1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
406/2014 EBAZPENA, irailaren 15ekoa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Andosillako hornidura San Adriango hornidura sarearekin lotzeko proiektua gauzatzeko. Jurramendiko Mankomunitateak sustatu du.
2014ko maiatzaren 28an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N) epigrafean sartua dago (Uraren goi hornidurarako eta saneamendurako hoditeriak, beste eranskin batzuetan jaso ez direnak, lurzoru urbanizaezinean paratzen direnean). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.
Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena ematea edo ukatzea.
Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela bere baitan, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.
Proiektatutako jarduketak helburu du hornidurarako hodi bat paratzea San Adrianen edateko uraren hornidura bermatzeko, sare nagusian matxura handi bat izanez gero. Obretan, funtsean, 250 mm-ko diametroko eta burdinurtu nodularreko hodi bat paratuko da ia kilometro batean, baita 150 mm-ko diametroa duen beste adar txiki bat ere 100 metroan, Andosillako hornidura sarea bi puntutan lotzeko San Adriango hornidura sarearekin.
Soroak, bideak, errepideak (NA-134) eta beste azpiegitura batzuk (oliobidea, zerbitzuen sareen kanalizazioak) zeharkatuko ditu azpiegitura berriak, memorian zehaztu bezala eta proiektuko planoetako trazadurari jarraituz. Hodi berria labore soroetatik (lehorreko laboreak, mahastiak, olibondoak eta arbendolondoak) edo lurgorrietatik joanen da gehienbat. Aurreikusten da ukipen zabalera 12 metrokoa izanen dela.
Espedientean jasota daude Andosillako Udalaren 2014ko irailaren 2ko aldeko txostena, San Adriango Udalaren 2014ko abuztuaren 22ko aldeko txostena (zenbait baldintzarekin), Lurraldearen Antolamenduaren Atalaren 2014ko abuztuaren 5eko aldeko txostena (zenbait zehaztapenekin) eta Arkeologia Atalaren 2014ko maiatzaren 19ko aldeko txostena (zenbait neurri hartzen badira).
Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak aditzera eman du ez dela muntako ukipenik eraginen ingurumenean, eta proiektuan ingurumen arloan aurreikusitako neurri prebentziokoak, zuzentzaileak eta jarraipenekoak aplikatuko direla.
Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abenduaren 31ko 1158/2013 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz.
EBATZI DUT:
1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Andosillako hornidura San Adriango hornidura sarearekin lotzeko proiektua gauzatzeko. Jurramendiko Mankomunitateak sustatu du.
2. Baimena neurri hauek aplikatzearen baldintzapean ematen da:
Ingurumen arlokoak:
–Obrak hasi aurretik, behar bezala kenduko da landare lurreko geruza (30 cm-ko sakonerarekin) zangak egiteak ukitutako azaleretatik. Behar bezala gordeko dira, 1,5 metrotik 2 metrora bitarteko kabailoietan, obraren esparruaren barnean, ondoko azalerak ukitu gabe. Lehengoratzean erabiliko da lur hori.
–Ukitutako azaleretan landaretza jarriko da berriro, belarkien hidroereintzaren bidez. Proiektuan zehaztutako dosia eta espezieen nahasketa baliatuko dira. Hidroereintza udazkenaren hasieran eginen da, lehendabiziko euriak baino lehentxeago edo geroxeago.
–Ingurumena zaintzeko programaren barnean, hidroereintzako gainazalen egoera egiaztatuko da, eta, beharrezkoa izanez gero, berriro ereinen da.
–Obrak bukatutakoan eraikuntzako materialak, hondarrak eta eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak garbitu beharko dira, baita hondakindegi baimendura eraman ere.
–Hondakinak zuzen kudeatzen direla zainduko da, eta kudeatzaile baimendu bati ematen zaizkiola bermatuko.
Hirigintza eta lurralde arlokoak:
–San Adriango 3. poligonoko 1.429. lurzatia ukitzen duen tartea S-16 sektoreko UE-16.1 exekuzio unitateari dagokio. Trazaduran aldaketa txiki bat egiteko modua eta beharra dago, exekuzio unitate hori ez ukitzeko helburuarekin.
–Baimen honek lurzoru urbanizaezinetik joaten den trazadura baino ez du babesten.
–Egin nahi den jarduerak uki ditzakeen edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez (errepideak, bide publikoak, Nafarroako Ubidea, kanalizazioak eta hodiak, abelbideak, ibilgu publikoak edo bestelakoak), sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu, kasuan kasuko gaian eskudun diren organoei eskatu eta gero.
–NA-134 errepidea ukituta gelditzen denez gero, Herri Lan Zuzendaritza Nagusiak dagokion baimena eman beharko dio proiektuari.
–Ohartarazi behar da gurutzatzen ahal direla proposatutako hodia eta Nafarroako Ubidearen 1. fasea eta haren eremu ureztagarria handitzeko sektoreko hodi bat.
–Halaber, azpiegitura egiteak ukitzen ahal dituen lurzatien titularren baimenak izan beharko ditu sustatzaileak.
–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 112.2 artikuluaren arabera, proiektatutako azpiegiturari lotuta lurraren sestra gainditzen duten elementuek 3 m-ko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoen kanpoko ertzetik neurtuta.
–Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiko Ondare Historikoaren Zerbitzuko Arkeologia Atalaren 2014ko maiatzaren 19ko txostenarekin bat, aurreikusten diren obrek Vista del Bergal aztarnategi arkeologikoa (kod.: 09312150007) ukituko baitute San Adriango udal mugapean, honako hauek dira hartu beharreko neurriak:
1. Arkeologiako langile teknikoek presazko jarraipen arkeologikoa eginen dute lur azpikoa kentzea ekartzen duten obra guztietan. Aztarna arkeologikorik aurkituz gero, indusketa osoa eginen da. Esku-hartze arkeologikoa aztarnategiaren azaleran eta haren babes ingurunean eginen da.
2. Lanak egiteko, beharrezkoa izanen da Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiaren baimena izatea, Nafarroako Foru Komunitatean indusketak eta prospekzioak egiteko lizentziak arautzen dituen urriaren 3ko 218/1986 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera. Aurkeztutako proiektua eta proposamena ikusita zehaztuko dira esku-hartzearen baldintza partikularrak.
3. Higiezin arkeologikoak desmuntatu edo aldatzeko, beharrezkoa izanen da Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiaren berariazko baimena, foru lege horren 62. artikuluan xedatutakoarekin bat, egitura arkeologikoak desmuntatu eta tokiz aldatzeari buruzkoa baita.
4. Baimenak, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu (lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura).
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.
6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
7. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Andosillako Udalari, San Adriango Udalari, Tuterako Basozaintzari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2014ko irailaren 15ean.–Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.
Iragarkiaren kodea: F1412788