23. ALDIZKARIA - 2014ko otsailaren 4a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ETXALAR

Ezkontza zibilak eta hildakoen aldeko agurrak edo omenaldi zibilak arautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena

Etxalarko Udalak, 2013ko urriaren 3an eginiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Ezkontza zibilak eta hildakoen aldeko agurrak edo omenaldi zibilak arautzen dituen udal ordenantza.

Ordenantza hori jendaurrean azaldu zen, ediktua argitaratuz 232. Nafarroako Aldizkari Ofizialean 2013ko abenduaren 2an, eta Udalaren iragarki oholean. Jendaurreko hogeita hamar eguneko aldian ez da alegaziorik egin.

Horrenbestez ordenantzaren aldaketa behin betikoz onetsirik gelditu da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legeak (maiatzaren 31ko 15/2003 Foru Legearen bidez aldatua) 325.1.c) artikuluan ezarritakoarekin bat.

Bidezkoa da, beraz, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara ematea bai ediktua eta bai ordenantzaren testu osoa.

Etxalarren, 2014ko urtarrilaren 24an.–Alkatea, Miguel María Irigoien Sanzberro.

EZKONTZA ZIBILAK ETA HILDAKOEN ALDEKO AGURRAK EDO OMENALDI ZIBILAK EGITEKO ORDENANTZA

Atarikoa

Gizarteak oro har badaki estatu ez-konfesional eta laiko batean pertsonen eta komunitateen askatasun ideologikoa, erlijiosoa eta gurtzakoa bermatu behar dutela erakundeek, ordena publikoa mantentzea izanik horretarako muga bakarra. Era berean, badakigu ideologia, erlijio eta kulturaren aldetik aniztasun handiko gizartea dela gurea, eta gizarte anitz honetan bere ohitura eta ekitaldi sozialak adierazteko modua aldatzen ari dela etengabe.

Gaur egungo gizartean ezinbertzekoa da ezkontza zein hildakoen aldeko hileta edo omenaldi zibilak egiteko aukera ematea, erlijiorik gabe bizitzea hautatu duten pertsonen omenez ospakizun duin eta pertsonalak egin ahal izateko, zenduaren bizitza-ikuskeraren arabera, alegia.

Gure gizartean, eta geure herrian bertan, erlijio desberdinek beren hildakoei agur errateko ospakizun liturgikoetarako toki edo tenpluak dituzten moduan, Etxalarko Udalari dagokio egunetik egunera handitzen ari den eskaera sozial bati erantzutea.

Ordenantza honen helburua da, beraz, arautzea bai ezkontza zibilak, Udalean egin izan direnak, bai Etxalarko gizarte zibila osatzen duten familia, lagun, erakunde edota entitateek beren hildakoei omenaldia egin, agur erran, hildakoek komunitateari egindako ekarpenak nahiz horien balio etikoak edota giza-balioak aitortzeko antolatu nahi dituzten ekitaldien baimena eta ospakizuna arautzea.

I. TITULUA

Ezkontza zibilak

I. KAPITULUA

Prozeduraren hasiera

1. artikulua. Herritar guztiek, Etxalarren erroldaturik egon edo ez, eskatzen ahalko diote Alkatetzari ezkontza zibilak egitea Etxalarko dermioan.

Eskaerak zeremonia egiteko egunaren eta orduaren erreserba baizik ez du ekartzen; horregatik, Etxalarko Udalaren barnean ezkontza zibila egin ahal izateko nahitaezko baldintza izanen da lehenago titularrek organo judizial eskudunaren (Erregistro Zibila, bake epaile etab.) aldeko auto irmoa lortzea, Kode Zibilean ezartzen diren baldintzak betetzen direla egiaztatzen duen espedientea aldez aurretik haren aitzinean tramitatuta.

Eskaera Etxalarko Udalak horretarako ematen duen inprimakian egin beharko da; hura, baldintza guztiak bete ondoan, Udaleko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko da, ezkontza egiteko finkaturiko eguna baino hilabete lehenago, gutxienez. Halaber, arlo hau arautzen duen ordenantzan tasarik balego, hau ordaindu izanaren ordain-gutuna aurkeztuko da.

Noiz eskatzen diren eguna, ordua eta lokala, ordena horri hertsiki loturik eginen dira erreserbak. Udalak lokal horien erabilerari dagokionez dituen premien arabera emanen da baimena, ordenantza honen 3. artikuluan xedatuarekin bat.

Alkatetzaren ebazpen baten bidez baimenduko dira eguna eta ordua, baita ezkontza zibila egitea zer zinegotziren eskutan utziko den, hala eginen bada.

2. artikulua. Ezkontza egiteko ordutegi finkorik egonen ez bada ere, ezkontza ospakizuna eginen duen alkate edota zinegotziarekin adostu beharrekoa izanen da.

