2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ARGUEDASKO, VALTIERRAKO, ALESBESKO, MILAGROKO
ETA CADREITAKO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA
Zerbitzuen Gutunaren behin betiko onespena
Cadreitako, Valtierrako, Arguedasko, Milagroko eta Alesbesko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen Batzar Nagusiak, 2014ko ekainaren 23an egindako bilkuran, erabaki zuen Zerbitzuen Gutuna hasiera batean onestea (2014ko 167. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 27koa).
Jendaurreko aldia bukatu eta alegaziorik aurkeztu ez denez, behin betiko onespena eman zaio aipatu Gutunari, eta osorik argitara dadila erabaki da, behar diren ondorioak izan ditzan.
Cadreitan, 2014ko urriaren 2an.–Mankomunitateko burua, Antonio Esparza.
ARGUEDASKO, VALTIERRAKO, ALESBESKO, MILAGROKO ETA CADREITAKO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA
Zuzendaritzaren konpromisoa
Arguedasko, Valtierrako, Alesbesko, Milagroko eta Cadreitako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen kalitate politika.
Kalitatea gakoa da gure herrietako gizarte zerbitzuen Mankomunitatearentzat, pertsona guztiei arretarik hoberena eta konponbiderik egokienak arduraz eskaini behar zaizkienean.
Adierazten dugu kalitate prozesuak etengabe hobetzen ahaleginduko garela, horrek lagunduko baitigu emaitza onak lortzen, horrela gure herrietako bizilagun guztiek beren bizi kalitatea hobetzeko informazio, orientazio eta gizarte laguntza egokiak izan ditzaten.
Ardura duten guztiek, politikariek eta Mankomunitateko teknikariek partekatzen duten erantzukizuna da gizarte zerbitzuen kalitatea.
Halaber, Mankomunitateak herritar guztiak gonbidatu nahi ditu denen interesekoak izan daitezkeen ekintza sozialetan gehiago parte hartzera. Kalitatea parte-hartzea eta ekintza da.
Aurkeztu den zerbitzuen gutuna ahalegin baten erakusgarria da, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko pertsona guztientzat eta pertsona guztiekin batera kalitatezko zerbitzua lortzeko ahaleginarena.
1.–Identifikazioa:
1.1. Erakundearen izen ofiziala:
Arguedasko, Valtierrako, Alesbesko, Milagroko eta Cadreitako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea.
1.2. Jardueraren azalpena:
Oinarrizko laguntzako gizarte zerbitzuak ematea. Herritar guztiak izan daitezke gizarte zerbitzuen hartzaile. Orientabideak eta aholkuak ematen ditu, herrietako –eta gainerako instantzia publiko zein pribatuetako– gizarte baliabideei buruz. Oinarrizko prestazio batzuk ere bideratzen ditu: izapide administratiboak, eskabideak, berehalako kontsultak etab., betiere gizarte arlokoak badira. Eginkizunak oro har: norbanakoei nahiz taldeei argibideak ematea, gizarte ongizatearen arloko baliabide, eskubide eta betebeharrei buruzkoak, eta azaleratzen diren gizarte arazoak antzematea.
2.–Egitekoa, eskumenak eta balioak:
Egitekoa: herritarren beharrei erantzuten dieten gizarte baliabideei buruzko informazioa eta orientazioa ematea eta kudeaketa egitea, betiere Mankomunitatearen gizarte politiken barnean.
Ikuspegia: Kudeaketa sistemetan erreferentea den gizarte zerbitzua, arreta eredu eraginkor eta berritzaile batean oinarritua, pertsonei, taldeari eta komunitateari zuzendua, gizartean balio erantsia sortuz, eta autoebaluazioaren eta etengabeko hobekuntzaren metodologian zentratua.
Balioak:
–Berdintasunezko tratua.
–Errespetu pertsonala.
–Talde lana.
–Eraginkortasun profesionala.
–Erantzukizun publikoa.
–Sormena, berrikuntza eta etengabeko hobekuntza.
–Pertsonarengana bideratutako arreta eredua; autonomia sustatzea, osoko arreta. Parte-hartzea. Pertsonen ongizatea.
