23. ALDIZKARIA - 2014ko otsailaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

12/2014 FORU DEKRETUA, urtarrilaren 29koa, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duena.

ATARIKOA

Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren ekainaren 22ko 11/2012 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen araberako egitura eta departamentu bakoitzaren eskumenen esparrua ezarri ziren. Foru dekretu hori 2012ko 121. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 23an.

Orobat, uztailaren 2ko 34/2012 Foru Dekretuaren bidez, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren oinarrizko egitura erabaki zen, haren garapena galarazi gabe. Foru dekretu hori 2012ko 130. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 4an.

Garapen hori uztailaren 25eko 69/2012 Foru Dekretuaren onespenaren bidez gauzatu zen. Haren bidez Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren egitura organikoa ezarri zen.

Hala ere, indarra hartu zuenetik eguneroko kudeaketak agerian utzi du bidezkoa dela hainbat egokitzapen egitea departamentuen eskumenen banaketan eta departamentuen antolaketan, esleituta dituzten eskumen eta eginkizunak eraginkortasunez bete ditzaten. Eskumenen berrantolamendu horrek munta gutxiko aldaketa da eta Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren urtarrilaren 22ko 1/2014 Foru Dekretuan gauzatu zen. 2012ko ekainaren aurreko foru dekretua aldatu zuen horrek.

Bestetik, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen 69/2012 Foru Dekretua partzialki baino aldatzen ez badu ere, aldaketa organikoak dekretuaren hainbat kapitulu ukitzen ditu eta, horregatik, argitasun eta segurtasun juridiko handiagoak lortze aldera, sustatu da egitura organikoko foru dekretu berri bat onestea.

Hori horrela, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak proposatuta, eta Nafarroako Gobernuak 2014ko urtarrilaren 29ko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren eskumenen esparrua.

1. Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari dagozkio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ondotik zehazten diren arloetan esleitutako eskumenak:

–Gobernuari eta Koordinazio Batzordeari laguntzea; Gobernuko Idazkaritza; Erregistro Orokorra; departamentuen arteko koordinazio juridikoa eta administratiboa; zerbitzuen kalitatea; Nafarroako Aldizkari Ofiziala; Foru Komunitatearen aholkularitza juridikoa eta ordezkaritza eta defentsa epaiketetan; foru zuzenbide zibila eta Nafarroako Zuzenbidea oro har sustatzea; gobernu irekia eta gardentasuna sustatzea eta koordinatzea; hauteskundeak.

–Segurtasun publikoa: herritarren segurtasuna, trafiko eta zirkulazioko polizia, bide segurtasuna, herritarren babesa eta larrialdietarako laguntza, su-itzaltzea eta salbamendua; jokoak eta ikuskizunak.

–Nafarroako Justizia Administrazioa modernizatzea; neurriak hartzea herritarrek tutoretza judizial eraginkorra lor dezaten; delituen biktimei laguntzea; delitugileak birgaitu eta gizarteratzea.

–Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen informazio sistemak eta aplikazio informatikoak; Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen azpiegitura eta euskarri teknologikoak; informazioaren gizartea eta informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabilera garatzea.

–Nafarroako Gobernuaren politika proposatzea eta gauzatzea, funtzio publikoari dagokionez, barnean dela Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen prestakuntza, bai eta politika publikoen antolaketa, modernizazioa, ebaluazioa eta kalitatea ere.

2. Indarra duten xedapenek ematen dizkioten gainerako eskudantziak.

2. artikulua. Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilaria.

1. Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko kontseilariari, departamentuaren titularra den aldetik, foru dekretu honen 1. artikuluan zehazten den eskumenen esparruari dagokionez, Nafarroako Gobernuari eta haren lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeko 41. artikuluan ezartzen diren eskudantziak dagozkio.

2. Bereziki, eskumenen eskudantzia hauek erabiltzea dagokio:

–Nafarroako Gobernuko idazkariari dagozkionak, Gobernuak hartutako erabakien ziurtapena barne, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritakoarekin bat.

–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoetako langileen arloko eskudantziak zehazten dituen Foru Dekretuak esleitzen dizkionak.

3. Orobat, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren zeregina da, departamentuaren titularra den aldetik, kide anitzeko organo hauetako buru izatea:

–Nafarroako Gobernuko Koordinazio Batzordea.

–Laneko Segurtasuna eta Osasuna Koordinatzeko Batzordea.

–Nafarroako Babes Zibilerako Batzordea.

–Nafarroako Udaltzaingoak Koordinatzeko Batzordea.

–Bide Segurtasunaren Garapen eta Koordinaziorako Batzordea.

–Nafarroako Segurtasun Eskolako Zuzendaritza Kontseilua.

–Ebaluazioko Foru Batzordea.

–Nafarroako Justiziako Aholku Kontseilua.

–Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Aholku Kontseilua.

–Nafarroako Herritarren Segurtasunerako Kontseilua.

–Nafarroako Jokoaren Kontseilua.

–Gardentasuna eta Gobernu Irekia ezartzeko Jarraipen Batzordea.

–Irisgarritasun Unibertsalaren eta Aukera-berdintasunaren Sustapenerako Kontseilua.

4. Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari sostengu politiko eta teknikoa emateko unitate gisa, departamentuan kontseilariaren Kabinetea dago, Nafarroako Gobernuari eta haren lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeko 19. artikuluari lotua dagoena, zuzenean haren mende.

3. artikulua. Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren antolamendu orokorra.

1. Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak, bere titularrak goi mailan zuzendurik, organo hauek ditu bere egituran:

a) Lehendakaritza eta Justizia Zuzendaritza Nagusia.

b) Barne Zuzendaritza Nagusia.

c) Informatika eta Telekomunikazio Zuzendaritza Nagusia.

d) Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusia.

e) Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusia.

f) Nafarroako Administrazio Auzitegia.

2. Nafarroako Larrialdietako Agentzia izeneko erakunde autonomoa Barne Zuzendaritza Nagusiari atxikita egonen da. Bere estatutuen arabera arautuko da.

3. Nafarroako Segurtasun Eskola Barne Zuzendaritza Nagusiari atxikitzen zaio. Bere funtzionamendurako erregelamendu organikoa izanen du.

4. Nafarroako Foruzaingoa Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuan kokaturik dago, Barne Zuzendaritza Nagusiari atxikirik. Nafarroako Segurtasun Publikoari buruzko ekainaren 20ko 7/2006 Foru Legeak eta Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legeak ematen dizkioten eginkizunak burutuko ditu eta haren berariazko arautegian ezartzen den egitura izanen du.

4. artikulua. Zuzendaritza nagusien eskudantziak.

Foru dekretu honen 2.2 artikuluan ezarritakoa alde batera utzi gabe, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko zuzendaritza nagusiek, kontseilariaren goi-zuzendaritzapean eta foru dekretu honetan bakoitzari esleitutako esparruan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluan eta azken xedapenetako lehenbizikoan ezarritako eskudantziak izanen dituzte eta, horietaz gainera, indarra duten xedapenek esleitzen dien edo Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak haien esku uzten duen beste edozein.

5. artikulua. Idazkaritza Tekniko Nagusiaren eskudantziak.

Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiak, foru dekretu honen 1. artikuluan zehaztu den eskumenen esparruaren barruan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 23. artikuluan eta idazkaritza tekniko nagusiak arautzen dituen Erregelamenduan ezarritako eskudantziak (8. artikuluan aurreikusten diren aurrekontu arlokoak barne) baliatuko ditu departamentuko kontseilariak goi mailan zuzendurik, hari atxikita baitago zuzenean, bai eta indarra duten xedapenek emandakoak eta Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak agintzen dizkion guztiak ere, eta horretarako behar diren ebazpenak emanen ditu.

6. artikulua. Zerbitzuen eskudantziak.

Zerbitzuek eginkizun hauek beteko dituzte departamentuko goragoko organoek zuzendurik, bakoitzak foru dekretu honetan berari ezarritako esparruan: haien mendeko atalak edo unitate organikoak planifikatzea, koordinatzea, zuzentzea eta kontrolatzea; prozedurak azkartu, arrazionalizatu eta errazteko printzipioen aplikazioa bultzatu eta sustatzea; indarra duten xedapenek berariaz ezarritakoak eta departamentuko organo eskudunek banatzen edo esleitzen dizkietenak.

7. artikulua. Atalen eskudantziak.

Atalei dagozkie, departamentuko goragoko organoek zuzendurik, kasuan kasuko esparruan, mendeko dituzten bulego edo unitateen jarduerak burutu, haiei buruz txostenak eman eta proposatzeko eginkizunak, koordinatu, zuzendu eta kontrolatzekoak, eta departamentuko organo eskudunek esleitzen dizkienak.

II. KAPITULUA

Lehendakaritza eta Justizia Zuzendaritza Nagusia

1. ATALA

Eskumenen esparru materiala eta egitura

8. artikulua. Lehendakaritza eta Justizia Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen esparrua.

Lehendakaritza eta Justizia Zuzendaritza Nagusiak foru dekretu honetan aipatzen diren eskudantziak izanen ditu arlo hauetan:

a) Gobernuari eta Koordinazio Batzordeari laguntzea.

b) Gobernuko Idazkaritza eta Erregistro Orokorra.

c) Gobernu irekia eta gardentasun publikoa bultzatzea eta koordinatzea.

d) Departamentuen arteko koordinazio juridikoa eta administratiboa.

e) Lankidetza Batzordeari eta Transferentzia Batzordeari sostengua ematea.

f) Teknika arau-emaileari buruzko jarraibideak.

g) Dokumentuak Estatuko Aldizkari Ofizialera igortzea.

h) Foru zuzenbide zibila eta Nafarroako zuzenbidea oro har sustatzea.

i) Prozedurak eta kudeaketa jarduerak arrazionalizatu eta arintzea.

j) Nafarroako Aldizkari Ofiziala.

k) Euskara-gaztelania itzulpen ofiziala.

l) Nafarroako elkarteak, fundazioak, lanbide elkargoak eta lanbide elkargoetako kontseiluak erregistratzea eta haien araubideaz arduratzea.

m) Foru Komunitateko Administrazioari eta haren mendeko erakunde publikoei aholku juridikoak ematea, eta haiek ordezkatu eta defendatzea epaiketetan.

n) Ondorioak atzerrian sortu behar dituzten dokumentuetan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko agintari eta funtzionarioen sinadurak legeztatzea.

ñ) Nafarroako Foru Komunitatearen menpeko hauteskundeak.

o) Justizia zerbitzu publikoa modernizatzeko behar diren langile, baliabide eta antolamenduzko egiturak sortu eta kudeatzea. Bereziki, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioari dagozkion eskumen guztiak gauzatzea Administrazioan sartzeari eta lanpostuak betetzeari dagokienez.

p) Demarkazio eta planta judiziala aztertu eta proposatzea.

q) Herritarrei justizia berdintasunez bermatzeko neurriak.

r) Delitu bortitzen eta sexu askatasunaren kontrako delituen biktimei laguntza integrala ematea eta delitugileek berriro hezi eta gizarteratzea.

s) Legeek espetxeetako administrazioko organoei esleitzen dizkien eskumenak erabiltzea.

t) Notarioak eta erregistratzaileak izendatzeko proposamenak.

u) Liskarrak konpontzeko bestelako baliabideak bultzatu eta koordinatzea.

v) Indarra duten xedapenek Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari esleitzen dizkiotenak, zuzendaritza nagusiak bere duen esparruan.

9. artikulua. Lehendakaritza eta Justizia Zuzendaritza Nagusiaren egitura.

Lehendakaritza eta Justizia Zuzendaritza Nagusiak zerbitzu hauek ditu bere egituran:

a) Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzua.

b) Gobernuaren Idazkaritzako eta Araugintzako Zerbitzua.

c) Nafarroako Aldizkari Ofizialaren Zerbitzua.

d) Justiziako Zerbitzu Juridiko Administratiboa.

e) Baliabide Materialen Kudeaketarako Zerbitzua.

f) Justiziako Gizarte Zerbitzua.

2. ATALA

Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzua

10. artikulua. Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuaren esparrua eta eginkizunak.

1. Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuak foru dekretu honetan aipatzen diren eginkizunak beteko ditu arlo hauetan:

a) Foru Komunitateko Administrazioari eta haren mendeko erakunde publikoei aholku juridikoak ematea, eta haiek ordezkatu eta defendatzea epaiketetan haren arlo jurisdikzionaletan.

b) Nafarroako Ondareko ondasun eta eskubideen ordezkaritza eta defentsa epaiketetan.

c) Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak aldez aurretik baimenduta, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko agintari, funtzionario eta langileen ordezkaritza eta defentsa epaiketetan, edozein delarik haien egoera prozesuan, prozedurak karguari loturiko egite edo ez-egiteengatik burutzen direnean.

d) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak zaindu eta tutelatzen dituen adingabeen ordezkaritza eta defentsa epaiketetan, sail zibilean zein penalean, Haurrentzako eta Nerabeentzako Sustapenari, Laguntzari eta Babesari buruzko abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legearen 60.10 eta 65.4 artikuluekin bat.

e) Bidezko diren errekurtsoak paratzea arlo jurisdikzionalen ebazpenen kontra, Foru Komunitatearen interesen kontra jotzen dutenean.

f) Interes orokorrari komeni zaionean, indarra duten legeekin bat, amore ematea, transakzioak egitea edo bertan behera uztea.

g) Departamentuei eta erakunde autonomoei aholkularitza juridikoa ematea, ebazpenei dagokienez, kasuan kasuko arlo jurisdikzionalean.

h) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa Lankidetza Batzordean ordezkatzen dutenei aholkularitza juridiko eta administratiboa ematea eta aholkularitza juridikoa bestelako bitariko organo edo batzordeetan ere bai, hala eskatzen zaionean.

i) Revista Jurídica de Navarra aldizkaria kudeatzea.

j) Urtarrilaren 5eko 4/1984 Foru Dekretuak ematen dizkion besteak eta indarra duten legezko xedapenek ematen dizkiotenak.

2. Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzua Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zentro goren aholku-emailea da, departamentuetako idazkaritza tekniko nagusiei esleituriko eginkizunak eta Nafarroako Kontseiluari esleituriko eginkizun bereziak deusetan galarazi gabe. Aholkularitza Juridikoak aholkuak emanen ditu Nafarroako Gobernuak, lehendakariak edo Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak hala eskatzen dutenean.

3. Halaber, Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuari dagokio Nafarroako Foru Komunitateko edozein organo exekutibo Konstituzio Auzitegian ordezkatu eta defendatzea.

11. artikulua. Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuaren egitura.

Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuak atal hauek ditu bere egituran:

a) Administrazioarekiko Auzien Atala.

b) Zerga Aferen Atala.

c) Afera Zibilen Atala.

d) Afera Penalen Atala.

e) Lan Aferen Atala.

f) Kudeaketa Administratiboaren Atala.

12. artikulua. Administrazioarekiko Auzien Atalaren esparrua eta eginkizunak.

Administrazioarekiko Auzien Atalak, Administrazioarekiko auzien arloari dagokionez, Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuaren aholkularitza eta auziei dagozkien eginkizunak beteko ditu eta zuzendariari lagunduko dio bere eginkizunetan eta aholkulari juridikoen lanak eta esparru horretan zerbitzuaren kudeaketa administratiboarekin koordinatzen, salbu eta tributu arloko arloan eta bere berezitasunengatik zuzendariak beste atal bati esleitzen dizkion arloetan.

13. artikulua. Zerga Aferen Atalaren esparrua eta eginkizunak.

Zerga Aferen Atalak, tributuen arloari dagokionez, Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuaren aholkularitza eta auziei dagozkien eginkizunak beteko ditu eta zuzendariari lagunduko dio bere eginkizunetan eta aholkulari juridikoen lanak eta esparru horretan zerbitzuaren kudeaketa administratiboarekin koordinatzen, arlo horretan eta zuzendariak esleitzen dizkion arloetan.

14. artikulua. Afera Zibilen Atalaren esparrua eta eginkizunak.

Afera Zibilen Atalak, arlo jurisdikzional zibilari dagokionez, Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuaren aholkularitza eta auziei dagozkien eginkizunak beteko ditu eta zuzendariari lagunduko dio bere eginkizunetan eta aholkulari juridikoen lanak eta esparru horretan zerbitzuaren kudeaketa administratiboarekin koordinatzen, arlo horretan eta zuzendariak esleitzen dizkion arloetan.

15. artikulua. Afera Penalen Atalaren esparrua eta eginkizunak.

Afera Penalen Atalak, arlo jurisdikzional penalari dagokionez, Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuaren aholkularitza eta auziei dagozkien eginkizunak beteko ditu eta zuzendariari lagunduko dio bere eginkizunetan eta aholkulari juridikoen lanak eta esparru horretan zerbitzuaren kudeaketa administratiboarekin koordinatzen, arlo horretan eta zuzendariak esleitzen dizkion arloetan.

16. artikulua. Lan Aferen Atalaren esparrua eta eginkizunak.

Lan Aferen Atalak, lan arlo jurisdikzionalari dagokionez, Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuaren aholkularitza eta auziei dagozkien eginkizunak beteko ditu eta zuzendariari lagunduko dio bere eginkizunetan eta aholkulari juridikoen lanak eta esparru horretan zerbitzuaren kudeaketa administratiboarekin koordinatzen, edo zuzendariak esleitzen dizkion arloetan.

17. artikulua. Kudeaketa Administratiboaren Atalaren esparrua eta eginkizunak.

Kudeaketa Administratiboaren Atalak foru dekretu honetan aipatzen diren eginkizunak beteko ditu kudeaketa tekniko-administratiboaren arloan, Zerbitzuari emandako eginbeharrei dagokienez. Halaber, Nafarroako Gobernuko Aholkularitza Juridikoaren izenean jakinarazpenak eta gainontzeko eginbideak edozein epaitegi edo auzitegitan entzuteko ahalmena ematen ahalko zaio.

3. ATALA

Gobernuaren Idazkaritzako eta Araugintzako Zerbitzua

18. artikulua. Gobernuaren Idazkaritzako eta Araugintzako Zerbitzuaren esparrua eta eginkizunak.

Gobernuaren Idazkaritzako eta Araugintzako Zerbitzuak foru dekretu honetan aipatzen diren eginkizunak beteko ditu Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 17. artikuluan ezartzen diren eskudantziei dagokienez eta, gainera, honako hauek:

a) Koordinazio Batzordearen aferei jarraipena egitea eta eguneko gai zerrenda prestatzea.

b) Gobernuaren saioetako gai zerrenda prestatzea eta saio horien ondoren egin diren jarduketa guztiak kudeatzea.

c) Mezularitzako zerbitzu zentralizatuak.

d) Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorra eta erregistro bulegoen eta erregistro osagarrien eginkizunen koordinazioa.

e) Nafarroako Jauregiko eta inguruko zerbitzu osagarriak.

f) Gobernu irekia bultzatzea; herritarren parte-hartzea eta laguntza artikulatzea; eta herritarrek gardentasunaren eta gobernu irekiaren arloetan dituzten eskubideen eraginkortasunerako behar diren funtzioak koordinatzea.

g) Gobernu irekiaren berariazko atariaren edukiak kudeatzea. Software libreko plataforma informatiko baten gainean eratuko da ataria.

h) Informazioaren, parte-hartzearen eta laguntza publikoaren arloetako errekurtsoei buruzko txostenak egitea.

i) Koordinazio Batzordeari sostengua ematea.

j) Departamentuen arteko koordinazio juridikoa eta administratiboa.

k) Teknika arau-emaileari buruzko jarraibideak ematea eta, bereziki, xedapen orokorren aurreproiektu eta proiektuen kalitatearen jarraipena egitea araugintzari dagokienez, Administrazioko departamentuekin koordinaturik, hala badagokio.

l) Prozedurak eta kudeaketa jarduerak arrazionalizatu eta arintzea.

m) Foru zuzenbide zibila eta Nafarroako zuzenbidea oro har sustatzea.

n) Prozedura administratiboen inbentarioa eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko kide anitzeko organoen inbentarioaren jarraipena eta koordinazioa.

ñ) Nafarroako Foru Komunitatea Transferentzia Batzordean ordezkatzen dutenei laguntza administratiboa ematea.

o) Dokumentuak Estatuko Aldizkari Ofizialera igortzea.

p) Estatuko eta autonomia erkidegoetako arautegien jarraipena eta azterketa.

q) Foru Komunitateko Administrazio osoarentzat interesa duten xedapen orokorren aurreproiektu eta proiektuak prestatzea, bidezko bada, Administrazioko departamentuekin koordinaturik.

r) Nafarroako Gobernuko lehendakariari laguntza ematea Nafarroako Kontseiluaren espedienteen tramitazioan.

s) Nafarroako elkarteak, fundazioak, lanbide elkargoak eta lanbide elkargoetako kontseiluak erregistratzea eta haien araubideaz arduratzea.

t) Beste edozein eginkizun, Lehendakaritza eta Justizia Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen esparrukoa izanik, agintzen zaiona.

19. artikulua. Gobernuaren Idazkaritzako eta Araugintzako Zerbitzuaren egitura.

Gobernuaren Idazkaritzako eta Araugintzako Zerbitzuak atal hauek ditu bere egituran:

–Gobernuaren Idazkaritza Atala.

–Legeen Garapenerako eta Koordinaziorako Atala.

20. artikulua. Gobernuaren Idazkaritza Atalaren esparrua eta eginkizunak.

Gobernuaren Idazkaritza Atalak foru dekretu honen 18. artikuluko a), b), c), d), e), f), g) h), i), j), l),n),o) eta t) ataletan aipatzen diren arloei dagokienez ezartzen diren eginkizunak beteko ditu eta zerbitzuko zuzendariari lagunduko dio bere eginkizunetan.

21. artikulua. Legeen Garapenerako eta Koordinaziorako Atalaren esparrua eta eginkizunak.

Legeen Garapenerako eta Koordinaziorako Atalak foru dekretu honen 18. artikuluko j), k), m), ñ), p), q), r), s) eta t) ataletan aipatzen diren arloei dagokienez ezartzen diren eginkizunak beteko ditu eta zerbitzuko zuzendariari lagunduko dio bere eginkizunetan.

4. ATALA

Nafarroako Aldizkari Ofizialaren Zerbitzua

22. artikulua. Nafarroako Aldizkari Ofizialaren Zerbitzuaren esparrua eta eginkizunak.

Nafarroako Aldizkari Ofizialaren Zerbitzuak foru dekretu honetan foru dekretu honen 8. artikuluaren j) eta k) idatz-zatietan aipatzen diren arloei dagokienez ezartzen diren eginkizunak beteko ditu, bereziki honako hauek:

a) Nafarroako Aldizkari Ofiziala argitaratzea.

b) Euskara-gaztelania ofiziala itzulpen ofiziala, Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legearen 9. artikuluan xedatu bezala.

23. artikulua. Nafarroako Aldizkari Ofizialaren Zerbitzuaren egitura.

Nafarroako Aldizkari Ofizialaren Zerbitzuak atal hauek ditu bere egituran:

a) Nafarroako Aldizkari Ofizialaren Kudeaketa Atala.

b) Itzulpen Atala.

c) Ekoizpen eta Zabalkunde Atala.

24. artikulua. Nafarroako Aldizkari Ofiziala Kudeatzeko Atalaren esparrua eta eginkizunak.

Nafarroako Aldizkari Ofiziala Kudeatzeko Atalak bertan argitaratzeko jatorrizko testuak hartu, kontrolatu eta kudeatzeko foru dekretu honetan aipatzen diren eginkizunak beteko ditu eta aurkibidea zehaztuko du.

25. artikulua. Itzulpen Atalaren esparrua eta eginkizunak.

Itzulpen Atalak foru dekretu honetan aipatzen diren eginkizunak beteko ditu arlo hauetan: orotariko xedapenak, ebazpen administratiboak eta gainerako egintza eta dokumentuak ofizialki itzuli Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko; Nafarroako Administrazio Publikoek eskatzen dizkioten euskara-gaztelania itzulpen ofizialak eta alderantziz, Euskarari buruzko Foru Legean eta hori garatzen duen arautegian xedaturikoarekin bat; eta toki entitateak eta gainerako administrazio publikoak euskara-gaztelania itzulpenaren eta alderantzizkoaren arloan aholkatzea.

26. artikulua. Ekoizpen eta Zabalkunde Atalaren esparrua eta eginkizunak.

Ekoizpen eta Zabalkunde Atalak foru dekretu honetan Nafarroako Aldizkari Ofiziala ekoitzi eta banatzeko aipatzen diren eginkizunak beteko ditu.

5. ATALA

Justiziako Zerbitzu Juridiko Administratiboa

27. artikulua. Justiziako Zerbitzu Juridiko-Administratiboaren esparrua eta eginkizunak.

