1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
203E/2014 EBAZPENA, maiatzaren 15ekoa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena, Valtierran, La Quemada izeneko alderdian, zabortegia ixteko proiekturako. Sustatzailea Valtierrako Udala da.
2014ko apirilaren 16an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko O epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.
Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena ematea edo ukatzea.
Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.
Proiektatutako jarduketaren xedea da Valtierrako hondakindegia leheneratzea, ixteko eta ingurumenari nahiz paisaiari dagokienez integratzeko. Hondakindegi handia da, eta Valtierrako udal mugapeko La Quemada alderdian dago, 9. poligonoko honako lurzati hauetan: 1, 84, 85, 86, 87, 98 eta 104.
Bi alde ditu, sakonune moduko tarte batez bereiziak, 85-86. lurzatien eta 104. lurzatiaren artean. Hondakindegia sortuz joan da goialdean dagoen eremu batetik arestian aipatutako lurzatietako beheko aldera egindako isurketengatik; plataforma irregular bat eratu da horrela, goiko aldean zelai samarra, eta erlaitz nabari bat du 10 metroko altuera hartzen duten isurketaren ezpondetan. 104. lurzatian zutik daude hormigoizko egitura batzuen hondakinak, lehen bertan egondako hiru nabeetakoak; egungo proiektuaren asmoa horiek eraistea da.
Hondakindegia ixteko proiektuari buruzko txosten baloratuak honako neurri hauek planteatu ditu hondatutako eremu hau lehengoratzeko: tamaina handiko hondakin barreiatuak biltzea, eraikin-hondakinak eraistea, ezpondak erregularizatzea eta lurra zabaltzea (hondakindegian bertan pilatutako lurra, eta 9. poligonoko 104. lurzatian hondakindegiak okupatu ez duen eta egun Brachipodium retusum espezieko larre batek estalirik dagoen eremuko azaleko lurra), eta landareztatzea, zuhaitzak eta tamarizak landatuz perimetro osoan, eta egungo hesia konpontzea.
Espedientean jarduketa sustatzen duen Valtierrako Udalaren aldeko txostena dago, bai eta Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuarena ere, proposamena baimendutako jarduketatzat hartzen baitu.
Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abenduaren 31ko 1158/2013 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz.
EBATZI DUT:
1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Valtierrako La Quemada alderdian hondakindegia ixteko proiektu baterako. Sustatzailea Valtierrako Udala da.
2. Baimena neurri hauek aplikatzearen baldintzapean eman da:
–Lanak egiten hastean, lehengoratu beharreko azalerak modu argian seinalizatu eta mugatuko dira.
–9. poligonoko 104. lurzatian zutik dauden hormigoizko egiturak eraitsi eginen dira. Eraispen lan horietatik sortzen diren hondakinak eta lurperatu ezin diren gainerakoak modu egokian kudeatu beharko dira, haien izaera kontuan harturik. Berrerabili beharreko harrizko material ugari dagoenez, komeni da haiek birrintzeko planta mugikor bat eramatea hondakindegira, hondakin horiek tratatzeko. Balorizatzeko moduko hondakinak estaltzeko baimenik ez da emanen.
–Inguruko erliebearekin ongi bat egiten duen topografia bat lortuko da baliabide mekanikoen bitartez. Ezponden altuera, 10 metrotik gorakoak baitira, eta haien malda handia direla eta, komeni da altuera hori jaistea eta ezponda berriak sortzea 45 gradutik beherako malda izan ditzaten, horrela hobeki integratuko baitira ikuspegiaren aldetik eta isurketen masa egonkortzeko lagungarria izanen baita. Hondakindegiak 9. poligonoko 85., 86. eta 87. lurzatietan hartzen duen eremuan, berriz, materialak 87. lurzatiko beheko alderantz zabalduko dira, El Almendrón alderdiko bideraino iritsi arte. 9. poligonoko 98. eta 104. lurzatietan dagoen eremuari dagokionez, ezponda berriak sortzeko eta egokitze fisiografikoa egiteko 104. lurzatiko beheko aldeak erabiliko dira.
–Proiektatutako topografia behin lortu ondoren, amaierako azalerak estaltzeko lurra hondakindegian pilatutakotik eta 104. lurzatitik hartuko da, isurketarik ez duten eremuetatik. Lan horietan, ahal dela, ez da hondeatze ezpondarik edo zulorik sortuko, eta amaierako topografia ingurunean modu egokian txertatuta egonen da.
–Sortzen diren azalera berriek malda homogeneoa izanen dute (2H/1V baino apalagoa), ertz zuzenik izan gabe malda desberdineko gainazalen artean. Halakorik sortuz gero, biribildu egin beharko dira erliebe berria naturalizatzeko, batez ere lurzati mugakideak ukitzen dituzten tokietan.
–Adierazitako topografia lortutakoan, gainazalak finduko dira material lodiak (30-40 cm-tik gorako diametroa dutenak) kenduta, eta kalitateko lurra palaz zabalduko da.
–Jarduteko epea sei hilabetekoa izanen da, gehienez ere, obrak hasten direnetik aurrera.
–Hondakindegiko azalera osoan (ezpondak eta eremu lauak), kalitatezko lur geruza bat, azkena, 30etik 50 cm-ra bitarteko lodierakoa, bota eta zabalduko da, eta ondoren gehigarri organikoak; amaitzeko, azalean goldatuz prestatuko da lurra. Lurzoruaren kalitatea hobetzeko lan horietan 104. lurzatiko azalera ere sartu beharko da, estaltzeko lurra ateratzeko lanek eragiten diotelako.
–Amaitzeko, horretarako egokia den garaian (azaroa-otsaila), ereintza edo hidroereintza eginen da lurra mugitutako eremu guztietan, bertako belar espezieen hazi nahasketa bat erabiliz.
–Ahal dela ez da zuhaitzik ez eta zuhaixkarik moztuko (landaketak eta unadak 87. eta 104. lurzatietan).
–Hondakindegia lehengoratu eta ixteko proiektuari buruzko txosten baloratuan adierazten denez, lur-bizkar bat eta babes areka eraikiko dira, lehengoratutako tokietara autoz sartzea eragozteko eta urak bideratzeko isuritako masatik kanpora.
–Egun dagoen hesia konpondu eginen da eta tarte berriak jarriko sarbidea duten tokietan.
–Lanak amaituta, hondakindegia kokaturik dagoen lurzatiak eta inguru guztia garbi geldituko dira, eta obra amaierako txosten bat aurkeztu beharko da, eta bertan dokumentazio grafikoa, ingurumen lehengoratzearen azken emaitza behar beste azaltzen duena.
–Lan horien arduradunak hondakinen kudeatzailearen baimena beharko du, Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean aurreikusitakoarekin bat.
–Zuhaitzak moztu behar badira Tutera aldeko Basozaintzari jakinarazi beharko zaio, telefonoz hots eginez eta posta elektronikora mezua bidaliz (948 847033 telefonoa / oficina.guarderio.forestal.tudela.12@navarra.es helbidea) mozteko baimenaren tramitea egiteko.
3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu, izan ere, artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.
4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.
5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
6. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Valtierrako Udalari, Tutera aldeko Basozaintzari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2014ko maiatzaren 15ean.–Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.
Iragarkiaren kodea: F1407174