Iragarkia
223. ALDIZKARIA - 2014ko azaroaren 13a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ALTSASU
Altsasuko udal esparruan euskararen erabilera eta sustapena arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena
Altsasuko Udalak, 2014ko uztailaren 30ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Altsasuko udal esparruan euskararen erabilera eta sustapena arautzen duen ordenantza.
Onesteko erabakia 2014ko 156. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 11n. Jendaurreko epean aurkeztu diren alegazioak ebatzi ditu eta ordenantza behin-betiko onetsi du 2014ko urriaren 29ko osoko bilkuraren akordioak; hortaz, ordenantza hori osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen.
Altsasun, 2014ko azaroaren 4an.–Behin behineko alkatea, Juan Carlos Orellana Bengoetxea.
ORDENANTZA, ALTSASUKO UDAL ESPARRUAN EUSKARAREN ERABILERA ETA SUSTAPENA ARAUTZEN DITUENA
Zioen Azalpena
Euskara, Altsasuko hizkuntza, gaztelania bezala, Altsasuko Udalaren eta udalerriko hizkuntza ofiziala da. Dena dela, euskara eta gaztelania, biak hizkuntza ofizialak izanik ere, oso urrun daude berdintasun sozialean egoteko, euskarak urtetan jasan duen bazterketaren ondorioz. Hortaz, Altsasuko Udalak tratamendu bereizia eta lehentasuna emanen dio euskarari.
Euskarari buruzko 18/1986 Foru Legeak dioenez, euskara eta gaztelania Nafarroako hizkuntzak dira eta, hortaz, herritarrek eskubidea dute haiek ezagutu eta erabiltzeko. Gainera, euskara zein gaztelania erabiltzeko eskubidea aitortzen zaie herritar guztiei administrazio publikoekin dituzten harremanetan.
Foru Lege hori kontuan hartuta eta, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean ezarritakoari jarraituz, hurrengo ordenantza onestea erabaki da; beraz, 2002ko otsailaren 27an onetsi eta 2002ko martxoaren 25ean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean, argitaratu zena ordezkatu da.
I. KAPITULUA
Xedea
1. artikulua. Euskararen erabilera eta sustapena Udalaren eskumeneko esparru guztietan arautzea du xede ordenantza honek.
2. artikulua. Aipatu xedea betetzeko, ordenantzak berariazko xede hauek ditu:
a) Herritarrei helaraztea euskara integrazioaren zein komunikazioaren elementua dela.
b) Herritarrei bermatzea erabili gogo duten hizkuntza ofizialean kasu eginen zaiela.
c) Altsasuko Udalean euskarak idatzita eta mintzatuta izanen duen erabilera zehaztea.
d) Ordenantzaren xedearekin lotura duten euskara sustatzeko bestelako jarduerak bultzatzea.
II. KAPITULUA
Aplikazio eremua
3. artikulua. Ordenantza hau Altsasuko udal mugapean eta Altsasuko Udalean aplikatuko da, baita bere menpeko erakunde autonomoei eta merkataritza-sozietateei ere.
4. artikulua. Berdin gisan, edozein kudeaketa molde dela medio hirugarrenek ematen dituzten Udalaren eskumeneko zerbitzuetan, ordenantza honen XIV. kapitulua aplikatuko da.
III. KAPITULUA
Zerbitzuko hizkuntzak
5. artikulua. Euskaraz eta gaztelaniaz emanen zaie zerbitzua herritarrei Altsasuko Udalaren eremu eta bulego guztietan. Bi hizkuntzen erabilera bermatuko da herritarrek Udalarekin duten harreman guztietan, zein hizkuntza hautatzen duten, hartan.
6. artikulua. Euskaraz dakiten Altsasuko Udaleko langileek euskaraz eginen diete lehen hitza herritarrei eta, herritarrek zein hautatzen duten, hartan jarraituko dute.
7. artikulua. Euskaraz ez dakien langileren batek hizkuntza horretan hurbildu zaion edo hizkuntza horretan egin nahi duen norbaiti kasu egin behar dionean, inguruko langile elebidunen laguntza bilatuko du.
8. artikulua. Betiere, Altsasuko Udaleko langileek ezin diete herritarrei eskatu hizkuntza batean edo bestean egiteko. Guztiz bestela, herritarrak hautatzen duen hizkuntzan emanen da zerbitzua.
9. artikulua. Herritarren artean euskararen erabilera sustatzeko, behar bezala adieraziko da zein langilek menderatzen duten euskara, eta hizkuntza horren erabilera bultzatuko da.
