21. ALDIZKARIA - 2014ko urtarrilaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

2/2014 FORU DEKRETUA, urtarrilaren 22koa, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen urtarrilaren 16ko 4/2013 Foru Dekretua aldatzen duena.

Urtarrilaren 16ko 4/2013 Foru Dekretuaren bidez, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuaren egitura organikoa ezarri zen.

Foru dekretu horretan ezarri zen Ekonomia Zerbitzuak, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren Zuzendaritza Nagusiaren eginkizunei dagokienez, Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoari buruzko eginkizunak betetzen dituela.

Hitzarmen Ekonomikoa Foru Komunitateak bere foru araubidearen babesean finantza eta zerga arloan duen autonomiaren adierazle nagusia da. Ekonomia Zerbitzuak betetzen dituen eginkizunek Hitzarmenetik eratorritako finantza fluxuen gaineko guztiarekin dute zerikusia, bereziki zeharkako zergen ekarpena eta doikuntza fiskalak, bai fluxu horien aldizkako likidazioari (hiru hilean behin) dagokionez, bai Estatuarekin bost urtean behin ezarri beharreko irizpideak, metodoak, prozedurak, adierazleak eta abar negoziatu eta adosteari dagokienez. Halaber, Ekonomia Zerbitzuko zuzendaria Nafarroak Koordinazio Batzordean duen ordezkaritzaren idazkaria da. Administrazio bakoitzeko seina ordezkarik eratzen dute batzorde hori.

Hitzarmen Ekonomikoa eta Estatuarekiko finantza harremanak Nafarroako Gobernuaren politika ekonomikoaren ardatz nagusiak izan dira beti. Alabaina, azken urteotan, krisi ekonomikoaren ondorioz, harreman horiek garrantzi berezia hartu dute, honako arrazoiak tarteko: Nafarroaren diru-sarreren portzentajea areagotzea Ekarpen Ekonomikoan, zenbait ondasunen merkaturatzea aldatzearen ondorioz BEZa gehiago doitu behar izatea, aurrekontuen egonkortasunari eta jasangarritasun finantzarioari buruzko legerian izandako aldaketak eta zergen arloan egindako aldaketak zerga berriak sortu eta lehenagotik zeuden beste batzuk aldatzearen ondorioz, bi administrazioen artean adostea eta bateratzea beharrezkoa izanik.

Hori guztia dela-eta, uneotan beharrezkoa da orain arte Nafarroako Zerga Ogasunarekin eta Aurrekontuaren Zuzendaritza Nagusiarekin egindako sustapen- eta koordinazio-lana areagotzea, bakoitzari dagozkion eskumenen esparruan.

Horrenbestez, beharrezkotzat jo da Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren Zuzendaritza Nagusiaren egitura eta eginkizun berriak onestea, zeregin horiek efizientzia handiagoz egiteko.

Halaber, testu honetan Nafarroako Gobernuaren Bruselako ordezkaritzaren zereginak zehazten dira eta berriro definitzen Proiektu Estrategikoen eta Enpresa Politiken Atalaren eginkizunak, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Jarduera Ekonomikoak Tramitatzeko Bulegoa desagertzearen ondorioz bere gain hartutakoak.

Horiek horrela, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2014ko urtarrilaren 22an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.–Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen urtarrilaren 16ko 4/2013 Foru Dekretua aldatzea.

Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen urtarrilaren 16ko 4/2013 Foru Dekretuaren manu hauek aldatu dira. Testu hau izanen dute:

Bat.–“8. artikulua. Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen esparru materiala.

Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren Zuzendaritza Nagusiak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak baliatuko ditu, gai hauetan:

–Politika ekonomiko orokorraren azterketa eta plangintza, eta haren jarraipena egitea.

–Analisi estrategikoa eta jarduketarako proposamenak egitea Nafarroako ekonomiarako eta Nafarroako Gobernuaren arlo ekonomikoko jarduketarako garrantzi handia duten gaietan.

