Iragarkia
204. ALDIZKARIA - 2014ko urriaren 17a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza
2070/2014 EBAZPENA, irailaren 29koa, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak emana, Obra Zibileko teknikari lanpostuetan aritzeko izangaien bi zerrenda hautaproben bidez egiteko deialdiak onesten dituena. Zerrendetako bat aldi baterako kontratazioetarako da, eta bestea prestakuntzarako, zerbitzu berezien egoeran aritzeko.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak dituen langile beharrak ikusirik, bidezkoa da deialdi bat onestea, hautaproben bidez honako zerrenda hauek osatzeko: batetik, izangaien zerrenda berri bat Obra Zibileko teknikari lanpostuetan prestakuntzan aritzeko, zerbitzu berezien egoeran, eta, bestetik, beste zerrenda bat, aipatu lanpostuetan aldi baterako kontratudun gisa aritzeko, gero Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrei erantzuteko, Osasun Departamentuaren menpe daudenetan izan ezik.
Apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuaren arabera, aldi baterako kontratazioaren aurretik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek bertako langile finkoei eskainiko dizkiete bete nahi dituzten lanpostuak, eta, horretarako, behar diren hautaprobetarako deia eginen dute, lanpostu horietan prestakuntza egin nahi duten izangaien zerrendak osatzeko.
Horrenbestez, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan, azaroaren 15eko 347/2004 Foru Dekretuan eta Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 30eko 199/2004 Foru Aginduan ezarritakoarekin bat, eta Nafarroako Administrazio Publikoetan Sartzeko Erregelamenduaren 42.2.c) artikuluarekin eta aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituen Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduarekin bat, honako deialdi hauek iragartzen dira:
DEIALDIAK
I.–Izangaien zerrenda bat eratzeko deialdia, Obra Zibileko teknikari gisa aldi baterako kontratatzeko
Hona hemen deialdiaren,
Oinarriak
Lehenbizikoa.–Deialdia egiten da Obra Zibileko teknikari lanpostuetan aritzeko izangaien zerrenda bat osatzeko hautaproben bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan (Osasun Departamentuaren menpekoak izan ezik) sortzen diren beharrak aldi baterako betetzeko helburuz.
Aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrenda hori erabili baino lehen, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera prestatu diren edo etorkizunean prestatzen ahal diren langile finkoen zerrendak erabiliko dira.
Bigarrena.–Parte-hartzaileek bete beharreko baldintzak.
2.1. Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Espainiarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio, langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa.
Orobat, parte har dezakete espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak baldin haien kontura bizi badira.
b) Hamasei urte beteta izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.
c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, Obra Zibileko proiektuetako goi mailako teknikariaren titulua edo balio bereko beste bat izatea, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.
Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.
d) B motako ibilgailuak gidatzeko baimena izatea.
e) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.
f) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.
Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek zinpeko aitorpena edo hitzematea aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik beren estatuko funtzio publikoan sartzea galarazten dienik.
2.2. Oinarri honen 2.1.c) eta 2.1.d) ataletan eskatzen diren tituluen betebeharra agiri bidez frogatu beharko dute izangaiek, deialdi guztietarako balio duen zazpigarren oinarrian xedatutakoarekin bat.
2.3. Oinarri honetako baldintza guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira, baita hautapen prozedurak eta kontratazioak iraun bitartean ere.
Hirugarrena.–Hautapen prozesuaren garapena eta balorazioa.
Ebazpen honen bidez onetsitako bi deialdietarako balio duten arauetan xedatutakoarekin bat gauzatuko da hautapen prozesua.
Laugarrena.–Aldi baterako kontratatuak izateko izangaiei dei egitea.
Izangaiei dei egin eta, hala bada, kontratatzerakoan, arau hauetan ezarritakoari jarraituko zaio: Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88. artikulua eta hurrengoak; deialdi honen oinarriak; lanpostuak aldi baterako betetzeko arauak onesteko Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak abenduaren 31n eman zuen 814/2010 Foru Agindua (2011ko 31. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 15ekoa); eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.
