2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ARGUEDAS
Udal ordenantza, Orubeen garbiketa eta hesitzea arautzen dituena. Behin betiko onespena
Arguedasko Udalak, 2014ko martxoaren 28an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Orubeen garbiketa eta hesitzea arautzen dituen udal ordenantza.
Hasierako onespenaren iragarkia 2014ko 79. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 24an argitaraturik, eta jendaurreko aldian aurkeztutako alegazioak onarturik, behin betiko onetsi zuen ordenantza Arguedasko Udalak, 2014ko irailaren 26ko osoko bilkuran. Argitara ematen da, testu osoarekin batera, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoarekin bat (maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatua), behar diren ondorioak izan ditzan.
Arguedasen, 2014ko urriaren 13an.–Alkatea, Fernando Mendoza Rodríguez.
ORUBEEN GARBIKETA ETA HESITZEA ARAUTZEN DITUEN UDAL ORDENANTZA
Sarrera
Herritar guztiek dakite Arguedasko udalerriko orube asko ez daudela batere garbi. Zikin eta gaizki hesituta egoteak infekziogune bihur ditzake kasu batzuetan, eta horrek ondorio negatiboak ekar ditzake bai osasun eta higiene publikoarentzat bai gure herriaren estetikarentzat.
Egoera hau erdialdean da bereziki kezkagarria, non, aipatu arazoez gain, orubeen gaur egungo abandonu egoerak Arguedasen oso irudi txarra sortzen duen herritarrentzat eta, bereziki, bisitari eta turistentzat.
Orubeak garbi ez egoteak eta gaizki hesituta egoteak garrantzi publikoa du, horixe erakusten baitute Udalera iristen diren eskaerek, arlo horretan esku har dezan eskatzen baitzaio Udalari.
Azaldu diren egoera horiek ikusirik, beharrezkoa da Udalak esku hartzea, hirigintza arloaren barnean, udalerri guztian aplikatuko den tresna juridiko arin eta eraginkor bat sortuz, herriaren apaindura eta garbiketa maila nabarmen handi dadin.
Ordenantza honek jaso eta garatzen du era guztietako lurren jabeen betebeharra dela lur horiek egoera onean edukitzea segurtasunaren, osasungarritasunaren, apaindura publikoaren eta bizigarritasunaren aldetik, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 87.1 b) artikuluan ezarritako moduan, horixe baita lege oinarria.
Orubeak garbitu eta hesitzeko betebehar material eta formalak arautzen dira; orobat, zehapena, nahitaez betearazteko eta kontserbaziorako legezko beharkizuna betetzeko bide gisa, baita betearazpen subsidiarioa ere, jabe batzuek ezer egiten ez badute Udalak emanen duen erantzun gisa. Gainera, Udalak egin beharreko lanak erraztu nahi dira, aldez aurretik aurrekontuko zuzkidura jarrita, horrek sortu dituen gastuak itzultzeko bermearekin, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 98.3 eta 4 artikuluan xedatutakoarekin bat (azaroaren 26ko 30/1992 Legea).
I. KAPITULUA
Arau orokorrak
1. artikulua. Mantendu eta kontserbatzeko betebehar orokorra.
Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 87.1 b) artikuluan xedatutakoarekin bat, udalerrian dauden orubeen jabeak behartuta daude egoera onean edukitzera segurtasunaren, osasungarritasunaren eta apaindura publikoaren aldetik.
2. artikulua. Orube kontzeptua.
Ordenantza honen ondorioetarako, orubetzat jotzen da Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen 93. artikuluan ezarritako kontzeptua, hau da, eremu bat, gutxienez ere ibilgailuendako sarbidea, ur hornidura, ur hustuketa eta argindarra izanen dituena; gainera, lurzatiaren aurreko bideak zolatua izan behar du galtzada, eta zintarriak espaloietan.
Hiri lurzoru finkatugabetzat jotzen da aurreko lerroaldean deskribatu den orubea, baldin eta lerrokadurak eta sestrak eginak baditu.
Hiri lurzoru finkatua izanen da, berriz, aurreko bi lerroaldeez gainera, urbanizazioko kargen banaketa egina duena.
3. artikulua. Behartuta dauden subjektuak.
Ordenantza honetan garbiketa eta hesitzea egiteko ezarri diren betebeharrak, jabari zuzena eta erabilgarria bereiziz gero, jabari erabilgarriaren titularraren gain egonen dira. Orubeek erabilera edo gozamen eskubideen karga badute, edo errentamenduan lagata badaude, kasuan kasuko erabiltzailearen, gozamendunaren edo errentariaren gain egonen dira, jabearen ordezko gisa, eta azken kasu honetan jabeak onartu egin beharko ditu hesitze obrak.