10. artikulua. Hartzaile jakinik gabeko ahozko mezuak (hau da, erantzungailu automatikoz egindakoak, telefono bidezko informazio zerbitzuak, bozgorailu bidezkoak eta antzekoak) euskaraz eta gaztelaniaz eginen dira, ordena horretan.
11. artikulua. Altsasuko Udalean erabiliko diren inprimakiak euskaraz eta gaztelaniaz egonen dira, eta lehentasuna emanen zaio euskarazkoari (elebitasun normalizatzailea), bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan betetzeko aukera eskainiz.
12. artikulua. Erabilera publikoko gainerako dokumentu estandarizatuak euskaraz eta gaztelaniaz egonen dira (elebitasun normalizatzailea).
13. artikulua. Hartzaile jakinik gabeko dokumentu administratiboak euskaraz eta gaztelaniaz egonen dira (elebitasun normalizatzailea).
14. artikulua. Letraren tamainari dagokionez, %60koa izanen da euskaraz adierazitako testuarena, eta %40koa gaztelaniazkoarena. Testua ezin denean bi tamaina desberdinetan eman, euskarazko testuak hedadura handiagoa izanen du. Bi hizkuntza ofizialak orrialde berean, bi zutabetan, erabiltzea aukeratuz gero, euskarazko testua ezker aldeko zutabean egonen da, eta gaztelaniazkoa eskuinekoan. Testua goitik behera antolatuz gero, goialdea euskaraz etorriko da. Bi orrialde direnean, eskuinaldekoa euskararentzat izanen da. Orri bakarraren alde banatan idazten bada (alde batean euskaraz, eta bestean gaztelaniaz) orria gutun-azalean sartzerakoan, gutun-azala irekitakoan euskarazkoak izan behar du irakurtzen den lehena.
15. artikulua. Altsasuko Udalak, Sakanako Mankomunitatearekin batean, kanpainak diseinatuko ditu jendeak eta entitateek zerbitzuak euskaraz antola ditzaten.
16. artikulua. Idatziko komunikazioei dagokienez, Altsasuko Udala bidaltzailea denean, oro har, lehenengo komunikazioa elebitan eginen da.
17. artikulua. Altsasuko Udalak euskaraz igorriko ditu idatziak baldin eta:
a) Herritarrak, beste administrazioak edo udal barruko kasuan kasuko langileak aldez aurretik jakinarazi badu komunikazioak euskaraz jaso nahi dituela.
b) Ohiko harremana euskara hutsezkoa bada.
18. artikulua. Altsasuko Udalak, dokumentu bat jasota, horri erantzun behar dionean, honela jokatuko du:
a) Elebitan jasotakoari, oro har, elebitan erantzunen dio.
b) Euskaraz jasotako dokumentu guztiei euskaraz erantzunen die.
19. artikulua. Gizarte sareetan mezuak euskaraz eta gaztelaniaz zabalduko dira. Altsasuko Udalak egiten dituen gainerako komunikazioetan gertatzen den bezala, euskara aurretik joango da Altsasuko Udalaren gizarte sareetako identitateetatik egiten diren komunikazioetan; horren ondorik gaztelaniazko mezua joango da. Gizarte sareen bidez herritarrei edota beste erakunde bati erantzuterakoan, horiek erabilitako hizkuntzan erantzungo da.
a) Facebooken hizkuntza bietan egingo dira argitalpenak, hau da, eta komunikatu behar den edukia lehenengoz euskaraz argitaratuko da, eta haren ostean gaztelaniazko testua azalduko da behar bezala bereizita eta banatuta.
b) Twitterraren kasuan, Facebookean ez bezala, argitalpena hizkuntza bakarrean joango da, txio berean erabil daitekeen karaktere kopurua dela medio. Lehendabizi gaztelaniez eta ondoren euskaraz txiokatuko da, horrela agertuko den lehendabiziko hizkuntza euskara izanen da.
IV. KAPITULUA
Laneko hizkuntzak
20. artikulua. Dokumentuaren ezaugarriak eta zer hedakuntza izan dezakeen ikusita idatzi eta tramitatuko da dokumentua hizkuntza batean edo bestean.
21. artikulua. Zein hizkuntza ofizialetan egiten duten bilera Udalaren Gobernu Batzordeak eta informazio organoek, hizkuntza hartan idatziko dira bileretako akten testuak, baita osoko bilkuretakoak ere. Betiere, Gobernu Batzordearen edo Osoko Bilkuraren erabakiak euskaraz ere idatziko dira, bilera gaztelaniaz egin bada ere.