Deia egiterakoan kontuan hartuko da, halaber, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriaren 4. atalean ezarritakoa. Horren bidez, desgaitasunen bat duten pertsonek Nafarroako Administrazio Publikoetan enplegua lortzeko moduaren xehetasunak arautzen dira. Horretarako, %33koa edo handiagoa den desgaitasun aitortua duten pertsonek organo eskudunak luzatutako agiriaren kopiaren bidez frogatu beharko dute egoera hori.
II.–OBRA ZIBILEKO TEKNIKARI GISA, ZERBITZU BEREZIEN EGOERAN, PRESTAKUNTZA JASOKO DUTEN IZANGAIEN ZERRENDA OSATZEKO DEIALDIA
Hona hemen deialdiaren,
Oinarriak
Lehenbizikoa.–Deialdia egiten da Obra Zibileko teknikari lanpostuan, prestakuntzarako zerbitzu berezien egoeran, arituko diren izangaien zerrenda bat osatzeko hautaproben bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan, Osasun Departamentuaren menpekoetan izan ezik, sortzen diren beharrak aldi baterako betetzeko.
Bigarrena.–Parte-hartzaileek bete beharreko baldintzak.
2.1. Parte-hartzaileek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoa izatea, D edo E mailakoa edo taldekoa, eta eskubidez dagokien gehieneko prestakuntzaldia agorturik ez izatea.
b) Beren lanpostuan gutxienez hiru urteko zerbitzualdia benetan egina izatea.
c) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.
d) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, Obra Zibileko proiektuetako goi mailako teknikariaren titulua edo balio bereko beste bat izatea, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina. Titulu hori ezin da izan langile finkoari jardunean aritzeko balio diona.
Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.
e) B motako ibilgailuak gidatzeko baimena izatea.
f) Obra Zibileko teknikari gisa lehenengo prestakuntzaldia egiteko izangaien zerrendan ez egotea.
2.2. Oinarri honen 2.1.d) eta 2.1.e) ataletan eskatzen diren tituluen betebeharra agiri bidez frogatu beharko dute izangaiek, deialdi guztietarako balio duen zazpigarren oinarrian xedatutakoarekin bat.
2.3. Oinarri honetako baldintza guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira, baita dei egiten zaien unean eta prestakuntzak iraun bitartean ere.
2.4. Deialdi honetan ezin dute parte hartu Hezkuntza Departamentuko irakasleek, Osasun Departamentuaren menpeko erakunde autonomoei atxikitako langileek, Nafarroan Justizia Administrazioan aritzen diren langileek, ezta Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren aplikazio eremutik baztertutako langileek ere.
Hirugarrena.–Hautapen prozesuaren garapena eta balorazioa.
Ebazpen honen bidez onetsitako bi deialdietarako balio duten arauetan xedatutakoarekin bat gauzatuko da hautapen prozesua.
Laugarrena.–Prestakuntzaldian aritzeko izangaiei dei egitea.
Izangaien deia eta, hala badagokio, prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeraren deklarazioa honako hauetan ezarritakoari jarraikiz eginen da: apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretua; Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 30eko 199/2004 Foru Agindua, prestakuntzarako lanpostuetan aritzeko izangaien zerrendak osatu eta kudeatzeko prozedura ezartzen duena (157. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 31koa); eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.
III.–BI DEIALDIETARAKO OINARRI KOMUNAK
Lehenbizikoa.–Eskabideak aurkezteko epea.
Bi deialdietan, parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Bigarrena.–Eskabideak.
2.1. Deialdietan parte hartzeko eskabideak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira (Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa, 31002 Iruña), edo Nafarroako Gobernuaren erregistroko beste edozein bulegotan (zerrenda 2014ko 46. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 7an), edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4. artikuluan adierazitako bideren bat erabiliz.
Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da, postako langileek, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzaten.
Halaber, ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat, eskabidea telematika bidez aurkezten ahalko da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan. Erregistro hori Nafarroako Gobernuaren Interneteko web atarian dago (www.navarra.es). Kasu horretan, artxiboak eransteko Erregistro Orokor Elektronikoan aurreikusitako formatuetatik edozein erabil daiteke parte hartzeko eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak eransteko.
