2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
BERA
Udal baratzeen kontzesioa eta erabilera arautzeko ordenantza. Behin betiko onespena
Berako Udalak, 2013ko azaroaren 12ko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen udal baratzeen kontzesioa eta erabilera arautzeko ordenantza.
Onespenaren erabakia 2013ko 231. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 29an. Jendaurreko epean alegaziorik aurkeztu ez denez, behin betikoz onetsi da eta ordenantza osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu zuen hartan, xedatutakoari jarraikiz.
Beran, 2014ko urtarrilaren 22an.–Alkatea, M.ª Sol M. Taberna Iratzoki.
ERANSKINA
Udal baratzeen kontzesioa eta erabilera arautzeko ordenantza
ZIOEN AZALPENA
Berako Udalak zenbait udal partzela herritarren eskura paratu nahi ditu aisialdirako baratze modura erabil ditzaten.
Baratzeetan norberak kontsumitzeko produktuak bakarrik landatu daitezke eta etxeko erabilerarako utziko dira; horrenbertzez, debekatua dago bertatik ateratako produktuak saltzea.
Ordenantza honen xedea zenbait udal lurzoru erabiltzea eta horiei balioa ematea da.
Era berean, ordenantza honekin herritarren eskari bati eta Tokiko Agenda 21ean jasotako helburu zehatzei erantzun eta nekazaritza ekologikoa bultzatu nahi da.
I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak
1. artikulua. Xedea.
Ordenantza honen xedea udal baratzeen kontzesio eta erabilera arautuko dituzten xedapenak ezartzea da. Erabiltzaileek zein Berako Udalak bete egin beharko dituzte xedapen horiek.
2. artikulua. Aplikazio eremua.
Behin-behinean aisialdirako baratze modura erabiliko diren Berako Udalaren jabetzako lursail guztietan aplikatuko da honako ordenantza hau.
3. artikulua. Eskumenak eta zaintza.
1. Ordenantza honek eragindako udal jabetzako lursailen erabilera zuzenaren zeregin teknikoak, zaintzakoak eta zehatzaileak Berako Udalak eginen ditu.
2. Zeregin teknikoan sartzen dira baratzeak antolatzeko proiektuak egin eta/edo onartzea, eta baratzeen eta haiei lotutako azpiegituren kontserbazioa, konponketak eta mantentze-lanak egitea.
3. Udal zerbitzu teknikoa, albienteak, edo Udalak horretarako izendatutako edo paratutako bertze edozein bitarteko arduratuko da araudia betearazteaz. Eta bere zeregin nagusia izanen da partzelak eta horiei lotutako azpiegiturak ongi erabili eta aprobetxatzen diren ikuskatzea.
4. Egiten diren arau-hausteak salatu ahal izanen dituzte zaintzaz arduratzen diren langileek, eta arau-hausleak eta arau-hausteari buruzko datuak adieraziko dituzte, baldin ezagunak badira.
II. KAPITULUA
Udal baratzeen kontzesio eta erabilerarako baimenen araudia
4. artikulua. Baratzeen erabilera ematea.
1. Ordenantza honetan adierazitako udal baratzeen erabiltzaile izateko eskubidea izanen dute betebehar hauek betetzen dituzten pertsona fisiko guztiek:
1.1. Berako udalerrian, gutxienez, urte bete lehenago erroldatua egotea.
1.2. Udalerrian egiazki eta era jarraituan bizitzea, gutxienez ere bederatzi hilabete urtean.
1.3. Aipatu udalerriarekiko zerga-betebehar guztiak eguneraturik izatea.
2. Gutxi gorabehera 60 m²-ko lurzatiak izanen dira.
3. Kontzesioaren titular bakoitzak gehienez ere baratze baten kontzesioa eduki ahal izanen du. Lurzatiak soberan gelditzen direnean baizik ez da bigarren lurzati bat esleituko.
4. Etxebizitza berean bizi diren guztiak familia unitateko kidetzat hartuko dira. Nolanahi ere, familia unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatua, familiakoekin bizi arren; betiere, haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.
5. Baratzeen erabilera, dena den, prekarioan emanen da betiere.
Horren ondorioz, Udalak, edozein unetan, baliogabetu dezake emandako erabilera baimena. Hori gertatuz gero, titulartasuna duenak berehala utziko dio emandako lurzorua erabiltzeari eta bertako jarduerak egiteari. Horretarako nahikoa izanen da Administrazioak eskaera egitea, eta erabiltzaileak ez du eskubiderik izanen inolako kalte-ordainik edo inongo kontzepturengatik diru-ordainik jasotzeko.