22. artikulua. Udalaren organo guztiek, informaziokoak zein betearazleak izan, euskara hautatzeko eskubidea dute laneko ohiko hizkuntza gisa. Euskara laneko hizkuntza gisa hautatzen duten organoen akta, gutun, jakinarazpen eta dokumentu guztiak euskaraz idatziko dira, eta, behar denean, gaztelaniara itzuliko dira.
23. artikulua. Udalaren organo informatibo eta betearazleen bileretarako deialdi guztiak bi hizkuntza ofizialetan prestatuko dira, laneko ohiko hizkuntza gisa euskara aukeratu duten organoenak izan ezik; izan ere, horiek euskaraz egonen dira eta eskatzen duten kideei bakarrik igorriko zaie itzulpena.
24. artikulua. Lanpostuari nahitaez esleitutako hizkuntza eskakizuna betetzen dutela frogatzen duten langileei gaitasuna aitortzen zaie lana bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan jarduteko, zerbitzuko beharren arabera.
V. KAPITULUA
Administrazioarteko harremanak
25. artikulua. Altsasuko Udalak beste administrazio publikoei igortzen dizkien dokumentu, jakinarazpen eta komunikazioak bi hizkuntzetan egonen dira (elebitasun normalizatzailea).
26. artikulua. Beste administrazio publikoek igorritako idazkiei erantzuteko, arau gisa, jatorriko idazkiaren hizkuntza erabiliko da. Dokumentu hori bi hizkuntza ofizialetan idatzita bada, erantzuna ere bi hizkuntza ofizialetan emanen da (elebitasun normalizatzailea).
27. artikulua. Altsasuko Udalarekin hizkuntza ofizialetako batean harremanak izateko borondatea adierazi duten administrazio publikoei hizkuntza horretan bakarrik idatziz igorriko zaizkie idazkiak.
28. artikulua. Altsasuko Udalak administrazio publikoei eskatuko die haietatik hartzen duen edozein dokumentu elebiduna izan dadila.
VI. KAPITULUA
Langileria
29. artikulua. Altsasuko Udalak, plantilla organikoa prestatzeko orduan, bertan ezarriko du zein lanpostutan den beharrezkoa euskaraz jakitea. Orobat, lanpostu horien hizkuntza eskakizuna zehaztuko da plantilla organikoan.
30. artikulua. Euskaraz jakitearen betebeharra eta hizkuntza eskakizuna zehazteko, faktore hauek hartuko dira kontuan:
a) Lanpostua beteko duenak zer nolako lanak egin beharko dituen.
b) Antolamenduaren zer nolako unitatetan kokatzen den lanpostua.
c) Zenbaterainoko harremana izan behar den herritarrekin, ahoz eta idatzita.
31. artikulua. Bi modu onartzen dira hizkuntza eskakizunak frogatzeko: hizkuntza eskola ofizialaren gaitasun agiria edo antzekoa aurkeztuta; bestela, proba bat eginez.
32. artikulua. Udaleko langile izateko oposizio, lehiaketa eta barne igoeretan, zehatz-mehatz beteko da hizkuntza eskakizunei dagokiena, indarra duen legerian eta ordenantza honetan ezarritakoaren arabera.
33. artikulua. Altsasuko Udalak jarraipena eginen die hizkuntza eskakizunei, lanpostuen eginkizunak garatzeko behar diren hizkuntza trebetasunak zenbateraino egokitzen diren aztertuta eta, behar izanez gero, aldatuta.
34. artikulua. Euskaraz ikasten lagunduko zaie Udaleko langileei, ordenantza honetan ezarritako helburuak bete daitezen. Hortaz, Altsasuko Udalak, Sakanako Mankomunitatearekin batean, hizkuntza prestakuntzako planak antolatuko ditu helburu horiek betetzeko. Haietan lanaldiaren murrizketak aurreikusiko dira, laguntza ekonomikoak eta ordezkapenak, Nafarroako Gobernuak ezarritako esparruaren barrenean.
35. artikulua. Altsasuko Udalaren menpeko edo hark sortutako sozietate edo erakunde publikoen zerbitzuko langileei Altsasuko Udalaren zerbitzuan zuzenean dihardutenen hizkuntza araudi bera aplikatuko zaie. Altsasuko Udalaren menpeko sozietate eta erakundeen zerbitzuko langile guztiek beren lana egiteko jakin behar duten euskara frogatuko dute eta, behar izanez gero, zerbitzua euskaraz ematekoa adinakoa.