–Ekimen ekonomiko eta programa estrategiko orokorrak edo Nafarroako ekonomiarako eta haren lehiakortasunerako interesa dutenak planifikatu, programatu, koordinatu eta sustatzea, eta haien jarraipena eta zabalkundea egitea, Foru Komunitateko sektore publikoaren partaidetzarekin.

–Nafarroako Gobernuaren eta MODERNA Fundazioaren arteko koordinazioa.

–Nafarroako Gobernuak Estatuarekin eta beste administrazio publiko batzuekin duen koordinazio ekonomikoa zuzentzea bere eskumenekoak diren esparruetan, deusetan galarazi gabe Nafarroako Gobernuko beste organo batzuek ere gai honi buruz eduki dezaketena.

–Lidergo estrategikoa Estatuarekiko eta Nafarroako Foru Komunitateko sektore publikoan ukitutako gainerako erakundeekiko harremanetan, Hitzarmen Ekonomikoari dagozkion alderdi guztietan.

–Estatistika.

–Nafarroaren kanpoko ekintza osoa koordinatzea.

–Nafarroako jarduera ekonomikoaren eta bertako herritarren nazioarteratzea sustatuko duten politika eta ekintzak.

–Nafarroako Gobernuak erabakitzen dituen Europar Batasuneko nazioarteko foro eta erakundeetan parte hartzea, baita esparru guztietan haiek dituzten politika ekonomikoen jarraipen lehenetsia egitea ere, erakundeen goi-ordezkaritza lana izan ezik.

–Kanpoko finantzaketa lortzea.

–Europako eta nazioarteko era guztietako proiektu ekonomikoak bultzatzea, lankidetzakoak eta partzuergokoak, Nafarroako Gobernuko departamentuekin eta Foru Komunitateko eragile ekonomiko eta sozialekin koordinaturik.

–Lankidetzan aritzea Nafarroako gizarte, ekonomia eta enpresa erakundeekin, Nafarroako Gobernuak nazioarteari begira erabakitzen dituen ekimen eta jardueretan parte hartzeko eta Nafarroaren irudi ekonomikoa Europar Batasunean eta nazioartean sustatu eta indartzeko.

–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren unitate organikoak koordinatzea, Europar Batasunaren erakundeekin edo nazioarteko beste erakunde batzuekin dituzten harremanetan.

–Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan Europar Batasunaren edo nazioarteko beste erakunde batzuen ekimenak koordinatu, kontrolatu, haien jarraipena egin eta haien aplikazioa ebaluatzea.

–Enpresa jarduera sustatzea inbertsio proiektuak eta enpresen lehiakortasuna hobetzeko jarduerak babestuz.

–Nekazaritzako industrien eta nekazaritzako elikagaien industrien antolamendua eta sustapena.

–Enpresen berregituratze eta berrantolatzea babestea, krisi zein integrazio prozesuetan.

–Enpresei laguntzea jarduera ekonomikoa garatzeko beharrezko azpiegiturak eskuratzearren, hala nola lurzorua, industriaguneak edo hornidurak.

–Ekimena sustatzea Nafarroan, komunitatean sortu eta finkatzen diren enpresen kopurua handitzeko asmoz.

–Enpresei aholkatzeko zerbitzua kudeatzea, informazioa ematearren bere jarduera garatzearekin ikusteko duen edozeinen inguruan.

–Komunitateko industria sarean ustez pisu handiena duten enpresei bisitak eta segimendua egitea, haien errealitatea sistematikoki ezagutzeko eta zubi lana egiteko Administrazioarekin harremanetan jartzen direnean.

–Aldizka egiteko bilerak planifikatzea Nafarroan kokatzen diren enpresekin.

–Informazioaren Gizartea sustatzea (Nafarroako Agenda Digitala).

–Indarra duten xedapenek esleitutako gainerako eginkizunak.”

