1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2014ko irailaren 9an hartua, Eloko Udalak sustatutako “San Martin kalearen luzapenaren zoladura eta urbanizazioa” izeneko proiektuaren lanek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adierazten duena, nahitaez desjabetzeko.
Eloko Udalak 2014ko apirilaren 9ko Osoko Bilkuran hartutako erabakiari jarraikiz, jendaurrean jarri ziren, hamabost egunez, aipatutako proiektua eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda.
Jendaurrean egoteko epea bukatuta eta aurkeztutako alegazio bakarraren gainean ebatzita, Eloko Udaleko Osoko Bilkurak, 2014ko ekainaren 11ko Erabakiaren bidez, behin betiko onetsi zuen aipatutako proiektua.
Eloko Udalak proiektuaren lanek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzea eskatu du, eta horretarako, honakoa alegatu du: obrak, alegia, San Martin kalea –Eloko kale nagusietako bat– Elomendiko errepiderantz luzatzea, azkar egitea ezinbestekoa da, izan ere, ez dagoenez lotura zuzenik aipatu kalearen eta beste kale handiago baten artean, segurtasun eza nabarmena da, gaur egun suhiltzaileen ibilgailuek eta anbulantziek zailtasunak baitituzte sutea edo bestelako larrialdiren bat gertatu den etxebizitzetaraino iristeko, eta horrek noski, arriskuan jartzen du pertsonen bizitza.
Nafarroako Gobernuak, Eloko Udalak eman dituen arrazoiak ikusita, bidezkotzat jo du desjabetze horrek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adieraztea.
Horrenbestez, dagokion txosten juridikoa ikusita, balio justua pagatzeko behar adina kreditu atxiki dagoela egiaztatuta, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57 b) artikuluaren bidez aitortu zaizkion eskumenen arabera, Nafarroako Gobernuak, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak proposatuta,
ERABAKI DU:
1. “San Martin kalearen luzapenaren zoladura eta urbanizazioa” izeneko proiektuaren lanek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adieraztea, nahitaez desjabetzeko, Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko Legearen 52. artikuluan xedatutakoari jarraituz. Proiektua Eloko Udalak sustatu du.
2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, egun horretatik beretik ondorioak izateko, eta aditzera ematea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela, eta horren aurka, aukeran, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean edo, bestela, zuzenean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan aurkaratzen ahal dela, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.
Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aldez aurretik errekerimendua egin dezakete, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
3. Erabaki hau Eloko Udalari jakinaraztea.
Iruñean, 2014ko irailaren 9an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, F. Javier Morrás Iturmendi.
Iragarkiaren kodea: F1412350