204. ALDIZKARIA - 2014ko urriaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

165E/2014 EBAZPENA, irailaren 23koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena proiektu hauetarako: Telekomunikazioen banagune bat (telefono mugikorreko antena, 063289/NA65C kokapen kodea duena), eta Lur gaineko eta lurpeko erdi eta behe tentsioko sareen transformazio zentroa, Larragako udal mugapean. Vodafone España, S.A.U.k sustatu du.

2014ko uztailaren 24an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko M epigrafean sartua dago (komunikazio instalazioak). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena ematea edo ukatzea.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela bere baitan, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektatutako jarduketaren helburua da telefonia mugikorreko antena bat ezartzea Salobral bidearen ondoan, Larragako 4. poligonoko 476. lurzatian. Badu Ingurumen ukipenetarako baimena, azaroaren 20ko 421/2007 Ebazpenaren bidez emana (2007ko 156. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 17an). Ingurumen ukipenetarako baimena eman zitzaionetik bi urte baino gehiago iraganik, ez dira obrak egin, eta beraz, baimena iraungi dela ulertzen da. Nolanahi ere, eta baimen hori emateko inguruabarrak aldatu ez direnez, berriz ere aldeko txostena eman da, baldintza berberekin.

Gainera, aldeko txostena eman da honetarako ere: lurgaineko transformazio zentro elektriko bat ezartzea, baita hornidurarako lurpeko linea bat ere, erdi eta behe tentsiokoa, telekomunikazioen estazio elektrikora energia eramateko. Kasu honetan, lurpeko linea bat ezarri behar da, Iberdrolaren “CM Cooperativa” maniobra-gelatik, 13,2 kV-eko tentsioarekin, ebakitze zentrotik transformazio zentro aurrefabrikaturaino, zeina Larragako 4. poligonoko 476. lurzatian kokatuko baita, eta behe tentsioko lurpeko banatze-linea, transformazio zentrotik hornidura guneraino (telefoniako antena). Linearen trazadura guztiak lehen aipatutako lurzatiari eraginen dio.

Espedientean Larragako Udalaren aldeko txostena ageri da, 2014ko uztailaren 22koa, adierazten duena hirigintzaren aldetik bateragarria dela, izan ere, dioenez, baso izaerako lurzoru ubanizaezinean baimendu daitekeen jarduketa baita. Halaber, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuaren irailaren 18ko aldeko txostena ere espedientean dago, eta, hartan, baimentzeko baldintza gisa jartzen du baimen honetako ebazpen zatian jaso diren jarraibideak bete daitezela.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abenduaren 31ko 1158/2013 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz.

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea proiektu hauetarako: Telekomunikazioen banagune bat (telefono mugikorreko antena, 063289/NA65C kokapen kodea duena), eta Lur gaineko eta lurpeko erdi eta behe tentsioko sareen transformazio zentroa, Larragako udal mugapean. Vodafone España, S.A.U.k sustatu du.

2. Baimena neurri hauek aplikatzearen baldintzapean ematen da:

Ingurumen arlokoak:

–Gramineoak eta lekadunak ereinen dira lanek ukitutako landaredi naturala duten landa lurzati guztietan. Halaber, estazioaren 20 metroko erradioko eremua altuera gutxi duten zuhaitzekin landaretu beharko da. Lanak bukatutakoan ingurua ongi garbitu beharko da. Proiektuaren eragin-eremua obrako materialen hondarrik eta obran sortutako hondakinik gabe gelditu beharko da eta sobratzen diren materialak zabortegi batera edo hondakindegi baimendu batera eramanen dira.

–Estazioa edo transformazio zentroa kendu behar izanez gero, sustatzailearen erantzukizuna izanen da instalazioak osatzen dituzten azpiegitura guztiak kentzea eta eremua lehengoratzea, hasieran zegoen moduan uzteko.

–Inguruabarren bat dela-eta (obra hasiera, eta abar) sustatzaileak Basozaintzari abisu eman behar badio, mezu elektronikoa bidaliko dio Lizarra-hegoaldeko barrutiari (ogfoeste11@cfnavarra.es).

Hirigintza arloko edukiak:

–Egin nahi den jarduerak uki ditzakeen edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez (sarbideak, zerbitzu sareen lotura eta nahikotasuna, hurbil dagoen Repsol Butano gas biltontzia edo bestelakoak), sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu, kasuan kasuko gaian eskudun diren organoei eskatu eta gero.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 112.2 artikuluaren arabera, lurpekoak ez diren instalazioek, esaterako itxiturek, 3 m-ko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoen kanpoko ertzetik neurtuta.

–Larragako Udalak zainduko du indarrean den hirigintzako araudia bete dadila. Zehazki, eta Landa Garapeneko zuzendari nagusiaren abenduaren 16ko 788/2013 Ebazpenean xedatutakoarekin bat, Larragako Udalak 2013ko urriaren 30eko bilkuran onetsitako baldintza agirietan ezarritako beharkizunak.

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 3.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen horrek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu, izan ere, artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Larragako Udalari, Lizarra Hegoaldeko Basozaintzari eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2014ko irailaren 23an.–Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1412962