Iragarkia
203. ALDIZKARIA - 2014ko urriaren 16a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK
EBAZPENA, 2014ko irailaren 4koa, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, Iruñeko S.C.D.R. Anaitasuna entitatearen hitzarmen kolektiboa erregistratu, gorde eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea erabakitzen duena.
Iruñeko S.C.D.R. Anaitasuna entitatearen hitzarmen kolektiboaren testua (kode zenbakia: 31100712012014) aztertu da, Erregistro honetan 2014ko irailaren 2an sartu zena. Enpresaren legezko ordezkariek eta sindikatuen ordezkariek 2014ko abuztuaren 25ean izenpetu zuten, Langileen Estatutuari buruzko Legearen Testu Bategina onetsi zuen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan eta Hitzarmen Kolektiboen Erregistro eta Gordailuei buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera. Horrenbestez,
EBATZI DUT:
1. Nafarroako Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatzeko agintzea.
2. Ebazpen hau negoziazio batzordeari jakinaraztea, eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, denek jakin dezaten.
Iruñean, 2014ko irailaren 4an.–Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusia, Imelda Lorea Echavarren.
S.C.D.R. ANAITASUNA ENTITATEAREN HITZARMEN KOLEKTIBOA
Iruñean, 2014ko abuztuaren 25ean.
Bildu dira:
Alde batetik, Iñaki Azcona Morentin (IFZ: 15.840.608-W), Sociedad Cultural Deportivo Recreativa Anaitasunaren (S.C.D.R. Anaitasuna) izenean eta hura ordezkatuz (helbidea: López-Sanz doktorea, 2, Iruña; IFK: G-31/057961), horren lehendakaria den aldetik.
Eta beste aldetik, Jesús Manuel Leache Urrutia, M.ª Carmen Osambela Martínez eta M.ª Mar Santolaya Peralta, Sociedad Cultural Deportivo Recreativa Anaitasunako langileen ordezkariak diren aldetik (jakinarazteko helbidea: S.C.D.R. Anaitasuna; NANa: DNI 15.773.742-C, 15.831.875-D eta 33.447.606-V, hurrenez hurren).
Adierazten dute:
Bi alderdiek Sociedad Cultural Deportivo Recreativa Anaitasuna (S.C.D.R. Anaitasuna) entitatearen hitzarmen kolektibo hau izenpetzeko lege-ahalmen nahikoa aitortzen diote elkarri. Hitzarmena fede onez negoziatu dute nahitaez bete beharreko alderdi batzuetan konpromiso batzuk hartzeko asmoz, eta horiek dira, hain zuzen, hitzarmen kolektibo hau osatzen dutenak.
Hona hemen akordioaren testua, osorik.
HITZARMEN KOLEKTIBOA
SOCIEDAD CULTURAL DEPORTIVO RECREATIVA ANAITASUNA
I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak
1. artikulua. Eremu funtzionala, langile eremua eta lurralde eremua.
Hitzarmen honek S.C.D.R. Anaitasunako langileen lan baldintzak arautuko ditu, kudeatzailearenak eta kirol langileenak izan ezik.
2. artikulua. Hitzarmenaren indarraldia eta salaketa.
Hitzarmenak 2013ko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra, eta indarraldia 2015eko abenduaren 31n bukatuko da. Automatikoki salatuta geldituko da indarraldia amaitzen denetik aurrera.
Alderdiek konpromisoa hartzen dute negoziazio prozesuan jarraitzeko, aurreraeraginaren epea bukatu aurretik, eta bermatzen dute amaitutako hitzarmena mantenduko dela prozesu horretarako elkarren artean adostutako aldian.
Hitzarmen kolektibo hau luzatuko da, ondorio guztietarako, amaitzen den egunetik hura ordeztuko duen berriak indarra hartzen duen arte; hartara, mugarik gabeko aurreraeragina izanen du.
3. artikulua. Batzorde paritarioa.
Hitzarmeneko batzorde paritarioa sortu da, honako hauek osatua: langileen ordezkariak eta S.C.D.R. Anaitasuna entitateko lehendakaria eta kudeatzailea. Batzordea interpretazio, arbitraje eta adiskidetze organoa izanen da, aurkezten zaizkion gaietan, baina inola ere sartu gabe esparru jurisdikzionalean ez eta gainerako organo eskudunen esparruetan ere.
Batzorde paritarioan sortzen diren desadostasunak Lan Gatazkak Auzibidetik Kanpo Ebazteko Prozeduran araututako bitartekotza-prozedurei jarraikiz konponduko dira.
Edozein alderdik eskaturik bilduko da batzorde paritarioa, gai-zerrenda erantsita, eskaera egiten denetik 10 egunera gehienez. Batzorde paritarioak auzia zazpi eguneko epean ebatziko du gehienez, lehenbiziko bilera egiten den egunetik aurrera. Epe horretan ezin bada ebatzi, ulertuko da agorturik dagoela batzorde paritarioaren esku-hartzea.
4. artikulua. Hitzarmeneko baldintzak ez aplikatzea.