Oraindik zatitu eta esleitu gabeko jaraunspenak dituzten orube eta lurren kasuan, aski izanen da jaraunsle ezagunetako bati jakinaraztea, jaraunspen-erkidegoaren ordezkaritzat hartuko baita ondorio horietarako. Arau horiek pertsona juridikoei ere aplikatuko zaizkie.
4. artikulua. Udalaren ikuskapena.
Alkateak edo bere ordezkoak udalerriko orubeak eta lurrak ikuskatuko ditu, ordenantza honetan ezarritako baldintzak betetzen diren ikusteko.
II. KAPITULUA
Orubeak garbitzea
5. artikulua. Garbitzeko betebeharra.
Orubeetan eta lurretan zaborrak edo hondakinak botatzen dituenaren erantzukizuna galarazi gabe, orube eta lurren jabeak horiek garbi edukitzeko betebeharra dute.
Orubeak garbi egonen dira beti, batere hondakinik edo berezko landarerik gabe, inolako hondakin organiko edo mineralik gabe, ez ditzaten elikatu edo babestu eritasunak dituzten edo kutsa ditzaketen landareak edo animaliak, eta ez dadin usain txarrik sortu.
6. artikulua. Zaborrak eta beste hondakin batzuk botatzeko debekua. Materialak eta makinak pilatzeko baimena.
Erabat debekatuta dago orubeetan honako hauek botatzea: zaborrak, obretako hondakinak, altzariak, etxetresna elektrikoak, landare hondarrak, hondakin materialak, olioak eta koipeak eta beste edozein hondakin mota.
Bestalde, Udalak okupaziorako baimena eman beharko du materialak pilatzeko edo makinak zein antzekoak aparkatzeko, baldin eta uste bada ez direla betetzen erabilera, kontserbazio eta birgaitze betebeharrak eta ingurumenari egokitzeko betebeharra, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen 87. eta 88. artikuluetan ezarrita baitaude.
Zuzenbidearen arabera orubeen jabeek bidezko dituzten ekintzak galarazi gabe, zorrotz zigortuko ditu Alkatetzak arau-hausleak.
7. artikulua. Alkatetzari jakinaraztea.
Arguedasko Udalak aldez aurretik ohartarazita izan edo orubearen jabearen borondatez izan, orubeen garbiketak Alkatetzari soilik jakinaraziko zaizkio, hasi baino lehen, Arguedasko Udaleko alkate udalburuari bidaliko zaion idazki baten bidez. Idazki horretan adieraziko da garbiketa lanak zein egunetan hasi eta bukatzea aurreikusten den. Garbiketa lan horiek ez dute eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zergarik izanen.
III. KAPITULUA
Orubeak hesitzea
8. artikulua. Hesitzeko betebeharra.
Zaborrak, altzariak, materialak eta bestelako hondakinak bota ez daitezen eta gure herria apainago egon dadin herritarrak, bisitariak eta turistak gustura ibiltzeko, nahitaezkoa izanen da Arguedasko hirigunearen erdialdean dauden orubeak hesitzea, ordenantza honen eranskinean ageri den mugapenaren arabera.
Eraispenetik hasita 12 hilabeteko epean beste eraikin bat egiten ez bada erdialdeko orubean, nahitaezkoa izanen da orube hori hesitzea.
Betebehar horrek ez du alde batera uzten eraikuntza berriko obrak edo eraispenekoak egiten direnean segurtasun neurri gisa jarri beharreko babes hesia, eta obra bakoitzaren araberako ezaugarriak izanen ditu; Udalak baimenduko ditu egitekoak diren obren aurretik edo aldi berean.
9. artikulua. Hesia berriz jartzea.
Halaber, hiriguneko erdialdean dauden orubeetan, gaur egun hesituetan, jabearen betebeharra izanen da, halaber, hesia berriz jartzea, edozein arrazoirengatik kalteak izan baditu edo hondatu bada edo erabat edo hein batean eraitsi bada. Ordenantza honetan ezarritako determinazioak betez jarriko da berriz.
10. artikulua. Hesien ezaugarriak.