3. artikulua. Ezkontza zibilak egiteko Udalak jarri duen lehentasunezko tokia Herriko Etxeko bilkura aretoa da. Areto hori okupaturik badago, bertze toki bat utziko da ezkontzen direnen eskura; bertzela, bertze egun batean egiteko aukera izanen dute. Ezkontideek hala eskatzen badute, bertzelako instalazio bat erabili ahal izanen da alkateak espresuki hala onartzen badu.

Ezkontza eginen den aretoan apaingarriren bat erantsi nahi izanez gero (loreak etab.) ezkontzen direnek egin beharko dute, beren kontura; horretarako, udalak emanen dizkien oharrei segitu beharko diete.

Udal jarduera dela eta edo aurreikusi gabeko bertze arrazoiren bat dela eta ezin bada ezkontza egin finkaturiko egun eta orduan, horren berri emanen zaie ezkontzen direnei, Alkatetzarekin aitzinetik ados jarrita, hura egiteko ordua, eguna edo tokia aldatzeko.

Eskatzaileetariko batek erabakitzen badu ezkontza zibila ez egitea, arlo hau arautzen duen ordenantza fiskalean xedatuari jarraituko zaio.

4. artikulua. Debeku da arras arroza eta gisakoak jaurtitzea Herriko Etxearen barnean, arkupeetan zein haren inguruetan, arriskua ekartzen baitie jendearen ohiko joan-etorriei; betebehar hori betetzen ez bada, Udala ez da batere erantzulea izanen. Beraz, horren ondorioz istripurik edo gisakorik gertatzen bada, erantzunbeharra ezkontza egiteko eskatu dutenek izanen dute, eskaeran jasorik geldituko baita arau horien berri dutela eta horiek hertsiki betetzeko hitza ematen dutela.

Udalaren barnea erabiltzearen ondorioz edo baldintza hauek ez betetzearen ondorioz kalterik egiten bada, erantzunbeharra ezkontza egiteko eskatu dutenek izanen dute; Udalak haiei pasatzen ahalko die konponketen kostua, baita, hala behar badu, udal barnea beren lehengora itzultzeko lanen kostua ere, aitzinetik behar den espedientea irekita; hartan, hamar eguneko epea izanen da alegazioak egiteko.

II. KAPITULUA

Zeremonia nola gauzatuko den

5. artikulua. Zeremonia alkateak zuzenduko du, edo zinegotzi batek, haren eskutan utzi bada; horiek, ezkontzen direnekin mintzatuta, askatasun osoa izanen dute nola gauzatuko den finkatzeko. Hala ere, ezkontza zibilak izan ditzan legeak ematen dizkion ondorioak, nahitaezkoa izanen da Kode Zibileko artikulu aginduzkoen irakurketa.

6. artikulua. Ekitaldia jasota gera dadin, ezkontzen direnek, lekukoek, alkateak edo zinegotziak, ezkontza egin izanari dagokion akta sinatuko dute, horretarako jasotzen dena.

II. TITULUA

Hileta zibilak

I. KAPITULUA

Prozeduraren hasiera

7. artikulua. Araudi honen helburua da hildakoen aldeko hileta eta omenaldi zibiletarako Udalaren baimena eta lokalen eta espazio publikoen erabilera arautzea Etxalarko udal mugapean.

8. artikulua. Alkatetzak edo berak ordezko izendatzen duen zinegotzigoak emanen du hileta edo omenaldi zibiletarako gordetako tokiak erabiltzeko baimena, betiere Etxalarko Udaleko Udal Erregistroan eskaera egiten duen pertsona edo senideak bidali beharreko dokumentazioa jaso ondoren.

II. KAPITULUA

Prozedurari hasiera ematea

9. artikulua. Hileta edo omenaldi zibilak egiteko eskaerak erregistro bidez idatziz egin beharko dira, Alkatetzari zuzendutako eskarian, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeak, azaroaren 26koa, onartutakoaren arabera.

10. artikulua. Hileta eta omenaldi zibilen eskaerak berehalakotasun-printzipioaren arabera tramitatuko dira, egoerak hala eskatzen duelako, eta horiek ebazteko eskumena duen pertsonari bidaliko zaizkio.