Hori dela eta, kontzesioaren epea amaitzean edo kontzesioa aurretiaz baliogabetzean, baldin eta halakorik gertatzen bada, lagatako baratzea Udalari itzuli beharko dio erabiltzaileak erabilera-baldintza egokietan, erabat hustuta eta inongo oztoporik jarri gabe.
Berako Udalak erabateko ahalmena izanen du laga diren baratzeetan eratutako erabilera-eskubideak edo horien okupazioari buruzkoak amaitutzat jotzeko eta, beraz, Udalak administrazio bidetik baratzeen jabetza berreskuratzen ahal du; era berean, administrazio bidezko utzarazpena berez erabaki eta gauzatzen ahal du, Toki Erakundeen Ondasunen Erregelamenduaren arabera.
5. artikulua. Kontzesioa emateko baldintzak, eskaerak aurkezteko epea eta kontzesioa erabakiko duen organoa.
Erabiltzaileen eskaeren zerrenda eginen da eskaerak aurkeztutako egunaren arabera. Zerrenda horretako ordenari jarraituta gauzatuko da baratzeen erabileraren kontzesioa, eta lehentasuna izanen dute hurrengo hurrenkeraren arabera:
1.–Baztertze egoeran dauden pertsonak (gizarte zerbitzuek horretarako egindako txostena eskatuko du Udalak).
2.–Urritasuna duten pertsonak.
3.–Langabezi egoeran sei hilabete baino gehiago daramatenak.
4.–Jubilatu eta pentsiodunak.
5.–Familia ugariak.
6.–30 urte azpiko gazteak.
7.–Udalak antolatutako baratzegintza ekologikoaren gaineko ikastaroetako partaideak.
8.–Gainontzeko eskatzaileak, Udal Sarrera Erregistroaren zenbakiaren arabera.
Baldin eta eskaera-kopurua dagoen baratze-kopurua baino handiagoa bada, gainerakoak itxaron-zerrendan sartuko dira.
Eskabideak aurkezteko epea irekiko du Alkatetzak, baratzeak irizpide horiekin bat lehenengoz esleitzeko. Lehen esleipen horretatik aurrera, zerrenda etengabe egonen da zabalik. Aurreko zerrendan adierazitako baldintza ekonomikoen arabera, gizarte bazterketan dauden pertsonek lehentasuna izanen lukete zerrendan sartzen diren edozein unetan.
Behin eskabideak lehen esleipenean jaso ondoren, Udal Zerbitzu Juridikoak txostena egin eta kontzesio hartzaileen behin-behineko zerrenda eginen du. Zerrenda hori Alkatetzaren ebazpenaren bidez argitaratuko da.
Hutsik dauden baratzeak banakakoei esleitzeko, aski izanen da txosten juridikoa, Udalak onetsitako zerrendan sarturiko pertsonak badaude.
6. artikulua. Baratzeen erabilera.
1. Erabiltzaileak eman zaion lursaila baratze gisa soilik erabil dezake. Lortzen diren produktuak bakar-bakarrik etxeko kontsumorako izanen dira.
2. Ezin da zuhaitzik landatu.
3. Ezinen da, inolaz ere, inongo animaliarik eduki eta gorde, hazi eta ustiatu baratzeetan.
4. Erabat debekatua dago txabolarik edo bertzelako eraikinik instalatzea baratzeetan. Lursail bakoitzean kutxa bat baino ezinen da paratu, eta gehienez 0,8 metroko altuera, 2 metroko luzera eta 0,8 metroko sakonera izanen du. Kutxa hori jartzeko, udal zerbitzuen oniritzia beharko da, eta egurrezko estaldura eduki beharko du.
Horrez gain, debekatua dago paisaia hondatzen duen elementurik paratzea, bertzeak bertze, bidoiak, gordailu osagarriak, txapak, bereizgailuak, parrillak, negutegiak edo antzekoak.
5. Derrigorrezkoa izanen da konpost-ontziak paratzea eta konposta egitea. Ontziak baratze bakarrerako edo baratze multzo baterako izaten ahalko dira.
6. Lan horretarako Udalak izendatutako langileek edo arduradunek, aldian-aldian, baratzeen erabilera ikuskatuko dute eta horretarako ez da beharrezkoa izanen erabiltzaileari aldez aurretik abisatzea.