VII. KAPITULUA
Hizkuntza plangintza
36. artikulua. Udaleko langile guztiek eta Altsasuko Udalaren menpeko edo hark sortutako sozietate edo erakunde publikoen zerbitzuko langileek euskaraz lan egin eta zerbitzua emateko gauza izan daitezen, eta udal administrazioaren zerbitzuko langile guztiek lanpostuko eginkizunak betetzeko behar den euskararen ezagutza froga dezaten, plangintza abiatu edo egokituko da.
VIII. KAPITULUA
Erregistroa
37. artikulua. Altsasuko Udalaren erregistro administratiboetan, zer hizkuntzatan aurkezten diren dokumentuak, haietan eginen da inskripzioa.
38. artikulua. Zein den ere inskribatzeko erabiltzen den hizkuntza, itzuli eginen da horren beharra dagoen aldiro, erregistroa kontsultatu nahi dutenen hizkuntza eskubideak babestearren.
IX. KAPITULUA
Informatikako tresna eta aplikazioak
39. artikulua. Euskarazko bertsioa duten informatikako programa komertzialetan eta erabilera orokorrekoetan, bertsio hori instalatuko zaie haiek erabiltzeko adinako euskara maila duten langile guztiei.
40. artikulua. Altsasuko Udalaren zerbitzuetan propio erabiltzeko sortutako programa edo tresna informatikoak prest egonen dira bi hizkuntza ofizialetan erabili ahal izateko.
X. KAPITULUA
Kanpo irudia
41. artikulua. Altsasuko Udalak euskara eta gaztelania erabiliko ditu (elebitasun normalizatzailea baliatuko du, hau da, euskara lehenesten duen elebitasuna) herritar guztiei zuzentzen zaienean.
42. artikulua. Horrela, ele bitan izanen dira (elebitasun normalizatzailea), euskarri tradizionaletan zein teknologia berrien bitartez, ondoko hauek:
a) Bandoak, ediktuak, kartelak eta informazio plakak.
b) Zigiluak, tanpoiak, logotipoak, idazpuruak eta antzeko elementuak.
43. artikulua. Altsasuko Udalaren gela, bulego edo lokal guztietako kanpoko zein barreneko errotulazioa, oro har, euskaraz eta gaztelaniaz egonen da (elebitasun normalizatzailea).
44. artikulua. Euskaraz ez dakiten herritarren eskubideak galarazi gabe, errotuluen testua euskaraz bakarrik izanen da kasu hauetan:
a) Testuaren grafia antzekoa denean euskaraz eta gaztelaniaz.
b) Mezuak esanahia argi eta garbi erakusten duen piktograma lagun duenean.
c) Helarazi beharreko jardueraren ezaugarriek eta hartzailearen berezitasunek hartara behartzen dutenean.
45. artikulua. Altsasuko Alkatetzak, Udalaren barneko zein kanpoko ordezkariak izendatzeko orduan, kontuan hartuko du euskara dakiten edo ez, betiere kontuan izanik legezko eskumena izan beharko duela ordezkari horiek izendatzeko. Beste entitate batzuetan aritu beharreko udal ordezkariak hautatzerakoan, Osoko Bilkurak euskara dakiten edo ez baloratu ahalko du, baldin eta entitate horietan euskara lan hizkuntza bada.
XI. KAPITULUA
Komunikazioa
46. artikulua. Altsasuko Udalaren iragarki ofizialak eta gainontzeko publizitatea bi hizkuntza ofizialetan eginen da, eta euskarak lehentasuna izanen du (elebitasun normalizatzailea).
47. artikulua. Altsasuko Udalaren publizitate kanpainak eta antzekoak euskaraz sortuko dira, ez daitezen euskarazko itzulpen hutsean gelditu.
48. artikulua. Iragarkiak euskaraz bakarrik aterako dira euskarazko hedabideetan.
49. artikulua. Publizitatea kontratatzerakoan, lehentasuna izan ahalko dute eskualdeko euskarazko komunikabideek eta, oro har, euskarazko komunikabide guztiek.
50. artikulua. Prentsa ohar guztiak euskaraz eta gaztelaniaz prestatuko dira, eta bereziki zainduko den alderdia izanen da euskarazko komunikabide nagusiei eta eskualdeko euskarazko komunikabideei prentsa ohar horiek helaraztea.
XII. KAPITULUA
Argitalpenak
51. artikulua. Argitaratzen diren hartzaile jakinik gabeko idazkiak (programazioak edo agendak, informazio liburuxkak, esku-orriak eta kartelak...) elebitan egonen dira. Argitalpenek, gutxienez ere, pareko tratamendua emanen diete bi hizkuntza ofizialei.