2.2. Eskabideak II. eranskinean heldu den ereduaren araberakoak izanen dira, aldi baterako kontratazioko izangaien kasuan, eta III. eranskineko ereduaren araberakoak, prestakuntzarako izangai berrien kasuan. Eredu horiek Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean daude eskuragarri. Interneten bidez ere lortzen ahal dira, www.navarra.es helbidean, bai deialdia argitaratzen deneko aldizkari ofizialetik abiatuta, bai Zerbitzuen Katalogoan, Enplegu Publikoaren atalean, deialdiari buruz dagoen aiputik abiatuta.
Parte hartzeko eskabidean, izangaiek adierazi behar dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.
Parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek nortasun agiri nazionalaren fotokopia edo nortasuna eta nazionalitatea frogatzen dituen agiriaren fotokopia aurkeztu beharko dute bakarrik, eta, hala badagokio, aldi baterako kontratatuak izateko deialdiaren 2.1.a) oinarrian nazionalitateaz eta ahaidetasunaz eskatzen diren betebeharren frogagirienak.
Obra Zibileko teknikari lanpostuan aritzeko deia jasotzen duten izangaiek ez bestek aurkeztu beharko dituzte deialdiko titulazio betebeharra frogatzen duten agiriak, kontratua gauzatzen denean edo prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeraren deklarazioa egiten denean.
2.3. Desgaitasun aitorturen bat duten izangaiek, parte hartzeko eskabidearekin batera, egoera horren frogagiria aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana. Halaber, denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte, horren beharrik izanez gero, eskabidean bertan. Aparteko orri batean, nolako desgaitasuna duten eta zein egokitzapen eskatzen duten adierazi beharko dute.
Hirugarrena.–Izangaien onarpena.
3.1. Behin-behineko zerrendak.
Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiko Langileriaren Kudeaketako Zerbitzuak deialdietako izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrendak ikusgai jarriko ditu Nafarroako Gobernuko iragarki oholean (Iruñeko Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa) eta Nafarroako Gobernuaren www.navarra.es web orrian, deialdiaren aipamenetik abiatuta (“Zerbitzuak” atala, “Enplegu Publikoa” azpiatala). Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko dira onartuen behin betiko zerrendak.
Egun horretatik aurrera, argitaratu ondoko hamar egun balioduneko epean, izangaiek erreklamazioak egiten ahalko dituzte, edo eskabidean egindako akatsak zuzendu.
3.2. Behin betiko zerrendak.
Erreklamazioak aurkezteko epea bukaturik eta haien gainean ebatzi ondoren, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak, ebazpen baten bidez, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak onetsi eta Nafarroako Gobernuko iragarki oholean (Iruñeko Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa) eta Nafarroako Gobernuaren Atarian (www.navarra.es) argitaratuko ditu (deialdiaren aipamena, “Zerbitzuak”, “Enplegu Publikoa” atalean), deialdi hauetan ezarritako hautaproba egiteko egunarekin eta tokiarekin batera.
Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski deialdietan eskatutako baldintzak betetzen direla aitortzeko. Izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo administrazioak bere eskuetan daukana aztertutakoan, baldintzaren bat ez dutela betetzen ohartuz gero, interesdunek deialdietan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.
3.3. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 59. artikuluan aipatzen diren ondorioetarako.
Laugarrena.–Proba.
4.1. Ebazpen honen bidez onesten diren deialdietarako hautapen prozesua proba baten bidez eginen da. Proba horretan 50 galdera erantzun beharko dira ebazpen honen I. eranskinean agertzen diren gaiei buruz. Erantzuteko hainbat aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Erantzun okerrengatik puntuak kenduko dira.
Gai zerrendan eskatzen den legedia deialdi hau argitaratzen den egunean indarra duena izanen da. Epaimahai kalifikatzaileak erabakiko du probak zenbat iraun dezakeen gehienez ere, hura hasterakoan, eta erantzun oker bakoitzeko 0,33 puntu kenduko dira.
Proba horretan zilegi izanen da kalkulagailu programaezina erabiltzea.
4.2. Proba horrek 50 puntuko kalifikazioa izanen du, gehienez ere. Izangaien zerrendan sartuko dira hautaproban ezarritako gehieneko puntuazioaren %30 gutxienez lortzen duten izangaiak.
