Iragarkia
220. ALDIZKARIA - 2014ko azaroaren 10a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
EGUESIBAR
Deialdia, Garapen eta Enpleguko teknikari lanpostua aldi baterako kontratuarekin betetzeko izangaien zerrendak egiteko
Eguesibarko Udalaren Tokiko Gobernu Batzarrak, 2014ko urriaren 13an, ondoko deialdi hau onestea erabaki zuen. Hona hemen:
OINARRIAK
1. oinarria. Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen helburua da hautapen proben bidez zerrenda bat egitea, Garapen eta Enpleguko teknikari lanposturako izangaiez osatua. Lanpostua lanaldiaren %60koa izanen da, B mailakoa, eta aldi batez erantzuna emanen zaie Eguesibarko Udalean sortzen diren beharrei; puntuaziorik handiena lortzen duen izangaiari aldi baterako kontratua eginen zaio, araubide administratiboan.
1.2. Deialdi honen bidez egiten diren kontratazioetarako bi hilabeteko probaldia ezarri da, eta epe horretan edozein aldek deuseztatzen ahalko du kontratua.
1.3. Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara egokituko da.
1.4. Lanpostuak B mailari dagokion ordainsaria izanen du, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren arabera, bai eta, dagokion moduan, plantilla organikoan eta araudi indardunean agertzen diren ordainsari kontzeptuak ere, lanaldiaren proportzioan.
1.5. Hauek dira eginkizunak:
–Eguesibarko langabeen zentsua prestatu, kudeatu, eguneratu eta ustiatzea.
–Bitartekari lana egitea enplegua bilatzen ari denaren eta lan merkatuaren artean, eta langabeei lan munduan sartzen laguntzeko beste edozein ekintza.
–Lana bilatzearen aldeko prestakuntza ekintzak antolatu eta ematea, hala nola norberaren curriculuma prestatzeko teknikak, lanpostuak lortzeko elkarrizketak prestatzea etab.
–Estatuko administrazioak, autonomia erkidegoetakoek eta tokikoek jardunekoei eta langabeei, elkarteei, enpresei eta abarri ematen dizkieten diru-laguntzei buruzko informazioa eta aholkularitza.
–Autoenpleguari eta enpresa ekimenei buruzko aholkularitza.
–Udalak autoenplegua eta enpresa ekimenak sustatzeko ematen dituen laguntzak, baliabideak eta programak kudeatzea, hala nola “enpresa mintegia”, autoenplegurako laguntzak, langile langabeak kontratatzekoak eta etorkizunean onartzen ahal diren beste batzuk.
–Prestakuntza eskaintza kudeatu eta koordinatzea eta informazioa ematea, bereziki jardunean dauden langileentzat.
–Finantzabideak bilatzea.
–Jarduera ekonomikorako tokiko ekimenei laguntzea, lanpostuak sortzen badituzte.
–Industriarako lurzorua sustatu, kudeatu eta dinamizatzea.
–Tokiko turismoa sustatzea.
–Prestakuntzarako baliabideak antolatzea.
–Lanpostuari dagokion beste edozein zeregin, baita egiteko administratiboak eta horiek garatzeko direnak ere.
2. oinarria. Izangaiek bete beharreko baldintzak.
2.1. Lanpostu horretara lehiatzen direnek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean:
1.–Hamasei urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina gainditua ez izatea.
2.–Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio.
Espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatu bateko edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek ere parte har dezakete; betiere, zuzenbidez bereizita ez badaude. Orobat, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.
3.–Unibertsitateko diplomadun, ingeniari tekniko edo arkitekto teknikoaren titulua izatea edo horien titulu baliokidea.
4.–B1 gidabaimena edo horren baliokidea edukitzea.
5.–Lanpostuaren eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisikoa izatea.
6.–Eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik bereizia ez izatea.
Baldintza horiek guztiak, 3. eta 4. idatz-zatietakoak izan ezik, eskabidearekin batera frogatu beharko ditu, agiri bidez, aldi baterako kontratatzeko hautatu eta deitzen duten izangaiak, kontratua formalizatu aurretik esaten zaion unean.
Aurreko baldintza horiek eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean bete beharrekoak direla ulertuko da, eta bete beharko dira, halaber, hautaketa prozesuan eta kontratatzeko unean.
3. oinarria. Eskabideak eta tasak.
