21. ALDIZKARIA - 2014ko urtarrilaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2014ko urtarrilaren 22an hartua, Nafarroako Eskola Kontseiluko edo Hezkuntzako Batzorde Nagusiko kide bat izendatzen duena.

Nafarroako Eskola Kontseilua edo Hezkuntzako Batzorde Nagusia eta Tokiko Kontseiluak arautzen dituen azaroaren 4ko 12/1997 Foru Legearen 4.1 artikuluko b) idatz-zatiak dioenez, Nafarroako Eskola Kontseilua edo Hezkuntzako Batzorde Nagusia osatuko dute, besteak beste, Nafarroan dauden maila ez-unibertsitarioko ikastetxe pribatuetako irakasleen bi ordezkarik, Nafarroako Foru Komunitateko irakaskuntza pribatuan ordezkaritza handiena duten bi sindikatuetako bakoitzak aukeratuta.

Nafarroako Eskola Kontseiluaren edo Hezkuntzako Batzorde Nagusiaren Antolakuntza eta Funtzionamendurako Erregelamendua onesten duen abenduaren 21eko 356/1998 Foru Dekretuaren 13. artikuluarekin bat, Nafarroako Eskola Kontseiluko kideek izaera hori galduko dute, besteak beste, proposamena egin zuen erakundeak hala erabakitzen duenean.

Azaroaren 4ko 12/1997 Foru Legearen 6.4 artikuluarekin bat, Eskola Kontseiluan edo Hezkuntzako Batzorde Nagusian postu hutsen bat gelditzen bada, beste kide bat izendatuko da, postua utzi duenari dagokion agintaldia bukatu bitarte aritzeko.

Bestalde, aipatu foru legearen 5. artikuluak dio Nafarroako Gobernuak izendatuko dituela Eskola Kontseiluko edo Hezkuntzako Batzorde Nagusiko kideak, Hezkuntzako kontseilariaren proposamenari jarraikiz, 4. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Nafarroako Gobernuak, 2013ko uztailaren 3an hartutako Erabakiaren bidez, Nafarroako maila ez-unibertsitarioko ikastetxe pribatuetako irakasleen ordezkari izendatu zuen Ricardo Abete Carlos jauna, Nafarroako Irakaskuntza Pribatuko Sindikatuak (SEPNA) aldez aurretik izendatuta.

2014ko urtarrilaren 15ean, Nafarroako Irakaskuntza Pribatuko Sindikatuak (SEPNA) iragan urtarrilaren 13an hartutako erabakiaren berri eman zion Eskola Kontseiluari, hartan Fernando María Barainca Lagos jauna izendatu baitzuen Eskola Kontseiluko ordezkari egun horretatik aurrera.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Hezkuntzako kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Fernando María Barainca Lagos jauna Nafarroako Eskola Kontseiluko edo Hezkuntzako Batzorde Nagusiko kide izendatzea, Nafarroako maila ez unibertsitarioetako ikastetxe pribatuetako irakasleen ordezkari gisa, Nafarroako Irakaskuntza Pribatuko Sindikatuak (SEPNA) hala aukeratuta, 2011ko azaroaren 3an eratutako Kontseiluari geratzen zaion agintaldia bukatu bitarte.

2. Erabaki hau jakinaraztea Ricardo Abete Carlos jaunari, Fernando María Barainca Lagos jaunari eta Nafarroako Irakaskuntza Pribatuko Sindikatuari (SEPNA), eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

Iruñean, 2014ko urtarrilaren 22an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, F. Javier Morrás Iturmendi.

Iragarkiaren kodea: F1401091