222. ALDIZKARIA - 2014ko azaroaren 12a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑERRIKO MANKOMUNITATEA

Hiri Garraioaren Zerbitzu Publikoa Arautzeko Ordenantzaren aldaketa. Behin betiko onespena

Iruñerriko Mankomunitatearen Batzar Nagusiak, 2014ko ekainaren 19an egindako saioan, hasiera batean onetsi zuen Iruñerriko Hiri Garraioaren Zerbitzu Publikoa Arautzeko Ordenantzako 8. artikuluko 1 eta 3. atalak aldatzea.

Onesteko erabaki hori 2014ko 126. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 30n, eta, jendaurreko epean aurkeztutako alegazioak erabakita, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraituta -maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatua-, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2014ko azaroaren 6an.–Lehendakaria, José Muñoz Arias.

HIRI GARRAIOAREN ZERBITZU PUBLIKOA ARAUTZEKO ORDENANTZA

8. artikulua.

1.–Gurpildun aulkiak edo mugitzeko beste gailu batzuk eta haurren aulkitxoak haietarako egokitutako tokian jarriko dira eta lotuta eramateko aurreikusita dauden elementuak erabili beharko dituzte, artikulu honetan jarritakoaren arabera.

2.–Gurpil-aulki batean edo mugitzeko beste gailuren batean doazen mugikortasun murriztuko pertsonak bigarren atetik sartuko dira autobusean, eta aurretik abisua eman beharko diote gidariari kanpoan, atearen ondoan, dagoen txirrinaren bidez. Horretarako erabiliko dute autobusetan dagoen arrapala, gidariak aktibatuko duena. Autobusean sartu ahal izango den gurpildun aulkien edo mugitzeko beste gailuen kopurua horretarako egokituta dagoen plaza kopuruaren berdina izango da. Edozein bidaiarik ordaindu ahal izango du bidaia.

3.–Gurpildun aulkietarako eta lekuz aldatzeko beste gailu batzuetarako indarrean dagoen legerian araututako segurtasun sistemak izango dituzte autobusek. Gomendatzen da gurpildun aulkien edo lekuz aldatzeko beste gailu batzuen erabiltzaileek sistema horiek erabiltzea. 1.200 mm x 700 mm x 1.090 mm neurriak gainditzen dituen edo, erabiltzailea barne hartuta, 300 kilogramoko pisua gainditzen duen gurpildun aulkirik edo mugitzeko beste gailurik ezin izango da sartu autobusean edo indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen ezaugarriak gainditzen dituztenak, bereiz daitezkeen moduluak eta erreserbatutako tokietan kokatzeko desmunta daitezkeenak badira izan ezik.

4.–Arrapala ez badabil, taxi bati deituko zaio erabiltzailearen bila joateko, hurrengo autobusak taxiak baino denbora gutxiago behar badu erabiltzailearengana iristeko izan ezik. Erabiltzailea taxiz joaten bada, jaistea aurreikusita zuen geralekua izango da taxiaren helmuga. Dena den, beste helmuga bat adierazten badio, bi helmugen arteko alde ekonomikoa erabiltzaileak ordaindu beharko du.

5.–Haurren aulkitxoak, posible den guztietan, aurreko atetik sartuko dira autobusean. Autobusaren egitura dela eta ezin bada horrela egin, bigarren atetik eginen dute, gidariari aurretik jakinarazita.

Dena den, aulkitxoak kokatu behar dira autobusean pertsonak ibiltzeko diren tokietan oztopo egin gabe.

Gomendatzen da haurren aulkitxoak tolestuta eta lotuta eramatea.

6.–Autobusean sartu ahal izango den tolestu gabeko haurren aulkitxo kopurua “gurpildun aulkietarako” gordetako tokian sartzen dena izango da.

7.–Aulkitxoan dagoen haurrarekin doan pertsona heldua da haur horren segurtasun baldintzak betetzeko arduradun bakarra eta haurrak izan ditzakeen kalteen edo aulkitxoak eragin ditzakeen kalteen arduradun bakarra. Pertsona heldu horren erantzukizunpean, haurren aulkitxoekin doazen pertsona laguntzaileek aukeratu ahal izango dute aulkitxoak tolestu gabe eramatea autobusetan, baldin eta daraman pertsona helduak:

a) Aulkitxoa jartzen badu ibilgailuaren erdiko plataforman, gurpildun aulkietarako gordetako tokian, martxaren kontrako norabidean. Horrenbestez, adingabea bizkarrez joango da, autobusaren norabidea kontuan hartuta.

b) Adingabea behar bezala lotzen badu aulkitxoan.

c) Aulkitxoaren balazta galgatzen badu.

8.–Ibilgailu guztiek eraman beharko dute gurpildun aulkietarako gordetako tokietan, ikusteko moduko leku batean, gurpildun aulkiak eta haurren aulkitxoak autobusetan garraiatzeko araudia.

9.–Eserlekuak eta tokiak gordetzea. Mugikortasun murriztuko pertsonek lehentasunez erabiltzeko, gutxienez, bi toki gordeko dira gurpildun aulkiak edo mugitzeko beste gailu batzuk jartzeko eta lau eserleku autobus guztietan.

Gurpildun aulkian edo mugitzeko beste gailu batean doazen mugikortasun murriztuko pertsonek lehentasuna izango dute helburu horretarako egokituta dauden lekuak hartzeko.

Mugikortasun murriztuko pertsonentzat gordetako eserlekuak autobusean sartzeko ateetatik hurbil egongo dira, seinale egokiak izango dituzte, eta txirrinak, gelditzeko seinaleak eta alarmak izango dituzte eskura. Beste pertsona batzuk eserita badaude gordetako eserleku horietan, gidariak eskatuko die libre uzteko. Hartara, beste bidaiari batzuk bakarrik eseri ahal izango dira eserleku horietan libre badaude.

10.–Autobusean sartzen bada gurpildun aulki bat edo mugitzeko beste gailu bat eta horretarako gordeta dauden tokiak hartuta badaude eta tokietako batean haurren aulkitxo bat badago, haurren aulkitxoa daraman pertsona behartuta dago tolestera eta tokia uztera gurpildun aulkian edo mugitzeko beste gailu batean doan pertsona erabiltzaileari. Haurren aulkitxoak bi badira, autobusean azkena sartu den haurren aulkitxoaren laguntzailea egongo da behartuta tolestera eta tokia uztera gurpildun aulkian edo mugitzeko beste gailu batean doan pertsona erabiltzaileari.

Iragarkiaren kodea: L1415080