3.1. Hautapen prozesuan parte hartu nahi dutenek oinarri hauen I. eranskinean ageri den ereduaren araberako eskabidea aurkeztu beharko dute Eguesibarko Udaleko Herritarrak Hartzeko Bulegoan (Garajonay kalea, 1, 31621 Sarriguren), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 20ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren tokietako edozeinetan.
Eskabideak aurkezteko epea hogei egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
3.2. Azterketa eskubideetarako 6,07 euroko tasa ordaindu beharko da. Ordainketa hori Eguesibarko Udalaren bulegoetan egin beharko da.
3.3. Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira:
a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia.
b) Eskatutako tituluaren egiaztagiria.
c) B1 motako gidabaimena edo baliokidea.
d) Tasen ordainagiria. Tasak Udaleko Diruzaintzan ordaintzen badira, ordainagiri bat emanen da eta eskabideari erantsi beharko zaio.
3.4. Horretaz gainera, izangaiek eskabidearekin batera frogatu beharko dute euskararen B1 maila edo handiagoa izatearen merezimendua, jatorrizko ziurtagiri ofizialaren edo behar bezala konpultsatuaren bidez. Parte hartzeko eskabidea aurkezteko epea amaitu ondoren aurkezten bada ez da onartuko eta ez da puntuatuko.
4. oinarria. Behin-behineko zerrenda eta behin betikoa.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Udaleko alkateak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du, eta hura Eguesibarko Udalaren iragarki oholean argitaratuko da (Garajonay kalea, 1, 31621 Sarriguren) baita haren webgunean ere (www.valledeegues.com).
Egun horretatik aitzina, izangaiek bost egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta eskabidean egindako akatsak zuzentzeko.
4.2. Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta haiek ebatzi ondoan, Udaleko alkateak izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du eta Udalaren iragarki oholean eta webgunean argitaratzeko aginduko, hautaprobak egiteko deialdi honetan aipatzen diren eguna eta tokia adierazita.
4.3. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta Udalaren iragarki oholean eta webgunean argitaratuko da, deialdi honetan aipatzen diren hautapen probak egiteko egunarekin eta tokiarekin batera.
5. oinarria. Epaimahaia. Eraketa eta jarduna.
5.1. Kide hauek osatuko dute epaimahaia:
Mahaiburua: Alfonso Etxeberria Goñi, Eguesibarko Udaleko alkatea.
–Ordezkoa: Helena Arruabarrena Polite, Eguesibarko Udaleko Langileriaren zinegotzi eskuordetua.
Lehen mahaikidea: Fernando Tere Iriarte, Sektore Publikoko eta Administrazioko Kontratuen eta Enplegu Eskaintzen Arloaren arduraduna, Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren barnean.
–Lehen mahaikidearen ordezkoa: María Isabel Soberanas Carmona, Eguesibarko Udaleko gizarte langilea.
Bigarren mahaikidea: Idoia Arteta Ariz, Zizur Nagusiko Udaleko Tokiko Enplegu eta Garapen arloko agentea.
–Bigarren mahaikidearen ordezkoa: Alfonso del Val Agustín, Eguesibarko Udaleko gizarte langilea.
Hirugarren mahaikidea: Eguesibarko Udaleko Langileen Batzordearen ordezkari bat, hark izendatua.
–Hirugarren mahaikidearen ordezkoa: Eguesibarko Udaleko Langileen Batzordearen ordezkari bat, hark izendatua.
Mahaikide idazkaria: Jesús Marco del Rincón, Eguesibarko Udaleko idazkaria.
–Mahaikide idazkariaren ordezkoa: Pablo Gil Morrás, Eguesibarko Udaleko aholkulari juridikoa-kudeatzailea.
5.2. Hautaprobak hasi baino lehen eratuko da epaimahaia.
5.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa izan gabe.
5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarriak ulertu eta aplikatzerakoan sortzen diren arazo guztiak, eta berdinketa suertatuz gero, mahaiburuaren kalitateko botoak erabakiko du.
5.5. Epaimahaiak aholkulari adituei deitzen ahal die probetan laguntzeko. Aipatu aholkulariak beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan oinarriturik bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
6. oinarria. Hautaproben bilakaera eta balorazioa.
6.1. Hautapen prozesua honako hauek osatzen dute: euskaraz jakitea merezimendu gisa baloratzea, eta lanpostuaren eginkizunei eta gaiei buruzko proba teoriko bat egitea.
6.1.1.–Merezimenduak baloratzea.
Euskararen B1 maila edo handiagoa ziurtagiri ofizial baten bidez frogatzen bada: 6 puntu.