52. artikulua. Ikuskizunak, hitzaldiak edo antzezlanak iragartzean, izenburua jatorrizko hizkuntzan mantentzea aholkatzen da, baina, ikuskizunari edo dena delakoari buruzko laburpena, komentarioa edo sinopsia egiten bada, bi hizkuntzatan joan beharko du.
XIII. KAPITULUA
Internet
53. artikulua. Altsasuko Udalaren web edukietan sartzeko, euskarazko orrialdetik eginen da, eta bertan egonen da, egokia bada, gaztelaniazko zein beste hizkuntza batzuetako orrialderako esteka.
54. artikulua. Internetetik eskuratzen diren Altsasuko Udalaren ardurapeko edukiak, arau orokor gisa, euskaraz eta gaztelaniaz kontsultatzen ahalko dira.
55. artikulua. Tramitazio elektronikoa, informatikoa eta telematikoa herritarrak hautatzen duen hizkuntzan eginen da: euskaraz edo gaztelaniaz. Nolanahi ere, tramitazioaren azken jakinarazpena edo ziurtagiria testu estandarizatua denean, sistemak aukera emanen dio herritarrari elebitan jasotzeko.
56. artikulua. Udalean erabiliko diren inprimakiak euskaraz eta gaztelaniaz egonen dira.
XIV. KAPITULUA
Diru-laguntzak
57. artikulua. Udalaren diru-laguntzaren bat hartzen duten sozietate eta entitateek zein pertsona fisikoek edo juridikoek nahitaez idatzi eta aditzera emanen dituzte euskaraz, edo euskaraz eta gaztelaniaz, diruz lagunduta duten jarduerari lotutako idazki, iragarki, ohar eta gainerako komunikazioak. Modu berean jokatu beharko dute propagandarekin, ahozkoa edo idatzia, hau da, euskaraz edo euskaraz eta gaztelaniaz.
58. artikulua. Halaber, Udalaren instalazioak edo materiala erabiltzeko, aipatu baldintzak bete beharko dira. Udalak, beraz, jendeari irekitako ekitaldietarako pilotalekua, hesiak, oholtzak eta Udalaren beste edozein instalazio edo material erabiltzeko baimena emateko orduan, hizkuntzaren baldintza hori jakinaraziko die interesdunei eta, fidantza itzuli aurretik, baldintza hori ere bete ote den aztertuko du.
59. artikulua. Diruz lagundutako kultur ekitaldi guztien aurkezpenetan euskararen presentzia bermatuko da, baita ekitaldia bera erdarazkoa den kasuetan ere. Euskarazko ekitaldietan, berriz, aurkezpena euskaraz izanen da.
60. artikulua. Kapitulu honetan ezarritakoa betetzearren, Udalak, Sakanako Mankomunitatearen bitartez, dohainik eskainiko ditu bere Euskara Zerbitzuko zuzenketa eta itzulpen zerbitzuak, eta hala jakinaraziko die interesdunei.
61. artikulua. Ordenantza honek ezarritako helburuak bete daitezen, euskara sustatzeko jardueren antolakuntza bultzatuko da, eta diruz lagunduko zaie jarduera horiek bultzatzen dituzten Altsasuko elkarte eta taldeei, betiere Altsasuko Udalaren aurrekontuan baliagarri dagoen diruak ahalbidetzen duen heinean.
XV. KAPITULUA
Kontratazio administratiboa
62. artikulua. Herritarrek eskubidea izanen dute kontratu bidez ematen diren jarduera eta zerbitzuak Altsasuko Udalak berak egindakoen baldintza beretan jasotzeko. Beraz, Udalak beste enpresaren bat kontratatzen badu, horrek emandako jarduera edota zerbitzuetan ez da euskararen tratamenduan inolako aldaketarik izanen.
63. artikulua. Kontratazioen klausula administratibo partikularren agiriak eta baldintza teknikoenak bi hizkuntza ofizialetan prestatu beharko dira.
