222. ALDIZKARIA - 2014ko azaroaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

372E/2014 EBAZPENA, azaroaren 7koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana. Honen bidez gutxieneko zerbitzu funtsezkoak bermatzen dira Nafarroako Ospitalegunean 2014ko azaroaren 13ko 14:00etatik 15:00etara deitutako lanuztea dela-eta, eta ezartzen da zer langile behar diren horiei arreta emateko.

LAB sindikatuak ordubeteko lanuztea egiteko deia egin du, 2014ko azaroaren 13rako, 14:00etatik 15:00etara, Nafarroako Ospitaleguneko zerbitzu eta unitateetan (Iruñeko ospitaleen gunean, Irunlarrea kalean).

Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan onartzen den greba egiteko eskubidearekin batera, herritarren ezinbesteko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeak jarri behar dira, aipatutako eskubidearen erabilera inola ere galarazi gabe, halaxe ulertu baitute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak bai konstituzionalak ere.

Grebarako deialdia dela-eta, Nafarroako Ospitalegunean ematen diren zerbitzuak ezin dira erabat gelditu, botere publikoek bermatu beharreko funtsezko zerbitzuak baitira, eta, beraz, beharrezkoa da horiek betetzea. Izan ere, Espainiako Konstituzioaren 43. artikuluan aipatzen den osasuna babesteko eskubidearen barrenean sartzen dira, pertsonen funtsezko eskubideak direlako, hau da, erien bizitzeko eta integritate fisikorako eskubideak.

Funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren erabakitzeko eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko behar diren neurriak hartzeko eskumena berea du gobernuko agintaritzak, halaxe xedatzen baita martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluan, eta eskumen hori, kasu horretan, Nafarroako Foru Komunitateak erabili behar du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 49. eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Ekainaren 10eko 119/2002 Foru Dekretuak, egoera honetan aplikatzekoa denak, lehen xedapen gehigarrian adierazten duenez, ahalmena ematen die Nafarroako Gobernuko kontseilariei eta erakunde autonomoetako organo eskudunei funtsezko prestazio publikoetarako gutxieneko zerbitzuak ezar ditzaten, baita horiei arreta emateko behar diren langileak ere, betiere grebarako deia egin duten sindikatuei entzun ondoren.

Azaldutakoaren ondorioz, ebazpen honen xedea da langileen gutxieneko zerbitzu funtsezkoak arautzea Nafarroako Ospitaleguneko zerbitzu eta unitateetan (Iruñeko ospitaleen gunea, Irunlarrea kalean), 2014ko azaroaren 13ko 14:00etatik 15:00etara deitutako greba dela eta. Horiek ezartzeko, kontuan hartzen da, funtsean, zerbitzu horiek nahitaezkoak direla herritarrei dagokien arreta emateko. Horregatik guztiagatik, zerbitzu horiek funtsezkotzat hartzen dira eta, hortaz, beharrezkoa da deitutako grebak dirauen bitartean zerbitzu horiek betetzea.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko organo eskudunek greba batzordean dagozkien jarduketak eginik, beharrezkoa da gutxieneko zerbitzuei arreta emateko behar diren langileak ezartzea.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen uztailaren 18ko 62/2012 Foru Dekretuak eta lehen aipatutako 119/2002 Foru Dekretuak eman dizkidaten ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Ospitaleguneko zerbitzu eta unitateetako (Iruñeko ospitaleen gunean, Irunlarrea kalean) langileentzat 2014ko azaroaren 13ko 14:00etatik 15:00etara deitutako greba eginen da ondoren ezartzen diren gutxieneko zerbitzu funtsezko hauek errespetatuz:

Oro har, lan araubidea jaiegunetarako ezarritakoa izanen da.

Gainera, zentroen jarduera garatzeko ezinbestekoak diren zerbitzuetan jendeari arreta ematen zaiola bermatuko da, honelaxe:

A) Ospitalizazioa: gaitasun logistikoaren %100 bermatuko da.

B) Araututako jarduera duten zerbitzuetako arreta bermatuko da:

–Hemodialisia.

–Eguneko Ospitalean tratamendu onkologikoak.

–Eguneko Ospitalean tratamendu hematologikoak.

–Minaren Unitatean tratamendu jarraitua duten eriendako arreta.

–Erradioterapiako tratamenduak, simulaziokoak eta plangintzakoak.

–Errehabilitazioa. Lehentasunezko eta ospitaleetako eriendako arreta bermatuko da.

C) Ebakuntza kirurgiko larri guztiak bermatuko dira, horietan normalean erabiltzen diren baliabideekin, eta, horiez gainera, larrialdietako, Zainketa Intentsiboetako Unitatearen, Konorteratzeko eta Zainketa Berezien Unitatearen, Zainketa Etengabeko Unitatearen, Kritikoen Unitatearen, Erditzeen Arloaren eta parekagarriak diren beste unitate batzuen jarduera guztia ere bermatuko da.

D) 20. asteko ekografia eta amniozentesia egiten direla bermatuko da.

E) Arlo hauetan, lehentasunezko arreta, ingresatutako eriendako arreta eta arreta arrunt guztiak bermatuko dira, halakorik bada, gaitasun logistikoaren %60ra bitarte jarriz:

–Ebakuntza kirurgikoak.

–Zerbitzu Zentralak.

–Kontsultak.

–ELZ (Emakumeari Laguntzeko Zentroa).

F) Ospitaleko farmazia zerbitzuak: ospitalean dauden eta tratamendu onkologikoak eta arautuak dituzten eriendako arreta bermatuko da.

G) Nafarroako Odol eta Ehun Bankua: hemoderibatuen erauzketak bermatuko dira, Nafarroako Foru Komunitateko ospitaleak hornitzeko, gaitasun logistikoaren %60ra bitarte jarriz.

2. Nafarroako Ospitaleguneko zuzendaritzak horretarako izendatutako langileek bete behar dituzte aurreko artikuluan aipatutako funtsezko zerbitzuak. Legez kanpokotzat hartuko da funtsezko zerbitzuak ez betetzea edo aldatzea, eta arau-hausleak horren erantzule izanen dira.

3. Aurreko artikuluetan xedatutakoak ez die inolako mugarik jarriko greba arautzen duen legeriak egoera horretan diren langileentzat aitortzen dituen eskubideei.

4. Ebazpen hau greba batzordeari jakinaraztea.

5. Ebazpen hau igortzea Nafarroako Ospitaleguneko Langileriaren zuzendariari; Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Giza Baliabideen Zuzendariari, Langileriaren Kudeaketa eta Garapenerako zuzendariordeari eta Langileriaren Gastuaren Plangintza eta Kontrolerako zuzendariordeari; Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari; eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Lan Harremanen eta Antolamenduaren Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

6. Ebazpen honen aurka, administrazio bidea amaitzen ez baitu, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Iruñean, 2014ko azaroaren 7an.–Zuzendari kudeatzailea ez dagoenez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Oinarrizko Osasun Laguntzako zuzendaria (uztailaren 18ko 62/2012 Foru Dekretua), José Ignacio Yurss Arruga.

Iragarkiaren kodea: F1415180