Enpresak, hitzarmen honen ez-aplikatzea erabili nahi badu Langileen Estatutuen 82.3 artikuluko prozedurari jarraikiz, lehenik kontsultatzeko aldi bati hasiera emanen dio, langileen ordezkariekin akordio bat lortzen saiatzeko.
Ezin bada akordiorik lortu, Nafarroako Lan Auzitegiak berezkoak dituen prozeduren menpe jarriko dira, ondoko lerroaldeetan ezartzen den moduan.
Bi alderdiek espresuki erabaki dute, desadostasunak konpontzeko, Nafarroako Lan Auzitegiko akordioaren adiskidetze eta bitartekotza prozesuen menpe jarriko direla beti. Arbitraje prozedura aplikatuko da soilik hari men egiteko bi aldeen arteko akordioa badago.
Orobat, gaia Aholku Batzorde Nazionalaren edo Autonomikoaren menpe jartzeko, alderdi bakoitzak gehiengoz erabaki beharko du.
II. KAPITULUA
Sailkapen profesionala, igoera eta kontratazioa
5. artikulua. Langileen sailkapena.
Maila funtzionalak. Hitzarmen honen aplikazio eremuan biltzen diren langileak ondoko talde profesionaletan sailkatuko dira, bakoitzaren oinarrizko zereginen eta eginkizunen arabera eratuak, bai eta horietan jarduteko eskatutako prestakuntzaren edo espezializazioaren arabera ere.
TALDEAK | KATEGORIAK | PRESTAKUNTZA | EGINKIZUNAK |
1. taldea | Kudeatzailea | Goi mailako edo erdi mailako unibertsitateko titulazioa edo frogatutako esperientzia. | Eginkizun konplexuak eta heterogeneoak, gaitasun profesionalik handiena eskatzen dutenak, baita laguntzaile talde batek egiten dituenak integratu, koordinatu eta ikuskatzea ekartzen dutenak ere. |
2. taldea | Arduradunak | Erdi mailako prestakuntza akademikoa edo lanpostuari dagokion titulazio berariazko prestakuntza eskatzen da, praktikaldi batez edo antzeko lanetan izandako esperientziaz osatua. | Zeregin heterogeneoak integratzeko, koordinatzeko eta gainbegiratzeko lanak, hala nola laguntzaile talde baten lana antolatzeko ardura, autonomia maila handiarekin. Multzo horretan sartzen dira, halaber, lan konplexuak eta aldi berean homogeneoak, aginte erantzukizunik izan gabe ere berariazko prestakuntza handia eskatzen dutenak. |
3. taldea | 2. mailako arduradunak. | Eskatzen den oinarrizko prestakuntza egiten diren lanei dagokien titulazio berariazkoa izanen da edo bigarren mailako lanbide heziketaren parekoa (LH II). Hori ordezka daiteke eite bereko lanetan gutxienez urtebetez izandako esperientziaz, enpresa berean edo sektoreko beste enpresa batzuetan. | Diseinuan, programazioan, prestakuntzan eta exekuzioan nolabaiteko autonomia eskatzen duten eginkizunak, eduki homogeneoko zereginak, laguntzaile talde txiki batek eginak, integratu, koordinatu eta gainbegiratzea eska dezaketenak. |
4. taldea | Sukaldariak, ofizialak, tabernaria, zerbitzariak, gidariak, harreragileak, administrari-ofizialak | Eskatzen den oinarrizko prestakuntza egiten diren lanei dagokien titulazio berariazkoa izanen da edo bigarren mailako lanbide heziketaren parekoa (LH II). Hori ordezka daiteke eite bereko lanetan gutxienez urtebetez izandako esperientziaz, enpresa berean edo sektoreko beste enpresa batzuetan. | Eduki homogeneoko zereginak, autonomiaz eta jarraibide zehatzei lotuz burutzekoak. |
5. taldea | Administrari laguntzaileak, sukaldeko laguntzaileak, ardandegi-zaina, zerbitzari laguntzaileak, menpekoak... | Eskola graduatuaren baliokidea da eskatzen den prestakuntza. Horren ordez antzeko lan batean eta/edo sektorean irabazitako esperientzia balia daiteke. | Lan metodo zehatz, jakin eta aurrez ezarritakoari jarraikiz egiten diren lanak, lanbide-ezagupen oinarrizkoak eta egokitze aldi labur bat eskatzen dituztenak. |
Kategoria berriak sortuz gero, batzorde paritarioari dagokio zehaztea zein talderi atxiki behar zaion. Taldeek I. eranskineko ordainsariak izanen dituzte 2014an.
6. artikulua. Probaldia.
Indarreko lan araudian ezarritako probaldia izanen dute langile kontratatu berriek.
7. artikulua. Kontratazioa eta antzinatasuna.
Antzinatasuna lehendabiziko kontratutik aurrera kontatutako da, hau da, kontratazioaren hasierako egunetik, horren izaera eta baldintzak edozein delarik ere. Langile finkoaren izaera eskuratuko da bigarren kontratu bat ezartzen denean, hasieran egindakoaz bestelakoa.
8. artikulua. Barne igoera.