–Gizarte zerbitzuetako langileen kalitate zientifiko-teknikoa sustatzea.
Eskumenak, barne erregelamendua:
Valtierra-Cadreita aldeko Mankomunitateko gizarte zerbitzuak arautzen dituen ordenantza, Batzar Nagusiak 2012ko apirilaren 23ko bilkuran onetsia. 2012ko 178. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 10ean.
Nahi ez diren gizarte egoerak arintzea.
Esku-hartze soziala, herritarren gizarte ongizatea lortzeko.
Gizarte zerbitzuen sistemako prestazio tekniko eta ekonomikoak eta babes sozialeko beste sistemetako prestazioak tramitatzea.
Norberaren autonomia sustatzea eta mendekotasuna duten pertsonei laguntzea.
Lagun egite soziala gizarte eta laneratze prozesuetan.
Foru legediak toki entitateei haurren eta gazteen arloan esleitutako eskumenak, horiek oinarrizko gizarte zerbitzuei dagozkienean.
Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legera jo behar da, non I. tituluan hartzaileen eskubide eta betebeharrak jasotzen baitira. Eta III. tituluko (Eskumen eta antolaketa araubidea) I. kapituluan, Administrazio publikoen eskumenak. IV. tituluan, Gizarte zerbitzuen sistema publikoaren finantzaketa.
3.–Zerbitzuak, konpromisoak eta adierazleak.
Gizarte zerbitzuen sistema gidatzen duten printzipioak onetsi eta defendatzen ditu:
Unibertsaltasuna, erantzukizun publikoa, berdintasuna, elkartasuna, hurbiltasuna eta deszentralizazioa, herritarren partaidetza, laguntza pertsonalizatua eta integrala, prebentzioa, normalizazioa, sustapena, planifikazioa eta ebaluazioa, administrazioen arteko koordinazioa eta lankidetza, kalitatea eta boluntarioen lanaren sustapena.
PROGRAMAK ETA ZERBITZUAK | KONPROMISOA | ADIERAZLEAK | ARDURADUNA | LORTU BEHARREKO BALIOA |
Harrera eta orientabideko programa | Arreta azkar eta eraginkortasunez ematea. | Asteko hitzorduak ematea. | Gizarte-langilea | 90 |
Gizarte txostena behar duten prestazio ekonomikoak tramitatzea agiri guztiak jaso eta 15 egun pasatu baino lehen. | Kudeaketa Siuss programan erregistratzea. | Gizarte-langilea | 85 |
Prozesu burokratikoa arintzea eta gizarte txostena behar ez duten prestazioak tramitatzea agiriak jaso eta 7 eguneko epean. | Web orria aldian-aldian eguneratzea. Telefono sistema, ahotsezko mezuak dituena. | Gizarte-langilea | 95 |
Gizarte sustapen eta prebentzioaren programa | Prestakuntza jarduerak, intereseko taldeen proposamenen araberakoak. | Entitate laguntzaileetako arduradunen gogobetetasun maila eta prestakuntzan partaidetza duten sektoreen %. | Hezitzailea | 95 |
Herri bakoitzean prebentziozko 5 jarduera egitea urtean. | Herri bakoitzean prebentziozko zenbat jarduera urtean. | Hezitzailea | 95 |
Haurren eta familien programa | Adingabeen kasu larriei gehienez ere 48 orduko epean emanen zaie arreta. | Kasu bat jasotzen denetik erantzuna ematen zaion arteko denbora: 48 ordu edo gutxiago. | Gizarte-langilea | 90 |
Erantzuna ematea haurren inguruko arazoei buruzko eskari guztiei. | Haurren inguruko arazoei buruz jaso eta artatzen diren eskarien kopurua. | Gizarte-langilea | 95 |
Gizarteratzeko programa | Enplegu sozial babestuko pertsonen %25ak egiaztapen profesionala lortzea. | Enplegu sozial babestuko pertsonen artean egiaztapen profesionala lortzen dutenen %. | Hezitzailea | 100 |
Lagun egite sozial eta pertsonala behar duten pertsonendako hasierako arreta eta balorazioa 15 eguneko epean. | Kasu bat jasotzen denetik erantzuna ematen zaion arteko denbora: 15 egun baino gutxiago. | Hezitzailea | 90 |