7. Kontzesioak irauten duen bitartean, aurreko paragrafoan aipatutako ikuskapenetan baratze edo lursailen baten egoerari buruzko txostena bitan txarra edo aurkakoa bada, erabilera baliogabetu eta baja emanen zaio.
8. Erabilera-utzipena ez da inondik ere errentamendua izanen eta erabilera-eskubideak ezinen dira eskualdatu, ordenantza honetan aurreikusitakoan izan ezik.
7. artikulua. Mugak eta sarbideak bere horretan mantentzea.
1. Udalak baratzeari paratutako mugak errespetatuko dira denbora guztian.
2. Baratzeetako lurzatiak irekiak egonen dira eta udal baimenik ez badago ezinen dira itxi, ez hesiak, piketeak edo bertze elementu batzuk paratu.
3. Erabiltzailea arduratuko da baratzeko sarbideak egoki mantentzeaz eta horretarako behar diren mantentze-lanak eginen ditu aldian-aldian.
8. artikulua. Erabiltzaileek erabilerak bertzerentzea.
1. Lursailen erabilera ezin dakioke inolaz ere bertze inori utzi edo bertzerendu; halaber, debekatua dago lursailak, osorik edo zati bat, bertze pertsona bati okupatzen edo erabiltzen uztea, aldi baterako bada ere. Betebehar horiek ez badira betetzen, kontzesio automatikoki amaituko da eta Udalak lursailaren jabetza berreskuratzeko ahalmena izanen du.
Horiek horrela, erabiltzaileak baratzea erabiltzen jarraitu nahi ez badu, Udalaren esku utzi beharko du.
2. Udalak baratze horietakoren bat okupatu beharra badu, baratze hori erabiltzen duenak lehentasuna izanen du baratze berri bat lortzeko garaian.
9. artikulua. Aprobetxamendu-epea.
Lurraren aprobetxamendua eta erabilera urtebeterako emanen da, urte bakoitzeko abenduaren 31ra arte, eta gehienez ere 10 urtez luzatu ahal izanen da.
Kontzesioa bera edo geroko luzapenak bukatu baino hilabete lehenago aldeetako batek deus adierazten ez badu, luzapenak berez eginen dira.
10. artikulua. Kanona.
40 euro urtero ordaintzeko eskatuko die Udalak erabiltzaileei. Kopuru hori urtero eguneratuko da, KPIarekin bat.
Dena dela, pertsonaren bat egoera ekonomiko larrian egongo balitz eta zerbitzu sozialetako arduradunek hau egiaztatuz txostena eginen balute, guttiago ordaintzeko edo ez ordaintzeko aukera ere egonen litzateke.
11. artikulua. Fidantza.
Udalak 100 euroko fidantza paratzeko eskatuko die kontzesiodunei, ordenantza honetan ezarritako betebeharrei erantzuteko.
12. artikulua. Autoak ibiltzeko debekua.
Debekatua dago instalazioen barrenean (baratze, bide publiko, zerbitzuen zonaldea etab.) lau gurpileko ibilgailuak aparkatzea, aparkatzea berariaz baimenduta dagoen tokietan izan ezik.
Landa-bideetatik, edo baratzeetara joateko bideetatik, lau gurpileko ibilgailu arinak (BGP < 2 t) baizik ez dira pasatzen ahalko zamalanak egiteko.
13. artikulua. Ureztatzeko uraren erabilera.
1. Ahal den neurrian, euri-ura erabiliko da baratzea ureztatzeko. Ura biltzeko ontzien kokapena Udalarekin adostu beharrekoa izanen da.
2. Ur eskasi garaietan, eta Udalak espresuki agertzen duenean, ezin izanen da baratzea ureztatu, salbu euri urarekin bildutakoarekin, eta herri osorako debekua udal baratzeetara ere hedatuko da.
3. Ura ondasun urria izaki, baratzearen erabiltzaileek konpromisoa hartzen dute uraren erabilera egokia egiteko, eta berau zaintzeko. Uraren erabilera okerra kontzetsioa galtzeko arrazoi izanen da, 6.7 puntuaren arabera.
14. artikulua. Baratzezaintza ekologikoa bultzatzea.
1. Udalak baratzezaintza ekologikoa sustatuko du interesdunei prestakuntza eskainiz eta bere erabileraren aldeko baliabide materialak ezarriz.
