1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
170E/2014 EBAZPENA, irailaren 23koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena proiektu honetarako: behe tentsioko hargune elektrikoa nekazaritzako eta abeltzaintzako establezimendu baterako, Jaizko udal mugapean. María Consolación Eraso Bengoecheak sustatu du.
Goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu da Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.
Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela, Ingurumen ukipenetarako baimena eman ala ukatzeari buruz.
Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela bere baitan, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.
Proiektatutako jardueraren helburua da energia elektrikoz hornitzea Jaizko 3. poligonoko 296. lurzatian dagoen nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategia. Behe tentsioan eginen da instalazioa (400 V), eta airekoa eta lurpekoa da, 684 bat metrokoa, eta aireko zatiak 15 metro luze du. HV-13-850 zutoinetik aterako da linea, CT 18 0509410 - El salinero transformazio zentroaren ondotik, katastroko 3. poligonoko 42. lurzatian. Babeserako eta neurketak egiteko koadroa paratuko da han. Zutoin horretatik, sarea zangan sartzen da; sareak PVCko 2 hodi ditu, eta hego-mendebaldera jotzen du, bideen ondotik, lurzati pribatuak gurutzatuz, katastroko 296. lurzatiko instalazioetara iritsi arte.
Espedientean Jaizko Udalaren eta Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuaren txostenak jaso dira. Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak ere espedientearen aldeko txostena eman du.
Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abenduaren 31ko 1158/2013 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz.
EBATZI DUT:
1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea proiektu honetarako: behe tentsioko hargune elektrikoa nekazaritzako eta abeltzaintzako establezimendu baterako, Jaizko udal mugapean. María Consolación Eraso Bengoecheak sustatu du.
2. Betebehar hauek betetzearen baldintzapean ematen da baimena:
–Hirigintzakoak (lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jarduerak):
- Ezarri nahi den instalazioak uki ditzakeen edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu, kasuan kasuko gaian eskudun diren organoei eskatu eta gero. Zehazki, eta Herrilurren Zerbitzuaren 2014ko ekainaren 2ko txostenarekin bat, lurzoru urbanizaezineko jarduketaren sustatzailea udala bera denez, herrilurretako ondasunen behar den okupazioa tramitatu beharko da (Jaizko Udaleko 3. poligonoko 138. eta 286. lurzatiak, herrilurrak baitira), Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Herrilurren Atalaren bidez, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 172. artikuluan ezarritakoarekin bat.
- Udalak zainduko du Jaizko Udal Planeko baldintzak bete daitezela, bereziki Eraikuntzako ordenantza orokorreko 77. artikulua.
- Baimen honek soil-soilik babesten du hargune elektrikoa aurkeztutako dokumentazioan esaten den lekuan eta ezaugarriekin.
- Lurzati pribatutik igarotzeari dagokionez, oroitarazten da jabetza eskubidea galarazi gabe ematen dela baimena.
3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 2.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.
4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu, izan ere, artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.
6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
7. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Jaizko Udalari, Basozaintzari (Lizarra Iparraldea) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2014ko irailaren 23an.–Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.
Iragarkiaren kodea: F1412986