204. ALDIZKARIA - 2014ko urriaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

407E/2014 EBAZPENA, irailaren 15ekoa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena, Cintruenigon etxalde baterako hodi bat kanalizatzeko proiekturako. Sustatzailea Alberto Sánchez Martínez da.

Aipatutako espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N) epigrafean sartua dago (Uraren goi hornidurarako eta saneamendurako hoditeriak, beste eranskin batzuetan jaso ez direnak, lurzoru urbanizaezinean paratzen direnean). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena ematea edo ukatzea.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela bere baitan, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektatutako jarduketak helburu du ur hornidura egitea Cintruenigoko 3. poligonoko 1321. eta 1325A lurzatietan dagoen zerri gizendegiari, zeinek baimena berriki jaso baitu. Horretarako, aurreikusi da hodi bat lurpean paratzea, ustiategia Udalaren ur hornidurarako sarearekin lotzeko Cintruenigoko industrialdeko ipar-ekialdeko mugatik gertu. Hodiak, lurretan hondeatutako zangan sartuta, 2.375 metro eginen ditu bide publikoaren ondotik soro landuetan barna doan zerrenda batetik, Nafarroako Ubideko II. fasean berriki berrantolatutako ureztalur tradizionaleko eremu baten barnean. Corellako El Villarretik Ejea de los Caballerosko Portillo de Santa Margaritara doan errege altxonbidea gurutzatzen du, etxaldera ailegatu baino 650 bat metro lehenago. Industrialdeko loturaren ondoren etxola bat paratuko da, ur kontagailu independente batekin eta zenbait bentosarekin kutxatiletan.

Ingurumenaren ukipen txikiko trazaduraz gain, proiektuak neurri zuzentzaileak ezarri ditu, hala nola nekazaritzako lanak egin ahal izateko behar bezain sakon lurperatzea hodia; zanga itxita lurreko profila lehengoratzea hondeatutako lurrekin; tamaina txikiko makinak erabiltzea, egin beharreko lanerako egokiak; eta gurutzeak egitea ukipenak gutxituz errege altxonbidearen gainean eta ibilbidean zeharkatzen dituen beste azpiegitura batzuen gainean.

Espedientean jasota daude Cintruenigoko Udalaren 2014ko abuztuaren 6ko txostena eta Sustapen Departamentuko Lurraren Antolamendu Zerbitzuaren 2014ko irailaren 4ko txostena, biak aldekoak, jarduketa udal hirigintzako planeamenduarekin bateragarria izateari dagokionez, baita Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuaren 2014ko irailaren 4ko txostena ere, proiektuak abelbideen gainean dituen eraginei dagokienez.

Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak aldeko txostena eman du, baina baldintza batzuk ezarrita.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abenduaren 31ko 1158/2013 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz.

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea, Cintruenigon etxalde baterako hodi bat kanalizatzeko proiekturako. Sustatzailea Alberto Sánchez Martínez da.

2. Baimena neurri hauek aplikatzearen baldintzapean ematen da:

–Corellako El Villarretik Ejea de los Caballerosko Portillo de Santa Margaritara doan errege altxonbidearen bidegurutzean, hodiaren trazadura aldatu beharko da; halako eran non horrek bat eginen baitu abelbidearen gaineko bidearekin, ukipena ahal den txikiena izan dadin (9 metro lineal inguru) landu gabeko azaleraren gainean. Horri dagokionez, hodiari lotutako elementurik (kutxetarik, bentosarik, erregistro putzurik, eta abarrik) ezin izanen da paratu abelbidearen lurretan. Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuaren 2014ko irailaren 4ko txostenari helduko zaio, abelbideen gaineko ukipenei dagokienez.

–Zanga egitean, saihestuko da makinek joan-etorririk egitea, materialik metatzea edo haiek botatzea ura jariatzeko eremuetan eta landare naturaleko zerrendetan, zangak okupatu gabeko bideen ondoetan. Altxonbidean, berariaz, trazaduraren barnetik ibiliko da, eta zanga irekitzetik kentzen den materiala bidean bertan utziko da, egungo larre zerrendak ukitu gabe.

–Kontagailua espazio libre publikoan kokatu beharko da, hiri lurzoruan, erraz iritsi eta irakurtzeko moduan, plastikozko estalkia duen hormigoizko armairu batean. Udaleko teknikari batek in situ zehaztuko du tokia.

–Jabari publikoko ondasunak (bideak) ukitzen dituen tartean, hodia lur azpitik joanen da, landa bideak babesteko zerrendetan. Orobat, ukitutakoa lehengoratuko da. Interesduna arduratuko da hura lehen bezala uzteaz eta jabari publikoa konpontzeaz, edozein kalterik izanen balitz obra egitean nahiz baimen honek indarra duen bitartean.

–Udalaren 2014ko abuztuaren 6ko txostenean jasotako baldintzez gainera, Udalak zainduko du udal-eskumeneko determinazioak bete daitezela, eta, ingurunean integratzeari dagokionez, lurzatiaren ezaugarriak eta bukaerako egoera behatuko dira, paisaiako inpaktua murrizteko.

–Egin nahi den jarduerak uki ditzakeen edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen eta txosten guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Hala balegokio, obra lizentzia emateko egintzan, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak bere txostenean ezartzen dituen baldintza guztiak gehituko dira abelbideak babesteari dagokionez.

3. Baimen horrek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Cintruenigoko Udalari, Tutera aldeko Basozaintzari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2014ko irailaren 15ean.–Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1412781