1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
FC551/2014 EBAZPENA, azaroaren 4koa, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren zuzendari nagusiak emana, Nafarroan 2014an enpresa digitala sustatzeko diru-laguntzaren deialdian ezarritako epeak zabaltzen dituena.
Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren zuzendari nagusiaren martxoaren 14ko 2E/2014 Ebazpenaren bidez, “Nafarroan 2014an enpresa digitala sustatzeko” diru-laguntzarako deialdia onetsi zen (2014ko 61. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 31koa).
Aipatu diru-laguntza eskatzeko epea 2014ko maiatzaren 31n bukatu zen. Beharrezkotzat jo da epeak zabaltzea onuradunek inbertsioak gauza ditzaten eta egindako gastu eta ordainketak justifika ditzaten, hain da handia eskaeren kopurua.
Horrenbestez, beharrezkoa da deialdiaren 4. eta 10. oinarriak aldatzea, eta ezartzea diru-laguntza ematen duten ebazpenetan finkatuko direla epe berriak.
Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. “Nafarroan 2014an enpresa digitala sustatzeko” diru-laguntzaren deialdian ezarritako epeak zabaltzea, inbertsioak gauzatu eta justifikatzeko. Horretarako, hurrengo oinarri arautzaileak aldatu behar dira:
a) 4. oinarriaren 5. atala, honela idatzita gera dadin:
“Diruz laguntzen ahal diren gastuak egiteko epea 2014ko urtarrilaren 1ean hasiko da, eta 2014ko urriaren 31n bukatuko, edo laguntza ematen duen ebazpenean ezartzen den egunean. Ondorio horietarako, gastua egin dela ulertuko da haren fakturazioa epe horren barrenean denean. Gastu horien ordainketa egunari dagokionez, 10. oinarrian xedatutakoari jarraituko zaio”.
b) 10. oinarriaren 1. atala, honela idatzita gera dadin:
“Diru-laguntzaren xede den proiektua gauzatu eta gero, diru-laguntza ematen duen ebazpenean ezartzen den epean justifikatu beharko dute onuradunek beren jarduketa, baita egin dituzten gastu eta ordainketak ere.
Gasturen bat egun horretarako ordaindu ez bada, onuradunak justifikatu egin beharko du, eta ordaintzeko aurreikusitako egutegiaren berri eman.”
2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, argitara eman eta biharamunetik hilabeteko epean.
Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren zuzendari nagusia, María Jesús Valdemoros Erro.
Iragarkiaren kodea: F1415247