64. artikulua. Kontratazioaren xedeko zerbitzuak zuzeneko harremana dakarrenean herritarrekin, baldintza hauek beteko dira:
a) Enpresa kontratugileak bere zerbitzua emanen du herritarraren eskubidea, bi hizkuntza ofizialetan kasu egina izatearena, errespetatuta. Hizkuntz eskubideak bermatzeko neurriak nahitaez jaso eta zehaztuko dira baldintza pleguetan.
b) Enpresa esleipen hartzaileak euskaraz eta gaztelaniaz prestatuko ditu erabilera publikoko inprimaki, idazki eta jakinarazpenak, euskarari lehentasuna emanda (elebitasun normalizatzailea).
c) Altsasuko Udalaren kontratu baten esleipen hartzaile diren entitate edo pertsona fisikoek euskara erabili beharko dute kontratuaren xedeko jarduerari lotutako esku-hartze publikoetan.
d) Baldintza pleguetan hizkuntz eskakizunak ezarri eta egiaztatu egin beharko dira. Langileen euskara gaitasuna lehiaketa publikoan eskaintza aurkeztu eta balorazioa egin ondoren egiaztatu beharko da, agiri bidez edo berariazko proba baten bidez, betiere esleipena erabaki aurretik.
e) Kontratatutako zerbitzu edo jarduera batean euskara gaitasuna egiaztaturiko langileren bat aldatuz gero, aldatutako langilearen lekua beteko duenak aurrekoaren hizkuntz eskakizuna bete egin beharko du. Baldintza hori bermatzea kontratugileari dagokio.
65. artikulua. Esleipenaren xedea herri lan bat denean, seinale, adierazpide eta ohar publikoek bi hizkuntza ofizialetan egon beharko dute (elebitasun normalizatzailea). Baldintza hau betetzen ez badu, ekainaren 9ko 2006/6 Foru Legeak, Kontratu Publikoei buruzkoak, 102. artikuluan aurreikusitako zigorra jarriko zaio esleipendunari kontratuaren xede den prestazioa behar bezala ez betetzeagatik. Zigorraren zenbatekoa ez betetzearen larritasunaren araberakoa izango da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz.
66. artikulua. Kontratuaren xedea aholkularitza edo laguntza tekniko bat eskuratzea bada, entitate esleipen hartzaileak bi hizkuntza ofizialetan aurkeztu beharko du bere lana, baldintza teknikoen agirian besterik espres adierazi izan ezik. Altsasuko Udala ez da inoiz horrelako kontratuen ondorioz sortutako idazkien itzulpenaren kargu eginen.
67. artikulua. Aurreko puntuetan aipatu hizkuntza neurriak nahitaez jaso eta zehaztuko dira klausula administratibo partikularretan eta baldintza teknikoetan.
68. artikulua. Altsasuko Udalak sinatzen dituen kontratuak euskaraz eta gaztelaniaz prestatuko dira.
69. artikulua. Hizkuntz baldintzak etengabe ez betetzea kontratua desegiteko arrazoi nahikoa izanen da.
XVI. KAPITULUA
Toponimia
70. artikulua. Herriko toponimo xehe ofizialak finkatzea Udalaren Osoko Bilkurari dagokio, eta kale, plaza, eraikin eta hiriko gainerako elementuei izena emateko erabiltzen ahal ditu, baita era guztietako entitateei ere. Horretarako, oinarrizko irizpide hau hartuko da normalizaziorako: euskarazko toponimoak, hau da, euskaraz erabilitakoak, edozein izanik haien jatorria, euskal grafian idatziko dira beti, eta erromantzekoak, edo euskal toponimoak ez diren bestelakoak, gaztelaniaren grafian. Betiere, Euskaltzaindia, gaian eskumen gorena baitu, izanen da Udalaren organo aholku-emailea.
71. artikulua. 18/1986 Foru Legeak, abenduaren 15ekoa, euskarari buruzkoak, bere 16. artikuluan ezartzen duenari jarraiki, Altsasuko Udalak euskara eta gaztelania erabiliko ditu herriko bideetako kaleen errotuluetan eta tokien izen berezietan. Nolanahi ere, eremu publikoko seinale guztietan lehentasuna izanen du euskarazko testuak, betiere elebitasun normalizatzailearen irizpideei jarraiki.
XVII. KAPITULUA
Euskararen sustapena
72. artikulua. Altsasuko Udalak, Sakanako Mankomunitatearekin batean, euskara gizartearen eremu guztietan ezagutu eta erabiltzeko jarduketa programak prestatuko ditu urtero.
73. artikulua. Kontuan hartuta euskara ez, baizik gaztelania edo beste hizkuntzaren bat ama-hizkuntza duten haurrentzat bizitzaren lehen urteek garrantzi handia dutela euskaraz zailtasunik gabe ikasteko, udal haur eskolak zerbitzuak euskaraz eskainiko dituela bermatuko du Udalak.
74. artikulua. Eskolatzeko adinetik hurbil dauden haurren gurasoengana joko du Udalak, euskaraz ikastearen alderdi onuragarrien berri emateko. Horiek horrela. Udalak jarduera berariazkoak eginen ditu euskalduntzeko bermerik gehien eskaintzen duen hizkuntza eredua pixkanaka zabaldu dadin Altsasuko unibertsitatez kanpoko hezkuntzan: D eredua, alegia.