4.3. Probarako dei bakarra eginen da. Hartara nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiak askiesten duen beste nortasun agiri bat aldean dutela agertu beharko dute izangaiek. Beren nortasuna frogatzen ez duten izangaiak edo agertzen ez direnak baztertu eginen dira.
4.4. Hautaproba egiteko, desgaitasun aitorturen bat dutenentzat bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak eginen dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.
Bosgarrena.–Epaimahai kalifikatzailea.
5.1. Kide hauek osatuko du epaimahai kalifikatzailea:
Mahaiburua: Pedro Luis Soto Valcarce jauna, Sustapen Departamentuko Kontserbazio Ataleko burua.
Ordezko mahaiburua: Luis Miguel Martín Gómez jauna, Sustapen Departamentuko Nafarroako Erdialde-Iparraldea Zaintzeko Bulegoko burua.
Mahaikidea: José Fernando González Soriguren jauna, Sustapen Departamentuko Nafarroako Hego-mendebaldea Zaintzeko Bulegoko burua.
Ordezko mahaikidea: Luisa Olga Morquillas Gómez andrea, Sustapen Departamentuko Nafarroako Hegoaldea Zaintzeko Bulegoko burua.
Mahaikidea: Rafael Osés Primo jauna, Sustapen Departamentuko Obra Zibileko teknikaria.
Ordezko mahaikidea: Edurne Manrique Elvira andrea, Sustapen Departamentuko Obra Zibileko teknikaria.
Mahaikidea: langileen ordezkari bat, Administrazio Erroko Langileen Batzordeak proposatua.
Ordezko mahaikidea: langileen ordezkari bat, Administrazio Erroko Langileen Batzordeak proposatua.
Mahaikide idazkaria: M.ª Josefa Vidal de Grado andrea, Sustapen Departamentuko Ustiapen Ataleko burua.
Ordezko idazkaria: María Begoña Montón Benito, Sustapen Departamentuko Kudeaketa Teknikoaren Bulegoko burua.
5.2. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean abstentziorako aipatzen diren arrazoietako bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek ezin izanen dute epaimahaian parte hartu, eta Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko diote.
Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.
Epaimahaia aldatzen bada, mahaikideek parte ez hartzeko edo haiek errefusatzeko legez ezarritako kasuak direla-eta, jakinarazi eginen da, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.
5.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratuko da epaimahaia.
Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.
5.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdi hauen oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaz sor daitezkeen gorabehera guztiak.
5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eska dezake probarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
Seigarrena.–Proba gainditzen dutenen zerrendak.
6.1. Izangaien artean gertatzen diren berdinketak irizpide hauei jarraituz ebatziko ditu epaimahai kalifikatzaileak:
a) Aldi baterako kontratazioetarako deialdia: berdinketak zozketa bakar baten bidez erabakiko dira, zein kalifikazio epaimahaiak eginen baitu. Berdindutako hautagai guztien artean, bat ausaz hautatuko da. Berdinketa guztiak hurrenkera alfabetikoari jarraikiz deseginen dira, zozketan hautatutako izangaiaren abizenak eta izena abiapuntu izanik. Zozketaren emaitzak web-orrian (deialdiaren aipuan) eta Nafarroako Gobernuaren iragarki-oholean argitaratuko dira.
b) Prestakuntzaldian aritzeko deialdia: deialdi honetako eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean izangaiek aitortuta daukaten antzinatasunaren arabera hautsiko dira berdinketak, antzinatasun handiena duena lehenetsiz. Berdinketak badirau, aldi baterako kontratazioetarako deialdian berdinketak hausteko ezarritako zozketaren arabera ebatziko da.
6.2. Probak kalifikatzen bukatu ondotik, epaimahaiak honako zerrenda hauek argitaratuko ditu, bereizita, Nafarroako Gobernuaren iragarki-oholean eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko web-orrian (www.navarra.es, “Zerbitzuak”, “Enplegu Publikoa”, deialdiaren aipamena):
–Aldi baterako kontratatuak izateko deialdian proba gainditzen duten izangaien zerrenda, guztira lortutako puntuen hurrenkeraren arabera.
