23. ALDIZKARIA - 2014ko otsailaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

2/2014 FORU AGINDUA, urtarrilaren 9koa, Gizarte Politiketako kontseilariak emana, adinekoen arloko gizarte ekimeneko entitateei diru-laguntzak emateko 2014ko deialdia onesten duena, autonomia sustatu eta mendekotasunari aurrea hartzeko programak garatu ditzaten.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen 2. artikuluan ezartzen denez, botere publikoen jarduketek, gizarte zerbitzuen arloan, funtsezko helburu hauek izanen dituzte, besteak beste: pertsona guztien bizi kalitatea hobetu eta haien normalizazioa, parte-hartzea eta integrazioa sustatzea gizartean, politikan, ekonomian, lanean, kulturan eta hezkuntzan; autonomia pertsonala, familiarra eta taldeena sustatzea; kohesio soziala eta elkartasuna sustatzea; pertsonen eta taldeen bazterketa egoerei aurrea hartu eta haietaz arduratzea; eta mendekotasunak eta oinarrizko baliabide ezak eragindako premiei erantzutea. Xedatzen ere du gizarte zerbitzuen sistema publikoaren prestazioak ezarriko dituen tresna Gizarte Zerbitzuen Zorroa izanen dela.

Ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuaren bidez, Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onetsi zen. II. eranskinean (Bermatu gabeko prestazioak), “Adinekoentzako arreta” izeneko atalaren 17. puntuan, hirugarren adinekoentzako gizarte ekimeneko entitateentzako diru-laguntzak ezartzen dira. Hirugarren adinekoen autonomia pertsonala sustatu eta mendekotasunari aurrea hartzeko programak gauza daitezen bultzatzea dute xede, baita programa horiek garatzen dituzten entitateak elkarteetan biltzea ere.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak haiei aplikatu beharreko araubide juridiko orokorra ezartzen du, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen direnean onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko. Arau horren 17. artikuluan norgehiagokako araubidea ezartzen da. Bertan agertzen den definizioaren arabera, araubide horretan diru-laguntzak ematen dira aurkezten diren eskaerak konparatuz, eta horrela, oinarri arautzaileetan eta deialdian aurretik ezarritako balorazio-irizpide batzuen arabera, lehentasun zerrenda ordenatu bat ezartzen da. Salbuespenez, oinarri arautzaileetan hala aurreikusiz gero, diru-laguntzetarako onartutako gehieneko zenbateko osoa diru-laguntzaren onuradunen artean hainbanatzea proposatzen ahalko da.

Uztailaren 25eko 74/2012 Foru Dekretuaren bidez, Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziaren estatutuak onetsi ziren eta erakunde horri eman zitzaizkion deialdi honen xedeko arloari buruzko eginkizunak.

Espedienteari erantsitako txosten tekniko eta juridikoak ikusita, argi dago deialdi hau onestea egokia eta onura publikokoa dela, eta deialdia nahiz oinarri arautzaileak legezkoak direla.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Gizarte Politiketako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 25eko 73/2012 Foru Dekretuak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Adinekoen arloko gizarte ekimeneko entitateei diru-laguntzak emateko 2014ko deialdiaren oinarriak onestea, autonomia sustatu eta mendekotasunari aurrea hartzeko programak garatzeko. Oinarri horiek I. eranskinean jaso dira.

2. 205.839,00 euroko gastua egiteko baimena ematea, 2014ko gastuen aurrekontuko “PFEZaren %0,7ko Funtsa. Adinekoen elkarteak. Programetarako diru-laguntzak” izeneko 920005-91820-4819-231B36 kontu-sailaren kargura, betiere kreditua baldin badago.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Foru agindu hau igortzea Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziako Programen eta Diru-laguntzen Kudeaketaren Atalari, Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Ataleko Kontabilitate Zentroari eta Idazkaritza Tekniko Nagusiko Gizarte Politikako Araubide Juridiko-administratiboaren Ataleko Administrazio Aferetarako Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2014ko urtarrilaren 9an.–Gizarte Politiketako kontseilaria, Iñigo Alli Martínez.

I. ERANSKINA

Adinekoen arloko gizarte ekimeneko entitateei diru-laguntzak emateko deialdiaren oinarriak, 2014. urtean autonomia sustatu
eta mendekotasunari aurrea hartzeko programak garatzeko

1. Xedea eta modalitateak.

1.1. Xedea.

Deialdi honen xedea da 2014. urtean autonomia pertsonala sustatzera eta mendekotasunari aurrea hartzera bideratutako programak garatzeko diru-laguntzen araubidea ezartzea. Irabazi asmorik ez duten eta Nafarroan kokaturik dauden adinekoen arloko gizarte ekimeneko entitateek gauzatu beharko dituzte programa horiek.

Diru-laguntza horien bidez, entitate horien proiektuak bultzatu nahi dira, adinekoen eta zahartzaro aktiboaren behar berariazkoei erantzunen dieten ekintzak sustatzeko, baita pertsona horien bizitza independentea sustatzekoak eta mendekotasunari aurrea hartzekoak ere.