Ziurtagiri ofizialik ez dutenek euskara proba egitea eskatzen ahalko dute eskabide orrian, gutxienez ere aipatu maila frogatzeko, eta 6 puntu emanen zaizkie maila hori frogatzen dutenei.
6.1.2.–Proba teorikoa.
Hautapen proba bat izanen da, eta galdera sorta bati erantzun beharko zaio: erantzuteko zenbait aukera emanen dira, baina horietariko bakarra izanen da zuzena. Deialdiko II. eranskinean aipatzen diren gaiei buruzko galderak izanen dira. Proba honi laurogeita hamalau (94) puntu emanen zaizkio gehienez, eta beharrezkoa izanen da gehieneko puntuazio horren erdia gutxienez lortzea kontratazio zerrendetan sartzeko.
Proba egiteko gehieneko denbora epaimahaiak zehaztuko du, hasi aitzin.
7. oinarria. Identifikazioa eta beste.
Izangai guztiek nortasun agiri nazionala edo legezko baliokideren bat ekarri beharko dute. Berehala kanporatuko da probetan oharretatik kopiatu edo beste edozein iruzur egiten duen oro, eta horrez gain, bidezko jarduketa penalak ere etor litezke.
8. oinarria. Proba gainditzen dutenen zerrenda eta deia.
8.1. Proben kalifikazioa amaiturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Eguesibarko Udalaren iragarki oholean eta ariketa egin den tokian, probak gainditzen dituzten izangaien zerrenda, lortu duten puntuazio osoaren hurrenkeran, eta alkateari helaraziko dio, onets dezan, hautapen prozesuaren espediente osoarekin batera.
Berdinketarik izanez gero, izangai zaharrenak izanen du lehentasuna.
8.2. Gainditu duten izangaiei deitzen ahalko zaie, puntuazio hurrenkerari jarraikiz, Eguesibarko Udaleko kasuan kasuko zerbitzuan sortzen diren beharren arabera, deialdi honen oinarrietan ezarritakoari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraikiz.
8.3. Aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituen abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduan ezarritakoaren arabera eginen zaie dei izangaiei, oinarri hauetan berariaz ezarri ez denari dagokionez.
Dei egiterakoan, aintzat hartuko da Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriko 3. atalean ezarritakoa, Nafarroako Foru Komunitatean desgaitasunen bat duten pertsonek enplegua lortzeari buruzko maiatzaren 31ko 16/2002 Foru Legean emandako idazketaren arabera.
8.4. Kontratudunak Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartu eta bertan kidetuko dira; beraz, haien kontu izanen dira dagokien kuota eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren atxikipena, bidezko diren kopuruetan.
9. oinarria. Agirien aurkezpena.
9.1. Hautatutako izangaiak kontratua sinatu beharko du –beste epe bat ezarri ezean– abisua eman eta bost eguneko epean –edo beranduenez 15 egunekoan, une horretan duen lanpostuan aurreabisua eman behar badu–; eskatutako agiriak aurkeztu beharko ditu, eta zinpeko aitorpena, horren bidez adierazteko ez dutela baztertu Estatuko, autonomia erkidegoetako, probintzietako, udalerrietako edo toki entitateetako inolako kargu, lanpostu edo eginkizunetatik, eta ez dagoela ezgaitua eginkizun publikoetan aritzeko.
9.2. Oinarri honetan zehaztutakoa aipatu epe horien barrenean betetzen ez bada, ezin izanen da kontratazioa egin, eta indarrik gabe geldituko dira ordura arte lorturiko eskubideak.
Halakoetan, zerrendan hurrengo puntuazio handiena duen izangaiari deituko zaio.
10. oinarria. Errekurtsoak.
10.1. Deialdiaren eta bere oinarrien aurka, baita horien aplikaziotik eta hautapen organoen jarduketetatik etortzen diren egintza administratiboen aurka ere, errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da, aukeran:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
b) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita. Aipatu auzitegi horren ebazpen espres edo ustezkoek amaiera emanen diote foru administrazioko bideari, eta haien aurka jotzen ahalko da, administrazioarekiko auzien jurisdikzioko organo eskudunei zuzendurik, legedia orokorrari jarraikiz.
c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, bi hilabeteko epean, jurisdikzio horretako organo eskudunari zuzendua, errekurritutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
10.2. Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
Sarrigurenen, 2014ko urriaren 13an.–Alkatea, Alfonso Etxeberria Goñi.