Justiziako Zerbitzu Juridiko-Administratiboak foru dekretu honetan aipatzen diren eginkizunak beteko ditu arlo hauetan:

a) Lehendakaritza eta Justizia Zuzendaritza Nagusiaren esku dauden arloetan proposatu eta kudeatzea, Justiziako Administrazioko langileei dagokienez.

b) Zuzendaritza Nagusiko gainerako organoei sostengu tekniko eta juridikoa.

c) Justizia arloan proposamen arau-emaileak prestatzea.

d) Zuzendaritza Nagusiko dokumentuen erregistro osagarria, artxiboa eta zainketa.

e) Memoriak eta estatistikak zuzendaritza Nagusiak burutzen dituen eginkizun eta zerbitzuei buruz.

f) Indarra duten legeek esleitzen dioten beste edozein edo Lehendakaritza eta Justiziako zuzendari nagusiak eskatzen dizkionak.

28. artikulua. Justiziako Zerbitzu Juridiko-Administratiboaren egitura.

Justiziako Zerbitzu Juridiko-Administratiboaren mende egonen da Afera Juridikoen eta Justiziako Langileriaren Atala.

29. artikulua. Afera Juridikoen eta Justiziako Langileriaren Atalaren esparrua eta eginkizunak.

Afera Juridikoen eta Justiziako Langileriaren Atalak foru dekretu honetan Justiziaren arloan aipatzen diren eginkizunak burutuko ditu: proposamen arau-emaileak prestatzea, agiriak erregistratu, artxibatu eta zaintzea, jardueren memoriak prestatzea, Zuzendaritza Nagusiaren araubide administratiboa hobetzeko hartzen diren neurriak aplikatzea, zuzendaritza nagusiak tramitatzen dituen espediente administratiboak prestatzea; Justizia Administrazioko langileei dagokienez, langile horien ohiko kudeaketa, Zuzendaritza Nagusiak langile bihurtu eta lanpostuak betetzeko dituen eskumenak betearaztea, eta bitarteko funtzionarioak hautatu eta izendatzea.

6. ATALA

Baliabide Materialen Kudeaketarako Zerbitzua

30. artikulua. Baliabide Materialen Kudeaketarako Zerbitzuaren esparrua eta eginkizunak.

Baliabide Materialen Kudeaketarako Zerbitzuak foru dekretu honetan aipatzen diren eginkizunak izanen ditu ondoko arlo hauetan:

a) Ondasun higiezinei eta antolaketari buruzko espediente eta proiektuak burutzea, Justizia Administrazioaren azpiegiturei, Nafarroako espetxeei eta Zuzendaritza Nagusiari berari dagokienez.

b) Proposamenak eta kudeaketa, baliabide materialez hornitzeko.

c) Lehendakaritza eta Justizia Zuzendaritza Nagusiaren eta Nafarroako organo judizialen ekipamenduaren eta materialen erosketa proposatu eta kudeatzea.

d) Indarra duten legeek esleitzen dioten beste edozein edo Lehendakaritza eta Justizia Zuzendaritza Nagusiak eskatzen dizkionak.

31. artikulua. Baliabide Materialen Kudeaketarako Zerbitzuaren egitura.

Baliabide Materialen Kudeaketarako Zerbitzuak atal hauek ditu bere egituran:

a) Kalitatearen Atala.

b) Ondasun Atala.

32. artikulua. Kalitatearen Atalaren esparrua eta eginkizunak.

Kalitatearen Atalak foru dekretu honetan aurreikusten diren eginkizunak beteko ditu, honako hauekin loturik: beharrak aztertzea, hobekuntzak proposatzea, kontratuak gauzatzea eta betearazpenak eta entregak kontrolatzea, Nafarroako organo judizialen eta Lehendakaritza eta Justizia Zuzendaritza Nagusiaren antolamendu eta funtzionamendu arloetan.

33. artikulua. Ondasun Atalaren esparrua eta eginkizunak.

Ondasun Atalak foru dekretu honetan aipatzen diren eginkizunak burutuko ditu, honako hauekin loturik: beharrak aztertzea, hobekuntzak proposatzea, kontratuak gauzatzea eta exekuzioak eta entregak kontrolatzea, Nafarroako Lehendakaritza eta Justizia Zuzendaritza Nagusiaren zerbitzuko azpiegituren instalazioak eraiki eta mantentzeko arloan.

7. ATALA

Justiziako Gizarte Zerbitzua

34. artikulua. Justiziako Gizarte Zerbitzuaren esparrua eta eginkizunak.

Justiziako Gizarte Zerbitzuak foru dekretu honetan aipatzen diren eginkizunak beteko ditu arlo hauetan:

a) Delituaren biktimei laguntza integrala ematea.

b) Atxilotuak eta presoak gaiberritu eta gizarteratzeko neurriak bultzatu eta koordinatzea.

c) Behar duten organo judizialen sostengu eta laguntza teknikoa ematea, zerbitzuak bere dituen arloetan.

d) Justizia Administrazioarekiko eta bestelako administrazio publiko, entitate, agente eta profesionalekiko harremanak koordinatzea, delituaren biktimei laguntzeko, eta, bereziki, organo judizialek babesteko emandako aginduak koordinatzea, Nafarroako Foru Komunitatean.

e) Lehendakaritza eta Justizia Zuzendaritza Nagusiak ematen dion beste edozein antzeko eginkizun.

35. artikulua. Justiziako Gizarte Zerbitzuaren egitura.

Justiziako Gizarte Zerbitzuaren mende, Nafarroako Delituen Biktimei Laguntzeko eta Organo Judizialekin Aritzeko Atala egonen da.

36. artikulua. Nafarroako Delituen Biktimei Laguntzeko eta Organo Judizialekin Aritzeko Atalaren esparrua eta eginkizunak.

Nafarroako Delituen Biktimei Laguntzeko eta Organo Judizialekin Aritzeko Atalak foru dekretu honetan aipatzen diren eginkizunak beteko ditu arlo hauetan: delituaren biktimei laguntza integrala emateko ezartzen diren neurriak hartzea, Nafarroako Foru Komunitatean babesteko ematen diren aginduei eta delituaren biktimendako eta familia barruko erasogileendako erakundeen arteko protokoloei buruzko ekintza administratiboak koordinatzea.

Orobat, laguntza eta sostengu teknikoa emanen dio Justizia Administrazioari; bitartekotza eta adiskidetze judizialerako eta azterketa judizialetarako aukera ematea, Justizia Administrazioko organoek eskatuta.

III. KAPITULUA

Barne Zuzendaritza Nagusia

1. ATALA

Eskumenen esparru materiala eta egitura

37. artikulua. Barne Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen esparrua.

Barne Zuzendaritza Nagusiak foru dekretu honetan aipatzen diren eginkizunak burutuko ditu, honako hauekin loturik:

a) Segurtasun politikak.

b) Segurtasun publikoa.

c) Udaltzaingoen koordinazioa.

d) Segurtasun, trafiko eta zirkulazioko polizia.

e) Bide segurtasuna.

f) Herritarren babesa, larrialdiak, suteei aurrea hartu eta horiek itzaltzea eta salbamendua.

g) Jokoak eta ikuskizunak.

h) Nafarroako Foru Administrazioetako segurtasun eta larrialdietako langileen prestakuntza.

i) Indarra duten xedapenek Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari esleitzen dizkiotenak, zuzendaritza nagusiak bere duen esparruan.

38. artikulua. Barne Zuzendaritza Nagusiaren egitura.

Barne Zuzendaritza Nagusiak zerbitzu hauek ditu bere egituran:

a) Segurtasun Politikak Garatzeko Zerbitzua.

b) Araubide Juridikoaren eta Langileriaren Zerbitzua.

2. ATALA

Segurtasun Politikak Garatzeko Zerbitzua

39. artikulua. Segurtasun Politikak Garatzeko Zerbitzuaren esparrua eta eginkizunak.

Segurtasun Politikak Garatzeko Zerbitzuak foru dekretu honetan aipatzen diren eginkizunak beteko ditu arlo hauetan:

a) Barne zuzendari nagusiari eta segurtasun arloko gainerako agintariei laguntzea segurtasun publikorako politikak kudeatzen eta segurtasun publikoari buruzko politika publiko, plan eta programak bultzatzen eta orokorrean koordinatzen.

b) Joko eta ikuskizun publikoetarako politikak bultzatu, koordinatu eta kudeatzea.

c) Trafikorako eta bide segurtasunerako politikak bultzatu, koordinatu eta kudeatzea.

d) Nafarroako Gobernuaren ibilgailuen parkeko zerbitzu teknikoak, langileak eta baliabideak antolatu eta kudeatzea.

e) Barneko zuzendari nagusiari eta segurtasun arloko gainerako agintariei Nafarroako segurtasun publikoko sistemako plan eta programak proposatzen eta azaltzen laguntzea.

f) Laguntza teknikoa Nafarroako Herritarren Segurtasunerako Kontseiluari, Nafarroako Udaltzaingoak Koordinatzeko Batzordeari eta Nafarroako Segurtasun Publikoaren Behatokiari eta Nafarroako tokiko segurtasun kontseilu eta batzordeei.

g) Udaltzaingoak koordinatzea.

h) Delituen bilakaera ikusirik, segurtasunerako politikei buruzko azterlan, txosten tekniko eta plan proposamenak prestatzea eta, oro har, Nafarroako segurtasun publikoari buruzkoak; delituen jarraipena egiteko eta Nafarroako Segurtasun Publikoko Sistemak behar dituen adierazle eta estatistikak zehaztu eta mantentzeko azterlan, ikerlan eta txostenak egin eta proposamenak aurkeztea.

i) Segurtasun elementuetako hornidura, zerbitzu eta instalazioak kontratatzeko eta haien mantentze-lanetarako espedienteen tramitazio zentralizatua, larrialdietan baliabide bereziak kontratatzeko espedienteak modu zentralizatuan tramitatzea, eta Nafarroako Gobernuaren bulegoetako segurtasun zerbitzu pribatuak eta segurtasun instalazioak modu zentralizatuan kudeatzea.

j) Barne Zuzendaritzako zerbitzuen kalitatea hobetzeko sistemak proposatu eta ezartzea.

k) Zuzendaritza Nagusiak eskatzen dion beste edozein edo indarra duten xedapenek agintzen dizkiotenak.

40. artikulua. Segurtasun Politikak Garatzeko Zerbitzuaren egitura.

Segurtasun Politikak Garatzeko Zerbitzuak atal hauek ditu bere egituran:

a) Jokoaren eta Ikuskizun Publikoen Atala.

b) Trafiko eta Bide Segurtasunaren Atala.

c) Ibilgailu Parkearen Atala.

d) Udaltzaingoak eta Segurtasun Publikoa Koordinatzeko Atala.

e) Segurtasun Pribatuaren Atala.

41. artikulua. Jokoaren eta Ikuskizun Publikoen Atalaren esparrua eta eginkizunak.

Jokoaren eta Ikuskizun Publikoen Atalak foru dekretu honetan aurreikusitako eginkizunak beteko ditu, honako hauekin loturik: zerbitzuaren eskumenen esparruko administrazio baimenak ematea, baita haiek kontrolatu eta ikuskatzea ere, joko, ikuskizun publiko eta josteta jardueren arloko segurtasun publikoko politiken arau-garapena eta betearazpena, eta Segurtasun Politikak Garatzeko Zerbitzuaren eskumenen eremu materialarekin loturik agintzen zaion beste edozein eginkizun.

42. artikulua. Trafiko eta Bide Segurtasunaren Atalaren esparrua eta eginkizunak.

Trafiko eta Bide Segurtasunaren Atalak foru dekretu honetan aurreikusitako eginkizunak beteko ditu, honako hauekin loturik: zerbitzuaren eskumenen esparruko administrazio baimenak ematea, baita haiek kontrolatu eta ikuskatzea ere, Nafarroako bide segurtasunerako estrategian aurreikusitako jarduerak bultzatu, koordinatu eta ebaluatzea, estrategia horren ondoriozko urteko ekintza planak prestatu, bultzatu, garatu eta ebaluatzea, Bide hezkuntza eta prebentzioko planak abian jarri, garatu eta ebaluatzea, departamentuaren titularrak erabakitzen duen aldiro, eta Segurtasun Politikak Garatzeko Zerbitzuaren eskumenen eremu materialarekin loturik agintzen zaion beste edozein eginkizun.

43. artikulua. Ibilgailu Parkearen Atalaren esparrua eta eginkizunak.

Ibilgailu Parkearen Atalak foru dekretu honetan aurreikusitako eginkizun hauek beteko ditu: Nafarroako Gobernuaren ibilgailuak eta makineria osoki kudeatzea, kudeatzen diren baliabideen eraginkortasuna eta eragimena aldian behin kontrolatzea, Nafarroako Gobernuaren ibilgailuak eta makineria osatzen dituzten elementuen egoera eta beharrak etengabe ebaluatzea, ataleko esparru materialari lotutako azterlan eta proposamenak prestatzea, baliabideak ahalik eta hobekien erabiltzeko, eta Segurtasun Politikak Garatzeko Zerbitzuaren eskumenen eremu materialarekin loturik agintzen zaion beste edozein eginkizun.