1.2. Modalitateak.

a) Diru-laguntzak adinekoen klub eta elkarteen jardueretarako.

Batez ere adinekoek osatu eta zuzendutako erakundeak dira adinekoen klub eta elkarteak. Elkarte hauek gizarte zerbitzuen esparruan egiten dituzten programa eta jarduerak adinekoen zahartze aktiboa, autonomia pertsonala eta mendekotasunaren prebentzioa bultzatzera bideratuta daude. Programak jarduketa-eremu hauetan kokatzen dira: prestakuntza arloa, bizitza aktiboaren arloa (mantentze fisikoa eta kognitiboa, aisia eta astialdia) eta bizitza produktiboaren arloa (belaunaldien arteko parte-hartzea, jarduera sozialak eta jarduera ludiko-okupazionalak).

Deialdi honen ondorioetarako, honako hauek baizik ez dira entitateetako bazkide gisa hartuko: 65 urtetik gorako pertsonak, aldez aurreko erretiro-saria duten pentsiodunak, baliaezintasunaren ondoriozko pentsiodunak eta haien ezkontide edo izatezko bikotekideak, betiere azken horiek lanean ez badaude.

b) Diru-laguntzak adinekoen arloko “Bestelako entitateentzat”.

“Bestelako entitateak” dira batez ere adinekoentzat zuzendutako berariazko programak gauzatzen dituzten erakundeak, baina ez nahitaez adinekoez soilik eratuta daudenak.

Entitate horiek diru-laguntzaren xedeko programa bakar bat aurkezten ahalko dute.

Aurkezten den programa adinekoen autonomia pertsonala sustatzera eta mendekotasunari aurrea hartzera bideratuko da gizarte zerbitzuen esparruan, eta honako tipologia hauetan kokatuko dira:

–Adinekoei banakako arreta ematea.

–Familiari bana-banako arreta ematea.

–Komunitatean integratzea eta komunitatearentzako arreta.

–Autogestioa eta bizitza independentearen sustapena.

–Josteta eta lanaren bidezko jarduerak.

–Aisia eta astialdia.

–Adinekoei egokitutako kirolaren sustapena.

Adinekoen egoitzak ezin dira deialdi honetara aurkeztu, ez modalitate batean, ez bestean.

2. Aurrekontu erabilgarria.

Deialdi honetara 205.839,00 euro bideratu dira, 2014ko gastuen aurrekontuko “PFEZaren %0,7ko Funtsa. Adinekoen elkarteak. Programetarako diru-laguntzak” izeneko 920005-91820-4819-231B36 kontu-sailaren kargura, betiere kreditua baldin badago.

3. Baldintzak.

Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzak jaso ahal izateko, entitateek betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Behar bezala eratutako pertsona juridikoa izatea eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren menpeko Elkarteen Erregistroan eta, hala badagokio, Gizarte Politiketako Departamentuaren menpeko Gizarte Zerbitzuen Erregistroan inskribatua izatea.

b) Helbide soziala Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean edukitzea. Hori erregistroko inskripzioaren bidez frogatuko da.

c) Irabazi-asmorik ez izatea.

d) Estatutuen arabera, erakundearen xedea izatea adinekoen arloko jarduerak prestatzea, talde horri eta ez beste inori zuzenduak.

e) Funts berekietatik eta/edo beste diru-laguntza publiko edo pribatu batzuetatik heldu den finantzaketa izatea.

f) Zergei buruzko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik izatea, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekiko eta haren erakunde autonomoekiko zorrak kitatuak izatea, edo, bestela, entitate horiekin ordainketa geroratu edo zatikatzeko itun bat lortu dela frogatzea.

g) Diru-laguntzen onuraduna izateko Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ezarritako gainerako debekuetako batean ez egotea.

Aipatutako betebehar horiek guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean eta diru-laguntza jasotzen duen jarduerak irauten duen bitartean bete beharko dira.

4. Eskaerak aurkeztea.

4.1. Eskaerak non eta noiz aurkeztu.

Entitate interesdunek eskaera bat aurkeztu beharko dute, horretarako prestatu den eskabide ereduaren arabera.

Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 30 egun naturaleko epean aurkeztu beharko da eskaera.

Eskaerak Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziaren Erregistroan (González Tablas, 7, 31005 Iruña) aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluko 4. idatz-zatian ezarritako tokietan.

Postetxeetan aurkezten diren eskaerak gutun-azal irekietan sartuko dira, lehenbiziko orrialdeko goiko aldean onartu zeneko eguna eta araudian ezarritako gainerako zehaztapenak adieraz daitezen.

Diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

4.2. Entitate eskatzaileak aurkeztu beharreko dokumentazio orokorra, aurkezten den modalitatea edozein delarik.

a) Elkartearen edo entitatearen estatutuak.

b) Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren menpeko Elkarteen Erregistroan eta, hala badagokio, Gizarte Zerbitzuen Erregistroan inskribatua dagoela egiaztatzeko agiria.

c) Diru-laguntzaren eskaera sinatzen duen pertsonaren ordezkaritza frogatzen duen agiria eta pertsona horren nortasun agiri nazionala.

d) Entitatearen identifikazio fiskaleko txartela.

e) Ordainketa transferentzia bidez jasotzeko eskaera.

f) Erantzukizuneko aitorpena, entitatearen ordezkariak egina, adierazten duena entitateak, administratzaileek eta ordezkariek diru-laguntzen onuradun izateko debekurik urratzen ez dutela. Debeku horiek Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ageri dira.

g) Hala behar izanez gero, eta oinarri arautzaile hauen 12.1.a) atalean xedatutakoari dagokionez, diru-laguntzaren helburuak betetzeko diru-funtsak aurretiaz behar direla justifikatzeko txostena.

h) Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak luzatutako ziurtagiria, eskaera aurkeztu aurreko hiru hilabeteko epean egindakoa, frogatzen duena indarra duten xedapenek Gizarte Segurantzaren aurrean ezartzen dizkioten eginbeharrak eguneraturik dituela.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13.8 artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 9.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ez dago a), b), c), d), e) eta h) letretan eskatzen diren agiriak aurkeztu beharrik, baldin eta horien ziurtagiria Foru Komunitateko Administrazioko organoek eman behar badute edo Administrazioak dagoeneko dauzkan datuak badira. Kasu horietan, agirietan aldaketarik izan ez bada, berriz aurkeztu beharrean, entitatearen ordezkariaren aitorpen bat aurkez daiteke, inguruabar hori adieraziz.

4.3. Programari buruz aurkeztu beharreko berariazko dokumentazioa, lehiatzen den modalitatea edozein delarik.

a) Entitatearen memoria teknikoa, eskaeraren aurreko urtean eginiko jarduera eta/edo programak laburki azaltzen dituena.

b) Entitateak eskaeraren aurreko urtean izandako diru-sarreren eta gastuen balantzea.

c) Entitatearen proiektua, eskaeraren urtean garatu asmo dituen jarduera eta/edo programak laburki azaltzen dituena eta kostu ekonomikoa zehazten duena.

d) Entitateak unean uneko urterako duen diru-sarrera eta gastuen aurrekontu orokorra.

e) Aurreko urteko abenduaren 31n entitateak dituen bazkideen zerrenda izenduna.

Ez da beharrezkoa izanen a), b) eta e) ataletan aurreikusitako agiriak aurkeztea, baldin eta administrazioaren esku badaude. Kasu horretan, dokumentazioa aurkeztu ordez, aski izanen da entitateko ordezkariak aitorpen bat luzatzea, egoera hori eta dokumentazioa noiz aurkeztu zen azaltzeko.

4.4. Eskaerako akatsak zuzentzea.

Eskabidearekin batera aginduzko agiriak aurkeztu ezean, instrukzio organoak entitate eskatzaileari eskatuko dio gehienez ere 10 egun balioduneko epean akatsak zuzen ditzala, eta adieraziko dio horrela egin ezean haren eskaera ezetsitzat joko dela. Kasu horretan espedientea artxibatzeko aginduko da eta dagokionari jakinaraziko zaio, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 42. artikuluan ezarri bezala.

5. Antolaketa, instrukzioa eta ebazpena.

Deialdi honetan aurreikusitakoaren ondorioetarako, diru-laguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko eginkizunak Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziako Programen eta Diru-laguntzen Kudeaketaren Atalari esleitzen zaizkio. Oinarri arautzaile hauetan “instrukzio organoa” aipatzen delarik, atal horretaz ari da.

Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak izanen du laguntzak emateko prozedura ebazteko eskumena.

6. Laguntzak emateko prozedura.

Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubidearen bidez tramitatuko da, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan xedaturikoarekin bat.

7. Diru-laguntza jaso dezaketen kontzeptuak, onartzen diren aurrekontu handienak eta diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa.

7.1. Diru-laguntza jaso dezaketen kontzeptuak.

Entitateek aurkezten dituzten programa guztietako langileen eta jardueren berariazko gastuak sartzen ahalko dira aurrekontuan. Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 28.1 artikuluan ezarritakoari jarraikiz, diru-laguntza jaso dezaketen gastuek ez dute merkatuko balioa gaindituko.

Ezin izanen dira aurkeztu adinekoen elkarteentzako elkartegintza sustatzeko diru-laguntzen deialdiaren bidez diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

Entitate bakoitzari onartuko zaion aurrekontua ezin da izan aurreko urtean PANAk onartu zion aurrekontua baino %3 handiagoa. Aurreko urtean deialdira aurkeztu ez ziren entitateei ez zaie muga hori aplikatuko.

7.2. “Adinekoen klub eta elkarteen jarduerentzako diru-laguntzak” modalitaterako onartzen diren aurrekontu handienak.

