23. ALDIZKARIA - 2014ko otsailaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

11/2014 FORU DEKRETUA, urtarrilaren 29koa, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen uztailaren 25eko 67/2012 Foru Dekretua aldatzen duena.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean xedatutakoari jarraikiz, Nafarroako Gobernuari dagokio departamentu bakoitzaren egitura organikoa onestea.

Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariak ekainaren 22an emandako 11/2012 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezarri zen, eta uztailaren 2ko 33/2012 Foru Dekretuaren bidez, berriz, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuaren oinarrizko egitura.

Uztailaren 25eko 67/2012 Foru Dekretuaren bidez, aipatu departamentuaren egitura organikoa ezarri zen. Bertan, departamentuko administrazio unitate guztiak eta bakoitzari dagozkion eginkizunak zehatz-mehatz arautu ziren.

Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariak urtarrilaren 22an emandako 1/2014 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariak ekainaren 22an emandako 11/2012 Foru Dekretua aldatu da, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuari hainbat eskumen esleituz; horren ondorioz, bidezkoa da departamentuaren egitura organikoa aldatzea.

Horiek horrela, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2014ko urtarrilaren 29an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra. 67/2012 Foru Dekretua, uztailaren 25ekoa, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duena aldatzea.

Bat. 1. artikulua aldatu da. Hona testu berria:

“1. artikulua. Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuaren eskumenen esparrua.

Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuari dagokio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak honako arlo hauetan bereganatuak dituen eskumenak gauzatzea: kultur ondarea babestu eta handitzea; herritarrek kulturarako sarbidea izateko erraztasunak ematea; Nafarroako turismo sektorea antolatu eta bultzatzea; barne merkataritza eta eskulangintza antolatu eta sustatzea; Lehendakariari laguntzea; Parlamentuarekiko eta Foru Komunitateko, autonomia erkidegoetako, Espainiako eta Europako beste erakunde batzuekiko harremanak; Nafarroako Gobernuaren erakunde irudia babestu, garatu eta sustatzea; Europar Batasuneko erakundeetan parte hartzea; informazio politika koordinatzea; herritarrentzako arreta; hedabideak; Nafarroako Gobernuaren agerpena Interneten eta sare sozialetan; Foru Komunitatetik kanpo bizi diren nafarrekiko eta Nafarroako Etxe eta Zentroekiko koordinazioa; Gobernuaren eledunaren eginkizunak; bai eta indarra duten xedapenetan emandako gainerako eskudantziak ere.”

Bi. 55. artikulua aldatu da. Hona testu berria:

“55. artikulua. Komunikazio Zuzendaritza Nagusia-Nafarroako Gobernuaren Eledunaren Bulegoaren eskumenen esparrua.

Komunikazio Zuzendaritza Nagusia-Nafarroako Gobernuaren Eledunaren Bulegoak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu arlo hauetan:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuetako politika informatiboak koordinatzea.

b) Kontseilariari Nafarroako Gobernuaren eledun lanetan laguntzea.

c) Komunikabideekiko harremanez arduratzea.

d) Ikus-entzunezko komunikazio zerbitzua.

e) Nafarroako Gobernuaren agerpena Interneten, navarra.es informazio eta zerbitzuen atariaren bidez.

f) Nafarroako Gobernuaren agerpena sare sozialetan eta komunikazioaren teknologien bidezko beste bide batzuetan.

g) Herritarrentzako arreta.

h) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren tramite eta zerbitzuen katalogoa.

i) Proiektuak egitea, iritzi publikoak Nafarroako Gobernuaren jarduna ezagut dezan.

j) Nafarroako nortasuna hedatzea.

k) Erakundeen publizitatea.

l) Ordainketak agintzea.

m) Indarreko xedapenek Komunikazio Zuzendaritza Nagusia-Nafarroako Gobernuaren Eledunaren Bulegoari esleitzen dizkiotenak eta, orobat, agintzen zaizkion gainerakoak.”

Hiru. 57. artikulua aldatu da. Hona testu berria:

“57. artikulua. Komunikazio Zerbitzuaren eginkizunak.

Komunikazio Zerbitzuak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Nafarroako Gobernuak komunikabideekin dituen harremanen arloan finkatzen den politika sustatu eta betearaztea.

b) Foru Komunitatea sustatzea.

c) Nafarroako Gobernuak hartutako erabakiei eta Gobernuko kideen jardunari buruzko informazioa prestatzea eta komunikabideek eskatzen duten informazioa ematea.

d) Departamentuei informazioa ematea.

e) Herritarrentzako arreta zuzentzea.

f) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren tramite eta zerbitzuen katalogoa zuzentzea.

g) Nafarroako Gobernuak sare sozialetan dituen kontu eta profil ofizialak eta navarra.es ataria zuzentzea.

h) Informazioaren arloko lanbide-elkarteekiko harremanez arduratzea.

i) Nafarroako Foru Komunitatean ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuen prestazioarekin lotutakoak.

j) Ikus-entzunezko sektorea sustatzeko laguntzak kudeatzea.

k) Haren esku uzten den beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria bada.”

Lau. 58. artikulua aldatu da. Hona testu berria:

“58. artikulua. Komunikazio Zerbitzuaren egitura.