Sozietateko langileen plantillan hutsune bat sortzean, sozietateko langileek izanen dute lehentasuna hura betetzeko, haien kontratuaren baldintzak edo izaera edozein delarik ere, baldin eta bete beharreko lanpostu jakin horretarako baldintzak betetzen badituzte.
9. artikulua. Errelebo kontratua.
Enpresak errelebo kontratua emanen dio hura eskatzen duen edozein langileri. Erreleboko langilearekin ezartzen den kontratua aldi baterako izan daiteke hasieran, hau da, indarreko legedia aplikatu beharrez, ordeztutako langileari erretiroa hartzeko adin arrunta betetzeko falta zaiona iraunen du. Erreleboko langileak adin hori beteta eta erabateko erretiroa hartuta, langile ordeztailearen kontratua aldatuko da, eta mugarik gabekoa izanen da.
10. artikulua. Erretiro saria.
Hamabost urteko antzinatasuna izanik sozietatean erretiroa hartzen duen langileak eskubidea izanen du aparteko paga bat hartzeko erretiroa hartzean. Bi hileko soldata osoren adinakoa izanen da.
Hamabost urtetik beherako antzinatasuna izanik sozietatean erretiroa hartzen duen langileak eskubidea izanen du aparteko paga bat hartzeko erretiroa hartzean. Hileko soldata oso baten adinakoa izanen da.
Langile batek erretiroa hartutakoan, bazkide bihurtuko da, ezkontidearekin batera –hala nahi badu–, eta hortik aurrera unean-unean ezarritako erabilera, mantentze kuotak eta derramak ordainduko ditu.
III. KAPITULUA
Ordainsarien sistema
11. artikulua. Baldintza ekonomikoak.
Hitzarmen honen indarraldian hauek dira itundutako soldatak:
1. 2013. urtean: Soldatak izoztea adostuta, ez da igoerarik aplikatu 2013an; hortaz, 2012an jaso ziren soldatak mantenduko dira.
2. 2014. urtean: Nafarroan aurreko urtean izandako KPIa, %0,5 haziko dela bermatuta.
3. 2015. urtean: Nafarroan aurreko urtean izandako KPIa, %0,5 haziko dela bermatuta.
12. artikulua. Aparteko eskersariak.
Uztaileko eta abenduko aparteko pagek, hitzarmen honek indarra duen bitartean, aurreko artikuluan hazteko adierazitako irizpide berak izanen dituzte.
Egun dagoen hirugarren paga orain arte bezala ordainduko da, bi zati berdinetan, bata urte bakoitzeko martxoaren 15ean eta bestea urriaren 15ean. Hitzarmen honen arabera, aurreko paragrafoan beste bi aparteko paga horietarako ezarritako igoera bera izanen du.
13. artikulua. Antzinatasuna.
Antzinatasunaren hiruhileko bakoitzeko unean-unean indarra duen oinarrizko soldataren gaineko %8 aplikatuta lortzen da antzinatasunaren zenbatekoa.
14. artikulua. Produktibitate plusa.
Kontzeptu horretan, hitzarmenaren 3 urteko indarraldian, 5. artikuluan igoerarako ezarritako irizpide berak izanen dira.
Hura jasoko da ala ez, besteen eta kanpoko irizpideen arabera: absentismoa, puntualtasuna, txostenak edo laneko kexak eta, zehatzago absentismoari dagokionez, plusa jasoko da langilearena %5ekoa edo handik berakoa bada hilean, edo %3koa edo beherakoa urtean, honako salbuespenekin: amaren atsedenaldia, lan istripuaren ondoriozko aldi baterako ezintasuna edo kirurgien edo osasun baja justifikatuen ondoriozkoak, zein batzorde paritarioak baloratuko baititu aldez aurretik.
15. artikulua. Gaueko lanaren plusa.
Instalazioetako taldekoak izanik (mantentze-lanak, garbiketa eta jantzitegia), egun bakoitzeko 22etatik eta 6etara bitartean aritzen diren plantillako langileentzat ezartzen da plus hau.
2014an, plus hau izanen da oinarrizko soldataren arabera finkatutako lan ordu arruntaren %33.
Gaueko txandan lanaldi partzialean aritzen diren langileek plusa jasoko dute gauez halako baldintzetan astean egiten dituzten ordu kopuruaren proportzioan.
16. artikulua. Jaiegunetako lanaren plusa.
Hitzarmen honen indarraldian, plus hori ezartzen da; haren zenbatekoa 15,47 euro izanen da jaiegun bakoitzeko, edo dagokion proportzioan lanaldia arrunta baino txikiagoa bada, lan egutegian berreskuratzen ez diren jaieguntzat hartutako egunetan aritu behar duten plantillako langileen kasuan (benetan lan egindako jaieguna).
Kontzeptu horretan, hitzarmenaren 3 urteko indarraldian, 5. artikuluan igoerarako ezarritako irizpide berak izanen dira.
17. artikulua. Aparteko orduak.