Bi.–“9. artikulua. Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren Zuzendaritza Nagusiaren egitura.

1. Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren Zuzendaritza Nagusiak zerbitzu hauek ditu bere egituran:

a) Hitzarmen Ekonomikoa.

b) Politika Ekonomikoa.

c) Nazioarteko Proiekzioa.

d) Nafarroako Estatistika Institutua.

e) Enpresa Sustapena.

f) Berrindustrializazioa, Lehiakortasuna eta Proiektu Estrategikoak.

2. Nafarroako Gobernuaren Bruselako Ordezkaritza zuzendaritza nagusi honi atxiki zaio, eta honako eginkizun hauek izanen ditu:

–Europar Batasunaren aurrean Nafarroaren interesak ordezkatzea, eta horiek sustatu eta babestea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren beste organo batzuei esleitutako eskumenak galarazi gabe.

–Espainiako Erreinuak Europar Batasunean duen ordezkaritza iraunkorrarekin eta Espainiako beste autonomia erkidego batzuen bulegoekin edo beste estatu kide batzuetako antzeko entitateekin lankidetzan aritzea, Bruselan kokatuak daudenekin.

–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta Batasuneko erakundeen arteko harremanak koordinatzea, Nafarroarentzat interesekoak diren proiektuen eta programen jarraipena egiteko.

–Nafarroako Foru Komunitatea atzerrian sustatzen eta proiektatzen laguntzea.

–Nafarroako Foru Komunitatearen interes sozioekonomikoen alde jardutea, Batasuneko ekintzek edo programek horiengan eragina badute.

–Batasuneko politikei eta programei buruz informatzea eta aholku ematea.

–Europar Batasuneko erakundeek erabakiak hartzeko jarraitutako prozesua jarraitzea eta erakunde horiek araudia sortzeko prozesuetan informazioa lortzea, Nafarroako Foru Komunitatearen interesei eragiten dien neurrian.

–Europar Batasuneko Eskualdeen Batzordearen lanen jarraipena.

–Nafarroako Foru Komunitateko sektore publiko eta pribatuarentzat aukerak bilatzea enpresaren eta finantzen arloan.

–Aholkularitzarako logistika zentroa den aldetik, Nafarroako Foru Komunitateko entitate publiko eta pribatuentzako aholkularitza teknikoa ematea.

–Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren zuzendari nagusiak agindutako edo indarreko xedapenek esleitutako beste edozein zeregin.”

Hiru.–“2. atala. Hitzarmen Ekonomikoaren Zerbitzua”.

Lau.–“10. artikulua. Hitzarmen Ekonomikoaren Zerbitzuaren eginkizunak.

Hitzarmen Ekonomikoaren Zerbitzuak, zuzendaritza nagusiaren gaiei dagokienez, eginkizun hauek izanen ditu:

–Nafarroako Gobernuak, zuzendaritza nagusiaren bidez, lidergo estrategikoan eta Hitzarmen Ekonomikoaren arloan Estatuarekin gauzatzen duen koordinazio ekonomikoan laguntza teknikoa ematea.

–Foru Komunitateko sektore publikoan ukitutako gainerako organoekin lankidetzan, azterketa estrategikoak eta ikerketak egitea ekarpen ekonomikoaren osagaien eta doikuntza fiskalen kalkuluari eta balorazioari buruz, metodologiari buruz eta determinazioari buruz, eta beharrezkoa den araudia eta Hitzarmenaren Koordinazio Batzordearen eta Negoziazio Batzordearen barnean hartu beharreko erabakiak artikulatzea.

–Laguntza teknikoa ematea, ukitutako gainerako erakundeekin koordinatzea eta Koordinazio Batzordearen idazkaritza-lanak egitea Hitzarmen Ekonomikoa Estatuarekin negoziatzeko prozesuan, eta horrek esleituak dituen zereginak, Nafarroako Zerga Ogasunarekin koordinatuta.

