220. ALDIZKARIA - 2014ko azaroaren 10a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARGUEDAS

1. poligonoko 58 eta 59. lurzatien jabetza berreskuratzeko espedientea

Arguedasko Udalak, 2014ko irailaren 26an egin osoko bilkura arruntean, onetsi zuen Arguedasko 1. poligonoko 58 eta 59. lurzatien jabetza berreskuratzeko espedientea abiatzea. Biak Arguedasko Udalaren izenean eta datu hauekin inskribatua dagoen finkaren atal dira: 491. zenbakia, 76. orria, 164. liburukia, 7. liburua.

Arguedasko 1. poligonoko 58. lurzatiaz den bezainbatean, Arguedasko El Silo karrikako 15ean baitago, interesdun gisa agertzen dira Luis Aragónen oinordekoak. Interesdun ezagunak ez direnez, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 59.5 artikuluarekin bat, jakinarazpena eginen da Arguedasko Herriko Etxean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean iragarkia argitaratuz.

“7.–Onestea, bidezkoa bada, Arguedasko 1. poligonoko 58 eta 59. lurzatien jabetza berreskuratzeko espedientea, Nafarroako Administrazio Auzitegiaren 2014ko ekainaren 12ko 1819. ebazpenaren ondoan.

Jaun idazkariak aurrekarien azalpen laburra egin du:

2013ko urrian, Lorenzo Guallar Figoliren alargun Lucía Bienzobas Leónek ziurtagiria aurkeztu zuen Tuterako Jabetza Erregistroan, 2013ko urriaren 2ko data zuena. Hartan, Bordón karrikako 18ko finka erregistroan inskribatzea ukatu zitzaion, erregistro berean Arguedasko Udalaren izenean inskribatua baitzegoen.

Arguedasko Udalak ikerketa ireki zuen, baita egiaztatu ere katastroko 58. lurzatia (Bordón karrikako 18ko finka) eta 59.a (El Silo karrikako 15a) Arguedasko Udalaren izenean herrilur gisa eta datu hauekin inskribatua dagoen finkaren atal direla: 491. zenbakia, 76. orria, 164. liburukia, 7. liburua.

Geroago, Lucía Bienzobas Leónek dokumentazioa eskatu dio Arguedasko Udalari Bordón karrikako 18ko finka bere izenean inskribatzeko; eskaera hori ezetsi zuen, lehenik, Tokiko Gobernu batzarrak, 2014ko urtarrilaren 8an, berraztertzeko errekurtsoan, eta bigarrenik, Nafarroako Administrazio Auzitegiak, gora jotzeko errekurtsoan, aurtengo ekainaren 12ko 1819. ebazpenaren bidez.

Horren ondotik, jaun idazkariak agertu ditu 2014ko irailaren 17ko bere txostenaren kontsiderazio juridikoak (txostena akta honi atxiki zaio). Labur azaldu du herrilurretako ondasunak zer diren: Herrilurretako ondasunak dira herriko bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak. Jarraian azaldu du toki entitateen betebeharra, herrilurretako ondasunak defendatzeko, zaintzeko eta berreskuratzeko, eta azkenik nabarmendu du jabetza berreskuratzeko segitu behar den prozedura.

Prozedura Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Erregelamenduak ezartzen du, bere 60. artikuluan, honela baitio:

“1. Ondasunak administrazio bidean berreskuratzeko, Udalbatzak erabakia hartu beharko du aitzinetik; hari gehituko zaizkio jabetzaren ziurtagiriak, berrikitan gertatutako usurpazioak eragozteko ez bada.

2. Berreskuratzeko erabakia hartuko da espedientea abiatu ondoan; hartan entzutea emanen zaio interesdunari; barnean, Aholkularitza Juridikoko idazkariaren edo, bertzenaz, legelari baten irizpena izanen du.

Jabetzaren berreskuratzea hasitzat joko da aitzineko paragrafoak aipatzen duen espedientea abiatuta.”

Rapún jaunak adierazi du U.P.N.ko udal taldea abstenituko dela puntu honetan.

Jaun alkateak azpimarratu du espedientea abiatzea dela kontua, eta, beraz, osoko bilkuran hasiera emanen zaiola, eta 15 eguneko epea ematen zaie interesdunei, hau da, Lucía Bienzobas Leóni, Arguedasko katastroko 1. poligonoko 58. lurzatiaz den bezainbatean, eta Luis Aragónen oinordekoei, Arguedasko 1. poligonoko 59. lurzatiaz den bezainbatean.

Bozketa eginda eta aitzineko guztia adierazita, gehiengo osoarekin, bertan ziren hamaika udalkideetarik seik aldeko botoa eman baitute eta gaineko bortz zinegotziak abstenitu, honako hau erabaki da:

Lehenbizikoa.–“Onestea, Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Erregelamenduaren 60. artikuluarekin bat, Arguedasko Udalak Arguedasko 1. poligonoko 58 eta 59. lurzatien jabetza berreskuratzeko espedientea abiatzea. Horiek datu hauekin herri honetako Udalaren izenean inskribatua dagoen finkaren atal dira: 491. zenbakia, 76. orria, 164. liburukia, 7. liburua.

Bigarrena.–“Erabaki hau interesdunei igortzea, hau da, Lucía Bienzobas Leóni eta Luis Aragónen oinordekoei, entzutea eman baitzaie 15 egun baliodunean”.

Aditzera ematen dizut, jakin dezazun eta ondorioak izan ditzan. Halaber, ohartarazten dizut erabaki horren aurka errekurtso hauetako bat para daitekeela, hautara:

a. Berraztertzeko errekurtsoa, ebazpena eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

b. Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari edo Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aitzina, edo bertzenaz.

c. Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazten denetik aitzina.

Arguedasen, 2014ko urriaren 16an.–Alkatea, Fernando Mendoza Rodríguez.

Iragarkiaren kodea: L1414111