Aparteko ordu bakoitzeko ordaindu beharreko zenbatekoa 18,44 euro gordinekoa izanen da mantentze-lanetako eta instalazioetako langileentzat, eta 14,75 eurokoa, berriz, ostalaritzako langileentzat. Zenbateko hori ez da aldatuko hitzarmen honek indarra duen bitartean.
18. artikulua. Instalazioen erabilera.
Langileaz gain bazkide ere badirenei, abenduaren bukaeran, urteko mantentze-lanetako kuotak itzuliko zaizkie.
Bazkide ez diren beste langileei, berriz, txartel pertsonal bat emanen zaie, haiek eskatuta, udako hiru hilabetetarako balioko duena, ezkontidearen eta eskolara joateko adina duten seme-alaben alde.
IV. KAPITULUA
Lan denbora: lanaldia, atsedenaldiak, baimenak,
eszedentziak eta oporrak
19. artikulua. Lanaldia.
Urteko lanaldia 1.704 ordukoa izanen da, indarraldi osorako.
Eguneroko lanaldiaren barnean, 20 minutuko atsedenaldia onartzen da, benetan lan egindako denboratzat jotzen dena.
Horrela ezarritako lanaldia halako eran banatuko da non langile guztiek jaieguna izanen baitute urte bakoitzeko abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean.
Enpresan egungo lan ordutegiei eutsiko zaie, lanaldi irregularra duten taldeenak barne (halakoa izanen da asteko egunaren arabera lanaldi desberdina duena). Urtearen hasieran langileen urteko egutegiak eta ordutegiak egin ondoren, horiei eutsiko zaie, non ez diren alderdiak ados jartzen edo non ez den Langileen Estatutuaren 41. artikuluan ezarritako prozedura aplikatzen. Berariaz hitzartzen da ezen, artikulu honetan ezarritakoaz gain, malgutasuna %0koa izanen dela, Langileen Estatutuaren 34.2 artikuluan ezarritako ondorioetarako.
Egutegiko soberako egunak langileek hautatuko dituzte, norberak hartzeko egun gisa.
20. artikulua. Lanaldia murriztea familia arrazoiengatik.
Legezko zaintza dela-eta, langile batek hamabi urtetik beherako haurren bat edo ordaindutako lanik egiten ez duen minusbaliatu fisiko, psikiko edo sentsorialen bat bere kargu izanez gero, eskubidea izanen du eguneko lanaldia murrizteko, zortziren bat gutxienez eta erdia gehienez ere, soldata ere hein berean murriztuta.
Adinagatik edo istripu edo eritasun baten ondorioz bere kasa bizitzeko gauza ez den eta lan ordaindurik egiten ez duen ahaideren bat –odol bereko edo ezkontza bidezko bigarren mailara artekoa– zaindu behar duen langileak ere eskubide bera izanen du.
Adopzioa, adoptatu aurreko harrera edo harrera iraunkorra egiten duen gurasoak eskubidea izanen du lanaldia murrizteko, gutxienez erdira, soldata hein berean murriztuta, minbiziak (tumore gaiztoak, melanomak eta kartzinomak) edo beste gaixotasun larri batek jota dagoen bere ardurapeko adingabea zaintzeko, gaixotasun horrek ospitaleratze luzea ekartzen badu eta, hortaz, umearen zaintzak zuzena, jarraitua eta iraunkorra izan behar badu, osasun zerbitzu publikoak edo kasuan kasuko autonomia erkidegoko osasun organo administratiboak egiaztaturik, gehienez ere adingabeak 18 urte bete arte. Hitzarmen kolektiboaren bidez, baldintzak eta kasuak ezar daitezke lanaldi murriztu hori lanaldi osotan metatu ahal izateko.
21. artikulua. Oporrak.
Oporraldiak 30 egun naturalekoa izaten jarraituko du; horietatik, 15 egun udan hartu behar dira.
Oporretan aldi baterako ezintasun bat gertatzen bada, horren arrazoia edozein delarik ere, edo haurdunaldi jaiotze edo edoskitze naturalaren ondoriozko ezintasun bat, edo amatasunagatik edo aitatasunagatik kontratua eteten bada, langileak eskubidea du oporrak beste batean hartzeko, dagokien urte naturala bukatu bada ere; nolanahi ere, egun horiek zehazten direnean, enpresaren antolakuntzarako irizpideak nagusituko dira.
22. artikulua. Baimenak eta lizentziak.
Honako hauek har daitezke, aldez aurretik abisatuta eta justifikatuta:
A) Ezkontza: 20 egun natural; oporraldiei meta dakizkieke.
B) Seme edo alaba baten jaiotza: 4 egun natural; 2 egun gertaera eragiletik aurrera eta beste biak hurrengo 15 egun naturaleko epean, langilearen hautura.
C) Ezkontidearen heriotza: 7 egun natural.
D) Gurasoen eta ezkontidearen gurasoen eta seme-alaben heriotza: 3 egun natural.
E) Gurasoen, anai-arreben, seme-alaben eta ezkontidearen gurasoen eta anai-arreben ezkontza: egun 1 (ezkontzaren eguna).