75. artikulua. Udalak jarduera osagarriak bultzatuko ditu giroa euskalduntzeko eskolan eta eskolatik kanpo. Hori guztia, guztiz errespetatuta haurren gurasoek hautatzen duten hizkuntza eredua eta ikastetxeekin batera lanean.
76. artikulua. Altsasuko Udalaren ludotekak bere zerbitzua euskaraz eskainiko du. Zerbitzu hori haurren hizkuntza eredura zein euskara mailara egokituko da.
77. artikulua. Altsasuko Udalaren gaztelekuan zerbitzua eta jarduerak euskaraz eskainiko direla bermatuko da. Salbuspena izango dira bere ezaugarriengatik, eta betiere kalitate irizpideei jarraiki, beste hizkuntza batean eskainiko diren jarduerak.
78. artikulua. Udalaren musika eskolan euskarazko lerro bat egonen da musika hezkuntza eta edozein musika tresna irakasteko.
79. artikulua. 3 eta 16 urte arteko haur eta gazteentzat programatzen diren kirol jarduerak euskaraz eskainiko dira oro har. Orobat, helduentzat, euskarazko kirol jarduerak eskainiko dira. Helduentzat euskaraz programatzen diren jardueren portzentajea %10ekoa izanen da, gutxienez ere.
80. artikulua. Altsasuko egoera soziolinguistikoa aintzat hartuta, eta Altsasuko Udalak derrigorrezko ikasketak egiten ari diren haur eta gaztetxoei zuzenduta programatzen dituen kultur ekitaldiei dagokienez, horiek nagusiki euskaraz programatuko dira, zehazkiago, haur eta gaztetxoei zuzendutako kultur ekitaldietatik %80 bederen euskaraz programatuko dira. Bestalde, eta helduei zuzendutako programazioari dagokionez, Altsasuko Udalak programatutako kultur ekitaldien %15 gutxienez euskaraz egonen da.
81.artikulua. Altsasuko Udalak urteko programazioan euskara eta oro har euskal kultura sustatzeko berariazko ekitaldiak izatea bermatu beharko du. Ekitaldi horien helburuak izanen dira euskararen erabilera eta ezagutza sustatzea batetik, eta euskararekiko aldeko jarrera handitzea bestetik. Horretarako, Sakanako Mankomunitatearen laguntza ekonomikoa eta Sakanako Euskara Zerbitzuaren laguntza teknikoa zein eskatu ahal izanen ditu Altsasuko Udalak.
82. artikulua. Herritarrek liburutegi publikoan euskaraz irakur eta idatz dezaten bultzatuko du Altsasuko Udalak. Hortaz, 3 eta 16 urte arteko haur eta gazteentzako euskarazko liburu, CD, DVD eta liburu elektronikoen eskaintza %50ekoa izanen da, gutxienez ere. Helduentzako liburu, CD, DVD, aldizkarien eta liburu elektronikoen portzentajea % 15ekoa izanen da, gutxienez ere.
83. artikulua. Udalaren helburu nagusietako bat Altsasun euskaraz egiten duen jendearen kopurua handitzea eta hitz egiten dutenak alfabetatzea izanik, eta kontuan izanda, alde batetik, Altsasuko herritarren portzentaje handi batek oraindik euskaraz ez dakiela eta, bestetik, denek ez dutela eskola prozesua euskaraz ikasita bukatzen; orobat, euskalduntzea erantzunbehar publikoa denez gero, Altsasuko Udala Sakanako Mankomunitatean elkarlanean arituko da alor honetan.
84. artikulua. Altsasuko garraio publikoan egiten diren inprimaki, ohar eta jakinarazpen guztiak euskaraz eta gaztelaniaz egin daitezela bultzatuko du Udalak. Hortaz, horren aldeko neurri egokiak hartzeko eskatuko die garraio publikoen arduradunei, udalerrian gelditzen badira, nahiz eta Altsasutik ez abiatu.
XVIII. KAPITULUA
Euskaldunen Fitxategia
85. artikulua. Altsasuko Udalak herritar euskaldunen errolda osatuko du borondatezko inskripzioen bitartez.