–Zerbitzu berezien egoeran prestakuntzan aritzeko izangai berrientzako deialdiko proba gainditu dutenen zerrenda, guztira lortutako puntuen hurrenkeraren arabera.
Halaber, epaimahaiak Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiari igorriko dizkio arau honetan aipatzen diren zerrendak, onets ditzan, hautapen prozesuaren espediente osoarekin batera.
Zazpigarrena.–Obra Zibileko teknikari lanpostuetan aritzeko izangaien zerrendak.
7.1. Behin betiko zerrendak.
Hautapen prozesuaren espediente osoa jasota, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak emandako ebazpen baten bidez izangaien zerrendak onetsiko dira. Zerrenda Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean argitaratuko da (Iruñeko Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa), baita Nafarroako Gobernuaren web orrian ere (www.navarra.es, “Zerbitzuak”, “Enplegu Publikoa”, deialdiaren aipamena).
7.2. Deia.
Arau honetan aipatutako zerrendetan ageri diren izangaiei dei egiteko, ebazpen honen bidez onetsitako deialdietako oinarrietan ezarritakoari jarraikiko zaio; betiere, prestakuntzarako izangaiak lehenetsiko dira aldi baterako kontratatuak izateko izangaien aurretik.
Deia jasotzen duten izangaiek kasuan kasuko deialdian eskatutako titulazioaren betebeharrak betetzen dituztela frogatzeko agiriak aurkeztu beharko dituzte; horretarako, B motako gidabaimenaren eta Obra Zibileko Proiektuetako goi mailako teknikari tituluaren fotokopia konpultsatuak aurkeztu beharko dituzte, edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena; betiere, eskabideak aurkezteko epea bukatu baino lehen eskuratuak izan beharko dute.
Eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenak hautapen prozesutik baztertuko dira, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, eta deialdi honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.
Zortzigarrena.–Gehieneko denbora prestakuntzarako zerbitzu berezien egoeran aritzeko.
8.1. 4 urteko bigarren prestakuntzaldia egiteko eskubidea duten izangaiak ezin dira 10 urte baino gehiago egon prestakuntzarako zerbitzu berezietan, epe horretan lanpostu batean baino gehiagotan aritu badira ere.
8.2. Prestakuntzarako zerbitzu berezietan 6 urte bitarte egoteko eskubidea duten izangaiek ezin izanen dute gehieneko epe hori gainditu, epe horretan lanpostu batean baino gehiagotan aritu badira ere.
Bederatzigarrena.–Errekurtsoak.
Epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiari zuzendua, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
Deialdien, oinarrien eta horiek aplikatzeko egintzen kontra, epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari zuzendua, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluarekin bat eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraikiz.
Iruñean, 2014ko irailaren 29an.–Funtzio Publikoaren zuzendari nagusia, Gregorio Eguílaz Gogorza.
I. ERANSKINA
Gai-zerrenda (Obra Zibileko teknikaria)
1. gaia.–Nafarroako Gobernua eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa.
–Nafarroako Gobernua: eginkizunak. Osaera, izendapena, eraketa eta kargu-uztea. Eskumenak. Funtzionamendua. Nafarroako Gobernuko lehendakaria: eginkizunak.
–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean ezarritako printzipio orokorrak. Herritarrek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekiko harremanetan dituzten eskubideak.
2. gaia.–Nafarroako Errepideei buruzko Foru Legea.
–Nafarroako Errepideei buruzko martxoaren 23ko 5/2007 Foru Legea. Xedapen orokorrak. Plangintza, proiekzioa eta eraikuntza. Finantzaketa eta ustiapena. Jabari publikoa babesteko araubidea eta jabetzari ezarritako mugak. Hiri barneko tarteak eta errepideetako zeharbideak. Koordinazioa beste administrazio batzuekin. Zehapenen araubidea.
3. gaia.–Eraikuntzako materiala.
–Hormigoiak eta morteroak, dosifikazioa eta erabilera.
