (2013an eguneratua)”, euskarri digitalean soilik argitaratuko dena.

Inprimakia Nafarroako Gobernuaren web orrian (www.navarra.es) eskuratzen ahal da.

5.2. Balorazioa.

Erantzun zuzeneko galdera bakoitza puntu batekin baloratuko da. Erantzuna zuzena ez bada, ez da punturik emanen.

Proba hau gainditzeko, izangaiek 23 puntu edo gehiago erdietsi beharko dute.

5.3. Azterketen egunak:

–Lehendabiziko deialdia: 2014ko maiatzaren 10ean eta/edo 11n.

Lehenbiziko deialdiko onartuen zerrendan zehaztuko da izangai bakoitzak zein tokitan, egunetan eta ordutan agertu behar duen.

–Bigarren deialdia: 2014ko ekainaren 7an eta/edo 8an.

Bigarren deialdiko onartuen zerrendan zehaztuko da izangai bakoitzak zein tokitan, egunetan eta ordutan agertu behar duen.

Izangaiek NANa eta bolaluma aldean dituztela beharko dute agertu. Prestakuntza ikastaroaren bertaratze ziurtagiria eskuratzen duten izangaiek bakarrik egiten ahal dute azterketa.

6. Emaitzak jendaurrean jartzea.

Kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak izangaiek lortutako emaitzen zerrenda jarriko du Nafarroako Gobernuko iragarki oholean (Karlos III.aren etorbidea, 2; Iruña) eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Erregistroan (González Tablas kalea, 9; 31005, Iruña). Internet bidez ere kontsultatzen ahal da Nafarroako Gobernuaren web orrian.

7. Epaimahaia.

7.1. Kalifikazio epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

Lehendakaria: Ana Palacios Arellano andrea, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Ehiza eta Arrantza Ataleko burua.

–Ordezkoa: José Ardaiz Ganuza jauna, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Arrantza Kudeatu eta Animaliak Babesteko Bulegoko burua.

Lehen mahaikidea: Enrique Castién Arriazu jauna, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Ehiza Kudeatzeko Bulegoko burua.

–Ordezkoa: Julia Palacios Ferrer andrea, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Ehiza eta Arrantza Ataleko teknikaria.

Bigarren mahaikidea: María Carmen Galbarra Cobos andrea, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Ehiza eta Arrantzaren Laguntzako Bulegoko burua.

–Ordezkoa: Rosa Hernández Baigorri andrea, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Ehiza eta Arrantza Ataleko administraria.

Idazkaria: Félix Armendáriz Martínez jauna, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Ingurumenaren eta Uraren Araubide Juridikoaren Ataleko burua.

–Ordezkoa: Luis Angel García Nicolás jauna, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Ingurumenaren eta Uraren Araubide Juridikoaren Ataleko administrazio publikoko teknikaria (arlo juridikoa).

7.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, bere kideen gehiengoa bertan ez bada.

7.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

Eskabidea

(Letra larriz idatzi eta datu guztiak osorik bete)

................................................................................................... jauna, .................................. NAN zenbakia duena, karrika: ............................................................................, zenbakia: ....., solairua: ........, posta kodea: ......................, herria: ................telefonoa: .................

Azaltzen du Nafarroako Foru Komunitateko ehizarako lehenbiziko lizentzia administratiboa lortzeko beharrezko gaitasun probak egiteko 2014ko deialdiko oinarriak oso-osorik onartzen dituela.

Horregatik, eta aipatu deialdian eskatutako agiriak erantsita (NANaren fotokopia eta azterketako tasaren ordainketa gutuna),

Prestakuntza ikastaroa (ikus oin-oharra) eta gaitasun azterketa egiteko onartua izatea eskatzen du, ehizarako lehenbiziko lizentzia izateko beharrezkoa den gaitasun ziurtagiria lortzeko.

Iruñean, 2014ko ................ (a)ren .... (e)an
(Eskatzailearen sinadura)

Argibideak eskatzailearentzat: onartutakoen zerrendetan adieraziko dira izangai bakoitzak zein egun eta ordutan agertu behar duen prestakuntza ikastaroan eta zein toki, egun eta ordu esleitu zaion izangai bakoitzari lehen deialdiko azterketa eta bigarren deialdikoa egiteko. Zerrenda horiek deialdiaren oinarrien arabera argitaratuko dira. Azterketa egiteko nahitaezkoa da prestakuntza ikastaroa egitea. Prestakuntza ikastaroaren bertaratze ziurtagiria eskuratzen duten izangaiek bakarrik egiten ahal dute azterketa.

Oharrak:

(1) Bertaratze ziurtagiria 2008., 2009., 2010., 2011, 2012. edo 2013. urteetan lortu duten izangaiak ez dira prestakuntza ikastaroan inskribatuko, deialdiaren oinarrietan adierazitakoari jarraikiz, eta gaitasun azterketan baino ez dira inskribatuko.

(2) Ikastarora edo azterketara ez joateak ez du tasa itzultzeko eskubiderik sortuko.

BIODIBERTSITATEA ZAINTZEKO ZERBITZUKO ZUZENDARIA.

Iragarkiaren kodea: F1401130