225. ALDIZKARIA - 2014ko azaroaren 17a

4. PROZEDURA JUDIZIALAK

NAFARROAKO JUSTIZIA AUZITEGI NAGUSIA

Ediktua. 384/2014 prozedura

Antonio Fernández Ayesa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salako idazkaria.

Aditzera ematen dut: sala honetan 63/2014 zenbakiarekin bideratutako legezkontrakotasun-arazoan epaia eman da eta irmo geratu da. Hona hemen horren idazpurua eta epaitza, hitzez hitz; orobat, argitze-autoa, honako arrazoibide juridikoa eta erabakia dituena:

“384/2014 epaia:

Lehendakaria: Antonio Rubio Pérez. Magistratuak: María Jesús Azcona Labiano, Francisco Javier Pueyo Calleja.

Iruñean, 2014ko irailaren 19an.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak, aipatu magistratu jaun-andreek osatutakoak, aztertu ditu 63/2014 legezkontrakotasun-arazoaren autoak. Aurizko, Irurtzungo, Leitzako, Orkoiengo eta Garesko oinarrizko osasun eskualdeetako oinarrizko osasun laguntzaren egitura arautzen duten foru dekretuen kontrako administrazioarekiko auzi-errekurtsoan sustatu da Iruñeko 2. epaitegian, eta hartan honako hauek izan dira alderdiak: errekurtsogile gisa, Nafarroako Gizarte Laneko Diplomadunen eta Gizarte Laguntzaileen Elkargo Ofiziala, Natividad Izaguirre Oyarbidek ordezkatua eta M.ª Asunción Galar Mutuberria legelariak zuzendua, eta, demandatu gisa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua, bere aholkularitza juridikoak ordezkatua eta zuzendua.

Epaitza:

Baiesten dugu aurrekarietan aipatutako legezkontrakotasun-arazoa, eta deuseztatzen ditugu, antolamendu juridikoaren aurkakoak izateagatik, ondotik aipatzen diren foru dekretuak, oinarrizko osasun eskualdeetako oinarrizko osasun laguntzaren egitura ezartzen dutenak.

Martxoaren 22ko 66/1990 Foru Dekretua, Auritzi dagokionez.

Azaroaren 9ko 248/1989 Foru Dekretua, Irurtzuni dagokionez.

Azaroaren 30eko 278/1988 Foru Dekretua, Leitzari dagokionez.

Ekainaren 8ko 136/1989 Foru Dekretua, Orkoieni dagokionez.

Azaroaren 9ko 247/1989 Foru Dekretua, Garesi dagokionez.

Jakinaraz bekie alderdiei, eta, behin irmoa izanik, argitara bedi Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Ez da kostuetarako kondenarik egiten.

Ebazpen honen aurka ezin da inolako errekurtsorik jarri.

Beraz, epai honen bidez, hori aldarrikatu, agindu eta sinatzen dugu (epaiaren ziurtapena autoei erantsiko zaie).

Eginbidea: Iruñean, 2014ko irailaren 23an. Nik, Antonio Fernández Ayesa idazkariak, egina, adierazteko gaurko egunean aurreko ebazpena eman didatela, behar bezala sinatua, alderdiei jakinarazpena egiteko eta legez ezarritako publikotasuna emateko, eta autoei hitzez hitzeko ziurtapena erantsi diedala eta jatorrizkoa artxibatu dudala. Fede ematen dut.”

Autoa:

Lehendakaria: Antonio Rubio Pérez. Magistratuak: María Jesús Azcona Labiano, Francisco Javier Pueyo Calleja.

Iruñean, 2014ko urriaren 8an.

Arrazoibide juridikoak:

Bakarra.–Botere Judizialari buruzko Lege Organikoaren 267. artikuluak epaitegiei baimena ematen die ebazpen judizialetako kontzeptu ilunak argitzeko.

Kasu hori gertatu da epai honekin, xedapen zatian ez baita zehazten azalpen zatian argi dagoena: errekurtsoa baiesteko arrazoia bakarrik dagokiela, aurkaratutako foru dekretuaren edukian, gizarte-langileei.

Bidezko da, hortaz, Salak ildo horretan argitzea.

Erabaki du:

Aipatu epaia argitzea; izan ere, honela dioen tokian: “Onartzen dugu aurrekarietan aipatutako legezkontrakotasun-arazoa, eta deuseztatzen ditugu, antolamendu juridikoaren aurkakoak izateagatik, ondotik aipatzen diren foru dekretuak, oinarrizko osasun eskualdeetako oinarrizko osasun laguntzaren egitura ezartzen dutenak.

Martxoaren 22ko 66/1990 Foru Dekretua, Auritzi dagokionez.

Azaroaren 9ko 248/1989 Foru Dekretua, Irurtzuni dagokionez.

Azaroaren 30ko 278/1988 Foru Dekretua, Leitzari dagokionez.

Ekainaren 8ko 136/1989 Foru Dekretua, Orkoieni dagokionez.

Azaroaren 9ko 247/1989 Foru Dekretua, Garesi dagokionez”.

Honela behar du:

“Baiesten dugu aurrekarietan aipatutako legezkontrakotasun-arazoa, eta deuseztatzen ditugu, antolamendu juridikoaren aurkakoak izateagatik, ondotik aipatzen diren foru dekretuak, Oinarrizko Osasun Eskualdeetako oinarrizko osasun laguntzaren egitura ezartzen dutenak;

Deuseztatze horrek aipatu Oinarrizko Osasun Eskualdeei legez dagozkien gizarte-langileak kanpoan uztea du ondorio bakarra.

Martxoaren 22ko 66/1990 Foru Dekretua, Auritzi dagokionez.

Azaroaren 9ko 248/1989 Foru Dekretua, Irurtzuni dagokionez.

Azaroaren 30eko 278/1988 Foru Dekretua, Leitzari dagokionez.

Ekainaren 8ko 136/1989 Foru Dekretua, Orkoieni dagokionez.

Azaroaren 9ko 247/1989 Foru Dekretua, Garesi dagokionez.

Ebazpen honen aurka ezin da inolako errekurtsorik jarri.

Halaxe erabaki, agindu eta sinatu dute idazpuruan adierazitako magistratuek. Fede ematen dut.

Eginbidea: Iruñean, 2014ko urriaren 14an. Nik, Antonio Fernández Ayesa idazkariak, egina, adierazteko gaurko egunean aurreko ebazpena eman didatela, behar bezala sinatua, alderdiei jakinarazpena egiteko eta legez ezarritako publikotasuna emateko, eta autoei hitzez hitzeko ziurtapena erantsi diedala eta jatorrizkoa artxibatu dudala. Fede ematen dut.”

Eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen Legearen 72.2 eta 107.2 artikuluetan ezarritakoari jarraituz, honako hau egin eta sinatzen dut.

Iruñean, 2014ko urriaren 22an.–Salako idazkaria, Antonio Fernández Ayesa.

Iragarkiaren kodea: J1414210