I. ERANSKINA
Izen-deiturak: ................................., adinez nagusia, NAN zenbakia: ....................... jaioteguna: ......................... jaioterria: ................ (............), bizilekua: ......................, kalea: .........................., zenbakia: ......., posta kodea:..........., telefonoak: ..................
Zure aitzinera agertu eta adierazten dut:
Eguesibarko Udaleko Garapen eta Enpleguko teknikari bat aldi baterako eta lanaldi partzialean (%60) kontratatzeko izangai zerrenda egiteko deialdian parte hartu nahi dudala.
Karguan aritzea eragozten didan eritasun edo akats fisikorik ez dudala.
Ez dudala indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunetarik batere.
Ez naizela diziplina espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertua izan eta ez nagoela ezgaitua eginkizun publikoak betetzeko.
Badudala deialdian eskatzen den titulazioa.
Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, behar diren baldintza guztiak betetzen ditudala, eta deialdian eskatutako agiriak aurkeztu ditudala.
Euskaraz jakitearen gaineko proba egin nahi dudala (bidezkoa dena adierazi):
Bai.
Ez.
Horiek horrela,
Eskabide hau onar dezazun eskatzen dut eta, beraz, Eguesibarko Udaleko Garapen eta Enpleguko teknikari bat aldi baterako eta lanaldi partzialean kontratatzeko deialdian onar nazazula.
.................(e)n, 2014ko ........aren ......(e)an
Sinadura: ..............................
II. ERANSKINA
Lehen zatia
1. gaia.–Espainiako Konstituzioa. Egitura eta funtsezko edukia. Erreformarako prozedura.
2. gaia.–Legea. Kontzeptua eta ezaugarriak. Lege arruntak eta organikoak. Lege maila duten Gobernuaren xedapenak. Nazioarteko itunak.
3. gaia.–Estatuko ordenamenduaren eta ordenamendu autonomikoen arteko harremanak. Estatuko eta autonomia erkidegoetako legeak. Oinarrizko legedia eta garapenekoa.
4. gaia.–Erregelamendua. Erregelamendu-ahalmena. Kideko figurak bereiztea. Legearen eta erregelamenduaren arteko loturak.
5. gaia.–Europar Batasuneko ordenamendua. Eraketa eta ezaugarriak. Tratatuak eta ondoriozko zuzenbidea. Europar Batasuneko zuzentarauak eta erregelamenduak. Europar Batasuneko zuzenbidea eta herrialde kideen zuzenbidea. Europar Batasuneko zuzenbidea eta autonomia erkidegoetakoa.
6. gaia.–Konstituzioko printzipioak: Zuzenbideko Estatu sozial eta demokratikoa. Goi balioak Espainiako Konstituzioan.
7. gaia.–Funtsezko eskubide eta betebeharrak, askatasun publikoak eta politika sozial eta ekonomikoaren printzipio gidariak Espainiako Konstituzioan. Funtsezko eskubideen babesa eta etendura: Babes errekurtsoa.
8. gaia.–Estatuko Administrazio Orokorra. Administrazioen arteko harremanak. Administrazio periferikoa. Kontsulta organoak: Estatuko Kontseilua bereziki.
9. gaia.–Estatuaren lurralde antolaketa. Autonomiara iristea Espainiako Konstituzioan. Estatutuen prozesua: autonomia estatutuak.
10. gaia.–Autonomia erkidegoen antolaketa politiko-instituzionala eta administratiboa. Autonomia erkidegoen eskumenak. Estatuaren eta autonomia erkidegoen arteko harremanak: lankidetzaren, laguntzaren eta koordinazioaren printzipioak. Eskumen gatazkak.
11. gaia.–Toki entitateak. Motak. Udalerria. Kontzeptua. Udalerria Estatuko lurralde antolamenduaren oinarrizko entitate gisa, tokian tokiko interesen ordezkaria eta zerbitzu publikoak ematen dituen erakundea den aldetik.
12. gaia.–Udalerriaren elementuak. Lurraldea. Udalerriko biztanleak. Sailkapena. Erroldatzea. Herritarren eskubideak. Herritarrek Toki Administrazioan parte hartzea. Atzerritarren eskubideak.
13. gaia.–Alkatea. Hautatzea, berritzea eta kargua uztea. Eskumenak. Alkateordeak.
14. gaia.–Udalaren Osoko Bilkura. Osaera eta eginkizunak. Tokiko Gobernu Batzarra. Osaera eta eginkizunak.
15. gaia.–Tokiko udalbatzen bilkuren eta erabakien araubidea. Arau erregulatzaileak. Bilkurak. Tokiko udalbatzen erabakiak. Udalbatzako buruaren ebazpenak.
