1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
408E/2014 EBAZPENA, irailaren 16koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Ingurumen ondorioen adierazpena egiten duena Z.2.2 unitatean (Erruki Etxea) merkataritzako Udalez gaindiko Proiektu Sektorialari buruz. Proiektua Morea Inversiones, S.A.k sustatzen du.
Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legeak ezarritakoaren arabera, udalez gaindiko plan sektorialei Ingurumen ebaluazio estrategikoa eta Ingurumen ondorioen adierazpena egin behar zaizkie, plana onestearekin batera edo lehenago.
2014ko urtarrilaren 15ean, Z.2.2 unitatean (Erruki Etxea) merkataritzako Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala aurkeztu zen, zeinek ondokoa baitauka jasota: ingurumen ondorioen azterlana, sortzen den mugigarritasunari buruzko azterlan bat eta hondakinen kudeaketa integralari buruzko plan bat.
Nafarroako Gobernuak, 2014ko maiatzaren 7an hartutako Erabakiaren bidez, proposamena Udalez gaindiko Plan Sektorial deklaratu zen, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean eta Nafarroan merkataritza arautzen duen uztailaren 12ko 17/2001 Foru Legean ezarritakoaren ondorioetarako.
Erabaki horretan (2014ko 99. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, maiatzaren 22an), espedientea jendaurrean paratu zen, ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozeduraren eta hirigintzaren ondorioetarako, legez indarra duten manuekin bat. Jendaurreko epe horretan, ez zen ingurumenari buruzko alegaziorik jaso.
UPSaren eremua Iturrama auzoan dago, Gaztelugibelaren eta Ziudadelaren loturan. Iruñeko 4. poligonoko 54. lurzatiari dagokio. UPSaren helburua da merkataritzako eremu baten ezarpena arautzea, baita lurzati horren erabilera berriak ere. Aurreikusitako jarduketetan, saltoki handi bat eraikiko da beheko solairuetan, eta goikoetan, berriz, bi bolumen bereizi planteatzen dira. Haietan aukera ematen da aldi baterako bizilekuaren moduan eta bizitegi komunitarioaren moduan erabiltzeko.
Ingurumen ondorioen azterlanean honako hau aztertzen da: hondakinen kudeaketa, uraren kontsumoa, energia, eta soinuaren eta argiaren kutsadurak. Orobat, ingurumen ondorioen azterlanak neurri zuzentzaileak eta prebentziokoak dakartza, baita ingurumena zaintzeko plan bat ere.
Proposamenak ez du eraginik egungo hiri zerbitzuen gainean (hornidura, uren saneamendua, hondakinak, elektrizitatea, eta abar), igoerak onargarriak baitira. Hondakinei dagokionez, hondakinen plana egokia da, eta bat egiten du Nafarroan merkataritza arautzen duen uztailaren 12ko 17/2001 Foru Legearen 21.3 e bis) artikuluarekin.
Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak txostena egin du 2014ko irailaren 12an eta bertan zehazten du ezen, ukitutako azalera txikia denez eta lurzatia hiri lurzoru gisa sailkatuta dagoenez, aldaketak ez dakarrela ingurumeneko ukipen garrantzitsurik. Zonifikazio akustikoari dagokionez, eremu mistoa denez gero bertan izan daitezkeen erabilerei dagokienez, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren irailaren 3ko 1328/2010 Ebazpenaren bidez onetsitako zonifikazio akustikoari eutsiko zaio. Haren bidez, sektoreari bizitegitarako erabilera eman zitzaion.
Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, Ingurumen ebaluazio estrategikorako prozedura osorik bete dela kontuan harturik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 25eko 70/2012 Foru Dekretuaren 42. artikuluak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Ingurumen ondorioen aldeko adierazpena egitea Z.2.2 unitatean (Erruki Etxea) merkataritzako Udalez gaindiko Proiektu Sektorialari buruz. Proiektua Morea Inversiones, S.A.k sustatzen du.
2. Ingurumen ondorioen adierazpen hau determinazio hauek betez gero emanen da:
–Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak irailaren 3ko 1328/2010 Ebazpenaren bidez onetsitako zonifikazio akustikoa mantenduko da, bizitegiko erabilera duen sektoretzat hartzen baita.
–Bizitegi partzialerako edo iraunkorrerako eraikin guztietan 167/2007 Errege Dekretuaren II. eranskineko B taulan kalitate akustikoari buruz eskatzen diren helburu guztiak betetzen direla bermatuko da; taula hori etxebizitza, bizitegi, ospitale, hezkuntza edo kultur arloko erabileretarako eraikinen barreneko espazioari aplikatzen zaie.
–Bizitegi dentsitate handiko eremu batean kokatua den hiri lurzatia denez, Iturrama auzoko PZ12-ACP eremuko planean jasotakoak dira zaratari buruzko neurriak, batez ere mugikortasunaren kudeaketari eta ibilgailuen trafikoari loturik.
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Ebazpen hau jakinaraztea Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Iruñeko Udalari eta sustatzaileari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2014ko irailaren 16an.–Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.
Iragarkiaren kodea: F1412782