–Foru Komunitatearen eta Estatuko Administrazioaren artean transferitu beharreko eskumenen eta/edo zerbitzuen balorazioa, ukitutako zerbitzuetako arduradunekin lankidetzan, eta abenduaren 19ko 2356/1984 Foru Dekretuan aurreikusitako Transferentzien Batzordeari laguntzea.

–Estatuarekin sinatutako Hitzarmen Ekonomikoari lotutako finantza fluxuak kudeatu eta tramitatzea, eta aldizkako jarraipena eta aurreikuspenak egitea.

–Nafarroako Foru Komunitatearen eta Estatuko Administrazioaren artean hitzarmenak, lankidetzarako akordioak, programak eta diru-edukia duten elkarrekin jarduteko planak onetsi aurreko txostenak prestatzea, Hitzarmen Ekonomikoari dagokionez.

–Nafarroako Gobernuko erakunde ezberdinek, Estatuko Administrazio Orokorrarekin elkarlanean, Nafarroari transferitutako eskumenen eta zerbitzuen balorazioari dagokienez garatu beharreko programa eta plan sektorialen aldez aurreko azterketa eta jarraipena.

–Indarra duten xedapenek esleitutako gainerako eginkizunak.”

Bost.–“11. artikulua. Hitzarmen Ekonomikoaren Zerbitzuaren egitura.

Hitzarmen Ekonomikoaren Zerbitzuak Estatuarekiko Finantza Fluxuen Atala izanen du.

Sei.–“12. artikulua. Estatuarekiko Finantza Fluxuen Atalaren eginkizunak.

Estatuarekiko Finantza Fluxuen Atalak, zuzendaritza nagusiaren gaiei dagokienez, eginkizun hauek izanen ditu:

–Hitzarmen Ekonomikoaren Zerbitzuak Koordinazio Batzordean dituen idazkaritza-lanetan laguntzea.

–Estatuarekin sinatutako Hitzarmen Ekonomikoari lotutako finantza fluxuak kudeatu eta tramitatzea, eta aldizkako jarraipena eta aurreikuspenak egitea.

–Nafarroako Foru Komunitatearen eta Estatuko Administrazioaren artean hitzarmenak, lankidetzarako akordioak, programak eta diru-edukia duten elkarrekin jarduteko planak onetsi aurreko txostenak prestatzea, Hitzarmen Ekonomikoari dagokionez.

–Nafarroako Gobernuko erakunde ezberdinek, Estatuko Administrazio Orokorrarekin elkarlanean, Nafarroari transferitutako eskumenen eta zerbitzuen balorazioari dagokienez garatu beharreko programa eta plan sektorialen aldez aurreko azterketa eta jarraipena.

–Indarra duten xedapenek esleitutako gainerako eginkizunak”.

Zazpi.–“2 bis atala. Politika Ekonomikoaren Zerbitzua”.

Zortzi.–“13. artikulua. Politika Ekonomikoaren Zerbitzuaren eginkizunak.

Politika Ekonomikoaren Zerbitzuak, zuzendaritza nagusiaren gaiei dagokienez, eginkizun hauek izanen ditu:

–Nafarroako Gobernuaren politika ekonomikoaren arloko proposamenak egin, koordinatu, sustatu, abiarazi eta haien jarraipena egitea.

–Gobernuak tratatu beharreko gai ekonomikoetan, lehentasunak zehaztea eta gai horiei buruzko txosten-proposamenak egitea.

–Politika eta programa publikoen jarraipena, azterketa eta ebaluazioa.

–Nafarroako egitura ekonomikoari buruzko analisiak eta azterlanak egin eta zabaltzea.

–Nafarroako koiuntura ekonomikoaren analisia eta jarraipena, bai eta estatuko eta nazioarteko koiuntura ekonomikoarena ere.

