223. ALDIZKARIA - 2014ko azaroaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑA

Lankidetza hitzarmena Abokatuen Elkargoarekin hipoteka-betearazpenen kasuetan aholkularitza emateko

Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurumeneko Zinegotzi Delegatuak 2014ko urriaren 15ean emandako ebazpenaren bitartez, Hitzarmena onetsi zen, Iruñeko Abokatuen Elkargoarekin, hipoteka-betearazpenen kasuetan aholkularitza juridikoa eman dezaten, honako eduki honekin bat.

IRUÑEKO UDALAREN ETA IRUÑEKO ABOKATUEN ELKARGOAREN ARTEKO LANKIDETZA HITZARMENA, BULEGO BATEN FUNTZIONAMENDURAKO HIPOTEKA-BETEARAZPENEN KASUETAN AHOLKULARITZA JURIDIKOA EMATE ALDERA

Iruñean, 2014ko irailaren -(e)an.

Bertaratuak:

Batetik, Enrique Maya Miranda jauna, Iruñeko Udaleko Alkatea.

Bestetik, Alfredo Irujo Andueza jauna, Iruñeko Abokatuen Elkargoko Dekanoa.

Bi aldeek, zeinek ordezkaritzarekin, Hitzarmen hau xedatzeko lege-eskumena dute eta hori aitortzen diote elkarri. Xede horretarako,

Adierazten dute:

Iruñeko Abokatuen Elkargoak eta Iruñeko Udalak lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten 2012. urtean, Hipoteka Bitartekaritzako Bulegoa –zeinak udal-eraikinetan baitu kokalekua-abiarazteko, Iruñeko Abokatuen Elkargoko abokatuek koordinatua eta haien ardurapean informazio-, aholkularitza– eta laguntza-zerbitzuak emateko, hipoteka-maileguek sortutako ordainketak ezin gauzatu eta hori dela eta etxebizitza berehalakoan galtzeko egoeran dauden pertsonei.

Bulegoak 2012ko irailean ekin zion bere jardunari, eta erantzuna eman die herritarrek Bulegoan hipoteka-bitartekaritza, aholkularitza eta informazioren inguruan egin dituzten eskaerei.

Gero, arau-aldaketa batzuk egin dira egoera dramatiko horiek leuntze aldera, baina halako egoerak egun ere ematen dira, eta, horregatik, Bulegoak jarraitu beharko luke ematen sortu zenean xede zuen zerbitzu hori bera.

Horretarako, Iruñeko Abokatuen Elkargoak eta Iruñeko Udalak adostu dute lankidetza-hitzarmen hau formalizatzea, zeinak indarra izanen baitu sinatzen den egunetik bertatik urtebete bitarte, betiere honako klausula hauekin bat:

Klausulak:

Lehena.–Zerbitzuaren xedea, edukia eta hartzaileak:

Hitzarmen honen xedea da bitartekaritza- eta aholkularitza-zerbitzua ematea ondoren aipatzen diren egoeretako batean dauden pertsonei, bai eta behar den informazioa ematea ere etxebizitzaren edo ohiko egoitzaren hipoteka ordaintzeko zailtasunei aurre egiteko formei eta aukerei buruz, kreditua zer banku-etxerekin itundu eta horren aurrean.

Aholkularitza doan eta banakoa izanen da, kasu bakoitzean zehazki aztertzeko zer prozedura ekin behar zaien hipoteka ordaintzeari utzi baino lehen edo utzi berritan, zordunaren eta banku-etxearen artean irtenbideak adosten laguntze aldera, hobetzeko aukera daukaten egoeretan edo, harremanetan aldaketa jakin batzuk eginda, irtenbide eraginkorrak lor daitezkeen kasuetan, hipoteka-betearazpena gauzatu ez dadin, betiere helburu hartuta arazoari aurre egiteko irtenbiderik mesedegarrienak bilatzea.

Iruñean kokaturik dauden etxebizitzetan bizi diren pertsonak izanen dira zerbitzuaren hartzaileak, baldin eta haien ohiko bizileku egonkorra den etxebizitza baten jabe izaki hori ezin ordainduta galtzeko arriskua badute eta egoera hauetako batean badaude:

–Oraindik ez diote hipoteka-kuota ordaintzeari utzi, baina informazioa behar dute jakiteko ordaintzeari utziz gero zer aukera eta ondorio gerta daitezkeen.