86. artikulua. Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Legearen 20.2 artikuluan xedatutakoari jarraituz, euskaldunen fitxategiak ezaugarri hauek izanen ditu:
a) Aurreikusitako xede eta erabilerak: Hala eskatzen duten herritar euskaldunei euskara hutsezko komunikazioak igortzea; udalerriaren egoera soziolinguistikoari buruzko informazioa eskuratzea eta euskara sustatzeko programa, kanpaina, ikastaro eta jarduerei buruzko informazioa bidaltzea pertsona bakoitzak daukan euskararen ezagutza-mailaren arabera.
b) Ukitutako norbanakoak eta taldeak: Altsasuko herritarrak.
c) Erroldan alta eta baja emateko prozedura: Baja, alta edo aldaketarako datuak, interesdunak edo bere legezko ordezkariak emanen ditu, inprimaki bat beteta. Herritarrak helbidea aldatuko balu, erroldan mantenduko litzateke, salbu kontrakoa espresuki adieraziko balu.
d) Prozesatze-sistema: mistoa.
e) Fitxategiaren oinarrizko egitura eta bertan sartuko diren datu pertsonalak:
1. Identifikazio datuak:
–Izen-deiturak.
–Etxeko helbidea.
–Helbide elektronikoa.
2. Datu soziolinguistikoak:
–Euskararen ezagutza.
–Etxean gehien hitz egindako hizkuntza.
–Euskara ikasi den tokia.
3. Euskaldunen fitxategian sartzeko borondatea.
f) Datu pertsonalen lagapena: fitxategiko datuak ez zaizkio ez inori ez inolako entitateri lagako edo jakinaraziko, interesduna ez bada, eta ez da haiekin nazioarteko transferentziarik eginen.
g) Fitxategiaren ardura duen unitate organikoa: Altsasuko Udala.
h) Zer unitatetan erabil daitezkeen sartzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta kontra egiteko eskubideak: Altsasuko Udaletxean (Gartzia Ximenez 36; PK: 31000 (Nafarroa); telefonoa: 948 56 21 61; faxa: 948 56 38 55; e-mail: altsasu@altsasu.net.
i) Segurtasun neurriak: Altsasuko Udalaren segurtasun agirian oinarrizko mailako datuetarako ezarritako neurriak hartuko dira.
XIX. KAPITULUA
Ekitaldi publikoak
87. artikulua. Altsasuko Udalak antolatzen dituen prentsaurreko, ekintza instituzional, hitzaldi, mahai-inguru, jardunaldi tekniko, ikastaro, erakusketa eta abarretan euskararen erabilera bermatuko dute udalbatzako kide elebidunek, baldin eta udalaren izenean ari badira. Horrela, euskara-gaitasun egokiko pertsonak izendatuko dira halako ekitaldietarako. Komunikaziorako teknologiek ematen dituzten aukerak baliatuko dira euskara eta gaztelania erabiltzerakoan, ahozko komunikazioa hizkuntza batean eta euskarri informatiko bidezkoa beste hizkuntza batean konbinatuz, esaterako.
Lehen xedapen gehigarria.–Udalak onesten dituen gainerako ordenantza eta xedapenek ordenantza honetan jasotako xedapenak berenganatu beharko dituzte dagokien guztian.
Bigarren xedapen gehigarria.–Ordenantza honetan aurreikusten ez denerako Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak ezartzen duena beteko da, baita haren babesean garaturiko araudi guztia ere.
Hirugarren xedapen gehigarria.–Udaleko organo betearazleek onetsi eta bultzatuko dituzte ordenantza hau aplikatu eta garatzeko behar diren xedapen eta jarduketak.
Xedapen indargabetzailea.–Xedapen indargabetzaile bakarra. Baliogabeak dira ordenantza honen maila bereko zein beheragoko erabaki guztiak, hartan xedatutakoaren aurka edo kontraesanean badaude. Espresuki, baliogabea da euskararen erabilera normalizatzeko udal ordenantza, 2002ko otsailaren 27an onetsi eta 2002ko martxoaren 25ean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean, argitaratu zena.
Azken xedapenak.–Azken xedapenetako lehena. Altsasuko Udaleko Euskara Batzordeak gaitasuna izanen du jarraipena egiteko ordenantza hau betetzen ote den, baita edozein gairen gainean proposamenak egiteko ere, betetzen dela bermatzearren. Horretarako, urte bakoitzeko lehen hiruhilekoan, Euskara Zerbitzuak informazio txostena eginen du ordenantzaren betetze mailari buruz, eta kasua bada, egoki ikusten dituen neurriak proposatuko ditu, bilatzen diren helburuak zuzen gauzatzeko.
Azken xedapenetako bigarrena.–Ordenantza honek ondorio juridikoak sortuko ditu behin betiko onespenaren erabakia, ordenantzaren testu guztiarekin batean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik aitzina.
Iragarkiaren kodea: L1414942
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