F) Odol bidezko edo ezkontza bidezko bigarren mailara bitarteko ahaideak ospitaleratzea edo haiei ebakuntza kirurgikoa egitea, ospitaleratu beharra izan gabe etxean atseden hartzea agintzen bada: 2 egun natural. Horretarako, bidaia egin behar bada, epea 4 egunekoa izanen da. Langilearen hautura hartuko dira egunak, ospitaleratzeak irauten duen bitartean.
G) Odol bidezko edo ezkontza bidezko bigarren mailara bitarteko ahaideei kirurgia handi anbulatorioa egitea: 2 egun (kirurgiarena eta biharamuna).
H) Seme-alaben bataioa edo jaunartzea: egun 1 (ospakizunaren eguna).
I) Bizilekua aldatzea: egun bat.
J) Norberaren aferak: 2 egun, oporrekin batu ezin direnak.
Hitzarmen honetan aurreikusita ez dagoen guztian, Langileen Estatutuan eta gainerako indarreko araudian ezarrita dagoena aplikatuko da.
Lizentzia horiek izatezko bikotea duten langileei ere aplikatuko zaizkie, baldin eta hori behar bezala frogatzen badute, dela Udalaren erregistroaren bidez, halakorik balego, dela beste edozein frogabideren bitartez.
23. artikulua. Ordaindu gabeko baimenak.
Baimen horiek behar-beharrezko denborarako ezartzen dira, hileta, ezkontza eta azterketetara joateko; nolanahi ere, horretarako 24 ordu lehenago abisatu beharko da, hileten kasuan, eta 72 ordu lehenago, berriz, ezkontza eta azterketen kasuan.
Horrela erabilitako denbora berreskuratzen ahal da alderdien adostasunaren bidez, hura hartu baino lehenago.
24. artikulua. Borondatezko eszedentzia.
Langile guztiek borondatezko eszedentzia eska dezakete, gutxienez bi hilabeterako eta gehienez bost urterako, lanpostua gordetzeko eskubidea izanda.
25. artikulua. Familia arrazoiengatik hartutako eszedentziak.
Odol bidezko edo ezkontza bidezko bigarren mailara arteko ahaide bat zaintzeko eszedentzia, adinaren edo istripu, eritasun edo desgaitasun baten ondorioz bere kasa bizitzeko gauza ez bada eta lan ordaindurik ez badu. Bi urtetik beherako iraupena, gehinez, lanpostua gordeta eta antzinatasuna konputatuta.
Seme-alaba bakoitza zaintzeko eszedentzia, hiru urtetik beherako iraupenarekin, lanpostua gordeta eta antzinatasuna konputatuta.
V. KAPITULUA
Lana eta bizitza bateratzea, berdintasunaren printzipioa
26. artikulua. Txandakako lana.
Enpresari dagokio langile bakoitzaren lanaldiaren banaketa eta ordutegi pertsonala erabakitzea.
Instalazioetako taldeko kideek (mantentze-lanetako, garbiketako eta jantzitegiko langileak) asteko txandatan eginen dute lan, goizez, arratsaldez eta gauez, txandetarako ezartzen den programaren bidez, eta nahitaezkoa izanen da horrela aritzea. Gaueko txanda utzi nahi badu langile batek, behar bezala frogatu beharko du hura justifikatzen duen arrazoia edo kausa, dela osasuna dela beste edozein, eta gauean lan egitearen ondoriozkoa edo horrekin ikustekoa izan beharko du.
27. artikulua. Amatasunagatik kontratua etetea.
Erditzearen kasuan, etenaldiak hamasei aste iraunen du jarraian. Erditze multiplea izanez gero, haur bakoitzeko bi aste gehiago hartuko dira bigarrenetik aurrera. Etenaldia interesdunak nahi bezala banatuko da, baina erditu ondorengo sei asteak hartu behar dira. Ama hiltzen bada, lanik egiten zuen edo ez kontuan hartu gabe, beste gurasoak etenaldi osoa edo geratzen den zatia hartzen ahalko du, erditzearen egunetik zenbatuta, eta erditu aurretik amak egunak hartu bazituen, horiek ez zaizkio deskontatuko. Haurra hiltzen bada, etenaldia ez da murriztuko, salbu eta, nahitaez hartu beharreko sei asteko atsedenaldia amaitu eta gero, amak lanpostura itzultzeko eskatzen badu.
Aurrekoa gorabehera, eta erditu ondoan amaren atsedenerako nahitaez sei aste hartu beharra galarazi gabe, bai aitak eta bai amak lan egiten badute, amak amatasuneko atsedenaldia hastean hautatzen ahalko du umea izan ondoko baimenaren denborako zati jakin eta jarraitu bat aitak hartzea, bai amarenaren aldi berean bai ondoren. Lanera itzultzeko garaian ama aldi baterako ezintasun egoeran badago, aitak hala ere jarraitu ahal izanen du amak hasieran laga zion amatasuneko baimenaren zatia baliatzen.
Adoptatu edo harreran hartutako adingabeak edo seme-alabak desgaitasunen bat baldin badu, etenaldiak bi aste gehiago iraunen du. Bi gurasoek lan eginez gero, etenaldiaren luzapena interesdunek hautatzen duten moduan banatu ahal izanen dute, aldi berean nahiz bata bestearen ondoren, betiere etenik gabeko aldietan.