Orube bat hesitutzat jo dadin, ordenantza hauen ondorioetarako, honako ezaugarri hauek bete beharko ditu hesiak:
a. Fatxadaren edo fatxaden lerro osoan zabalduko da, horretarako ezartzen den lerrokaduraren trazadurari jarraikiz.
b. Adreiluzko fabrikaz edo aurrefabrikatutako hormigoizko blokeen bidez egin beharko da, kanpoaldean zarpiatuta eta pintatuta. Kalitatezko adreiluak edo blokeak izanez gero, zarpiatu eta pintatu gabe ere egoten ahalko dira.
c. Gutxieneko garaiera bi metrokoa izanen da eta gehienekoa hiru metrokoa.
d. Orubean sartzeko ate bat jarriko da, behar bezalako erresistentzia eta segurtasun baldintzak beteko dituena, eta hondakinak atera eta garbiketa lanak egiteko modua emanen duten neurriak izanen ditu.
Edonola ere, hesia eraikitzeko materialek bete beharreko ezaugarriek egokiak izan behar dute haren egonkortasuna eta kontserbazio ona bermatzeko.
11. artikulua. Hesitzeko lizentzia.
Orubeen jabeek hesia jartzeko udal lizentzia eskatu behar diote Udalari.
Lizentzia eskaerarekin batera aurkeztu beharrekoak: orubea identifikatzeko datuak, kokalekuaren planoa, erabiliko diren materialen deskribapena eta obrarako kalkulatu den aurrekontua.
IV. KAPITULUA
Udalaren eta jabeen arteko hitzarmenak, orubeak aldi baterako erabiltzeko
12. artikulua. Orubeen behin-behineko erabilera.
Orubeen jabeei ordenantza honen araberako betebeharrak aldi baterako kentzeko eta orubeen aprobetxamendu publikoari bide emateko, Udalak, jabeekin ados jarrita, orubeen behin-behineko erabilera hauek sustatzen ahal ditu:
1. Haurrentzako jolastokia.
2. Ibilgailuentzako aparkaleku publikoak.
3. Interes publikoko beste erabilera batzuk.
Horretarako, aldez aurretik lankidetza hitzarmena sinatu beharko da orubearen jabe guztien eta Udalaren artean, eta horren bidez Udalak eta jabeek erabakiko dituzte orubea egokitzeko egin behar diren obrak eta sortzen diren gastuen banaketa.
Behin-behineko erabilera horiek bertan behera utziko dira eta dagozkien instalazioak desmuntatu edo eraitsiko Udalak erabakitzen duenean edo jabeak orubeari erabilera pribatua eman nahi dionean.
V. KAPITULUA
Prozedura
13. artikulua. Arauak aplikatzea.
Kapitulu honetan ezarritako prozedura arauak bai orubeen garbiketari bai hesitzeari aplikatuko zaizkio.
14. artikulua. Espedientea irekitzea.
Orube baten garbiketa eta/edo hesitze espedienteak ofizioz edo edozein interesdunek eskaturik has daitezke.
15. artikulua. Errekerimendua eta epeak.
Espedientea irekirik eta Udaleko zerbitzu teknikoek txostena eginik, Alkatetzaren dekretu bidez errekerimendua eginen zaie orubeen eta lurren jabeei, ordenantza hau betetzeko beharrezkoak diren lanak edo obrak egin ditzaten.
Errekerimendua egin eta hamar eguneko epean hasi beharko dira lanak, eta Alkatetzak ezartzen duen epean bukatu, betiere hamar egunekoa gutxienez eta hogeita hamarrekoa gehienez, hasiera egunetik aurrera. Betearazteko aginduak berarekin dakar agindutako jarduera egiteko lizentzia ematea, baina horrek ez dio jabeari jarduketan zuzendaritza teknikoa jarri beharra kentzen, beharrezkoa izanez gero.
16. artikulua. Zehapen espedientea irekitzea.
Agindutako jarduketa egiteko eman den epea amaitu eta errekerimenduari erantzun ez bazaio, eta hurrengo artikuluetan arautzen den betearazte subsidiariorako ahalmena erabiltzea galarazi gabe, hirigintzako arau-haustearen ondoriozko zehapen espedientea irekiko da, bidezkoak diren tramiteen ondoren kasuan kasuko zehapena ezartzeko, hau da, akatsak konpontzeko egin beharreko jarduketen eta/edo obren balioaren %10etik %40ra bitarteko isuna. Subsidiarioki aplikatzekoa da abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretua, zehapen ahalmena erabiltzeko prozedura onesten duena.
17. artikulua. Betearazte subsidiarioa.