Gizarte eta hezkuntza arloko diagnostikoa lagun egite soziala behar duten pertsonendako: 15 egunetik aurrera. | Lehen elkarrizketatik esku-hartze proposamenera bitarteko denbora. | Hezitzailea | 90 |
Norberaren autonomiaren eta mendekotasunaren programa | Etxeko laguntzaren balorazioari lotutako eskaera guztiei arreta ematea: 10 egun pasatu baino lehen. | Etxeko laguntzarako eskarien %, balorazioa 10 egun baino lehen eginda. | Gizarte-langilea | 95 |
Etxeko laguntza zerbitzuko langileen etengabeko prestakuntza. | Prestakuntza izan duten TTFF langileen %. | Gizarte-langilea | 95 |
Mendekotasuna baloratzeko eskaeren tramitazioa hastea eta horien jarraipena egitea (Banakako Arreta Programa). | Gure gizarte zerbitzuan hasitako tramitazioen %, jarraipena izanik (Banakako Arreta Programa). | Gizarte-langilea | 90 |
Eskariak SIUSSv5 aplikazioan erregistratzea. | Erregistratutako eskarien %. | Gizarte-langilea | 100 |
4.–Zerbitzuen gutunaren kudeaketa:
Koordinazio figurak bere gain dituen ardurak: hartutako konpromisoak betetzen diren gainbegiratzea, koordinazio bileretan erabakitzen diren hobekuntzak eta hartzen diren bidezko neurriak proposatzea, Zerbitzuen Gutunean jasotako konpromisoak betetzea lortzeko. Era berean, konpromisoak neurtzen dituzten adierazleen jarraipena eginen du; horiek ere Mankomunitatearen aginte orokor estrategikoaren taulan sartu dira.
5.–Arauen zerrenda.
Oinarrizko araudia:
–13/1982 Lege Organikoa, abuztuaren 10ekoa, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzkoa.
–Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legea.
–14/2006 Foru Legea, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa.
–Nafarroako Gizarte Zerbitzuen Kalitate Plana, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariaren abuztuaren 12ko 260/2010 Foru Aginduaren bidez onetsia.
–69/2008 Foru Dekretua, ekainaren 17koa, Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onesten duena.
Araudi osagarria:
–Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen estatutuak.
–Estatutuen aldaketa.
–Barne erregelamendua.
–Etxeko laguntza zerbitzuaren ordenantza.
6.–Erabiltzaileen eskubideak:
Erabiltzaileen eskubide eta betebeharrak:
Gizarte zerbitzuen hartzaileek eskubide hauek izanen dituzte:
a) Gizarte zerbitzuez berdintasunez baliatzeko eskubidea, bereizkeriarik eragin gabe zerbitzuen hartzailearen jaioterria, hizkuntza, etnia, sexua, joera sexuala, egoera zibila, egoera familiarra, adina, desgaitasuna, erlijioa, ideologia, iritzia edo beste edozein baldintza pertsonal edo sozial dela eta.
b) Dauden prestazio eta baliabideei buruz eta horietaz baliatzeko bete behar diren baldintzei buruz behar adinako informazio egiazkoa modu ulergarrian jasotzeko eskubidea, bai eta babes sozialeko beste baliabide batzuei eta arlo horretan administrazio publikoek dituzten eskumenei buruz ere.
c) Norberaren egoerari buruzko balorazioa eta, behar denean, behar sozialen balorazioa ere idatziz eta hizkera argi eta ulergarrian jakiteko eskubidea.
d) Norberaren egoeraren balorazioarekin bat heldu den banakako laguntza pertsonal edo/eta familiarrerako plan bat edukitzeko eskubidea.
e) Esku-hartze sozialeko prozesuari buruzko erabakietan parte hartzeko eskubidea, bai eta administrazio publikoek aurkeztutako aukeren artean prestazioak hautatzeko ere.
