213. ALDIZKARIA - 2014ko urriaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

194/2014 FORU AGINDUA, urriaren 8koa, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak emana, Erregistro Orokorraren bulegoko erregistro lagungarria ezartzen duena Gizarte Politiketako Departamentuko Kontsumo eta Arbitraje Zerbitzuan.

Gizarte Politiketako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiak eta departamentu horretako Kontsumo eta Arbitraje Zerbitzuak eskatu dute, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorraren antolamendua eta jardunbidea arautzen dituen ekainaren 24ko 137/2002 Foru Dekretuaren 3. artikuluan ezarritakoaren babesean, erregistro lagungarri bat sortzea Kontsumo eta Arbitraje Zerbitzuko Erregistro Orokorraren bulegoan (Amaia kalea 2, Iruña).

Eskaera hori justifikatzen da administrazio unitate horretan sortzen diren agiriekin sarrera eta irteera ugari egiten direlako, esleiturik dituen eginkizunak betetzearen ondorioz, eta Kontsumo eta Arbitraje Zerbitzua oso urrun kokatuta dagoelako Gizarte Politiketako Departamentuko Erregistro Orokorraren bulegotik.

Ekainaren 24ko 137/2002 Foru Dekretuaren 3. artikulu horrek ezartzen du herritarrek idazki eta komunikazioak aurkeztu ahal izateko eta Administrazioak ere halakoak bidali ahal izateko, Nafarroako Gobernuko Departamentuek zilegi izanen dutela beren antolamenduan Erregistro Orokorraren bulegoko erregistro lagungarriak ezartzea, Erregistro Orokorraren mendean, eginkizunen handiagatik edo nolakotasunagatik hala behar denean. Erregistro lagungarriak sortzeak, betiere, segurtatu eginen du idazpena egiten zaien dokumentuak jaso eta bidali direneko denbora hurrenkera, eta informatikaz erregistro bakarraren sisteman integraturik egotea.

Horrenbestez, ikusirik Gizarte Politiketako Departamentuak egindako eskaera eta Gobernuaren Idazkaritzako eta Araugintzako Zerbitzuaren aldeko txostena, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak emandako ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Erregistro Orokorraren bulegoko erregistro lagungarria ezartzea Gizarte Politiketako Departamentuko Kontsumo eta Arbitraje Zerbitzuan (Amaia kalea, 2, Iruña). Erregistro lagungarri hori Erregistro bakarraren sistema informatikoan sartuko da, ekainaren 24ko 137/2002 Foru Dekretuan ezarri bezala.

2. Foru agindu honek 2014ko urriaren 15etik aurrera izanen ditu ondorioak.

3. Foru agindu hau jakinaraztea Kontsumo eta Arbitraje Zerbitzuari, Gobernuaren Idazkaritzako eta Araugintzako Zerbitzuari, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari, Gizarte Politiketako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Argibide eta Erregistro Bulegoari.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2014ko urriaren 8an.–Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilaria, F. Javier Morrás Iturmendi.

Iragarkiaren kodea: F1413575