Garaia baino lehen erdituz gero edo edozein konturengatik jaioberriak erditzearen ondoren ospitalean egon behar izanez gero, amak edo, ezin badu, beste gurasoak eskaturik, ospitalean senda-agiria hartzen denetik aurrera kontatzen ahalko da etenaldia. Kontaketa horretatik salbuesten dira erditu ondoko lehenbiziko sei asteak: epe horretan amak eten beharko du kontratua nahitaez.
Aski pisu ez izateagatik garaia baino lehen erditzen bada, edo jaioberriak, baldintza klinikoak direla eta, erditu ondoren ospitaleratzea eskatzen badu, zazpi egunez baino gehiago, etenaldia luzatu eginen da, jaioberria ospitaleratua egoten den egunetan. Hamairu astez luzatuko da gehienez, betiere arauekin bat.
Haurra adoptatu edo harreran hartzen den kasuetan, etenaldiak hamasei aste iraunen du, jarraian. Haur bat baino gehiago adoptatzen edo harreran hartzen bada, beste bi aste gehituko dira ume bakoitzeko, bigarren umetik aurrera. Langileak erabakiko du noiz izanen dituen ondorioak etenaldiak: adopzioa eratzen duen ebazpen judiziala ematen denean edo harreran hartzeko erabaki administratiboa edo judiziala (behin-behinekoa edo behin betikoa) ematen denean. Adin txikiko batek ez du eskubiderik emanen zenbait etenaldi izateko.
Nazioarteko adopzio kasuetan, gurasoek adopzioan hartuko duten haurraren jatorrizko herrialdera joan beharra dutenean, adopzioari buruzko ebazpena eman baino lau aste lehenagotik ere hasi ahal izanen da etenaldia.
Hemen aipatzen diren aldiak lanaldi osoan edo lanaldi partzialean hartzen ahalko dira, enpresaburuak eta ukitutako langileak aldez aurretik ados jarrita, erregelamenduz erabakitzen diren baldintzen arabera.
28. artikulua. Aitatasunagatik kontratua etetea.
Eskubidea aitatasunagatik lan kontratuaren 13 egun jarraituko etenaldia izateko, eta erditze multiplearen kasuan, bi egun gehiago haur bakoitzeko, bigarrenetik aurrera. Banakako eskubidea da, aitarena bakarrik. Aitatasun biologikoa, adopzioa edo harrera kasuetan onartzen da eta amatasunagatiko etenaldiak bezalako baldintzak ditu.
29. artikulua. Laneko arropa.
Sozietateak konpromisoa hartzen du langile guztiei (eta horren barnean berariaz sartuta harrerako eta administrazioko zerbitzuetako langileak) beharrezko arropa emateko, beren eginkizunak bete ditzaten (gutxienez bi jantzi urtean); langile guztiek, harrerako eta administrazioko zerbitzu aipatuetakoak barne, jantzi horiek erabili beharko dituzte eskuarki.
30. artikulua. Berdintasuna eta diskriminaziorik eza.
Hitzarmen hau sinatzen duten alderdiek adierazten dute laneko tratu berdinaren printzipioa errespetatu nahi dutela ondorio guztiekin, eta ez dutela onartuko bereizketarik sexu, egoera zibil, adin, arraza, etnia, erlijio, sinesmen, desgaitasun, orientazio sexual, joera politiko edo sindikaturen batekiko atxikimendu edo atxikimendu ezarengatik.
31. artikulua. Genero indarkeria.
Genero indarkeriaren biktima izan diren langile emakumezkoei, epaileak hura babesteko agindua eman baldin badu, edo Ministerio Fiskalaren txosten baten bidez adierazi bada demandaren jartzailea genero indarkeriaren biktima izan dela ondorioztatzeko zantzuak daudela, Genero Indarkeriaren kontrako Babes Integrala emateko Neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoan arautzen diren lan baldintzen gaineko eskubideak bermatu eta hobetuko zaizkie.
VI. KAPITULUA
Araubide soziala
32. artikulua. Aseguruak.
Plantillako langile finkoentzat edo urte batetik gorako kontratua dutenentzat, lan istripuen aseguruaren poliza kolektibo bat ezartzen da, ondoko kontzeptu eta zenbatekoekin:
Lan istripuaren ondoriozko heriotza: 32.123,00 euro.
Lan istripuaren ondoriozko erabateko ezintasun iraunkorra: 32.123,00 euro.
Lan istripuaren ondoriozko ezintasun iraunkor osoa: 22.480,00 euro.
Lan istripuaren ondoriozko ezintasun iraunkor partziala: 22.480,00 euro.
Halaber, urte batetik beherako kontratua duten langileentzat, aseguru poliza izengabe bat ezartzen da, edo antzeko formula bat, atal honetan ezarritako arrisku berak zenbateko berarekin estaltzeko.
33. artikulua. Aldi baterako ezintasuna.