16. gaia.–Toki Ogasunak. Tokiko zerga sistema. Tokiko aurrekontua.
Bigarren zatia
1. multzoa: (Tokiko garapeneko orokorrak eta toki garapeneko agentearen gaitasunak).
1. gaia.–Enplegurako eta toki garapenerako agenteen gaineko araudia.
2. gaia.–Toki garapenerako agentea: profila eta eginkizunak.
3. gaia.–Toki garapenerako estrategiak prestatzeko metodologia.
4. gaia.–Enplegu arloko proiektuak diseinatu eta kudeatzea.
5. gaia.–Enplegu sorgune berriak.
6. gaia.–Turismoa, lurralde marketina eta toki garapena.
7. gaia.–Tokiko Agenda 21.
8. gaia.–2007-2013ko egiturazko funtsak.
9. gaia.–Lidergoa, teoriak, motak eta estiloak.
10. gaia.–Komunikazioa, elementuak, etapak eta oztopoak.
11. gaia.–Lan motibazioa, teoriak eta teknikak.
12. gaia.–Lan taldeak, ezaugarriak, motak, faseak eta taldeen dinamika.
13. gaia.–Negoziazioa, elementuak, motak eta faseak.
14. gaia.–Bilkuren zuzendaritza, bilkura baten etapak eta lan taldearen parte-hartzea.
2. multzoa: (Enplegurako politika aktiboak).
1. gaia.–Autonomia erkidegoak enplegu eta prestakuntza arloan dituen eskumenak.
2. gaia.–Lanbide heziketa eta lanbide kualifikazioak.
3. gaia.–Enplegu eta prestakuntza programak: lantegi eskolak eta lanbide etxeak.
4. gaia.–Enplegu eta prestakuntza programak: enplegu lantegiak.
5. gaia.–Toki garapena sustatzeko laguntzak eta Toki Garapenerako eta Enplegurako agenteak kontratatzekoak.
6. gaia.–Enplegu autonomoaren sorrera sustatu eta mantentzera bideratutako diru-laguntzak.
7. gaia.–Ekonomia soziala sustatzeko diru-laguntzak.
8. gaia.–Kotizaziopeko prestazioaren kapitalizazioa edo ordainketa bakarra.
9. gaia.–Enpleguko Zentro Bereziak eta horien laguntza.
10. gaia.–Toki entitateentzako diru-laguntzak, kontratazioa sustatzeko eta ekimen bereziak eta enpleguko programa esperimentalak abian jartzeko.
3. multzoa: (Lanerako orientazioa eta enpleguko gaiak).
1. gaia.–Lan merkatua eta populazioaren banaketa.
2. gaia.–Lana bilatzeko prozesua, antolaketa eta informazio iturriak.
3. gaia.–Langileak hautatzeko prozesua, faseak, teknikak eta tresnak.
4. gaia.–Lan kontratua, kontzeptua, elementuak, forma eta iraupena.
5. gaia.–Lan kontratu mugagabea, ekintzaileei laguntzekoa.
6. gaia.–Prestakuntzarako eta ikaskuntzarako kontratua.
7. gaia.–Praktikaldiko kontratua.
8. gaia.–Enpresaburuaren oinarrizko prestazioaren soldata.
9. gaia.–Langilearen oinarrizko prestazioaren lan denbora.
10. gaia.–Lan kontratua amaitzea eta langabeziako babesa.
4. multzoa: (Enpresak eta ekintzailetza).
1. gaia.–Enpresa. Elementuak, helburuak eta sailkapena.
2. gaia.–Enpresaren finantzabideak, enpresa kostuak eta errentagarritasunaren atalasea.
3. gaia.–Enpresaren funtzionamendu ekonomikoa. Ondarea eta elementuak.
4. gaia.–Ekintzailea eta negozio ideia.
5. gaia.–Negozio eredua, definizioa, business model canvas eta ereduak.
6. gaia.–Merkatu ikerketa, balio kurba eta ozeano urdina estrategia.
7. gaia.–Enpresa plana, egitura eta plan ekonomiko-finantzarioa.
8. gaia.–Enpresaren kokapena eta ekintzailetzari laguntzeko azpiegiturak.
9. gaia.–Enpresaren forma juridikoak, eraketa tramiteak eta abian jartzea, eta diru-laguntzak.
10. gaia.–Ekonomia soziala eta kooperatibagintza.
Iragarkiaren kodea: L1414021
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