11. artikulua. Eskaeran honakoak agertu beharko dira:

a) Ospakizunerako baimena eskatzen duen pertsonaren izen-abizenak, helbidea eta identifikazioa.

b) Hildako pertsonaren izen-abizenak.

c) Adierazi egin beharko da hileta edo omenaldi zibila zein egun eta ordutan egin nahiko litzatekeen, eta lehentasunez non egin nahi luketen.

d) Eskabidearen lekua eta data.

e) Eskaera egin duenaren sinadura edo, haren nahia benetakoa den froga, horretarako edozein bide erabilita.

f) Ekitaldiaren laburpena eta behar izanen den materiala (megafonia, mahaiak, aulkiak etab).

g) Administrazioak, ahal duen neurrian, kontuan izanen ditu eskabidean lehenetsitako lekua, eguna eta ordua, betiere eskabideak aurkeztu diren ordena aintzat izanik. Ezohiko kasuetan aldatu ahal izanen da ordena hori, baina betiere arrazoitu egin beharko da aldaketa.

12. artikulua. Eskaerak ez baditu betetzen aurreko artikuluak eskatutako baldintzak, interesdunari ahalik eta lasterren eskatuko zaio akatsa zuzen dezan edo derrigorrezko dokumentuak ekar ditzan, ekitaldia egin baino lehen edo ondoren.

III. KAPITULUA

Prozedura bideratzea

13. artikulua. Alkatetzak edo berak ordezko izendatzen duen zinegotzigoak zehaztuko du hileta edo omenaldi zibila zein leku, egun eta ordutan eginen den.

Eskatzaileek lehenetsitako egun eta orduen ordena kontuan izanik zehaztuko dira, ahal den neurrian behintzat, lekua, eguna eta ordua. Udal aretoen erabileraren ondorioz, zenbaitetan ez da eskaeretan eskatutako orduetarako horien erabilera uzterik izanen. Nolanahi ere, horrelakoetan erabakia behar bezala arrazoituta egon beharko da eta eskaera egin dutenekin hitz egin beharko da eskatu dutenarekiko egon den aldaketari buruz.

14. artikulua. Eskaera ikusita Alkatetzak edo berak ordezko izendatzen duen zinegotzigoak erabakiko du hileta edo omenaldi zibila Udalaren zein lokaletan eginen den; normalean frontoian, Udalean edota Kultur Etxean dauden erabilera anitzeko geletan eginen dira, Alkatetzak lokal horiek aldatzeko duen eskumenari utzi gabe. Hileta edo omenaldi bakoitzean erabiliko den lokala zehazterakoan, kontuan izanen da, aukeratutako egun eta ordutegiarekin, lokal horietan normalean egiten diren jardueretan ez dela eragozpenik sortu behar.

15. artikulua. Hileta eta omenaldi zibilak astelehenetik igandera egin ahal izanen dira. Asteburuetan Udal langileen disponibilitatearen arabera moldatu beharko dira ordutegiak. Hiletetan ezin izango da gorputza bertan eduki. Eskatutako egoitzetan dauden baliabideak erabili ahal izanen ditu eskatzaileak. Bertzelako baliabiderik behar izanez gero, norberaren kontura izanen dira, eta Udalaren baimena beharko dute.

IV. KAPITULUA

Eskubide eta betebeharrak

16. artikulua. Udalaren aretoak egoera onean mantentzearren, baimendutako pertsona izanen da Udalaren aretoetan sor daitezkeen kalte edo hondamendien arduradun, eta bere gain hartu beharko ditu eragindako kalteen gastuak.

17. artikulua. Utzitako lokala apaindu edo modu bereziren batean egokitu nahi badute, udal zerbitzuari garaiz jakinarazi beharko diote, honek hartu beharreko erabakia har dezan. Tokiaren harmonia eta ezaugarriak errespetatu egin beharko dira beti eta eurek ordaindu beharko dituzte lokala apaindu eta egokitzeak eragindako gastu guztiak, horrek eragin dezakeen garbitasun berezia barne. Interesduna arduratuko da, bere kontura arduratu ere, ekitaldia ospatzeko zerbitzu osagarriez. Dena dela, Etxalarko Udalak zerbitzu horiek ikuskatu ahal izanen ditu.

18. artikulua. Eskaera egin duen pertsonak hileta edo omenaldi zibila egiteko kaleko espazio publikoa erabili behar badu, dagokion eskabidean berariaz adierazi beharko du. Udalak erabiliko den espazio publikoa mugatuko du eta hor lehen aipatu ditugun eskubide eta betebeharrak aplikatuko dira, tartean dagokion tasa ordaintzea.

19. artikulua. Araudi honetan aurreikusi gabeko gainerako guztian udal arduradunen aginduak bete beharko dira.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Etxalarko Udaleko Alkateari baimena ematen zaio araudi hau aplikatzeko beharrezko diren jarduketa guztiak egin ditzan.

AZKEN XEDAPENA

Araudi hau indarrean sartuko da behin betiko testua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den hurrengo egunean eta Udalbatzak espresuki aldatu edo indargabetzen duen arte egonen da indarrean.

Iragarkiaren kodea: L1401234