Aldi baterako ezintasunaren kasuan, soldataren %100 ordainduko da lehendabiziko egunetik aurrera.
Hala ere, absentismoaren %3 urtean edo %5 hilean gainditzen duen langileari ez zaio produktibitate plusa ordainduko.
34. artikulua. Lanpostua.
Ordura arte egiten ari zen lanerako baliaezintasuna sortzen bada, sozietateak beste lanpostu bat izanen dela bermatzen du, ukitutako langileak egin ditzakeen eginkizunetarako egokiagoa, baldin eta lanpostu hutsik bada eta lan hori egiteko baldintzak betetzen baditu.
35. artikulua. Biltzeko eskubidea.
Sozietateak bermatzen die langileei hilabetean gehienez ordubete izatea bilerak egiteko, betiere baimena 48 ordu lehenago eskatzen bada.
VII. KAPITULUA
Lan osasuna
36. artikulua. Lan osasuna.
Sozietateak eta langile guztiek konpromisoa hartzen dute Laneko Arriskuei Aurrea Hartzeko indarreko Legea osorik aplikatzeko.
Sozietatearen ardura izanen da, halaber, langile guztiei osasun azterketa bat egiteko aukera ematea. Azterketa laneko orduetatik kanpo eginen da.
VIII. KAPITULUA
Diziplina araubidea
37. artikulua. Diziplina araubidea.
Enpresak zilegi du langileek egiten dituzten egintza edo ez-egite zigorgarriak zehatzea, testu honetan ezartzen diren hutsegite eta zehapenen mailaketaren arabera betiere.
Langileak eginiko hutsegiteak honela sailkatuko dira, kontuan hartuz hutsegitearen tamaina eta garrantzia: arina, larria edo oso larria.
–Hutsegite arinak:
Honako hauek dira hutsegite arinak:
1. Lanera berandu iristea, batuketa eginik hilean 30 minutu baino gehiago egiten badute.
2. Baja dagokion garaian ez aurkeztea, justifikatutako arrazoi bat dela medio langilea lanera joaten ez denean, ez bada behintzat frogatzen ezinezkoa izan dela.
3. Enpresaren hornidurak edo materiala zaintzerakoan arreta gabezia txikiak.
4. Enpresari bizilekuz aldatu izanaren berri ez ematea.
5. Beste langileekin enpresaren esparruan eztabaidan aritzea, jendaurrean gertatu ez bada.
6. Lanetik alde egitea funtsezko arrazoirik gabe, denbora gutxirako bada ere. Horren ondorioz enpresari kalte larria egin bazaio edo pertsonen osotasuna arriskuan jarri bada, hutsegitea larri edo oso larritzat har daiteke, kasuan kasuan.
7. Norberaren garbitasun eta txukuntasunik eza, enpresaren produkzio prozesuan edo irudian eragina izan dezakeenean.
8. Jendeari arreta ematea behar diren adeitasuna eta ardura gabe.
9. Egun batean lanera huts egitea behar den baimenik edo justifikatutako arrazoirik izan gabe.
–Hutsegite larriak:
Honako hauek hutsegite larriak dira:
1. Lanera berandu iristea, batuketa eginik hilean 45 minutu baino gehiago egiten badute.
2. Laneko ohiko eginkizunetan aritzean, obedientziarik eza enpresaren zuzendaritzarekin edo zuzendaritzan edo antolamenduan eskumenak dituztenekin. Desobedientzia errepikatua bada, edo laneko diziplina nabarmen haustea badakar, edo enpresarentzat edo pertsonentzat kalterik sortzen badu, oso larritzat har daiteke.
3. Enpresaren hornigaiak edo materiala zaintzerakoan arreta gabezia handia.
4. Beste langile baten laneratzea simulatzea, haren ordez sinatuz edo fitxatuz.
5. Beste langileekin eztabaidan aritzea, jendaurrean edo jendearengana hotsa iristeko moduan.
6. Enpresaren gauzak edo janzkiak norberarentzat erabiltzea edo enpresaren instalazioetatik edo esparrutik ateratzea, baimenik gabe.
7. Behar den baimena izan gabe, norberarentzako lanak egitea lanaldiaren barrenean.
8. Behar den baimenik edo justifikatutako arrazoirik gabe lanera ez agertzea bi egunez sei hilabetean.
9. Hiru hutsegite arin egitea hiru hilabeteko epean, are mota desberdinekoak izanda ere, tartean zehapena edo idatzizko oharpena izan denean.
–Hutsegite oso larriak:
Honako hauek hutsegite oso larriak dira:
1. Lanera bi egun baino gehiagoz huts egitea urte betean, behar den baimenik edo zentzuzko motiborik gabe.
2. Gaixotasun edo istripu itxurak egitea.
3. Iruzurra, leialtasun eza edo konfiantza-abusua, dela agindutako kudeaketan, dela lan orduetan lankideekin edo beste edozein pertsonarekin diren harremanetan; enpresaren baimen espresurik gabe merkataritza edo industria arloko negoziazioak egitea bere kontura edo beste norbaitentzat, hala nola enpresari bidegabeko lehia egitea bere jardueran.