2. Baratzeen erabiltzaile guztiek Udalak ezar ditzakeen baldintzak bete beharko dituzte, errate baterako, laborantza jakin batzuk egitea, substantzia berriak gehitzea, ongarri naturalak erabiltzea, herbizida eta produktu fitosanitarioen erabilera galaraztea .. Nekazaritza Ekologikoari buruzko CEE 2.092/1991 Ordenantzako printzipioetan adierazi bezala.
III. KAPITULUA
Erantzukizunak
15. artikulua. Kalteak eta galerak ordaintzea.
Udal baratzeetan edo horiei erantsitako instalazioetan kalteak eragiten dituzten pertsona guztiek ordaindu egin beharko dituzte eta bidezko diren isunak ere paratuko zaizkie.
Leku edo instalazio horien kalte-galeren zenbatekoa Berako Udalak zehaztuko du eta balorazioak salatutakoari helaraziko zaizkio, bere balorazioa egin dezan edo bidezko alegazioak aurkez ditzan.
Zehapen-espedienteari bukaera emanen dion ebazpenean eginen da kalte-ordainen erabakia eta eragindako kalte eta galerak adieraziko ditu.
Kalte-galerak ordaintzeko erabakiak legez ezarritako epeetan betearazi behar dira eta errekurtsoa aurkeztu arren, aurka egindako egintza gauzatu eginen da eta ez da etengo, baldin eta organo eskudunak antolamendu juridikoaren arabera kontrakoa agintzen ez badu.
Kalte-ordaina adierazitako epearen barruan ordaintzen ez bada, Udalak premiamendu bidezko ordainarazpenari ekingo dio. Era berean, hirugarrenei eragindako kalte edo galerak ere ordaindu egin beharko ditu.
16. artikulua. Kalteak konpontzea presazko egoeretan.
Segurtasunagatik edo udal organo eskudunaren ebazpenean behar bezala frogatutako arrazoiengatik, kalte eta galeren konponketa ezin bada atzeratu, berehala konpondu ahal izanen dira eta horren ordaina eskatuko zaio kaltearen eragileari, aldez aitzinetik, antzineko artikuluetan aipaturiko zehapen-espedientea ireki edo jurisdikzio arruntera jo ondotik.
17. artikulua. Bertze erantzukizun batzuk.
Antzineko artikuluetan paratutako gorabehera, kalteak eragin dituzten egintzak delitu edo falta izan badaitezke, espedientea zigor arloko jurisdikziora igorriko da eta konpentsazioa eskatzeko espediente administratiboen izapidetzea eta ebazpena etenda geldituko dira, kausa artxibatzea erabaki edo epai irmoa hartzen ez den bitartean.
Halaber, diligentzia judizialetan, baldin eta diligentziak hasten badira, tokiko administrazioa alderdi gisa eratu behar da dagokion kalte-galeren ordaina jaso ahal izateko, horretarako “Kalteak eta galerak ordaintzea” 15. artikuluan aipatu den ebaluazioa aurkeztuz.
IV. KAPITULUA
Zehapenak
18. artikulua. Arau-hausteak.
Kontzesio baliogabetu egin dakiekeela ohartarazi eta/edo baliogabetu daiteke, ondorengo gertakariengatik:
1. Kontzesio baliogabetu daitekeela ohartaraztea, arrazoi hauek direla-eta:
a) Baratzearen instalazioak eta bere sarbideak ez mantentzea.
b) Baratzea ixtea.
d) Ibilgailuak baimendu gabeko tokietan aparkatzea.
e) Ur-hartze mekanikoak egitea ureztaketarako.
f) Ura modu desegokian erabiltzea.
g) Baratzezaintza ekologikorako Udalak ezarritako betebeharrak ez betetzea.
h) Baimendu gabeko elementuak instalatzea, bertzeak bertze, txabolak, txapak, gordailuak, parrillak e.a.
i) Euri-ura biltzeko bidoietan eta negutegietan ezarritako baldintzak ez betetzea.
j) Baimendu gabeko ibilgailuekin ibiltzea.