“Adinekoen klub eta elkarteen jarduerentzako diru-laguntzak” modalitaterako, eta bizitza aktiboaren esparruko jarduerei dagokienez, hauek dira onartuko diren aurrekontu handienak:

a) Egun bateko txangoak: gehienez ere 500 euroko aurrekontua, egun bakarreko txangoa egiteko kontratatzen den autobus bakoitzeko. Gehienez ere 6 txango onartuko zaizkio entitate bakoitzari.

b) 2 egunetik 4 egun bitarteko bidaiak: gehienez ere 150 euroko aurrekontua erabiltzaile bakoitzeko. Atal honi dagokionez, bidaia bakar bat onartuko zaio entitate bakoitzari.

c) 5 eguneko bidaiak: gehienez ere 200 euroko aurrekontua erabiltzaile bakoitzeko. Atal honi dagokionez, bidaia bakar bat onartuko zaio entitate bakoitzari.

Txango edo/eta bidaiako erabiltzaileen kopurua ez da inoiz entitateko bazkideen kopurua baino handiagoa izanen.

Atzerrira joateko eta 5 egunetik gorako bidaiek ez dute diru-laguntzarik izanen.

Bizitza produktiboaren arloko jarduerei dagokienez:

a) Ospakizunen atalean onartzen den aurrekonturik handiena 10 eurokoa izanen da erabiltzaile bakoitzeko, entitateko bazkideen %70entzat gehienez ere.

b) Boluntariotzako jardueretarako, garraio eta telefono gastuak onartuko dira, betiere gizarte boluntariotzaren deialdian diru-laguntzarik eskatu ez bada.

7.3. Diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa.

a) Diru-laguntzak adinekoen klub eta elkarteen jardueretarako.

Diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa aurkeztutako programaren aurrekontuaren %70 izanen da.

b) Diru-laguntzak adinekoen arloko “Bestelako entitateentzat”.

Diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa aurkeztutako programaren aurrekontuaren %80 izanen da.

8. Balorazio irizpideak.

8.1. Adinekoen klub eta elkarteak.

Aurkeztutako jardueren programa gehienez ere 100 punturekin baloratuko da, eta kanpoan geldituko dira gutxienez ere 40 puntu lortzen ez dituzten elkarteak.

Programaren alderdi teknikoak baloratuko dira, honako puntuazio hau emanez:

a) Aurkezpena (5 puntu arte).

Programaren aurkezpena eta eskaeran jasotako datuen argitasuna eta koherentzia baloratuko dira.

b) Programaren izaera (30 puntu arte).

Klub edo elkarte bakoitzak aurkeztutako jardueren programa bere bazkide kopuruaren arabera baloratuko da. Klub edo elkarte bakoitzak bere bazkideei eskainitako jardueren aniztasuna puntuatuko da.

d) Programetako parte-hartzea (10 puntu arte).

Jarduera guztietako erabiltzaileek bazkide kopuruaren aldean egiten duten portzentajea baloratuko da. Entitateek puntuazio handiagoa lortuko dute haien bazkide askok hartzen badute parte elkartearen jardueretan. Parte-hartzea honela baloratuko da: %300 arte, 3 puntu; %301etik %600era, 6 puntu; eta, %600etik gora, 10 puntu.

d) Kofinantzaketa (15 puntu arte).

Kofinantzatzetzat jotzen da entitatearen, bazkideen eta/edo erabiltzaileen eta beste entitate batzuen diru-sarrerak izatea. Kofinantzatzea honela baloratuko da: %70etik gora, 15 puntu; %41etik %70era, 10 puntu; eta %30etik %41era, 7 puntu. %30etik behera, ez da puntutatuko.

e) Eskatzailearen eskarmentua diru-laguntzaren xede diren programetan (25 puntu arte).

Proiektuak aurreko urtean izandako eraginkortasuna baloratuko da, proiektuan adierazitako xedeak eta lortutako emaitzak alderatuz.

f) Programaren interesa (10 puntu arte).

Zahartze aktiboa sustatzeko interes berezikoak diren jarduerak egitea baloratuko da. Entitateak gauzatutako jardueren programa interes bikainekoa bada, 10 puntu eskuratuko dira; interes altukoa bada, 7 puntu, interes ertainekoa bada, 3 puntu, eta interes txikikoa bada, ez da punturik eskuratuko.

g) Eragina lurraldean (5 puntu).

Entitateak programa Foru Komunitateko herrietan gauzatzeko duen gaitasuna kontuan hartuko da. Entitateak egoitza duen herrian ez beste batean gauzatzen badu programa, 5 puntu eskuratuko ditu; bestela, ez du punturik lortuko.

8.2. Adinekoen arloko “Bestelako entitateak”.

Bi fasetan eginen da balorazioa: lehenengoan, entitatea proiektuaren arduradun gisa baloratuko da eta, bigarren fasean, aurkeztutako programa baloratuko da.

Lehen fasea: entitatearen balorazioa.

Lehen fasea baztertzailea da eta entitateak 60 puntu lortu beharko ditu gutxienez. Balorazioa honako puntuazio honen arabera eginen da:

a) Azpiegitura (30 puntu arte):

–Proposatutako helburuak beteko direla bermatzeko azpiegitura nahikoa izatea.

b) Entitateen arteko koordinazioa (10 puntu arte):

–Aretoen erabilera partekatzea eta entitateak elkartzea programak aurrera eramateko.

c) Barne koherentzia (30 puntu arte):

–Honako hauek baloratuko dira: bere ahalbideetara, teknikoetara nahiz ekonomikoetara, egokitzeko gaitasuna, ukitutako biztanleriaren beharren eta kide kopuruen arteko lotura.

