1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza
2262/2014 EBAZPENA, urriaren 20koa, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak emana, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda bat eratzeko deialdiaren bigarren oinarriko 2.1.c) atala eta zerbitzu berezietan prestakuntzarako izangaien zerrenda bat eratzeko deialdiaren bigarren oinarriko 2.1.d) atala aldatzen dituena. Biak Obra Zibileko teknikari lanpostuari dagozkio eta biak onetsi ziren Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiaren irailaren 29ko 2070/2014 Ebazpenaren bidez.
Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiaren irailaren 29ko 2070/2014 Ebazpenaren bidez (Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, urriaren 17an), Obra Zibileko teknikari lanpostuan aritzeko izangaien bi zerrenda hautapen proben bidez eratzeko deialdiak onetsi ziren: bata, aldi baterako kontratatzeko, eta, bestea, prestakuntzarako, zerbitzu berezien egoeran. Bi horietan parte hartzeko baldintzen artean, besteak beste, Obra Zibileko Proiektuetako goi-mailako teknikari titulua, edo horren parekotzat jotako beste titulu bat izatea jarri zen.
Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen abenduaren 1eko 213/2009 Ebazpenaren bidez, Errepideetako laguntzaile tekniko (orain Obra Zibileko teknikari deitua) izateko zazpi lanpostu oposizio lehiaketa bidez betetzeko deialdia onetsi zen, eta merezimendu gisa baloratzen zen Eraikuntza eta Obra Zibileko goi-mailako teknikari titulua izatea (espezialitateak: Eraikuntza Proiektuen Garapena eta Aplikazioa, Hirigintzako Proiektuen Garapena eta Topografiako Eragiketak edo Obrak eta Planak Gauzatzea) edo horren parekotzat jotako titulua izatea, hurrengo deialdietan sartzeko baldintza gisa eskatu aurretik.
Horrenbestez, bidezko da titulazioaren baldintza aldatzea, Eraikuntza eta Obra Zibilak lanbide-arloko goi-mailako teknikari tituluetako edozein onartua izan dadin. Era berean, eskabideak aurkezteko beste epe bat irekitzea onesten da, deialdian parte hartzeko.
Horrenbestez, otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleiturik ditudan eskudantziak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda bat eratzeko deialdiaren 2.1.c) atala aldatzea, baita zerbitzu berezietan prestakuntzarako izangaien zerrenda bat eratzeko deialdiaren bigarren oinarriko 2.1.d) atala ere. Biak dagozkio Obra Zibileko teknikari lanpostuari eta biak onetsi ziren Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiaren irailaren 29ko 2070/2014 Ebazpenaren bidez. Modu honetan gelditu da atal horien testua:
Eraikuntza eta Obra Zibilak lanbide-arloko goi-mailako teknikari tituluetako baten jabe izatea: Obra Zibileko Proiektuetako goi-mailako teknikaria, Eraikuntza Proiektuetako goi-mailako teknikaria, Obrak eta Planak burutzeko goi-mailako teknikaria edo balio bereko beste bat, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina izatea.
Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.
2. Eskabideak aurkezteko 15 egun naturaleko beste epe bat irekitzea, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Edonola ere, ulertzen da deialdian parte hartzeko baldintzak eskaerak aurkezteko lehenengo epea bukatu zenean, hau da, 2014ko azaroaren 3an, bete behar direla.
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.
4. Ebazpen hau Langileriaren Kudeaketako Zerbitzuari eta izendatutako epaimahaiko kideei jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2014ko urriaren 20an.–Funtzio Publikoaren zuzendari nagusia, Gregorio Eguílaz Gogorza.
Iragarkiaren kodea: F1414403