204. ALDIZKARIA - 2014ko urriaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

169E/2014 EBAZPENA, irailaren 23koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena proiektu honetarako: instalazio fotovoltaikoa, Abaurrepeko udal mugapeko 2. poligonoko 638. lurzatian, 2. poligonoko 3. lurzatiko etxebizitza bati zerbitzu emateko. Tedesna Energías Renovables, S.L.k sustatu du.

2014ko maiatzaren 15ean Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I) epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela, Ingurumen ukipenetarako baimena eman ala ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela bere baitan, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Hauxe da proiektua: eguzki plaka fotovoltaikoak ezartzea, etxebizitza partikular baten autokontsumorako, Abaurrepean, 2. poligonoko 638. lurzatian, udalerri bereko 2. poligonko 3. lurzatian dagoen etxebizitza bati zerbitzu emateko. Instalazio fotovoltaikoak 6 panel ditu, hormigoizko egitura metaliko batean jarriak. Instalazio horretatik, energia ematen zaio etxebizitzari, behe tentsioko aireko instalazio baten bidez.

Espedientean Abaurrepeko Udalaren eta Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuaren txostenak ageri dira. Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak ere espedientearen aldeko txostena eman du.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abenduaren 31ko 1158/2013 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz.

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea proiektu honetarako: instalazio fotovoltaikoa, Abaurrepeko udal mugapeko 2. poligonoko 638. lurzatian, 2. poligonoko 3. lurzatiko etxebizitza bati zerbitzu emateko. Tedesna Energías Renovables, S.L.k sustatu du.

2. Baimena lortzeko, hirigintza arloko baldintza hau bete beharko da (lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jarduerak):

–Egin nahi den jarduerak uki ditzakeen edo horren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta bide-zorrei dagokienez, sustatzaileak behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetan.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu, izan ere, artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Abaurrepeko Udalari, Aezkoa eta Zaraitzu aldeko Basozaintzari eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2014ko irailaren 23an.–Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1412977