–Halaber, hasierako aurrekontuaren eta aurreko urteko azken balantzearen arteko koherentzia baloratuko da.

d) Finantzaketa (30 puntu arte):

Finantzaketatzat jotzen da entitateak, bazkide eta/edo erabiltzaileek eta beste entitate batzuek diru-sarrerak izatea. Kofinantzatzea honela baloratuko da: %95etik gora, 30 puntu; %94tik %86ra, 25,68 puntu; %85etik %70era, 21,40 puntu; %69tik %50era, 17,12 puntu; %49tik %36ra, 12,84 puntu; %21etik %35era, 8,57 puntu; eta, %1etik %20ra, 4,28 puntu.

Bigarren fasea: programen balorazioa.

Bigarren fase hau baztertzailea da eta programak 60 puntu lortu beharko ditu gutxienez. Balorazioa honako puntuazio honen arabera eginen da:

a) Aurkezpena (10 puntu arte).

Kontuan hartuko dira aurkezpena, idazketa eta datu ekonomikoen azalpena, baita kalitatearen adierazleak eta egiaztapeneko aldagaiak izatea ere.

b) Programaren koherentzia (15 puntu arte).

Aurkeztutako programak adinekoen autonomia pertsonalaren sustapenarekin eta mendekotasunari aurrea hartzearekin duen koherentzia baloratuko da.

c) Programaren izaera (15 puntu arte).

Foru Komunitatean hirugarren adinaren arloan egindako beste programen osagarria izatea eta haiekin integratzea hartuko dira kontuan, gauzatuko den jardueraren ezaugarriak eta gizartean izanen duen eragina ere bai.

d) Programetako parte-hartzea (15 puntu arte).

Programen interesa hartzaileei dagokienez baloratuko da.

e) Kofinantzaketa (15 puntu arte).

Kofinantzatzetzat jotzen da entitatearen, bazkideen eta/edo erabiltzaileen eta beste entitate batzuen diru-sarrerak izatea diru-laguntzaren xedeko programa zehatzak egiteko. Kofinantzaketa honela baloratuko da: %80ko edo hortik gorako kofinantzaketagatik, 15 puntu emanen dira; %60-%79koagatik, 12 puntu, %40-%59koagatik, 10 puntu; %20-%39koagatik, 7 puntu.

f) Eskatzailearen eskarmentua diru-laguntzaren xede diren programetan (25 puntu).

Proiektuak aurreko urtean izandako eraginkortasuna baloratuko da, proiektuan adierazitako xedeak eta lortutako emaitzak alderatuz.

g) Eragina lurraldean (5 puntu).

Entitateak programa Foru Komunitateko herrietan gauzatzeko duen gaitasuna kontuan hartuko da.

9. Diru-laguntzaren zenbatekoaren esleipena.

9.1. Adinekoen klub eta elkarteak.

Lortutako puntuen eta diru-laguntzaren eskaeraren arabera esleituko da diru-laguntzaren zenbatekoa, eta entitateak aurkeztutako programatik onartzen den aurrekontuaren portzentaje hauek izanen dira gehieneko diru-laguntzak.

Gehieneko diru-laguntzaren portzentaje taula:

PUNTUAZIOA

DIRU-LAGUNTZAREN PORTZENTAJEA
AURREKONTUAREN ALDEAN (%)

40 baino gutxiago

%0

40 puntutik 100era arte:

(lortutako puntuazioa - 30) = aplikatu beharreko portzentajea

9.2. Adinekoen arloko “Bestelako entitateak”.

Lortutako puntuen eta diru-laguntzaren eskaeraren arabera esleituko da diru-laguntzaren zenbatekoa, eta entitateak aurkeztutako programatik onartzen den aurrekontuaren portzentaje hauek izanen dira gehieneko diru-laguntzak.

Gehieneko diru-laguntzaren portzentaje taula:

PUNTUAZIOA

DIRU-LAGUNTZAREN PORTZENTAJEA
AURREKONTUAREN ALDEAN (%)

120 baino gutxiago

%0

120tik 179ra bitarte

(lortutako puntuazioa - 100 = aplikatu beharreko portzentajea

180tik 200era bitarte

%80

9.3. Diru-laguntzen banaketa proportzionala.

Bi modalitateen banakako balorazioa egin ondoren, balorazio ekonomikoaren ondoriozko zenbateko osoa aurrekontuetan erabilgarri dagoen dirua baino handiagoa bada, proportzionalki banatu edo hainbanatuko da baremoa aplikatzearen ondoriozko zenbatekoaren gainean.

Dagokion hainbanaketa egin ondoren 120 eurotik beherako diru-laguntza egokituz gero, horiek ez dira banatuko. Horrelakoen diru kopurua gainerako entitateen artean banatuko da.

10. Prozeduraren gaineko ebazpena, jakinarazpena, publizitatea eta errekurtsoak.

Eskaerak ebaluatu ondoren, instrukzio organoak ebazpen-proposamena emanen du.

