222. ALDIZKARIA - 2014ko azaroaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

321/2014 EBAZPENA, azaroaren 4koa, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak emana. Honen bidez espedientea irekitzen da Eugiko arma-ola, Eugin dagoena, interes kulturaleko ondasun deklaratzeko, monumentuaren eta eremu arkeologikoaren kategoriarekin.

Ondare Historikoaren Zerbitzuko Arkeologia Atalak txosten bidez dio Kulturako zuzendari nagusiaren maiatzaren 16ko 267/2008 Ebazpenaren bitartez espedientea ireki zela Eugiko Errege arma-ola izeneko monumentua interes kulturaleko ondasun deklaratzeko. Espedientea tramitatzeko epea deklaraziorik egin gabe igarota, epea iraungi zela ezarri zen, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiaren ekainaren 14ko 226/2013 Ebazpenaren bidez.

2012. urtetik hona arkeologia kanpainak egiten ari dira, eta horietan olako instalazioen hondakinak azaleratzen ari dira, eta horrek azpimarratzen du eremu arkeologiko izatearen izaera, espedientean agertzen denaren arabera.

Eugiko Kontzejuak, lurren titularra den aldetik, eskatu du berriz ireki dadila Interes kulturaleko ondasun izendatzeko espedientea. Espainiako Ondare Historikoari buruzko 16/1985 Legearen 9, 3) artikuluak ezartzen duenez, espedientea iraungirik berriz has daiteke prozedura, baldin ondasunaren titularrak eskaera egiten badu. Espedientearen irekiera ekarri zuten balio berberak daude ondasun honetan, baita gehiago ere, aurkitutako hondakin arkeologikoei esker.

Horrenbestez, eta Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Legeak eta Interes Kulturaleko Ondasunen Deklarazioa arautzen duen urriaren 3ko 217/1986 Foru Dekretuak (abenduaren 30eko 572/1991 Foru Dekretuaren bidez aldatua) ematen dizkidaten ahalmenak erabiliz, eta Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen uztailaren 25eko 67/2012 Foru Dekretuak emandako eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Espedientea irekitzea, Eugiko Kontzejuak eskatuta, Eugiko arma-ola interes kulturaleko ondasun deklaratzeko, monumentuaren eta eremu arkeologikoaren kategoriarekin. Espedientean ageri dira haren deskribapena eta mugak.

2. Espedientea tramitatzen jarraitzea, indarrean dauden xedapenek ezarritako moduan.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Esteribarko Udalari, Eugiko Kontzejuari, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Ondare Historikoaren Zerbitzuari, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari eta Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioko Arte Ederren Zuzendaritza Nagusiari atxikitako Interes Kulturaleko Ondasunen Erregistro Orokorrari, aurreneurrizko idatzoharra egiteko, bai eta interesdunei ere.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta argitaratzen den egunaren biharamunetik 30 eguneko epea ematea jendaurrean egon dadin, interesdunek egoki iruditzen zaizkien alegazioak aurkeztu ahal izateko.

Iruñean, 2014ko azaroaren 4an.–Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusia, Ana Zabalegui Reclusa.

Iragarkiaren kodea: F1414871