44. artikulua. Udaltzaingoak eta Segurtasun Publikoa Koordinatzeko Atalaren esparrua eta eginkizunak.

Udaltzaingoak koordinatzeari buruz Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioari dagozkion eskudantziak kudeatuko ditu Udaltzaingoak eta Segurtasun Sistemak Koordinatzeko Atalak, eta foru dekretu honetan aurreikusitako eginkizunak beteko ditu honako hauei dagokienez: instalazio, zerbitzu eta horniduren kudeaketa administratiboa, Segurtasun Sistema Publikoari lotutako informazio sistemen mantentze-lana eta erosketen kudeaketa, eta Zuzendaritza Nagusi honen eskumeneko segurtasunari lotutako kudeaketako jarduerak eta administrazio prozedurak arrazionalizatu eta arintzea.

Halaber, Udaltzaingoak eta Segurtasun Sistemak Koordinatzeko Atalak foru dekretu honetan aurreikusitako eginkizunak beteko ditu, herrietan Nafarroako Segurtasun Publikoko Sistema osatzen duten partaidetza eta koordinazio organoak abian jarri eta haien funtzionamendua burutzeari dagokienez.

45. artikulua. Segurtasun Pribatuaren Atalaren esparrua eta eginkizunak.

Segurtasun Pribatuaren Atalak segurtasun pribatuko zerbitzu eta sistemak kontratatzeko kudeaketa zentralizatuari lotutako eginkizunak beteko ditu, eta Segurtasun Politikak Garatzeko Zerbitzuaren eskumenen eremu materialarekin loturik agintzen zaion beste edozein eginkizun.

3. ATALA

Araubide Juridikoaren eta Langileriaren Zerbitzua

46. artikulua. Araubide Juridikoaren eta Langileriaren Zerbitzuaren esparrua eta eginkizunak.

1. Araubide Juridikoaren eta Langileriaren Zerbitzuak foru dekretu honetan aipatzen diren eginkizunak izanen ditu ondoko alor hauetan:

a) Zuzendaritza Nagusiko organo zentralei, Foruzaingoari eta Nafarroako Larrialdietako Agentzia erakunde autonomoari sostengu juridikoa ematea.

b) Langileriaren kudeaketa, Foruzaingoko kideei buruz Barne Zuzendaritzaren eskumena diren gaietan.

c) Barne arloan proposamen arau-emaileak prestatzea.

d) Zehapen espedienteak tramitatzea.

e) Diziplina arloko espedienteak tramitatzea Foruzaingoarekin koordinatuta, hala egokitzen denean.

f) Zuzendaritza Nagusiak, foruzainburuak eta Nafarroako Larrialdietako Agentzia erakunde autonomoko zuzendari kudeatzaileak ematen dioten beste edozein eta indarra duten xedapenek esleitzen dizkiotenak.

2. Araubide Juridikoaren eta Langileriaren Zerbitzuak, Foruzaingoari eta Nafarroako Larrialdietako Agentzia erakunde autonomoari atxikiriko langileei dagokienez, Nafarroako Foru Komunitateko eta haren erakunde autonomoetako organoetako langileria arloko eskudantziak zehazten dituen foru dekretuarekin bat, foru dekretu honetan aipatzen diren eginkizunak beteko ditu arlo hauetan:

a) Langile bihurtu, mailaz igo eta lanpostuak betetzeko deialdiak prestatu eta tramitatzea.

b) Proposamenak prestatzea gai hauetan: plantilla organikoa, enplegu eskaintza, lanaldia murrizteko eskaerak, destinoko herrian bizi beharra, lanpostuekiko atxikipenen aldaketak eta zerbitzuaren beharrak direla-eta langileen lekualdaketa.

c) Gaixo-agiriak kudeatu eta tramitatzea, gaixo eta senda-agiriak baiestea eta langileriaren arloko edozein gorabehera.

d) Sindikatuekiko eta ordezkaritza organoekiko harremanak, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak gainbegiraturik.

47. artikulua. Araubide Juridikoaren eta Langileriaren Zerbitzuaren egitura.

Araubide Juridikoaren eta Langileriaren Zerbitzuak atal hauek ditu bere egituran:

a) Giza Baliabideen Atala.

b) Zehapen Prozeduraren Atala.

48. artikulua. Giza Baliabideen Atalaren esparrua eta eginkizunak.

Giza Baliabideen Atalak foru dekretu honetan aurreikusitako eginkizunak beteko ditu polizien eta Foruzaingoari atxikitako langileen arloko kudeaketari dagokionez.

Orobat, Sindikatuekiko eta ordezkaritza organoekiko harremanak, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak gainbegiraturik.

49. artikulua. Zehapen Prozeduraren Atalaren esparrua eta eginkizunak.

Zehapen Prozeduraren Atalak foru dekretu honetan aurreikusitako eginkizunak beteko ditu Barne Zuzendaritza Nagusiaren eskumeneko zehapen prozedurak irekitzeari, instruitzeari eta haien jarraipena egiteari dagokienez.

IV. KAPITULUA

Informatika eta Telekomunikazio Zuzendaritza Nagusia

1. ATALA

Eskumenen esparru materiala eta egitura

50. artikulua. Informatika eta Telekomunikazio Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen esparrua.

1. Informatika eta Telekomunikazio Zuzendaritza Nagusiak foru dekretu honetan aipatzen diren eskudantziak izanen ditu, arlo hauetan:

a) Informazio zerbitzu eta teknologiak, informatikako eta telekomunikazioetako zerbitzuak eta azpiegiturak eta ikus-entzunezko zabalkunde zerbitzuak.

b) Teknologia berriak garatzea Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan.

c) Azpiegitura teknologikoak eta erabiltzaileendako sostengua.

d) Informazio sistemetako segurtasuna.

e) Indarra duten xedapenek Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari esleitzen dizkiotenak, zuzendaritza nagusiak bere duen esparruan.

2. Zuzendaritza Nagusiak, haren Zerbitzuen bidez, bere langileen jarduketak zuzenean kudeatuko ditu, eta enkargatutako edo kontratatutako jardueren jarraipena eta kontrola eginen ditu. Kontratazio espedienteak eta enkarguak kudeatuko ditu, eta kontratazio eta enkarguetarako agindu teknikoen orriak prestatuko ditu, esleitutako giza baliabideen koordinazioa barne.

51. artikulua. Informatika eta Telekomunikazio Zuzendaritza Nagusiaren egitura.

1. Informatika eta Telekomunikazio Zuzendaritza Nagusiak zerbitzu hauek izanen ditu:

a) Informazio Sistema Korporatiboen Zerbitzua.

b) Departamentuetako Informazio Sistemen Zerbitzua.

c) Azpiegitura Teknologikoen eta Euskarri Zentroaren Zerbitzua.

d) Osasun Arloko Informazio Sistemen Zerbitzua.

2. Zuzendaritza Nagusiak Araubide Juridikoaren Atala eta Laguntza Administratiboaren Atala izanen ditu, zuzenean haren mende.

2. ATALA

Informazio Sistema Korporatiboen Zerbitzua

52. artikulua. Informazio Sistema Korporatiboen Zerbitzuaren esparrua eta eginkizunak.

Informazio Sistema Korporatiboen Zerbitzuak foru dekretu honetan aipatzen diren eginkizunak beteko ditu arlo hauetan:

a) Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen informazio sistema eta aplikazio informatiko horizontal guztiak planifikatu, proiektatu, analizatu, garatu, burutu, mantendu eta kudeatzea eta haien bideragarritasuna aztertzea. Batzuk aipatzearren, honako hauek: kudeaketa ekonomiko eta finantzarioko sistema, giza baliabideen kudeaketako sistema, kontratazio elektronikoko sistema, lurraldeari buruzko informazio sistemak (SITNA-NLIS barne), prozedura eta zerbitzu elektronikoetako sistemak (Extr@ barne) –foru dekretu honen 76.3 eta 98. artikuluetan galarazi gabe–, ezagutzaren kudeaketako sistemak, Interneteko sistemak (intranetak, Nafarroako Ataria, Gobernu Irekiaren Ataria, Turismoko Ataria, etab.), erabakitzen laguntzeko sistemak, sinadura, jakinarazpen eta komunikazio elektroniko seguruko sistemak, sarrera erregistroa, sarbide kontrola, artxibo digitala, ordainketa zerbitzua eta datuak egiaztatzeko eta kontsultatzeko zerbitzuak.

b) Ekonomia eta Nafarroako Zerga Ogasunaren arloko informazio sistema eta aplikazio informatiko guztiak, bertikalak edo departamentukoak, planifikatu, proiektatu, analizatu, garatu, burutu, mantendu eta kudeatzea eta haien bideragarritasuna aztertzea.

c) Informatika eta Telekomunikazio Zuzendaritza Nagusiaren zerbitzuen katalogoa kudeatzea.

d) Informatika eta Telekomunikazio Zuzendaritza Nagusiko unitateekin koordinatzea, behar denean, bere eskumenen esparruan jasotako eskaerei dagokienez.

e) Informazio sistema horizontalen eta bertikalen arlo teknologikoan bilakaeraren ildo estrategikoak ezartzea, bere eskumenen esparruan.

f) Bere eskumenen esparruan, informazioaren eta aplikazioen estandar teknologikoak erabiltzeko hedapena, aholkularitza eta lankidetza.

g) Informazio sistema horizontalen eta bertikalen edo departamentukoen estandarizazioa sustatzea, bere eskumenen esparruan.

h) Indarra duten legeek esleitzen dioten beste edozein edo Informatika eta Telekomunikazio Zuzendaritza Nagusiak eskatzen dizkionak.

53. artikulua. Informazio Sistema Korporatiboen Zerbitzuaren egitura.

Informazio Sistema Korporatiboen Zerbitzuak atal hauek ditu bere egituran:

a) Prozedura Elektronikoen Atala.

b) Atariak eta Ezagutza Kudeatzeko Atala.

c) Informazio Sistema Zentralen Atala.

d) Lurraldeko Informazio Sistemen Atala.

54. artikulua. Prozedura Elektronikoen Atalaren esparrua eta eginkizunak.

Prozedura Elektronikoen Atalak foru dekretu honetan aipatzen diren eginkizunak beteko ditu arlo hauetan: Nafarroako Zerga Ogasuna Erakunde Autonomoaren informazio sistemetarako eta aplikazio informatikoetarako proiektuak planifikatu eta kudeatzea eta haien bideragarritasuna aztertzea, prozedura eta zerbitzu elektronikoetako sistemak (Extr@ barne) –foru dekretu honen 76.3 eta 98. artikuluetan ezarritakoa galarazi gabe–, sinadura, jakinarazpen eta komunikazio elektroniko seguruko sistemak, sarrera erregistroa, sarbide kontrola, artxibo digitala, ordainketa zerbitzua, datuak egiaztatzeko eta kontsultatzeko zerbitzuak eta, oro har, Administrazioaren informazioaren eta aplikazioen estandar teknologiko guztiak, bai eta haiek aztertzea eta garatzea eta haien ezarpena prestatzea ere. Halaber, informazioaren eta aplikazioen estandar teknologikoak erabiltzeko hedapena, aholkularitza eta lankidetza egiteko eta informazio sistemak estandarizatzeko behar diren koordinazio lanak eginen ditu. Hori guztia, bere eskumenen esparruan.

55. artikulua. Atariak eta Ezagutza Kudeatzeko Atalaren esparrua eta eginkizunak.

Atariak eta Ezagutza Kudeatzeko Atalak foru dekretu honetan aipatzen diren eginkizunak beteko ditu arlo hauetan: ezagutzaren kudeaketa eta Interneten bidezko edukiak kudeatu, administratu eta argitaratzea, eta, oro har, esparru horretako informazio sistema guztiak, bai eta haiek aztertzea eta garatzea eta haien ezarpena prestatzea ere. Halaber, informazioaren eta aplikazioen estandar teknologikoak erabiltzeko hedapena, aholkularitza eta lankidetza egiteko eta informazio sistemak estandarizatzeko behar diren koordinazio lanak eginen ditu. Hori guztia, bere eskumenen esparruan.

56. artikulua. Informazio Sistema Zentralen Atalaren esparrua eta eginkizunak.