–Ez diote ordaintzeari utzi, baina finantza-erakundearekin irtenbide bat bilatzeko beharra dute, aurreikusten delako etorkizunean kuotak ezin izanen dituztela ordaindu (bitartekaritza behar da baldintza hobeak lortu eta ordaintzen jarraitu ahal izateko).

–Ordaintzeari utzi diote, baina oraindik ez diete demandarik jarri (orientabideak eskatzen dira eta zuzenean finantza-erakundearekin aritzen da, demanda jartzea ekiditeko).

–Ordaintzeari utzi diote eta demanda jarri diete, prozesuko edozein fasetan egon daitezkeelarik, baita etxetik botatze-fasean ere.

Bigarrena.–Zerbitzuaren antolamendua:

Iruñeko Abokatuen Elkargoak Zerbitzua zuzen funtzionatzeko irizpideak ezarriko ditu eta eraginkortasuna eta jokabide zuzena bermatuko ditu, eta horretarako Aholkularitzako kideei funtzionamendurako barne arauak jakinaraziko die.

Elkargoak zehaztuko du, baita ere, Zerbitzua eman behar duten profesionalen kopuru egokia, eta bertan sartzeko izan behar dituzten gutxieneko esperientzia profesionala eta ezagumenduak, betiere Zerbitzuaren eta aholkularitzaren xede diren gaiak kontuan harturik.

Zerbitzua ematen duten letraduen helburuak zuzentzen dira, besteak beste, betearazpen-prozesuak abiaraztea ekidingo duten neurri zuzentzaileak planteatzera, bai eta etxebizitzan bizitzen segitzen eta handik botatzea ekiditen lagundu dezaketen neurri alternatiboak negoziatzera ere.

Udalak Bulegoak eskaintzen duen zerbitzua sustatu eta ezagutzera emanen du, eta, horretaz gain, zerbitzua egoki funtzionatzeko beharrezko diren bitarteko material eta pertsonalak jarriko ditu.

Letraduek astearte eta ostegun baliodunetan emanen dute zerbitzua, hitzarmen honek irauten duen bitartean, 10:00etatik 13:00etara, Udalak horretarako ezarri dituen bulegoetan.

Zerbitzura jo nahi duten erabiltzaileek zuzenean egiten ahalko dute aipatu bulegoetan, baina horretarako hitzordua eskatu beharko dute aldez aurretik. Gerta daiteke, baita ere, Udalaren gizarte-zerbitzuek ere bertara bideratzea, dela kaltetutako pertsonek zuzenean eskatuta dela Iruñeko Udaleko Hirigintza Alorrak bideratuta.

Udalak konpromisoa hartzen du banku-erakundeei informazioa emateko Bulegoari eta haren funtzionamenduari buruz.

Udalak pertsona bat izendatuko du beharrezko agiri guztiak biltzeko lana egin dezan. Behin eskatutako agiriak bildu eta gero, hitzordua emanen zaie interesdunei Abokatuen Elkargoak izendatutako letraduarekin.

Hirugarrena.–Bitartekaritza eta aholkularitza:

Letraduak agiriak aztertuko ditu eta harremanetan jarriko da kasuan kasuko finantza-erakundearekin. Bi aldeak deituko ditu eta bitartekaritza-lanari ekinen dio, bilatutako helburuak lortzeko xedez.

Kasu bakoitzean dagokion espedientea eginen da, eta bertan jasoko da egindako lana, akordiorik dagoen edo ez eta izan daitezkeen jarduketa aipagarri guztiak.

Akordiorik lortu eta aldeek prozedura judiziala abiarazia bazuten, akordioa auziaren ardura duten letraduei bidaliko zaie homologazio judiziala egiteko. Prozedura abiarazi gabe badago, aldeei akordioaren kopia emanen zaie, beharrezkoak diren gestio guztiak egin ditzaten adostutakoa bete dadin.

Akordiorik egon ezean, jarduketa amaitutzat emanen da.

Guztiz debekatuta dago zerbitzu profesionalak eskaintzea eta bezeroak bereganatzea laguntza ematen den bitartean.

Laugarrena.–Segimendua eta koordinazioa:

Zerbitzuaren funtzionamenduaren segimendua Iruñeko Udalari egozten zaio, Hirigintza eta Etxebizitza Alorraren bitartez egiteko, eta horrek egoki jotzen duen informazio guztia biltzen ahalko du.