–Masa hormigoiaz edo hormigoi armatuaz egiten diren obrak. Hartu beharreko arreta eta neurriak. Dardaraketa. Gehigarriak. Ontzearen produktuak. Enkofratuak eta moldeak. Apeoak eta zinbriak.
4. gaia.–Zoladurak.
–Belar-sastrakak lurretik kentzea. Hondeatze lanak. Lubetak. Betelan lokalizatuak. Zabalguneen eta ezponden fintze lanak.
–Zoru malguak. Dimentsionatze faktoreak. Trafikoa. Zabalgunea. Zoruko materialak. Zoladuraren egituren katalogoa.
5. gaia.–Betun-nahasketak.
–Betun-nahasketak. Mota ezberdinak. Fabrikazioa eta obran jartzea. Materialak; agregakinak, konglomeranteak, betun-aglutinatzaileak eta abar, baldintzak eta saiakuntzak. Betun-nahasketa bereziak. Betun-nahasketen akatsak eta horien garrantzia. Granulometria eta zehaztapenak. Hotzeko mikroaglomeratuak.
6. gaia.–Elementu lagungarriak.
–Zutikako seinaleztapena. Seinale motak. Forma eta kolorea. Ikusgaitasuna. Bide-marrak. Ezaugarri fisikoak. Kolorea. Islatzeko gaitasuna. Materialak. Bide-marken motak. Segurtasun hesiak eta eusteko elementuak.
7. gaia.–Drainatzea.
–Gainazaleko uraren hustuketa. Higadura. Ezpondak. Azaleko eta sakoneko drainatzeen diseinua. Arekak eta erretenak egitea. Kutxetak eta erregistro putzuak. Estolda-zuloak eta hustubideak. Lur azpiko drainatzeak. Material iragazlearen ezaugarriak.
8. gaia.–Trazadura eta zuinketa.
–Errepideen ezaugarri geometrikoak. Oinplanoa, altxaera eta zeharkako sekzioa. Errepide trazaduraren kalkulua eta zuinketa, oinplanoan eta altxaeran.
–Kalkulua, geometria eta trigonometria. Angelu-neurriak, triangeluak ebaztea. Azalera eta bolumenak neurtzea.
–Jasotze topografikoak eta oinarrizko nibelazioak. Plano kotatuak. Marrazketa topografikoa. Eskalak aldatzea.
II. ERANSKINA
Eskabide eredua.
Nafarroako Gobernua. Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentua. Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusia.
Eskabidea, ...................................... lanpostuan aldi baterako kontratatuta aritzeko deialdian parte hartzeko. Deialdia ..........(e)ko ........aren ........(e)ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen (.... zk.).
1.–Norberaren datuak.
Izen-deiturak: .........................., NAN zenbakia: ................, nazionalitatea: ..............., jaioteguna: .............., helbidea: ................, herria: ................., probintzia: ................., posta kodea: ........, telefonoak (3 gehienez): ................................. posta elektronikoa: ..................................
2.–Desgaitasuna egiaztatzea (Bidezkoa denean bakarrik).
q Desgaitasuna dut eta eskabidearekin batera horren frogagiria aurkezten dut.
q Desgaitasuna dut, eta, horrenbestez, azaltzen dudan egokitzapena eskatzen dut, adierazten ditudan arrazoiengatik. (Beste orri batean, minusbaliotasunaren arrazoiak eta eskatutako egokitzapenak azalduko dira).
3.–Euskarazko lanpostuak. (Deialdian agertzen badira bakarrik).
Euskaraz jakin beharra duten lanpostuetarako aukera ere baliatu nahi dut, eta horretarako honako hau adierazten dut:
q Badudala Euskararen Gaitasun Agiria edo ofizialki baliokidetzat hartzen den titulua (2. eta 3. jakite maila).
q Hizkuntza eskola ofizial batean euskarazko laugarren kurtsoa edo Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan bederatzi “urrats” gainditu ditudala (1. jakite maila).
q Euskara maila neurtzeko proba egitea eskatzen dudala.
4.–Horrez gain, hauxe diot:
Ez dudala karguan aritzea galarazten didan eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik, eta indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik ez dudala.
Ez naizela diziplina espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia izan eta ez naizela izan desgaitua, ez eta gabetua ere, eginkizun publikoak betetzeko.