Informazio Sistema Zentralen Atalak foru dekretu honetan aipatzen diren eginkizunak beteko ditu arlo hauetan: kudeaketa ekonomiko eta finantzarioko sistema, giza baliabideak eta kontratazio elektronikoko sistema, erabakitzen laguntzeko sistemak eta, oro har, esparru horren informazio sistema horizontal guztiak, bai eta haiek aztertzea eta garatzea eta haien ezarpena prestatzea ere. Halaber, informazioaren eta aplikazioen estandar teknologikoak erabiltzeko hedapena, aholkularitza eta lankidetza egiteko eta informazio sistemak estandarizatzeko behar diren koordinazio lanak eginen ditu. Hori guztia, bere eskumenen esparruan.

57. artikulua. Lurraldeko Informazio Sistemen Atalaren esparrua eta eginkizunak.

Lurraldeko Informazio Sistemen Atalak foru dekretu honetan aipatzen diren eginkizunak beteko ditu arlo hauetan: Nafarroako Gobernuak lurraldeari buruz dituen informazio sistemak eta, oro har, esparru horren informazio sistema horizontal guztiak, bai eta haiek aztertzea eta garatzea eta haien ezarpena prestatzea ere. Halaber, informazioaren eta aplikazioen estandar teknologikoak erabiltzeko hedapena, aholkularitza eta lankidetza egiteko eta informazio sistemak estandarizatzeko behar diren koordinazio lanak eginen ditu. Hori guztia, bere eskumenen esparruan.

Orobat, Lurraldeko Informazio Sistemen Atalak berariazko eginkizun hauek izanen ditu:

a) Nafarroako Lurraldeari buruzko Informazio Sistemaren (SITNA) Koordinaziorako Batzordearen idazkaritza.

b) Nafarroako Lurraldeari buruzko Informazio Sistemari eta horrekin zerikusia duten azpisistemei buruzko informazio eta zabaltze programak eta ekintzak garatzea, horrela komunikazioa eta sistema horien eskualde, nazio eta nazioarte mailako ezagutza errazteko.

c) Lurraldeari buruzko informazio sistemekin lotutako proiektuak garatu eta haien jarraipena egitea, Espainian zein Europar Batasunean beste instituzio eta erakunde batzuek bultzatutako programetan.

d) Lankidetza eta jarduketa lerroak garatu eta haien jarraipena egitea, lurraldeari buruzko informazio sistemekin lotutako eragile publiko eta pribatuen aurrean, Nafarroan Foru Komunitatean hori garatzeko beharrezko baldintzak lortzeko.

3. ATALA

Departamentuetako Informazio Sistemen Zerbitzua

58. artikulua. Departamentuetako Informazio Sistemen Zerbitzuaren esparrua eta eginkizunak.

Departamentuetako Informazio Sistemen Zerbitzuak foru dekretu honetan aipatzen diren eginkizunak beteko ditu arlo hauetan:

a) Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen informazio sistema eta aplikazio informatiko guztiak, bertikalak edo departamentukoak, planifikatu, proiektatu, analizatu, garatu, burutu, mantendu eta kudeatzea eta haien bideragarritasuna aztertzea, bere eskumenen esparruan.

b) Informazio sistema bertikalen edo departamentukoen arlo teknologikoan bilakaeraren ildo estrategikoak ezartzea, bere eskumenen esparruan.

c) Departamentuetako informazio sistemen unitateak koordinatzea.

d) Informazioaren eta aplikazioen estandar teknologikoak erabiltzeko hedapena, aholkularitza eta lankidetza.

e) Informazio sistema bertikalen edo departamentukoen estandarizazioa sustatzea, bere eskumenen esparruan.

f) Informatika eta Telekomunikazio Zuzendaritza Nagusiko unitateekin koordinatzea, behar denean, bere eskumenen esparruan jasotako eskaerei dagokienez.

g) Indarra duten legeek esleitzen dioten beste edozein edo Informatika eta Telekomunikazio Zuzendaritza Nagusiak eskatzen dizkionak.

59. artikulua. Departamentuetako Informazio Sistemen Zerbitzuaren egitura.

Departamentuetako Informazio Sistemen Zerbitzuak atal hauek ditu bere egituran:

a) Lehendakaritza, Justizia, Barne eta Gizarte Politika Arloetako Proiektuen Atala.

b) Industria, Enplegua, Hezkuntza, Kultura, Turismoa eta Erakunde Harremanak Arloetako Proiektuen Atala.

c) Sustapena, Etxebizitza, Toki Administrazioa, Landa Garapena eta Ingurumena Arloetako Proiektuen Atala.

60. artikulua. Lehendakaritza, Justizia, Barne eta Gizarte Politika Arloetako Proiektuen Atalaren esparrua eta eginkizunak.

Lehendakaritza, Justizia, Barne eta Gizarte Politika Arloetako Proiektuen Atalak foru dekretu honetan aipatzen diren eginkizunak beteko ditu arlo hauetan: informazio sistema eta aplikazio informatiko bertikaletarako proiektuak planifikatu eta kudeatzea eta haien bideragarritasuna aztertzea, bai eta haiek aztertzea eta garatzea eta haien ezarpena prestatzea ere. Halaber, departamentuetako informazio sistemen unitateekin koordinatuko da eta informazioaren eta aplikazioen estandar teknologikoak erabiltzeko eta informazio sistemak estandarizatzeko hedapena, aholkularitza eta lankidetza eginen ditu. Hori guztia, bere eskumenen esparruan.

61. artikulua. Industria, Enplegua, Hezkuntza, Kultura, Turismoa eta Erakunde Harremanak Arloetako Proiektuen Atalaren esparrua eta eginkizunak.

Industria, Enplegua, Hezkuntza, Kultura, Turismoa eta Erakunde Harremanak Arloetako Proiektuen Atalak foru dekretu honen aurreko artikuluan aipatzen diren eginkizunak beteko ditu, bere eskumenaren esparruan.

62. artikulua. Sustapena, Etxebizitza, Toki Administrazioa, Landa Garapena eta Ingurumena Arloetako Proiektuen Atalaren esparrua eta eginkizunak.

Sustapena, Etxebizitza, Toki Administrazioa, Landa Garapena eta Ingurumena Arloetako Proiektuen Atalak foru dekretu honen 60. artikuluan aipatzen diren eginkizunak beteko ditu, bere eskumenaren esparruan.

4. ATALA

Azpiegitura Teknologikoen eta Euskarri Zentroaren Zerbitzua

63. artikulua. Azpiegitura Teknologikoen eta Euskarri Zentroaren Zerbitzuaren esparrua eta eginkizunak.

Azpiegitura Teknologikoen eta Euskarri Zentroaren Zerbitzuak foru dekretu honetan aipatzen diren eginkizunak burutuko ditu ondoko arlo hauetan.

a) Zuzendaritza Nagusiari atxikiriko azpiegituren eta ingurune teknologikoen zerbitzuaren maila zehaztu, proposatu, betearazi, koordinatu, mantendu, garatu eta kudeatzea, Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek erabilitako informazio sistemei sostengua ematen diotenak. Unean-unean hautatzen diren azpiegitura eta inguruneei dagokienez, behar diren estandar eta arau teknikoak zehaztu eta haiek mantendu eta garatzea.

b) Arkitektura teknologikoaren arloan zehazturiko ildo estrategikoak abian jartzeko behar diren proiektu guztiak zehaztu, proposatu, garatu, kontrolatu eta begiratzea.

c) Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek erabilitako informazio sistemen bidez zerbitzua emateko zerbitzuaren mailak zehazten, ezartzen, kontrolatzen eta begiratzen laguntzea.

d) Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako informazio sistemen erabiltzaileei lehen mailako sostengua ematea.

e) Foru Komunitateko Administrazioarendako eta haren erakunde autonomoendako azken erabiltzailearen ekipo informatikoak eta oinarrizko softwarea zehaztu, erosi eta mantentzea.

f) Ikus-entzunezko zabalkunde zerbitzua eta telekomunikazioetako azpiegitura, sare, sistema eta zerbitzuen maila zehaztu, proposatu, betearazi, koordinatu, mantendu, garatu eta kudeatzea, eremu guztietan.

g) Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek bereganatzen ahal dituzten sistemen arloko teknologia berriak ikertu eta garatzea.

h) Informazioaren segurtasunaren arloko politikak eta jarraibideak definitu, koordinatu eta hedatzea eta haien gaineko aholkularitza ematea.

i) Ekoizpen fasean dauden aplikazio eta azpiegituren erabilgarritasuna, errendimendua eta segurtasuna monitorizatzea.

j) Azpiegiturei dagokienez, haien ahalmena planifikatzea, gorabehera masibo larriak kudeatzea eta aldaketak edo garapenak ebaluatzea.

k) Datuak Babesteko Agentziarekin harremanak izan eta koordinatzea, baita segurtasun arloan eskumena duten Estatuko Administrazioaren unitateekin ere.

l) Informatika eta Telekomunikazio Zuzendaritza Nagusiko unitateekin koordinatzea, behar denean, bere eskumenen esparruan jasotako eskaerei dagokienez.

m) Indarra duten legeek esleitzen dioten beste edozein edo Informatika eta Telekomunikazio Zuzendaritza Nagusiak eskatzen dizkionak.

64. artikulua. Azpiegitura Teknologikoen eta Euskarri Zentroaren Zerbitzuaren egitura.

Azpiegitura Teknologikoen eta Euskarri Zentroaren Zerbitzuak atal hauek ditu bere egituran:

a) Azpiegitura Teknologikoen Atala.

b) Telekomunikazio Sistemen Atala.

c) Ekoizpen Atala.

d) Errendimenduaren Kudeaketarako eta Segurtasunerako Atala.

65. artikulua. Azpiegitura Teknologikoen Atalaren esparrua eta eginkizunak.

Azpiegitura Teknologikoen Atalak foru dekretu honetan aipatzen diren eginkizunak beteko ditu arlo hauetan: azpiegitura teknologikoen zerbitzuko maila zehaztu, ezarri, mantendu, garatu eta kudeatzea; azpiegitura arloan estandarrak eta ildo estrategikoak zehaztea; azken erabiltzailearen ekipo informatikoak eta oinarrizko softwarea homologatzea; eta datuen segurtasuna bermatzeko behar diren neurri teknikoak hartzea.

66. artikulua. Telekomunikazio Sistemen Atalaren esparrua eta eginkizunak.

Telekomunikazio Sistemen Atalak foru dekretu honetan aipatzen diren eginkizunak beteko ditu arlo hauetan: telekomunikazio azpiegitura, sare, sistema eta zerbitzuen kudeaketa, numerazio telefonikorako planak, IP numerazioa.

67. artikulua. Ekoizpen Atalaren esparrua eta eginkizunak.

Ekoizpen Atalak foru dekretu honetan aipatzen diren eginkizunak beteko ditu arlo hauetan: erabilitako informazio sistemei loturiko zerbitzuko mailak zehaztea, erabilitako informazio sistemen operazio eredua, administrazioari egiten zaizkion zerbitzu batzuk ekoizten hastearen ondoriozko operazioko lanak.

68. artikulua. Errendimenduaren Kudeaketarako eta Segurtasunerako Atalaren esparrua eta eginkizunak.

Errendimenduaren Kudeaketarako eta Segurtasunerako Atalak dekretu honetan aipatzen diren eginkizunak beteko ditu arlo hauetan: segurtasuna, errendimenduaren kudeaketa, ahalmenaren monitorizazio eta kudeaketa, informazio sistemetan gertatzen diren gorabehera masibo edo larrien jarraipena eta haietan egindako aldaketen ebaluazioa.

5. ATALA

Osasun Arloko Informazio Sistemen Zerbitzua

69. artikulua. Osasun Arloko Informazio Sistemen esparrua eta eginkizunak.

Osasun Arloko Informazio Sistemen Zerbitzuak foru dekretu honetan ezarritako eginkizunak beteko ditu arlo hauetan:

a) Osasun Departamentuaren eta haren erakunde autonomoen informazio sistema eta aplikazio informatiko guztiak, bertikalak edo departamentukoak, planifikatu, proiektatu, analizatu, garatu, burutu, mantendu eta kudeatzea eta haien bideragarritasuna aztertzea.

b) Osasun Departamentuko eta haren erakunde autonomoetako informazio sistemen arlo teknologikoan bilakaeraren ildo estrategikoak ezartzea.

c) Departamentuetako informazio sistemen unitateekin koordinatzea.

d) Osasun Departamentuan eta haren erakunde autonomoetan informazioaren eta aplikazioen estandar teknologikoak erabiltzeko hedapena, aholkularitza eta lankidetza.

e) Osasun Departamentuko eta haren erakunde autonomoetako informazio sistemen estandarizazioa sustatzea.

f) Informatika eta Telekomunikazio Zuzendaritza Nagusiko unitateekin koordinatzea, behar denean, bere eskumenen esparruan jasotako eskaerei dagokienez.

g) Indarra duten legeek esleitzen dioten beste edozein edo Informatika eta Telekomunikazio Zuzendaritza Nagusiak eskatzen dizkionak.