2. Kontzesio baliogabetzea, arrazoi hauek direla-eta:
a) Baratzekoak ez diren landaketak egitea, edo landareak landatu eta/edo mantentzea baimendu gabeko lekuetan.
b) Baratzeko udal ondasunak kaltetu edo lapurtzea.
d) Baratze bakoitzari paratutako mugak aldatzea.
e) Animaliak eduki, ustiatu edo haztea.
f) Baratzearen erabilera bertzerendu edo uztea, Udalaren baimenik gabe.
g) Baratzearen eta bere instalazioen ikuskapena egiten ez uztea udal langileei.
h) Udal ondasunak lapurtzea edo guztionak diren instalazioetan kalteak edo hondaketak eragitea.
i) Landare psikotropikoak, kalamua, horien antzeko landareak eta espezie inbaditzaileak paratzea edo landatzea.
j) Kontzesioak irauten duen bitartean bi ikuskapen-txosten txar edukitzea.
k) Baratzean lortutako produktuak merkaturatzea.
l) Utzi zaion lurzatia epearen barrenean ez itzultzea edo ez hustutzea, baldin eta Udalak kontzesio baliogabetzea erabakitzen badu.
m) Edozein ekintza egin eta kontzesioa baliogabetu dakiokeela ohartarazita ere, ekintza horiek berriro ere egitea.
19. artikulua. Zehapenak.
Arau-hauste horiek ondoko zehapenak izanen dituzte:
1. 18.1 artikuluan bildutako zehapenei ohartarazpena egin eta diru-zehapen bat ezarriko zaie; ez da egindako kaltearen balioa baino txikiagoak izanen, ez eta hura halako hiru baino handiagoak ere. Balioa zenbatesterik ez badago, zehapena 50 eurotik 1.800 eurora bitartekoa izanen da.
2. 18.2 artikuluan bildutako arau-hausteek kontzesio baliogabetzea ekarriko dute, fidantza ere galduko da eta, halakorik bada, eragindako kaltea zuzendu beharko da.
3. Kontzesioa baliogabetu zaien familia unitateek ez dute zilegi izanen berriz ere eskabidea egitea, baliogabetu zenetik 4 urte iragan arte.
20. artikulua. Prozedura administratiboa.
1. Udal organo eskudunei dagokie kontzesioa baliogabetu dakiekeela, edo hala badagokio, kontzesioa behin betiko baliogabetuko zaiela ohartarazteko prozedura hastea, instruitzea eta erabakitzea.
2. Albienteek edo zeregin horretarako izendatutako zaindari-ikuskatzaileek egiaztatzen dituzten ekintzek froga-balioa izanen dute, baldin eta salaketa-agirietan edo bertzelako agiri publikoren batean bidezko lege betekizunak betez formalizatzen badira. Hala ere, administratuek ere beren eskubide eta interesen aldeko frogak aurkeztu ahal izanen dituzte.
V. KAPITULUA
Kontzesioa bukatzea
21. artikulua. Kontzesioa bukatzeko arrazoiak.
Lehenbiziko artikuluetan adierazitako adibideak gorabehera, kontzesio bukatzeko arrazoi garbiak izanen dira honakoak:
a) Kontzesioaren beraren edo ondorengo luzapenen epea bukatzea.
b) Erabiltzaileak berak baja eskatzea.
c) Titularraren heriotza edo elbarritasuna.
d) Berako herritarren Udal Erroldan baja ematea.
e) Udal jardueretarako edo jendearen intereseko arrazoietarako Udalak lursaila behar izatea.
f) Halaber, ordenantza honetan ezarritako baldintza eta/edo betebeharren bat bete ezean, erabiltzaileek utzi zaien lursailaren jabetza eta gozamenerako eskubidea galduko dute eta Udalak erabilera-kontzesio baliogabetu ahal izanen du 18. artikuluaren b) idatz-zatian ezarritako eran.
Kontzesio bukatzeak izanen dituen ondorioak indarrean dauden araudietan eta ordenantza honetako 4. artikuluan ezarritakoak izanen dira.
XEDAPEN IRAGANKORRA
Antzinetik Udalak baratzea egiteko eremua utzia dien norbanako guztiei eraginen die ordenantza honek, honako baldintza hauei jarraikiz:
1. Indarra hartu eta hiru hilabeteko epea izanen da baratzea ordenantza honetara egokitzeko.
Epea pasatu ondoren ez bada baratzea ordenantza honetara egokitu, kontzesioa kenduko da.
2. Baratze hauek erabiltzeko kontzesioaren epea, ordenantza honen 9. artikuluan ezarritakoa, ordenantzak indarra hartzen duenetik hasiko da kontatzen.
Iragarkiaren kodea: L1400982