Baditudala deialdian eskatzen diren tituluak eta bertako baldintza guztiak betetzen ditudala, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.
q Ez dudala Espainiako nazionalitatea. Zin egiten edo hitzematen dut ez dudala .................................ko (sorterria) funtzio publikoan sartzeko diziplina zehapenik edo zigor penalik. Sorterria:
Iruñean, .......................(e)ko ....................aren ...............(e)an.
(Sinadura)
Oharrak: Eskabidearekin batera NANaren fotokopia bat aurkeztuko da.
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoa betez, adierazten da agiri honetan ageri diren datuak eta administrazioarekin etorkizunean izan daitekeen zerbitzu harremana kudeatzeko beharrezkoak diren gainerako guztiak datuen fitxategi automatizatu batean sartuko direla. Datu horiek egoki erabiltzearen arduraduna Nafarroako Gobernuko Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusia da, eta datuen konfidentzialtasuna bermatzen du. Datuen titularrari jakinarazten zaio datu pertsonalak ikusi, zuzendu, ezabatu eta haien aurka jotzeko eskubidea erabiltzen ahal duela, datuak babesteko indarra duen araudiarekin bat.
III. ERANSKINA
Eskabide eredua
Nafarroako Gobernua. Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentua. Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusia.
Eskabidea, ......................................................… lanpostuan prestakuntza jasotzeko izangai berrien deialdian parte hartzeko. Deialdia ......…(e)ko ......…............aren ….........(e)ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen (..... zk.).
1.–Norberaren datuak.
Izen-deiturak: ............................., NAN zenbakia: ................, nazionalitatea: ................, jaioteguna: ............., helbidea: ..........., herria: ................, probintzia: ........................, posta kodea: ......................, telefonoak (3 gehienez): .............................. posta elektronikoa: ............................
2.–Zein lanpostutarako izendatu den, haren datuak:
Departamentua: ..................................................................................
Zerbitzua: ...........................................................................................
Lanpostua ...........................................................................................
Maila ...................................................................................................
3.–Desgaitasuna egiaztatzea (Bidezkoa denean bakarrik).
q Desgaitasuna dut eta eskabidearekin batera horren frogagiria aurkezten dut.
q Desgaitasuna dut, eta, horrenbestez, azaltzen dudan egokitzapena eskatzen dut, adierazten ditudan arrazoiengatik. (Beste orri batean, minusbaliotasunaren arrazoiak eta eskatutako egokitzapenak azalduko dira).
4.–Euskarazko lanpostuak (Deialdian hala adierazten denean soilik).
Euskaraz jakin beharra duten lanpostuetarako aukera ere baliatu nahi dut, eta horretarako honako hau adierazten dut:
q Badudala Euskararen Gaitasun Agiria edo ofizialki baliokidetzat hartzen den titulua (2. eta 3. jakite maila).
q Hizkuntza eskola ofizial batean euskarazko laugarren kurtsoa edo Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan bederatzi “urrats” gainditu ditudala (1. jakite maila).
q Euskara maila neurtzeko proba egitea eskatzen dudala.
5.–Horrez gain, hauxe diot:
Jardunean egoteko tituluez gain, deialdian eskatzen diren tituluak ere baditudala eta deialdiko baldintza guztiak betetzen ditudala, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.
Iruñean, .......................(e)ko ....................aren ...............(e)an.
(Sinadura)
Oharrak: Eskabidearekin batera NANaren fotokopia bat aurkeztuko da.
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoa betez, adierazten da agiri honetan ageri diren datuak eta administrazioarekin etorkizunean izan daitekeen zerbitzu harremana kudeatzeko beharrezkoak diren gainerako guztiak datuen fitxategi automatizatu batean sartuko direla. Datu horiek egoki erabiltzearen arduraduna Nafarroako Gobernuko Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusia da, eta datuen konfidentzialtasuna bermatzen du. Datuen titularrari jakinarazten zaio datu pertsonalak ikusi, zuzendu, ezabatu eta haien aurka jotzeko eskubidea erabiltzen ahal duela, datuak babesteko indarra duen araudiarekin bat.
Iragarkiaren kodea: F1413524
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