70. artikulua. Osasun Arloko Informazio Sistemen Zerbitzuaren egitura.

Osasun Arloko Informazio Sistemen Zerbitzuak atal hauek ditu bere egituran:

a) Osasun Antolamenduaren Atala.

b) Osasun Historia Elektronikoaren Atala.

c) Arreta Espezializatuko Informazio Sistema Administratiboen Atala.

71. artikulua. Osasun Antolamenduaren Atalaren esparrua eta eginkizunak.

1. Osasun Antolamenduaren Atalak foru dekretu honetan aipatzen diren eginkizunak beteko ditu arlo hauetan: informazio sistemetarako eta aplikazio informatikoetarako proiektuak, bertikalak edo departamentuarenak direnak, Nafarroako osasun sistema publikoaren osasun arloa antolatzea xede dutenak, planifikatu eta kudeatzea eta haien bideragarritasuna aztertzea, aztertu, garatu eta haien ezarpena prestatu ahal izateko.

2. Orobat, foru dekretu honetan aipatzen diren eginkizunak beteko ditu arlo hauetan: Osasun Zuzendaritza Nagusiko eta Lan Osasunaren Institutua eta Osasun Publikoaren Institutua erakunde autonomoetako informazio sistemetarako eta aplikazio informatikoetarako proiektuak, bertikalak edo departamentuarenak, planifikatu eta kudeatzea eta haien bideragarritasuna aztertzea, aztertu, garatu eta haien ezarpena prestatu ahal izateko.

72. artikulua. Osasun Historia Elektronikoaren Atalaren esparrua eta eginkizunak.

Osasun Historia Elektronikoaren Atalak foru dekretu honetan aipatzen diren eginkizunak beteko ditu arlo hauetan: informazio sistemetarako eta aplikazio informatikoetarako proiektuak, bertikalak edo departamentuarenak direnak, Oinarrizko Osasun Laguntza jarduera administratibo eta klinikoa eta Arreta Espezializatuaren jarduera klinikoa sostengatzen dituztenak, planifikatu eta kudeatzea eta haien bideragarritasuna aztertzea, aztertu, garatu eta haien ezarpena prestatu ahal izateko.

73. artikulua. Arreta Espezializatuko Informazio Sistema Administratiboen Atalaren esparrua eta eginkizunak.

Arreta Espezializatuko Informazio Sistema Administratiboen Atalak foru dekretu honetan aipatzen diren eginkizunak beteko ditu arlo hauetan: informazio sistemetarako eta aplikazio informatikoetarako proiektuak, bertikalak edo departamentuarenak direnak, Arreta Espezializatuaren jarduera administratiboa sostengatzen dutenak, planifikatu eta kudeatzea eta haien bideragarritasuna aztertzea, aztertu, garatu eta haien ezarpena prestatu ahal izateko.

6. ATALA

Araubide Juridikoaren Atala

74. artikulua. Araubide Juridikoaren Atalaren esparrua eta eginkizunak.

Araubide Juridikoaren Atalak foru dekretu honetan aipatzen diren eginkizunak beteko ditu ondoko arlo hauetan:

a) Proposamen arau-emaileak aztertu, haien aplikazioa eta garapena aztertu eta prestatzea, telekomunikazioei eta informatikari buruzko arautegiari dagokionez.

b) Proposamen arau-emaileak aztertu, haien aplikazioa eta garapena aztertu eta prestatzea, Foru Komunitateko administrazio elektronikoari eta jarduera administratiboko informazio teknologien erabilerari buruzko arautegiari dagokionez.

c) Esparru juridikoan eta administratiboan zuzendaritza nagusiko unitate guztiei laguntza teknikoa ematea, haien eginkizunak garatzeko, foru dekretu honen bidez beste organo batzuen esku uzten direnak galarazi gabe.

d) Indarra duten legeek esleitzen dioten beste edozein edo Informatika eta Telekomunikazio Zuzendaritza Nagusiak eskatzen dizkionak.

7. ATALA

Laguntza Administratiboaren Atala

75. artikulua. Laguntza Administratiboaren Atalaren esparrua eta eginkizunak.

Laguntza Administratiboaren Atalak foru dekretu honetan aipatzen diren eginkizunak beteko ditu ondoko arlo hauetan:

a) Informatika eta Telekomunikazio Zuzendaritza Nagusiko espediente guztiak tramitatu, artxibatu eta haien administrazio kontrolari eta aurrekontukoari lotutako jarduerak, foru dekretu honetan beste unitate organiko batzuei espres lotutako tramitazioa dutenak izan ezik.

b) Kontu-hartzailetza eta Aurrekontu arloekin eta Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiarekin lan egitea, kontratazio administratiboari lotutako jarduerak bideratzeko.

c) Aurrekontuen eta plangintza ekonomikoaren arloan eskumena duen unitatearekin lan egitea, aurrekontua prestatu, kontrolatu eta hari jarraipena egiteko jarduerak bidera daitezen.

d) Funtzio publikoaren arloan eskumena duen unitatearekin eta departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiarekin lan egitea, Zuzendaritza Nagusiari atxikitako langileen plantilla prestatu, kudeatu, kontrolatu eta hari jarraipena egiteko jarduerak bidera daitezen, baita lotutako datu estatistikoak ere.

e) Zuzendaritza Nagusiko Sarrera eta Irteeren Erregistroa kudeatzea.

f) Atalaren jarduerei buruzko txosten eta memoriak prestatzea.

g) Indarra duten legeek esleitzen dioten beste edozein edo Informatika eta Telekomunikazio Zuzendaritza Nagusiak eskatzen dizkionak.

V. KAPITULUA

Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusia

1. ATALA

Eskumenen esparru materiala eta egitura

76. artikulua. Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen esparrua.

1. Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak foru dekretu honetan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoetako langileen arloko eskudantziak zehazten dituen otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuan aipatzen diren eskudantziak izanen ditu, arlo hauei dagokienez:

a) Langileekiko politika goi mailan zuzendu eta burutzea.

b) Funtzio Publikoari buruzko arautegia.

c) Nafarroako Aurrekontu Orokorretako I. kapitulurako aurreproiektua eta langileen gastuaren kontrola eta jarraipena.

d) Langileen nominak eta gizarte babeseko sistemak.

e) Langileen erregistro nagusia, plantilla organikoa eta enplegu eskaintza publikoa.

f) Langileen izendapenak eta egoera administratiboak.

g) Langile finkoen aldi baterako barne igoera eta langileen aldi baterako kontratazioa.

h) Funtzio publikorako sarrera, mailaz igotzea eta lanpostuak hornitzea.

i) Eskaerak, erreklamazioak eta gora jotzeko errekurtsoak funtzio publikoaren arloan eta langileak ukitzen dituzten ebazpen judizialak betearaztea.

j) Orotariko ikuskapena funtzio publikoaren arloan, langileen bateraezintasunen araubidea eta Nafarroako Foru Komunitateko Gobernuko eta Administrazioko goi mailako kargudunen jarduera eta interesen erregistroaren kudeaketa.

k) Langileen lan-baldintzak negoziatu eta zehaztea.

l) Nafarroako Foru Komunitateko montepioko eta udal funtzionarioen montepioko funtzionarioen klase pasiboen sistema.

m) Onura sozialak.

n) Laneko arriskuei aurrea hartzea.

ñ) Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen erabilera bereziko osasun laguntzaren kudeaketa.

o) Antolaketa eta modernizazio administratiboa.

p) Politika publikoen eta zerbitzu publikoen kalitatearen ebaluazioa.

q) Nafarroako Administrazio Publikoetako langileak prestatu, birziklatu eta hobetzea.

r) Nafarroako toki entitateetarako langileak hautatzea, entitateek hala eskatzen dutenean.

s) Nafarroako sektore publikoarekin lotutako jardunaldiak, sariak, argitalpenak eta beste edozein jarduera.

t) Indarra duten xedapenek Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari esleitzen dizkiotenak, zuzendaritza nagusiak bere duen esparruan.

2. Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak txosten bat emanen du, aginduzkoa izanen dena, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen egitura organiko eta funtzionalari buruzko proposamenen gainean, antolamenduzko alderdiei eta langileria gastuen ukipenari dagokienez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 46. artikuluan xedaturikoarekin bat.

3. Administrazioa Sinplifikatzeko Plan Orokorra ezartzeko prozesua martxan dagoen bitartean, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak honako hauen ardura izanen du: Extr@ espedienteen korporazio kudeatzailea planifikatzea eta kudeatzea eta hura kontratatzeko proposamena egitea, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen unitate organikoetan hura ezartzea prozesu eta prozeduren tramitazioan.

77. artikulua. Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiaren egitura.

Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak zerbitzu hauek ditu bere egituran:

a) Langileriaren Gastuaren Kontrolaren eta Nominen Zerbitzua.

b) Langileriaren Kudeaketako Zerbitzua.

c) Lan Harremanen eta Antolamenduaren Zerbitzua.

d) Gizarte Prestazioen Zerbitzua.

e) Antolaketa eta Modernizazio Zerbitzua.

f) Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutua.

2. ATALA

Langileriaren Gastuaren Kontrolaren eta Nominen Zerbitzua

78. artikulua. Langileriaren Gastuaren Kontrolaren eta Nominen Zerbitzuaren esparrua eta eginkizunak.

Langileriaren Gastuaren Kontrolaren eta Nominen Zerbitzua Zerbitzuak foru dekretu honetan aipatzen diren eginkizunak beteko ditu foru dekretu honen 76. artikuluaren 1. idatz-zatiko c) eta d) idatz-zatietan aipatutako arloetan.

79. artikulua. Langileriaren Gastuaren Kontrolaren eta Nominen Zerbitzuaren egitura.

Langileriaren Gastuaren Kontrolaren eta Nominen Zerbitzuak atal hauek ditu bere egituran:

a) Aurrekontuaren Kudeaketa eta Kontrolaren Atala.

b) Nominen eta Gizarte Segurantzaren Atala.

80. artikulua. Aurrekontuaren Kudeaketa eta Kontrolaren Atalaren esparrua eta eginkizunak.

Aurrekontuaren Kudeaketa eta Kontrolaren Atalak foru dekretu honetan aipatzen diren eginkizunak beteko ditu arlo hauetan: Aurrekontuaren I. kapituluaren aurreproiektua eta hura gauzatzea, baita Foru Komunitatearen Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileriaren gastuen kontrola eta jarraipena ere.

81. artikulua. Nominen eta Gizarte Segurantzaren Atalaren esparrua eta eginkizunak.

Nominen eta Gizarte Segurantzaren Atalak foru dekretu honetan aipatzen diren eginkizunak beteko ditu arlo hauetan: Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiaren eskumenekoak diren langileen nomina, Gizarte Segurantza eta gizarte babeseko gainerako araubideak, Nafarroako Administrazio Publikoetako montepioetako funtzionarioei dagokiena izan ezik; eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen esparruetan kudeaturiko nominaren koadratzea, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak pagatzeko agindua eman aurretik egin behar dena.

3. ATALA

Langileriaren Kudeaketako Zerbitzua

82. artikulua. Langileriaren Kudeaketako Zerbitzuaren esparrua eta eginkizunak.

Langileriaren Kudeaketako Zerbitzuak foru dekretu honetan aipatzen diren eginkizunak beteko ditu foru dekretu honen 76. artikuluaren 1. idatz-zatiko e), f), g) eta h) letretan aipatutako arloetan.

83. artikulua. Langileriaren Kudeaketako Zerbitzuaren egitura.

Langileriaren Kudeaketako Zerbitzuak atal hauek ditu bere egituran:

a) Langileriaren Erregistro Nagusiaren Atala.

b) Barne-Igoerako eta Aldi Baterako Kontratuetarako Atala.

c) Hautapen eta Hornikuntza Atala.

84. artikulua. Langileriaren Erregistro Nagusiaren Atalaren esparrua eta eginkizunak.

Langileriaren Erregistro Nagusiaren Atalak foru dekretu honetan aipatzen diren eginkizunak beteko ditu arlo hauetan: Langileriaren Erregistro Nagusia eta bertan dauden datuen ziurtagiriak, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiaren mendeko langileen espedienteak, lan eskaintza publikoa eta plantilla organikoa.

85. artikulua. Barne-Igoerako eta Aldi Baterako Kontratuetarako Atalaren esparrua eta eginkizunak.

Barne-Igoerako eta Aldi Baterako Kontratuetarako Atalak foru dekretu honetan aipatzen diren eginkizunak beteko ditu, honako hauekin loturik: administrazio eta lan araubideetako langileen kontratazioa eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileen aldi baterako barne-igoera, beste organo batzuei gai horien gain ematen zaizkien eskumenak deusetan eragotzi gabe.