–Nafarroako ekonomiarako eta haren lehiakortasunerako interesa duten ekimen ekonomikoak eta programa estrategikoak definitu, planifikatu, koordinatu eta sustatzea, eta haien jarraipena egitea, Foru Komunitateko sektore publikoaren partaidetzarekin.

–Gobernuak hartzen dituen neurri ekonomiko eta finantzarioen jarraipena, urteko aurrekontu esparrua gainditzen dutenean.

–Eskualde politikarekin eta Estatuaren nahiz Europar Batasunaren beste politika ekonomiko batzuekin koordinatzea, Nafarroako Gobernuko beste organo batzuek arlo honetan esleituta dituztenak ukatu gabe.

–Moderna fundazioarekin koordinatzeko lanetan laguntzea.

–Indarra duten xedapenek esleitutako gainerako eginkizunak”.

Bederatzi.–“29. artikulua. Berrindustrializazioaren, Lehiakortasunaren eta Proiektu Estrategikoen Zerbitzuaren eskumenen esparrua.

Berrindustrializazioaren, Lehiakortasunaren eta Proiektu Estrategikoen Zerbitzuak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu ondoko arlo hauetan:

–Enpresen lehiakortasuna hobetzen laguntzea.

–Enpresak saneatzen eta berrabiatzen laguntzea.

–Enpresen finantzaketarako bidea erraztea.

–Proiektu estrategikoak koordinatzea.

–Sozietate publikoek kudeatutako proiektuak koordinatzea.

–Enpresa politikak koordinatzea.

–Ekintzailetza bultzatzea.

–Enpresa edo lanbideko jarduerak abian jartzeko zerikusia duten gai eta prozedurak definitu, planifikatu, informazio zerbitzuak garatu, aholkatu, tramitazioa bateratu eta ebaztea, enpresa edo lanbide jarduerak abian jartzeko xedearekin administrazioa errazteko neurriei buruzko abenduaren 9ko 15/2009 Foru Legeak Jarduera Ekonomikoak Tramitatzeko Bulegoari agintzen dizkion eginkizunekin bat.

Hamar.–“32. artikulua. Proiektu Estrategikoen eta Enpresa Politiken Atalaren eskumenen esparrua.

Proiektu Estrategikoen eta Enpresa Politiken Atalak, zuzendaritza nagusiaren gaiei dagokienez, eginkizun hauek izanen ditu:

–Proiektu estrategikoak koordinatzea.

–Sozietate publikoek kudeatutako proiektuak koordinatzea.

–Enpresa politikak koordinatzea.

–Moderna planaren proiektuak koordinatzea (ekintzailetza bultzatzekoak).

–Enpresa edo lanbideko jarduerak abian jartzeko zerikusia duten gai eta prozedurak definitu, planifikatu, informazio zerbitzuak garatu, aholkatu, tramitazioa bateratu eta ebaztea, enpresa edo lanbide jarduerak abian jartzeko xedearekin administrazioa errazteko neurriei buruzko abenduaren 9ko 15/2009 Foru Legeak Jarduera Ekonomikoak Tramitatzeko Bulegoari agintzen dizkion eginkizunekin bat.

–Indarra duten xedapenek esleitutako gainerako eginkizunak.”

Xedapen gehigarria.–Izendapena.

Berretsi egiten da, gertatu zeneko baldintza beretan, Administrazio Publikoaren Proiektu Estrategikoen Ataleko buruaren izendapena Estatuarekiko Finantza Fluxuen Ataleko buru gisa.

Azken xedapenetan lehena.–Garatzeko ahalmenak.

Ahalmena ematen zaio Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari foru dekretu honetan ezarritakoa betetzeko beharrezkoak diren aurrekontu aldaketak egin eta xedapenak eman ditzan.

Azken xedapenetan bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2014ko urtarrilaren 22an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.–Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilaria, Lourdes Goicoechea Zubelzu.

Iragarkiaren kodea: F1401089