Komunikazio Zerbitzuaren egituran ondoko atalak daude:

a) Prentsa Bulegoaren Atala.

b) Sustapen Atala.

c) Navarra.es Atariaren Atala.

d) Herritarren Arretarako Atala.”

Bost. 60. artikulua aldatu da. Hona testu berria:

“60. artikulua. Sustapen Atalaren eginkizunak.

Sustapen Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Foru Komunitatearen irudia Nafarroan berean eta kanpoan sustatzeko ekintzak antolatu eta koordinatzea.

b) Foru Komunitateko Administrazioak sustatutako publizitate-espazioak kudeatu eta sustapen ekintza horietan Nafarroako Gobernuaren irudia homogeneizatzea.

c) Hitzarmen, akordio edo laguntza publikoen bidez hirugarrenek egiten dituzten sustapen ekintzetan Nafarroako Gobernuaren irudia homogeneizatzea.

d) Nafarroako Gobernuaren enpresa eta fundazio publikoek egiten dituzten sustapen ekintzetan Nafarroako Gobernuaren irudia homogeneizatzea.

e) Nafarroako Gobernuak sare sozialetan eskaintzen dituen edukiak sustatu, homogeneizatu eta gainbegiratzea.

f) Nafarroako ikus-entzunezko sektorea sustatzea, produkziorako laguntzen kudeaketa barne.

g) Nafarroako Foru Komunitatean ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuen arloko prozedurak tramitatzea, ikuskapena eta kontrola barne, bai eta Ikus-entzuleen Defentsarako Bulegoaren ardura izatea.

h) Nafarroako ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuen emaileen Erregistroa kudeatu eta mantentzea.

i) Haren esku uzten den beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria bada.”

Sei. 61. artikulua aldatu da. Hona testu berria:

“61. artikulua. Navarra.es Atariaren Atalaren eginkizunak.

Navarra.es Atariaren Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (navarra.es) dauden informazioak eta zerbitzuen edukiak sustatu, homogeneizatu eta gainbegiratzea.

b) Navarra.es atarian eleaniztasuna sustatu eta bultzatzea.

c) Navarra.es atariko zuzendaritzak atarirako onesten dituen ekintza planak gauzatzea.

d) Navarra.es atariko zuzendaritzari eta atariaren sektoreetako egileei eta editoreei laguntza teknikoa ematea.

e) Komunikazio Zerbitzuko gainerako atalekin koordinatzea, navarra.es ataria edukiz hornitzeko nahiz erabilera-datuak eta herritarren interakzioari buruz jaso direnak analizatzeko.

f) Nafarroako Gobernuaren Irudien Funtsa kudeatu eta zabaltzea.

g) Haren esku uzten den beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria bada.”

Zazpi. 62. artikulua gehitu da. Hona haren testua:

“62. artikulua. Herritarren Arretarako Atalaren eginkizunak.

Herritarren Arretarako Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Nafarroako Gobernuak herritarrentzako arretarako dituen zerbitzuak ematea, aurrez aurrekoak, telefonokoak nahiz telematikoak izanik, Nafarroako Gobernuaren Interneteko ataria barne.

b) Herritarrentzako arreta sare sozialen bidez kudeatzea.

c) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren tramite eta zerbitzuen katalogoa kudeatu eta sustatzea.

d) Haren esku uzten den beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria bada.”

Zortzi. Bigarren xedapen gehigarria aldatu da. Hona testu berria:

“Bigarren xedapen gehigarria.–Deskontzentrazioa.

Departamentuko zuzendari nagusien esku deskontzentratzen dira, nork bere eskumenen esparruan, kontratazioaren eta ondare-erantzukizunaren arloetan, bai eta arau-hauste arinen eta larrien zehapen-prozedura hasi eta ebazteko ere, indarreko araudian Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariari eta Nafarroako Gobernuari esleitzen zaizkien eskudantzia administratiboen titulartasuna eta erabilera.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Xedapen Gehigarri Bakarra.–Izendapenak.

1. Sustapenaren eta Ikus-entzunezko Bitartekoen Ataleko buruaren alde egindako izendapena berretsi egiten da, baldintza beretan baina izena aldatuta, Sustapen Ataleko buru izanen baita.

2. Jarduera Ekonomikoak Tramitatzeko Bulegoaren Ataleko buruaren alde egindako izendapena berretsi egiten da, baldintza beretan baina izena aldatuta, Herritarren Arretarako Ataleko buru izanen baita.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indargabetu egiten dira foru dekretu honetan xedatutakoaren kontrakoak diren maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetan lehena.–Aurrekontuko aldaketak.

Ahalmena ematen zaio Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari foru dekretu honetan ezarritakoa betetzeko beharrezkoak diren aurrekontu aldaketak egin ditzan.

Azken xedapenetan bigarrena.–Garatzeko ahalmenak.

Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariari ahalmena eman zaio foru dekretu honetan ezarritakoa garatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken xedapenetan hirugarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2014ko urtarrilaren 29an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.–Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilaria, Juan Luis Sánchez de Muniáin Lacasia.

Iragarkiaren kodea: F1401231