86. artikulua. Hautapen eta Hornikuntza Atalaren esparrua eta eginkizunak.

Hautapenaren eta Hornikuntzaren Atalak foru dekretu honetan aurreikusitako eginkizunak beteko ditu, honako hauei dagokienez: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sartzeko, mailaz igotzeko eta lanpostuak hornitzeko deialdiak, beste organo batzuei gai horien gainean ematen zaizkien eskumenak deusetan eragotzi gabe. Orobat, langileriaren izendapenak, egoerak eta gainontzeko gorabehera administratiboak kudeatuko ditu.

4. ATALA

Lan Harremanen eta Antolamenduaren Zerbitzua

87. artikulua. Lan Harremanen eta Antolamenduaren Zerbitzuaren esparrua eta eginkizunak.

Lan Harremanen eta Antolamenduaren Zerbitzuak foru dekretu honetan, 76. artikuluaren 1. idatz-zatiko i), j) eta k) letretan aipatzen diren arloei dagokienez, ezartzen diren eginkizunak beteko ditu:

88. artikulua. Lan Harremanen eta Antolamenduaren Zerbitzuaren egitura.

Lan Harremanen eta Antolamenduaren Zerbitzuak atal hauek ditu bere egituran:

a) Araubide Juridikoaren Atala.

b) Ikuskatzailetza Orokorraren eta Afera Sindikalen Atala.

89. artikulua. Araubide Juridikoaren Atalaren esparrua eta eginkizunak.

Araubide Juridikoaren Atalak foru dekretu honetan aipatzen diren eginkizunak beteko ditu arlo hauetan: arauzko xedapenen eta ebazpen administratiboen aurreproiektuak, langileriaren arloko eskaerak, erreklamazioak eta errekurtso administratiboak, organo judizialei espediente eta agiri administratiboak igortzea, eta funtzio publikoaren arloko epaiak betearaztea.

90. artikulua. Ikuskatzailetza Orokorraren eta Afera Sindikalen Atalaren esparrua eta eginkizunak.

Ikuskatzailetza Orokorraren eta Afera Sindikalen Atalak foru dekretu honetan aipatzen diren eginkizunak beteko ditu arlo hauetan: ikuskatzailetza orokorrari eta langileen bateraezintasunen araubideari dagokienez ezartzen direnak, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernuko eta Administrazioko goi mailako kargudunen jarduera eta interesen erregistroa eta langileen ordezkaritza organoekiko harremanak ere bai.

5. ATALA

Gizarte Prestazioen Zerbitzua

91. artikulua. Gizarte Prestazioen Zerbitzuaren esparrua eta eginkizunak.

Gizarte Prestazioen Zerbitzuak foru dekretu honetan aurreikusitako eskudantziak beteko ditu, foru dekretu honen 76. artikuluaren 1. idatz-zatiko l), m), n) eta ñ) letretan aipatzen diren arloei dagokienez.

92. artikulua. Gizarte Prestazioen Zerbitzuaren egitura.

Gizarte Prestazioen Zerbitzuak atal hauek ditu bere egituran:

a) Montepioak eta Onura Sozialak Kudeatzeko Atala.

b) Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Atala.

c) Osasun Laguntzaren Atala.

93. artikulua. Montepioak eta Onura Sozialak Kudeatzeko Atalaren esparrua eta eginkizunak.

Montepioak eta Onura Sozialak Kudeatzeko Atalak foru dekretu honetan Nafarroako Foru Komunitateko montepioko eta udal funtzionarioen montepioko funtzionarioen klase pasiboen sistemari dagokienez ezartzen diren eginkizunak beteko ditu eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta erakunde autonomoetako langileendako eskuarki ezarri diren prestazio eta onura sozialak ere bai.

94. artikulua. Laneko Arriskuei Aurrea Hartzeko Atalaren esparrua eta eginkizunak.

Laneko Arriskuei Aurrea Hartzeko Atalak foru dekretu honetan aipatzen diren eginkizunak beteko ditu Foru Komunitatearen Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileen laneko arriskuei aurrea hartzeari dagokionez.

95. artikulua. Osasun Laguntzako Atalaren esparrua eta eginkizunak.

Osasun Laguntzako Atalak foru dekretu honetan aipatzen diren eginkizunak beteko ditu Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionario aktibo eta pasiboen Erabilera Bereziko Osasun Laguntzaren kudeaketari dagokionez.

6. ATALA

Antolaketa eta Modernizazio Zerbitzua

96. artikulua. Antolaketa eta Modernizazio Zerbitzuaren esparrua eta eginkizunak.

Antolaketa eta Modernizazio Zerbitzuak foru dekretu honetan aurreikusitako eskudantziak beteko ditu, foru dekretu honen 76. artikuluaren 1. idatz-zatiko o) eta p) letretan eta 2. eta 3. idatz-zatietan aipatzen diren arloei dagokienez.

97. artikulua. Antolaketa eta Modernizazio Zerbitzuaren egitura.

Antolaketa eta Modernizazio Zerbitzuak atal hauek ditu bere egituran:

a) Antolaketa Atala.

b) Modernizazio Atala.

c) Ebaluazio eta Kalitate Atala.

98. artikulua. Antolaketa Atalaren esparrua eta eginkizunak.

Antolaketa Atalak foru dekretu honetan aipatzen diren eginkizunak beteko ditu arlo hauetan: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen prozesuak diseinatzea eta antolamenduzko alderdiei eta egitura organiko eta funtzionalaren gaineko proposamenei buruzko txostenak egitea. Halaber, Extr@ espedienteen korporazio kudeatzailearen kudeaketa eta administrazioa sinplifikatzeko eta administrazio kargak murrizteko programena hartuko ditu bere gain.

99. artikulua. Modernizazio Atalaren esparrua eta eginkizunak.

Modernizazio Atalak foru dekretu honetan aipatzen diren eginkizunak beteko ditu arlo hauetan: kudeaketa publikoa eraldatzeko eta hartan berrikuntzak sartzeko azterlanak, txostenak eta jarduketa proposamenak egitea eta administrazio elektronikoa sustatu eta garatzea. Halaber, modernizazio, berrikuntza eta administrazio elektroniko arloetako aholkularitza emanen die toki entitateei.

100. artikulua. Ebaluazio eta Kalitate Atalaren esparrua eta eginkizunak.

Ebaluazio eta Kalitate Atalak foru dekretu honetan aipatzen diren eginkizunak beteko ditu arlo hauetan: Administrazioan kalitatea etengabe hobetzeko esparru orokorra diseinatu eta garatzea eta langileak sentsibilizatu eta gaitzea ebaluazio eta kalitate arloetan, bai eta departamentuetan eta erakunde autonomoetan sustatzea ere. Halaber, Nafarroako Politika Publikoen eta Zerbitzu Publikoen Kalitatearen Ebaluaziorako Foru Batzordeari laguntza emanen dio eta bere erabakiak garatuko ditu.

7. ATALA

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutua

101. artikulua. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren esparrua eta eginkizunak.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak foru dekretu honetan aipatzen diren eginkizunak beteko ditu foru dekretu honen 76. artikuluaren 1. idatz-zatiko q), r) eta s) idatz-zatietan aipatutako arloetan.

102. artikulua. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren egitura.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak atal hauek ditu bere egituran:

a) Prestakuntza eta Garapen Atala.

c) Euskara eta Hizkuntza Komunitarioen Atala.

c) Psikologia Aplikatuaren Atala.

103. artikulua. Prestakuntza eta Garapen Atalaren esparrua eta eginkizunak.

Prestakuntza eta Garapen Atalak foru dekretu honetan aurreikusitako eginkizunak beteko ditu, honako hauei dagokienez: Nafarroako Administrazio Publikoetako langileen prestakuntza eta garapen profesionala, deusetan galarazi gabe arlo horietan beste organo batzuek esleiturik dituzten eskumenak.

104. artikulua. Euskara eta Hizkuntza Komunitarioen Atalaren esparrua eta eginkizunak.

Euskara eta Hizkuntza Komunitarioen Atalak foru dekretu honetan aurreikusitako eginkizunak beteko ditu, honako arlo hauetan: Nafarroako Administrazio Publikoetako langileek euskara eta eta Europar Batasuneko hizkuntzak ikastea eta horietan hobetzea eta prestakuntza jardueretan edo hautapen prozesuetan hizkuntzen ezagutzak egiaztatzeko probak egitea.

105. artikulua. Psikologia Aplikatuaren Atalaren esparrua eta eginkizunak.

Psikologia Aplikatuaren Atalak foru dekretu honetan aurreikusitako eginkizunak beteko ditu, honako honi dagokionez: txostenak egitea Nafarroako Administrazio Publikoetako langileek lanpostuak betetzeko dituzten egokitasunari eta gaitasunari buruz. Orobat, langile horiek sartzeko hautapenean laguntza emanen du, eta haien orientazio profesionala gidatuko du, beharrezkoa denean orientazio berri bat, garapen profesionala edo lan aldaketa bat.

VI. KAPITULUA

Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusia

106. artikulua. Idazkaritza Tekniko Nagusiaren egitura.

Idazkaritza Tekniko Nagusiak atal hauek ditu:

a) Araubide Juridikoaren Atala.

b) Barne Araubideko Atala.

c) Ekonomia Atala.

d) Estatistiken eta Informazio Kudeaketaren Atala.

107. artikulua. Araubide Juridikoaren Atalaren esparrua eta eginkizunak.

Araubide Juridikoaren Atalak foru dekretu honetan aipatzen diren eskumenak erabiliko ditu, honako hauekin loturik: idazkaritza tekniko nagusiak arautzen dituen Erregelamenduaren 5. artikuluan eta 6. artikuluko a), b) eta c) idatz-zatietan aipatzen diren eskudantzia juridiko, tekniko eta administratiboak, 9. artikuluko a) idatz-zatian aipatzen den eginkizuna, departamentuaren jarduketa esparruan ondareko erantzukizunagatik sortzen diren espedienteen tramitazioa eta aurrekoei lotuak, kudeatzen duen esparruari badagozkio.

108. artikulua. Barne Araubideko Atalaren esparrua eta eginkizunak.

Barne Araubideko Atalak foru dekretu honetan aipatzen diren eginkizunak beteko ditu arlo hauetan: Nafarroako Foru Komunitateko eta haren erakunde autonomoetako organoetako langileria arloko eskudantziak zehazten dituen foru dekretuan idazkaritza tekniko nagusiei langileriaren arloan esleitzen zaizkienak.

Orobat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko idazkaritza tekniko nagusiak arautzen dituen Erregelamenduaren 6. artikuluko e), g) eta h) idatz-zatietan aipatzen diren eginkizun administratiboak beteko ditu eta, horiekin lotuak egonik, berak kudeatzen duen esparruari dagozkionak.

109. artikulua. Ekonomia Atalaren esparrua eta eginkizunak.

Atal Ekonomikoak foru dekretu honetan aipatzen diren eginkizunak burutuko ditu, honako hauekin loturik: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko idazkaritza tekniko nagusiak arautzen dituen Erregelamenduaren 8. artikuluan aurrekontuari buruz aipatzen diren eskumenak eta, aurrekoei lotuak, kudeatzen duen esparruari badagozkio. Horretaz gain, indarreko xedapenek esleitzen dioten beste edozein, edo agintzen zaizkionak.

110. artikulua. Estatistiken eta Informazio Kudeaketaren Atalaren esparrua eta eginkizunak.

Estatistiken eta Informazio Kudeaketaren Atalak foru dekretu honetan aipatzen diren eginkizunak beteko ditu 6. artikuluko j) idatz-zatian ezarritako eskumen tekniko administratiboei dagokienez; bereziki, departamentuaren web orria mantendu eta eguneratzea, baita departamentuaren informazio sistemako hobekuntzak sustatu, aholkatu eta koordinatzea ere, eta Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko idazkaritza tekniko nagusiak arautzen dituen erregelamenduaren 9. artikuluko b) idatz-zatian aurreikusitako eginkizuna; orobat, horiekin lotuak egonik, haren kudeaketa esparruari dagozkionak.

VII. KAPITULUA

Nafarroako Administrazio Auzitegia

111. artikulua. Atxikipena, eginkizunak eta egitura.

1. Nafarroako Administrazio Auzitegia Lehendakaritza eta Justizia Zuzendaritza Nagusiari atxiki zaio eta bere erregelamendu organikoaren arabera arautuko da.

