1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.2. Foru Dekretuak
102/2014 FORU DEKRETUA, azaroaren 5ekoa, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamendua, martxoaren 8ko 86/1993 Foru Dekretuaren bidez onetsia, aldatzen duena.
Foru dekretuak Balio erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamendua aldatzen du, 62. artikuluan araututako urteko aitorpen laburtua aurkezteko betebeharrari dagokionez.
Horrela, ezartzen da zenbait subjektu pasibo ez daudela behartuta urteko aitorpen laburtua aurkeztera, zerga arloko administrazioak haien gaineko behar adinako informazioa baldin badu. Gaitu egiten da Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren foru agindua urteko aitorpen laburtu hori aurkeztetik salbu dauden subjektu pasiboak zehazteko.
Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen 109.1.6 artikuluak xedatzen duenez, subjektu pasiboak behartuta egonen dira dagozkien aitorpen-likidazioak aurkeztera eta ateratzen den zenbatekoaren diru-sarrera egitera, erregelamendu bidez zehaztuko diren beharkizunak, mugak eta baldintzak betez. Gainera, subjektu pasiboek urteko aitorpen laburtua beharko dute aurkeztu.
Bestetik, lege testu bereko azken xedapenetako hirugarrenak ahalmena ematen dio Nafarroako Gobernuari foru lege hori garatu eta aplikatzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzan.
Horrenbestez, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluaren txostenarekin ados, eta Nafarroako Gobernuak 2014ko azaroaren 5eko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,
DEKRETATU DUT:
Artikulu bakarra.–Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamendua, martxoaren 8ko 86/1993 Foru Dekretuaren bidez onetsia, aldatzea.
62. artikuluaren 1. eta 7. zenbakiak aldatu dira, eta honela idatzita agertuko dira:
“1. Inportazioei buruz ezarritakoa salbu, subjektu pasiboek beren kabuz zehaztu beharko dute zerga-zorra, hurrengo zenbakietako arauei doitutako aitorpen-likidazioen bidez.
Enpresaburuek eta profesionalek artikulu honen 3., 4. eta 5. zenbakietan aipatzen diren aldian-aldiko aitorpen-likidazioak aurkeztu beharko dituzte, baita 7. zenbakian aurreikusten den urteko aitorpen laburtua ere, nahiz sorrarazitako kuotarik ez izan edo jasandako edo ordaindutako kuota kenkaririk ez egin.
Aurreko lerroaldeetan ezarritako betebeharra ez da zergari buruzko foru legearen 17. eta 23. artikuluetan aipatzen diren eragiketa salbuetsiak bakarrik egiten dituzten subjektu pasiboentzat.
7. zenbakian aurreikusitako urteko aitorpen laburtua aurkezteko betebeharra ez da subjektu pasiboentzat izanen zerga arloko administrazioak haien gaineko informazio nahikoa badu jarduketei eta egiaztatze edo ikerketa prozedurei dagokienez, subjektu pasiboek edo hirugarrenek dituzten zerga betebeharren ondorioz.
Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren foru aginduaren bidez zehaztuko da nor diren aurreko lerroaldean aipatu betebeharretik salbu dauden subjektu pasiboak.”
“7. Artikulu honetako 3., 4. eta 5. zenbakietan aipatzen diren aitorpen-likidazioez gain, subjektu pasiboek urteko aitorpen laburtua aurkeztu beharko dute, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak kasu bakoitzerako onetsitako tokian, moduan, epeetan eta inprimakietan.
Batera egindako aitorpen-likidazioetan sartutako subjektu pasiboek, halaber, urteko aitorpen laburtua egin beharko dute, aurreko lerroaldean ezarritako tokian, moduan, epeetan eta inprimakietan.
Zergari buruzko Foru Legearen 17. eta 23. artikuluetan jasotzen diren eragiketa salbuetsiak bakarrik egiten dituzten subjektu pasiboak ez dira behartuta egonen zenbaki honetan aurreikusitako urteko aitorpen laburtua aurkeztera, ezta Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak foru agindu bidez haientzat hala erabakita duten subjektu pasiboek ere, artikulu honetako 1. zenbakiko laugarren lerroaldean aipatzen diren kasuetan beretan.”
Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.
Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2014ko azaroaren 5ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.–Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilaria, Lourdes Goicoechea Zubelzu.
Iragarkiaren kodea: F1415078