Proposamena ikusita, Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak diru-laguntzak ematearen gaineko ebazpena emanen du.

Ebazpena entitate interesdunei jakinaraziko zaie eta bertan adieraziko dira diru-laguntza emateko arrazoiak, hura jasoko duten eskatzaileen zerrenda eta gainerako eskaerak ezesteko arrazoiak, halakorik bada.

Aurrekoa deusetan galarazi gabe, ematen diren diru-laguntzen gaineko ebazpena Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziaren iragarki oholean argitaratuko da (González Tablas, 7; Iruña).

Ebatzi eta jakinarazteko epea 3 hilabetekoa izanen da gehienez ere, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukaturik, interesdunek eskaera ezetsi dela ulertu beharko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Gizarte Politikako eta Kontsumoko zuzendari nagusiari zuzendua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean xedaturikoarekin bat.

11. Bateragarritasuna.

Deialdi honetan araututako diru-laguntzak bateragarriak dira xede bererako jasotzen den beste edozein diru-laguntza edo laguntzarekin. Hala ere, diru-laguntza horien zenbatekoa ezin izanen da inola ere izan, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide bereki batzuekin batuta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

12. Diru-laguntzaren ordainketa.

12.1. Diru-laguntzaren ordainketa aurreratua egiteko, hurrengo baldintza hauek bete beharko dira:

a) Entitateak frogatzea diru-laguntzaren xedeak betetzeko funtsak behar dituela. Horretarako, eskabidearekin aurkeztu beharreko beste agiriekin batera, behar hori frogatzen duen txostena aurkeztuko du.

b) Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuaren baimen berariazkoa edukitzea, Foru Ogasunak aitortutako betebeharrei aurre egiteko dauden funts likidoen egoeraren arabera.

12.2. Aurreko atalean eskatutako baldintzak betez gero, aurrerakinak honela ordainduko dira:

a) Salbuespen gisa, ematen den diru-laguntza 15.000 eurokoa edo txikiagoa baldin bada, epe bakarrean pagatuko da, diru-laguntza emateko ebazpenarekin batera.

b) Arau orokor gisa, gainerako entitateei zatika ordainduko zaie diru-laguntza, eta onartutako zenbateko osoaren %25 aurreratuko zaie gehienez.

Diru-laguntza emateko onetsitako ebazpena sinatzearekin batera ordainduko da lehenengo zatia.

Bigarren eta hurrengo ordainketak egiteko, aurretik ordaindutako zenbatekoari dagokion exekuzioaren justifikazio ekonomikorako agiriak aurkeztu behar dira.

Ordainketaren ondoren justifikatu gabe gelditzen den zenbatekoa ezin da izan emandako zenbatekoaren %25 baino handiagoa.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 33.2 artikuluarekin bat, aurrerakinak 60.000 eurotik gorakoak badira, bermeak ezarriko dira nahitaez.

12.3. Baldintza horiek bete ezik, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 32. artikuluan ezarritakoari jarraikiz ordainduko da diru-laguntza, jarduera egin dela frogatu ondoren, oinarri hauen 13.3 atalean xedatutakoari jarraikiz.

13. Justifikazioa.

13.1. Diru-laguntza ordainketa aurreratu bakar baten bidez jasotzen duten entitateek osoko justifikazioa aurkeztuko dute, urteko abenduaren 31 baino lehen. Dokumentazio hori aurkeztu ezean, emandako diru-laguntzari proportzioan dagokion zenbatekoa itzultzeko eskatuko zaie.

13.2. Diru-laguntza zatikako ordainketa aurreratuen bidez jasotzen duten entitateek justifikazio partziala aurkeztuko dute ordainketa baten gastua justifikatzen duten bakoitzean.

Azken ordainketa egiteko, aurretiko justifikazioa urteko abenduaren 15a baino lehen aurkeztu beharko da.

13.3. Justifikazio partzialetarako, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Proiektuaren bilakaeraren berri ematen duen erdibideko txosten labur bat.

b) Aurkezpen egunera arte diru-laguntzaren xedeko kontzeptuei egozten zaizkien gastuen eta diru-sarreren zerrenda.

c) Kontzeptu bakoitzerako jasotako diru-laguntzari aplikatutako gastuen zerrenda, non agiri zenbakia, kontzeptua, jaulkitzailea, data eta zenbatekoa zehaztuko baitira. Zerrenda horri behar diren egiaztagiriak gehituko zaizkio. Horretarako, entitate onuradunak jatorrizko agiriak eta fotokopiak aurkeztuko ditu. Banku-laburpenak, gordekinak eta fakturak (emailearen eta hartzailearen datuak, data, kontzeptua eta prezioa adieraziko dituztenak) onartuko dira bakarrik egiaztagiri gisa, maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat, horren bidez fakturazio betebeharrak arautzen dituen erregelamendua onetsi baitzen. Jatorrizko fakturei zigilua jarriko zaie, jasotako diru-laguntza justifikatzeko Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentzian aurkeztu izanaren frogagarri gisa.