4. Enpresaren material, lanabes, tresna, makina, aparatu, instalazio, eraikin, altzari eta dokumentuak desagerrarazi, hondatu, suntsitu edo haustea.
5. Enpresari edo lankideei lapurtzea, ebastea edo bidegabeko eralgitzea egitea, bai eta beste edozein pertsonari ere, lantokian denean edo lan orduetan beste edozein lekutan zerbitzua ematen aritzean.
6. Enpresaren korrespondentzia edo isilpeko dokumentuen sekretua haustea edo enpresako norbaiti edo enpresakoa ez den bati nahitaez isilpean eduki beharreko datuak ezagutaraztea.
7. Lankideekin liskarrak eta iskanbilak maiz sortzea.
8. Jendearenganako begirune edo adeitasun falta nabarmena.
9. Hitzezko eta egitezko tratu txarrak ematea, agintekeria edo errespetu falta larria nagusiei edo haien ahaideei, bai eta lankide eta menpekoei ere.
10. Lan esparruan, intimitatearen eta duintasunaren begiruneari eraso larria egiten dion edozein portaera, kutsu sexualeko irain hitzezko nahiz fisikoren bitartez egiten bada. Jokabide hori hierarkia egoeraz baliatuz gauzatzen bada, hartarako inguruabar astungarria izanen da.
11. Nagusi batek legeak onartutako langilearen eskubide bat urratzea dakarren egintza arbitrario bat egitea, horrek menpekoari kalte larria dakarkionean.
12. Norbere garbitasun eta txukuntasunik eza, jarraitu eta ohikoa, enpresaren produkzio prozesuan edo enpresaren irudian eragina izan dezakeenean.
13. Lanaldian eta norberaren lanpostuan mozkortuta edo drogatuta ibiltzea maiz. Mozkorturik egotea edo sorgorkariak hartu izana, behin bakarrik izan bada ere, hutsegite larria izanen da.
14. Ohiko lan errendimendua nahita eta luzaroan gutxitzea, legeek onartutako eskubide bat erabiltzearen ondorioz ez bada.
15. Hutsegite larriak behin eta berriz egitea, mota desberdinetakoak izan arren, lehenbizikoa egin ondoko sei hilabeteren barnean egiten bada.
–Zehapenen araubidea:
Enpresako zuzendaritzak du zehapenak jartzeko ahalmena, akordio honetan ezarritakoari jarraikiz. Hutsegite arin, larri eta oso larriengatik zehapena jartzeko langileari idatziz jakinarazi behar zaio eta bertan adieraziko dira data eta hura jartzeko arrazoiak.
Zehapenak ezartzeko, legeri orokorrean ezarritako izapideak eginen dira.
Gehieneko zehapenak. Kasu bakoitzean zehapen hauek jartzen ahal dira, kontuan hartuta egindako hutsegitearen larria:
1. Hutsegite arinengatik: Hitzezko kargu-hartzea. Idatzizko kargu-hartzea. Gehienez hiru eguneko enplegu-soldaten etenaldia.
2. Hutsegite larriengatik: Hiru egunetik hamabostera bitarteko enplegu-soldaten etenaldia.
3. Hutsegite oso larriengatik: Hamasei egunetik hirurogei egunera arteko enplegu-soldaten etenalditik hasi eta lan kontratua desegitera iritsi arte, hutsegitea goren gradukotzat jotzen den kasuetan.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Hitzarmen kolektibo hau argitaratzen denean zenbait langile jasotzen ari diren lanpostuko plusa eta soroslearen plusa kontzeptu bakar batean batuko dira, plus pertsonalaren izenarekin. Plus hori ezin izanen da konpentsatu edo xurgatu, eta hitzarmen kolektiboak ezarri bezala eguneratuko da.
AZKEN KLAUSULA
Hitzarmen honetako itunetan xedatu ez den orotan, indarra duen laneko legerian ezarritakoari jarraituko zaio.
Alderdiak dokumentu honen edukian ados egonik, orri guztiak sinatzen dituzte, idazpuruan agertzen diren tokian eta egunean.
Langileen aldetik:
Jesús Manuel Leache Urrutia. NANa: 15.773.742-C.
M.ª Carmen Osambela Martínez. NANa: 15.831.875-D.
M.ª Mar Santolaya Peralta. NANa: 33.447.606-V.
Sociedad Cultural Deportivo Recreativa Anaitasunaren aldetik:
Iñaki Azcona Morentin. NANa: 15.840.608-W.
I. ERANSKINA
2014ko Taulak
LANBIDE TALDEAK | HILABETEKO OINARRIZKO SOLDATA | HITZARMEN HILEAN | PRODUKTIBITATEAREN PLUSA HILEAN |
II. TALDEA | 778,39 euro | 638,69 euro | 20,92 euro |
III. TALDEA | 778,39 euro | 638,69 euro | 20,92 euro |
IV. TALDEA | 778,39 euro | 638,69 euro | 20,92 euro |
V. TALDEA | 651,67 euro | 446,83 euro | 20,92 euro |
Iragarkiaren kodea: F1412237
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