Iruñeko Abokatuen Elkargoak Zerbitzua koordinatzeko arduradun bat izendatuko du, eta horren berri emanen dio Iruñeko Udalari; pertsona horrek txosten bat egin beharko du Zerbitzuaren esku-hartzeen inguruko gai guztien gainean.

Bosgarrena.–Iruñeko Udalaren ekarpena:

Udalak hogeita hamar mila euro (30.000 euro) emanen ditu Zerbitzuaren funtzionamendurako, hitzarmen hau indarrean dagoen urtean; gastu hori Iruñeko Udalaren 2014. urteko aurrekontuko 30/43100/482090 kontu-sailaren kargura joanen da, xehetasun hauekin bat:

Guardia presentzialetan eta landa-lanetan, gehienez ere 46,87 euroko ekarpena eginen du ordu bakoitzeko, eta guztira 26.997,12 euro, zerbitzu honetan guztira 576 ordu ematea aurreikusi baita (3 orduko 96 guardia, eta 3 ordu landa-lanetan egindako guardia bakoitzeko).

Abokatuen Elkargoaren kudeaketa-, koordinazio- eta administrazio-kostuetarako, gehienez ere, 3.000 euroko ekarpena eginen du Udalak, Abokatuen Elkargoko langileei 100 ordutan (30 euro orduko) egindako honako lan hauei ordaintzeko: letraduak aukeratzea, egutegiak prestatzea, Zerbitzuko koordinatzailearen hileroko bilerak Zerbitzuko kideekin, kontrol estatistikoa eta urteko memoria egitea, Elkargoaren Orientazio Juridikorako Zerbitzuarekin koordinatzea, beharrezkoa den kasuetan, erabiltzaileei informazioa ematea Elkargoaren webgunean eta letraduen ordainketak kudeatzea.

Aurreko paragrafoetan aipatutako zenbatekoak guztizkoak dira (BEZa barne, hala dagokion kasuetan).

Diru-ekarpen horiek ez dira bateragarriak izanen Elkargoak aipatutako zerbitzua emateko jasotzen ahal duen beste edozeinekin.

Elkargoak ezin izanen du Hipoteka-bitartekaritzako Bulegoaren jarduna azpikontratatu.

Seigarrena.–Diru-ekarpenaren ordainketa:

Adostutako zenbatekoa osorik ordainduko da, Abokatuen Elkargoak aldez aurretik eskatuta, hitzarmena sinatu eta hurrengo hilabetetik aurrera eta, edonola ere, 2014ko abenduaren 31 baino lehen.

Herritarren eskaera eskasagatik edo beste edozein arrazoi dela medio zerbitzua ematen ez bada, eteten bada edo bertan behera geratzen bada, Elkargoak konpromisoa hartzen du aurreratutako dirua itzultzeko.

Zazpigarrena.–Kontuen justifikazioa:

Aldia amaitutakoan, Iruñeko Abokatuen Elkargoak zerbitzuaren Ebaluazio Memoria aurkeztuko dio Udalari.

Memorian, hauek jasoko dira: egindako lan-programa, burutu diren jarduketen laburpen kuantifikatua, betiere horien tipologia, lortutako emaitzak eta zerbitzua eman duen taldearen xehetasunak zehaztuta.

Gastuen justifikazio-kontua aurkeztu beharko dute hiru hilabeteko epean, jarduera amaitu eta hortik aitzina.

Zortzigarrena.–Indarraldia:

Hitzarmen honek urte baterako du indarra, sinatzen den egunetik aitzina, seigarren klausulan ezarritakoa ezertan galarazi gabe.

Bederatzigarrena.–Araubidea:

Hitzarmen honen izaera administratiboa dela eta, haren edukiaren edo aplikazioaren inguruan gerta daitezkeen auzietan Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari egin beharko zaio men.

Eta bat datozela adierazteko, Hitzarmen hau sinatzen da, bi aletan, goian aipatutako egunean.

Iruñeko Abokatuen Elkargoko Dekanoa, Alfredo Irujo Andueza.–Iruñeko Udaleko Alkatea, Enrique Maya Miranda.

Iruñean, 2014ko urriaren 17an.–Alkatea, Enrique Maya Miranda.

Iragarkiaren kodea: L1414925