Alkatetzak egindako errekerimendua betetzen ez bada, Udalak, Tokiko Gobernu Batzarraren erabakiz, nahitaez betearazteko ahalmena erabiltzen ahalko du, orubea garbitzeko eta/hesitzeko. Horri loturik, Udaleko zerbitzu teknikoek nahitaezko betearazpenari begira beharrezkoak diren lanen eta obren aurrekontua prestatuko dute. Betearazpen subsidiarioaren edo nahitaezkoaren prozedura abiaturik, interesdunari jakinaraziko zaio eta entzunaldia emanen hamar egunez, bai betearazpen subsidiarioaren ahalmena erabiltzeko asmoari bai kasuan kasuko aurrekontuari dagokionez, epe horretan alegazioak egiteko aukera izan dadin. 18. artikuluan araututako errekerimendua eta, aipatu moduan, nahitaezko betearazpena erabiltzeko asmoaren eta aurrekontuaren jakinarazpena dokumentu bakar batean biltzen ahalko dira, nahiz eta bi epe horiek elkarren segidakoak izan.
18. artikulua. Betearazpenaren ebazpena.
Entzunaldia bukatutakoan, Alkatetzak ebazpen baten bidez ebatziko ditu aurkeztutako alegazioak, halakorik bada, eta orubea garbitu eta/edo hesitzeko lanen betearazpen subsidiarioa aginduko du. Udalak berak eginen ditu lan horiek edo, bestela, esleipen zuzen baten bidez ezartzen duen pertsonaren edo pertsonen bitartez, kontuan harturik ordenantza honetan ezarritako helburuak betetzea presakoa dela. Udal aurrekontuan dagokion kontu-sailaren kargura eginen da esleipena, eta betearazpen subsidiarioa agintzen den dekretuan zehaztuko. Alkatetzaren ebazpena berehala betetzen ahalko da, eta zuzenbidearen arabera bidezkoak diren errekurtsoak aurkezten ahalko dira haren kontra.
19. artikulua. Gastuak kobratzea.
Orubeak garbitu eta/hesitzeko jarduketak subsidiarioki betetzean sortzen diren gastuak, kalteak eta galerak orubearen titularraren kargura izanen dira eta premiamendu administratiboaren bidetik eskatzen ahalko dira.
20. artikulua. Errekerimendu orokorra.
Alkatetzak errekerimendu orokorra egin dezake urteko sasoi batzuetan, bandoaren bitartez.
21. artikulua. Isunak.
Udaltzainek aldez aurretik akta egin edo salaketa jarrita, 3.000 euro arteko isunarekin zehatuko dira 6. artikuluan ezarritako debekua hausten dutenak. Arau-hausteak arinak, larriak eta oso larriak izanen dira, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 140. artikuluarekin bat. Lege testu beraren 141. artikuluari jarraikiz ezarriko dira isunen mugak.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Udalak, ordenantza honek indarra hartu eta 6 hilabeteko epean, udal orubeak hesitu eta garbitzeko proiektu teknikoa prestatuko du, eta dagokion aurrekontua eta proiektua betetzeko etapen eta lehentasunen plana jasoko ditu.
XEDAPEN IRAGANKORRA
Ordenantza honek indarra hartzen duenetik, 2 hilabeteko epe iragankorra ezarriko da garbiketarako eta 12 hilabetekoa hesitzeko, orubeen jabeek garbitze eta hesitze lanak egin ditzaten.
AZKEN XEDAPENA
Ordenantza honek hogeita bat artikulu, xedapen gehigarri bat, xedapen iragankor bat eta azken xedapen bat ditu, eta indarra hartuko du Udalbatzaren Osoko Bilkurak behin betiko onetsi ondoren, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen 7/1985 Legearen 65.2 artikuluan aurreikusitako epea iraganik.
I. ERANSKINA
Hiriguneko erdialdea mugatzea
Arguedasko hiriguneko erdialdean, orubeak garbitu eta hesitzeari buruzko udal ordenantza honen ondorioetarako, kale eta plaza hauek sartzen dira: La Noria kalea, San Juan, General Clemente plaza, La Noria plaza, San José kalea, San Miguel kalea, Real errepidea (Batan kalearen eta La Cruz kalearen artean), San Francisco Javier (San Miguel kalearen eta La Cruz kalearen artean), La Cruz kalea, San Ignacio kalea, Postigo kalea, La Peña kalea, Barrio Nuevo kalea, Batan kalea, Procesiones kalea, Lino Munárriz kalea, Mayor kalea, La Concha kalea, Santo Tomas kalea, Vinculo kalea eta Los Fueros plaza.
Iragarkiaren kodea: L1414069