2. Nafarroako Administrazio Auzitegiak zerbitzuen maila organikoa du. Hiru atal eta idazkaritza bat ditu bere egituran, erregelamendu organikoak ematen dizkion eginkizunak burutuko dituztenak.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenbiziko xedapen gehigarria.–Eskumenak banatzeko betebehar orokorrak.

1. Indarra duten arauek organo bati ematen dizkioten eskumenak hierarkian menpeko diren beste organo batzuen artean banatzen ahal dira, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko den xedapen orokor baten bitartez, eskumenak esleitzeko arauetan finkatutako baldintzak bete beharra galarazi gabe.

2. Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak eraginik gabe uzten ahalko du xedapen gehigarri honetan aipatzen den eskumenen banaketa, foru agindu baten bidez. Foru agindu hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.

Bigarren xedapen gehigarria.–Eskumenak banatzea.

1. Departamentuko zuzendari nagusiei dagokie, kasuan kasuko eskumenen esparruan, kontratazio arloan indarra duen legeriak Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari ematen dizkion eskudantzia administratiboen titulartasuna eta erabilera.

2. Barneko zuzendari nagusiei dagokio, kasuan kasuko eskumenen esparruan, arau-hauste arin eta larriengatik zehapen espedienteen gainean ebazteko indarra duen legeriak Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari ematen dizkion eskudantzia administratiboen titulartasuna eta erabilera.

3. Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiari dagokio Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legeak, langileen gastuaren kapituluaren barrenean aurrekontuko mugimendu eta transferentzien arloan, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren esku uzten dituen eskudantzia administratiboen titulartasuna eta erabilera.

Hirugarren xedapen gehigarria.–Aholkularitza Juridikoaren jarduketari buruzko arau prozesalak.

1. Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuak, jardun ahal izateko (kereilak aurkeztea barne), aldez aurretik Nafarroako Gobernuak, eskumen hori bere duen kontseilariak edo erakunde autonomoko organo eskudunak hala erabaki beharko du. Dena dela, akzioen eskaintza egonez gero, Aholkularitza Juridikoak zuzenean egin ahalko ditu, departamentuak edo erakunde autonomo eskudunak txostena egin ondoren.

Kasuan kasuko departamentuak edo erakunde autonomoak proposaturik aurkeztuko ditu salaketak Aholkularitza Juridikoak.

2. Foru Komunitatearen Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako agintari, funtzionario eta langileak epaiketan ordezkatu eta defendatzeko, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren baimena beharko da aldez aurretik, zein departamenturen edo erakunde autonomoren mende dauden, hark proposatuta.

3. Arlo jurisdikzionalen kontrako ebazpenik emanez gero, Aholkularitza Juridikoak aurkeztuko ditu errekurtso arruntak, lan arlo jurisdikzionaleko erregu-errekurtsoa barne, kasuan kasuko departamentu edo erakundeak kontrako jakinarazpenik adierazten ez duten bitartean. Errekurtso berezien kasuan, gaiaren eskumena duen departamentuak edo erakundeak proposatu beharko du, prestatu edo aurkeztu ahal izateko.

Aholkularitza Juridikoak errekurtsoak bertan behera utzi ahal izateko, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren baimena beharko du, dagokion departamentuak edo erakunde autonomoak txostena eman ondoren.

4. Aholkularitza Juridikoak prozesuak bertan behera uzteko, haiei ekiteko eskumena duen organoak baimena eman beharko du aldez aurretik. Transakzioa egiteko eta amore emateko, aldez aurretik Nafarroako Gobernuaren baimena beharko da.

5. Aholkularitza Juridikoak konstituziokontrakotasuneko errekurtsoak aurkeztu ahal izateko eta konstituziokontrakotasuneko errekurtsoetan eta konstituzionaltasuneko bestelako auzietan agertu eta jardun ahal izateko, Nafarroako Gobernuak aldez aurretik halaxe erabaki beharko du. Babespen errekurtsoa aurkeztuz gero edo horietan agertu edo parte hartuz gero, gaiaren eskumena duen departamentu edo erakundeari berehalaxe jakinaraziko dio.

6. Kasuan kasuko departamentu edo erakunde autonomoak bete edo betearaziko ditu epaileen ebazpenak, administrazioak pagatu beharreko kostuak barne, Aholkularitza Juridikoaren prozesuko jarduketak eta aholkuak deusetan galarazi gabe.

7. Estatuari eta Erakunde Publikoei Laguntza Juridikoa emateko azaroaren 27ko 52/1997 Legea aplikatuko da, bidezko denean.

Laugarren xedapen gehigarria.–Aholkulari juridikoen berezko eginkizunak.

1. Foru dekretu honen 11. artikuluan ezartzen den Aholkularitza Juridikoaren egitura organikoak ez dio eragotziko aholkulari juridikoak bere dituen eginkizunetan aritzea, Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuaren eskumeneko edozein esparrutan, Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuko zuzendariak hala agintzen dionean.

2. Administrazioko Auzien, Zerga Aferen, Afera Zibilen, Afera Penalen, Lan Aferen eta Konstituzio Aferen ataletako burutzak Nafarroako Gobernuko aholkulari juridikoek bakar-bakarrik beteko dituzte.

Bosgarren xedapen gehigarria.–Hainbat zuzendaritza nagusi, zerbitzu zuzendaritza eta atalburutzatarako izendapenak eta haietan jarduteko baldintzak.

1. Berretsi egiten da, egin zen baldintza beretan, Gobernu Irekiaren eta Teknologia Berrien zuzendari nagusiaren izendapena, hemendik aitzina haren izena Informatikako eta Telekomunikazioko zuzendari nagusia izanen baita.

2. Honako izendapen hauek berresten dira, egin ziren baldintza berberetan:

a) Lehendakaritza eta Justizia Zuzendaritza Nagusian:

–Gobernuaren Idazkaritzako eta Gardentasun Publikoaren Koordinazioko Ataleko buruarena, hemendik aurrera Gobernuaren Idazkaritza Ataleko burua izanen baita.

b) Informatika eta Telekomunikazio Zuzendaritza Nagusiaren egitura:

–Extranet eta Intranet Ataleko buruarena, hemendik aurrera Atariak eta Ezagutza Kudeatzeko Ataleko burua izanen baita.

–Proiektu Korporatiboen Ataleko buruarena, hemendik aurrera Informazio Sistema Zentralen Ataleko burua izanen baita.

–Hezkuntza, Gizarte Politika eta Toki Administrazioa Arloetako Proiektuen Ataleko buruarena, hemendik aurrera Lehendakaritza, Justizia, Barne eta Gizarte Politika Arloetako Proiektuen Ataleko burua izanen baita.

–Industria, Enplegua, Kultura, Turismoa eta Erakunde Harremanak Arloetako Proiektuen Ataleko buruarena, hemendik aurrera Industria, Enplegua, Hezkuntza, Kultura, Turismoa eta Erakunde Harremanak Arloetako Proiektuen Ataleko burua izanen baita.

–Sustapena, Etxebizitza, Landa Garapena eta Ingurumena Arloetako Proiektuen Ataleko buruarena, hemendik aurrera Sustapena, Etxebizitza, Toki Administrazioa, Landa Garapena eta Ingurumena Arloetako Proiektuen Ataleko burua izanen baita.

c) Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusian:

–Antolaketa eta Modernizazio Zerbitzuko zuzendariarena.

–Antolaketa eta Modernizazio Zerbitzuko Antolaketa Ataleko buruarena.

–Antolaketa eta Modernizazio Zerbitzuko Modernizazio Ataleko buruarena.

–Antolaketa eta Modernizazio Zerbitzuko Ebaluazio eta Kalitate Ataleko buruarena.

Seigarren xedapen gehigarria.–Unitate organikoak kentzea.

1. Gobernu Irekiaren eta Teknologia Berrien Zuzendaritza Nagusia kentzen da.

2. Lehendakaritza eta Justizia Zuzendaritza Nagusiko unitate organiko hauek kentzen dira:

–Gobernuaren Idazkaritzako eta Gardentasun Publikoaren Koordinazioko Atala.

3. Informatika eta Telekomunikazio Zuzendaritza Nagusiko unitate organiko hauek kentzen dira:

–Informazio Sistemen Segurtasuneko Zerbitzua.

–Jarduera Ekonomikoak Tramitatzeko Atala.

–Gobernu Irekiaren Atala.

–Extranet eta Intranet Atala.

–Proiektu Korporatiboen Atala.

–Hezkuntza, Gizarte Politika eta Toki Administrazioa Arloetako Proiektuen Atala.

–Industria, Enplegua, Kultura, Turismoa eta Erakunde Harremanak Arloetako Proiektuen Atala.

–Sustapena, Etxebizitza, Landa Garapena eta Ingurumena Arloetako Proiektuen Atala.

Zazpigarren xedapen gehigarria.–Lege erreferentziak.

1. Foru dekretu honetan esleitutako eginkizunetan eragina duten egungo araudiko aipamen organiko eta funtzionalak foru dekretu horretan arautzen diren organo eta unitateentzat direla ulertuko da.

2. Nafarroako Segurtasun Eskolaren antolamendu eta funtzionamendurako Erregelamendua onetsi zuen irailaren 12ko 113/2005 Foru Dekretuan Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari aipamenak egiten zaizkion lekuan Barneko zuzendari nagusiari eginak ulertu behar dira, edo, kasua bada, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari eginak.

3. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan herritarrei informazioa eta arreta emateko zerbitzuak arautzen dituen irailaren 6ko 54/2010 Foru Dekretuan Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari, Modernizazioaren eta Administrazio Elektronikoaren Zuzendaritza Nagusiari eta Antolaketa eta Modernizaziorako eta Herritarren Parte-hartze eta Arretarako Zerbitzuari aipamenak egiten zaizkien lekuan Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuari, Komunikazio Zuzendaritza Nagusia-Nafarroako Gobernuaren Eledunaren Bulegoari eta Komunikazio Zerbitzuari, hurrenez hurren, eginak ulertu behar dira, egiturako organikoko foru dekretuan esleitzen zaien eskumenen esparruan.

Zortzigarren xedapen gehigarria.–Zenbait unitate betetzeko baldintzak.

1. Informatika eta Telekomunikazio Zuzendaritza Nagusiko eta Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiko ataletako burutza berriek zuzendaritza nagusi horietako atalburutzen dedikazio araubide bera izanen dute.

2. Foruzaingoko edo Nafarroako Larrialdietako Agentziako Prebentzio, Su-itzaltze eta Salbamenduko kide bat denean Segurtasun Eskolako zuzendari, horrek, ondorio guztietako, kasuan kasuko kidegoko kide izaten segituko du, eta zerbitzuetako zuzendariei dagokien lansaria kobratuko du, hori goragokoa bada.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenbiziko xedapen iragankorra.–Unitateen jarraipena.

Foru dekretu hau garatzeko neurriak hartu bitartean, atalak baino maila txikiagokoak diren unitate organikoek berdin jarraituko dute eta oraingo izenari eta eginkizunei eutsiko diete. Behin-behinekotasunez, egitura berriko organoei atxikiko zaizkie, orain arte izan dituzten eginkizunekin bat.

Bigarren xedapen iragankorra.–Langileen arloko eskudantziak.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoetako langileen arloko eskudantziak zehazten dituen otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretua aldatzen ez den bitartean, haren 12. artikuluan NAPI erakunde autonomoari esleitutako langileriaren arloko eskumenak Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiari esleitu zaizkiola ulertuko da.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indargabetu egiten dira foru dekretu honetan xedatutakoaren kontrakoak diren maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak. Bereziki, arau hauek indargabetzen dira:

–69/2012 Foru Dekretua, uztailaren 25ekoa, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duena.

–79/2005 Foru Dekretua, maiatzaren 30ekoa, Nafarroako Gobernuaren Interneteko ataria arautu eta hartarako Departamentu arteko Batzordea sortzen duena.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetan lehena.–Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen uztailaren 2ko 34/2012 Foru Dekretua aldatzea.

Uztailaren 2ko 34/2012 Foru Dekretuaren artikulu bakarraren 1. idatz-zatiko c) letra aldatu da. Hona testu berria: “Informatika eta Telekomunikazio Zuzendaritza Nagusia”.

Azken xedapenetan bigarrena.–Aurrekontu aldaketak.

Ahalmena ematen zaio Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari foru dekretu honetan ezarritakoa betetzeko beharrezkoak diren aurrekontu aldaketak egin ditzan.

Azken xedapenetan hirugarrena.–Garatzeko ahalmenak.

Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari ahalmena ematen zaio foru dekretu honetan ezarritakoa garatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken xedapenetan laugarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2014ko urtarrilaren 29an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.–Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilaria, Javier Morrás Iturmendi.

Iragarkiaren kodea: F1401230