13.4. Azkeneko justifikazioa:

Diru-laguntza eman eta hurrengo urteko urtarrilean entitate onuradunak honako agiri hauek aurkeztuko ditu jardueraren exekuzioa justifikatzeko:

a) Lehen egin ez bada, eta azken ordainketa justifikatzeko, kontzeptu bakoitzerako jasotako diru-laguntzari aplikatutako gastuen zerrenda, artikulu honen 13.3 c) puntuan azaltzen den baldintzetan egina.

b) Diru-laguntza jasotzen duten programen exekuzioari buruzko txosten teknikoa, atal hauek aipatuko dituena:

–Programaren izena.

–Programaren eraginkortasuna. Urte hasieran jarritako helburu berariazkoen eta lortutako emaitzen arteko konparazioa, eta egindakoaren eta egin gogo zenaren arteko aldea.

–Efizientzia. Horretarako, lortutako emaitzak ebaluatuko dira erabilitako teknika, giza eta ekonomia arloko baliabideen arabera.

–Onuradunen parte-hartzea eta gogobetetzea. Entitatearen eragin eremuko adinekoen kopuruaren, bazkide kopuruaren eta parte-hartzaileen arteko proportzioa ebaluatuko da.

c) Diruz lagundutako programetako diru-sarreren eta gastuen balantzea. Diru-sarreren kapituluan, entitateak diruz lagundu den jarduera finantzatzeko jaso dituen diru-sarrerak azalduko ditu, funts horien zenbatekoa eta jatorria zehaztuta, Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziak emandakoarekin bateragarriak diren diru-laguntzak barne. Diru-sarrera guztiak ezin dira izan diruz lagundu den jarduera egiteko kostuak baino handiagoak.

Gastuen kapituluan, gastu guztiak zehaztuko dira, honela sailkatuta:

–Langileak.

–Jarduerak.

Entitateak diruz lagundutako programei dagozkien gastu guztien zerrenda aurkeztuko du, honako hauek zehaztuta: agiri zenbakia, kontzeptua, jaulkitzailea, data eta zenbatekoa.

Halaber, jatorrizko fakturak instrukzio organoaren eskura utziko ditu entitateak.

Nolanahi ere, azkeneko justifikazioan kontabilitateko egoera-orriak aurkeztuz egiten ahal da justifikazio hori.

d) Entitatearen jarduera osoaren memoria laburra, aurreko ekitaldiko diru-sarreren eta gastuen balantze orokorra barne.

e) Beste edozein dokumentazio grafiko edo idatzi, borondatez eman nahi dena, entitatearen zerbitzuen exekuzioaren edo bilakaera onaren berri emateko.

Agiriak aurkezteko, instrukzio organoak oinarrizko agiriak banatu eta Gizarte Politiketako Departamentuaren web orrian argitaratuko dira.

14. Entitate onuradunen betebeharrak.

a) Proiektua eskaeran eta diru-laguntza emateko baldintzetan entitateak zehaztu bezala gauzatzea.

b) Deialdi honen 13. oinarrian aipatzen diren frogagiriak aurkeztea.

c) Deialdi honen kargura finantzatutako jardueren edo programen gaineko informazioa, dibulgazioa eta publizitatea egiten bada, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariaren uztailaren 2ko 212/2010 Foru Aginduan xedatutakoa bete beharko da (2010eko 103. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 25ekoa; akats zuzenketa irailaren 7ko 276/2010 Foru Aginduaren bidez egin zen, 2010eko 122. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, urriaren 8an).

d) Laguntza ematen duen organoak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelakoek egin beharreko egiaztapen jarduketak onartzea.

e) Diru-laguntza jasotzen duen jardueraren frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

f) Diru-laguntza jasotzen duen jarduera finantzatzeko lortutako beste laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea diru-laguntza ematen duen organoari. Egoera hori jakin bezain laster jakinarazi behar da, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

g) Entitatearen izaera dela-eta kontabilitatean eskatzen ahal zaizkion betebeharrak betetzea.

h) Deialdi honetan eta aplikatzekoak diren legeetan aurreikusitako kasuetan, jasotako funtsak itzultzea.

i) Diru-laguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

15. Gardentasuna.

Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasunerako betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 2. artikuluan aipatzen diren entitateek Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritako gardentasunerako betebeharra bete beharko dute Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak jasotzen badituzte eta bi inguruabar hauek suertatzen badira:

a) Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.

b) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren negozio-zifraren edo urteko aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.

Aurreko idatz-zatian ezarritako mugak gainditzen diren zehaztearen ondorioetarako, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua konputatuko da ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako negozio-zifra edo urteko aurrekontua honako hauen arteko txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo aurrekontu exekutatua.

b) Hala bada, diru-laguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako negozio-zifra edo aurrekontua.

Aipatu inguruabarrak suertatzen badira, gardentasunerako betebeharraren mende dauden entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptutan banatuta. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan bildutakoa izanen da.

d) Kargudun bakoitzaren dedikazio araubidea gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetarako.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatua aurkeztuko da Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta diru-laguntza kudeatzen duen administrazio unitateari zuzenduko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabete batekoa izanen da, diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita.

Informazio hori urtebetez eskura egonen da Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, 15 hilabeteko muga gainditu gabe informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori igarota, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta eskatutakoa gehienez ere hilabeteko epean bete beharko da eskaera egiten denetik hasita.

Entitateak gardentasunerako betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpen bat aurkeztu beharko du.

Entitateak ekitaldi berean ondoz ondoko diru-laguntzak jasotzen baditu, ez du informazioa errepikatu beharko diru-laguntza bakoitzean, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Onuradunak informaziorako betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, ez betetze horren ondorioz ezin izanen da emandako diru-laguntza ordaindu, aurrerakinak barne, eta, hala bada, kobratutako zenbatekoak itzuli beharko dira, Diru-laguntzei buruzko Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

16. Azpikontratazioa eta hornitzaileen kontratazioa.

16.1. Azpikontratazioa.

Deialdi honetan ezarritako ondorioetarako, bidezkoa da azpikontratazioak egitea; alegia, beste batzuekin hitzartzea diru-laguntzaren xedeko jarduera partez gauzatzea. Diru-laguntza jasotzen duen jarduera onuradunak berak egiten badu, horretarako behar diren gastuen kontratazioa kontzeptu horretatik kanpo geldituko da.

Diruz lagundu den jardueraren kostuaren %90 azpikontratatzen ahalko du onuradunak, gehienez ere. Hirugarrenekin hitzartutako jarduerak diru-laguntzaren zenbatekoaren %20 gainditzen duenean eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa denean, azpikontratazioa egin ahal izateko, idatzizko kontratua sinatu beharko da.

16.2. Hornitzaileen kontratazioa.

Diru-laguntza jaso dezakeen kostua 12.000,00 eurotik gorakoa bada, ekipamendu ondasunen horniduraren edo aholkularitza eta laguntza enpresen zerbitzuen kasuan, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu duela.

Kasu horietan, entitate onuradunak helburua lortzeko gai diren hiru enpresarekin edo gehiagorekin kontsultatu eta negoziatu beharko ditu kontratuaren baldintzak, eta eskaintzarik hoberena egiten duenarekin sinatuko du. Entitate onuradunak kontsulta tramitearen inguruko dokumentazioa eta eskaintzak gorde egin beharko ditu. Kontu horiek agirien bidez frogatu beharko ditu diru-laguntza ematen duen organoaren aurrean, kontratua sinatu bezain laster. Agiri horiekin batera, enpresa hautatzeko arrazoiei buruzko txosten labur bat aurkeztuko da.

Zenbait enpresari kontsulta egitea ez da beharrezkoa izanen, diru-laguntza jaso dezaketen gastuen ezaugarrien berezitasunagatik, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori ematen duten enpresak behar adina ez direnean.

17. Baldintzak aldatzea.

Entitate onuradunek, jasotzen dituzten bestelako diru-laguntza, laguntza edo diru-sarrerez gain, diru-laguntza emateko eta haren zenbatekoa zehazteko kontuan hartutako baldintzen aldaketa guztiak ere jakinarazi beharko dizkiote Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziari.

Salbuespen gisa, diru-laguntzak jasotzen dituzten entitateek zilegi izanen dute diru-laguntza jasotzen duen/duten programaren/programen edukia aldatzeko eskatzea, baita hura egiteko modua eta epeak ere, programa gauzatzea eragozten edo zailtzen duten gorabeherak agertuz gero.

Baldintzak aldatzeko eskaeretan, aldaketa edo zailtasun horren gainean behar adina arrazoi eman beharko dira, aldaketa justifikatzen duten inguruabarrak gertatu eta berehala, eta betiere, diru-laguntza jasotzen duen programa gauzatzeko epea bukatu baino lehen.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzen edozein aldaketak diru-laguntza emateko ebazpena aldatzea ekar dezake, Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziak onartuta egonda ere, eta kasuan kasuko zenbatekoa itzultzeko eskatzen ahalko da, hala badagokio.

18. Laguntza itzultzea.

Programa gauzatzen ez bada, edo diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira, hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da diru-laguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sorrarazitako berandutza-interesak ordaintzeko eskatzea.

Dirua itzultzeko prozedurak aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio, eta hasten denetik 12 hilabeteko epean eman beharko da haren gaineko ebazpena.

Entitate onuradunak ia baldintza guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, itzuli beharreko zenbatekoa proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren ikusita.

19. Arau-hausteak eta zehapenak.

Deialdi honetan aurreikusten diren diru-laguntzen entitate onuradunak Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan diru-laguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezarritako zehapen araubidearen mende egonen dira, eta hark ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

Diru-laguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira, edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedatutakoari jarraikiz.

20. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra bidezkoak diren errekurtso administratiboak.

Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean xedatutakoarekin bat.

21. Aplikatzekoak diren arauak.

Oinarri arautzaileotan ezarritakoaz gain, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak ere aplikatuko dira.

Iruñean, 2014ko urtarrilaren 9an. Gizarte Politiketako kontseilaria. Iñigo Alli Martínez.

Iragarkiaren kodea: F1400446