f) Hartzaileari eraginen dion edozein esku-hartzeri buruz aldez aurretik informazioa jasotzeko eskubidea, baimen berariazkoa eta librea eman ahal izateko. Baimena idatzizkoa izan beharko da, esku-hartzeak egoitza batean sartzea dakarrenean. Gaitasunik ez duten pertsonen eta adingabekoen baimena legez ezarritako prozedurari jarraikiz emanen da.
g) Emandako prestazioei eta zerbitzuei uko egiteko eskubidea, legeria indardunean ezarritakoari jarraikiz.
h) Gizarte zerbitzuek duten informazioa konfidentziala izateko eskubidea.
i) Banakako espedientea uneoro ikusteko eskubidea, legeria indardunean ezarritakoari jarraikiz.
j) Erreferentziako profesional bat esleitu eta libreki hautatzeko eskubidea, arauetan ezarritako moduan.
k) Gizarte zerbitzuen ordezkaritza organoetan parte hartzeko eskubidea.
l) Kalitateko zerbitzuak jaso eta horretarako ezarriak diren estandarren berri izateko eskubidea.
m) Iradokizunak eta erreklamazioak egiteko eskubidea.
Gizarte zerbitzuen hartzaileek betebehar hauek izanen dituzte:
a) Prestazio eta zerbitzuetan ezarritako arau, baldintza, betebehar eta prozedurak betetzea eta profesional eskudunek emandako laguntza programa eta orientabideen arabera jokatzea, prozesuan parte-hartze aktiboa izateko konpromisoa hartuz.
b) Norberaren inguruabar pertsonal, familiar eta ekonomikoei buruzko informazio egiazkoa ematea, betiere hura ezagutzea beharrezkoa bada egoera baloratu eta laguntza emateko; orobat, horietan izaten diren aldaketak jakinaraztea.
c) Prestazioa zertarako eman den, horrexetan erabiltzea.
d) Gizarte zerbitzuetako profesionalek deitzen dituzten elkarrizketetara joatea.
e) Zerbitzuaren kostua finantzatzen laguntzea, horretarako ahalmen ekonomikoa dutenean eta arauetan hala ezartzen denean.
f) Zerbitzuei buruzko arauetan ezartzen diren gainerako betebeharrak.
7.–Lankidetza eta parte-hartzea:
Mankomunitateak parte-hartze sozialerako eremuak sortzen ditu, eta lankidetza sendotzen du herritarren sektore desberdinetako entitate eta erakunde sozialekin: gazteak, emakumeak, hirugarren adina, gutxiengoak, immigrazioa, desgaitasuna etab.
Komunikazioa bultzatzen da eta euskarri berrien bidezko hobekuntzak sartzen dira, harremanak eta informazio trukea errazteko.
Hurbiltasuna eta ordutegi malgutasuna talde lanerako eta lan komunitariorako. Profesionalen eta erabiltzaileen artean adostutako etxeko bisiten programazioa.
8.–SQS:
Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak kexak eta iradokizunak biltzeko sistema du, erreklamazioak eta iradokizunak hartzeko prozesua, pertsonek zenbait bidetatik abiatzen ahal dutena; web orria, emailak, posta arrunta, bulegoetan bertaratzea. Erakundeak konpromisoa hartzen du jasotako ekarpen guztiei erantzuna emateko.
Kexa eta iradokizun guztiak sarrera hurrenkeraren arabera erregistratzen dira. Sistemaren arduradunari igortzen zaio, baloratu egiten da eta, garrantziaren arabera, berehala erantzuten da edo batzorde iraunkorrera igortzen. Gehienez ere 20 eguneko epean erantzuten da eta pertsonari aukera ematen zaio, nahikoa iruditzen ez bazaio, legezko tramiteekin jarraitzeko dagokien epe eta moduan.
9.–Jendea hartzeko helbideak eta ordutegiak:
Egoitza nagusia: Udaletxe plaza, 2, 31515 Cadreita.
Jendearentzako ordutegia: aldez aurretik hitzordua eskatuta, 08:00-10:00, astelehenetik ostiralera.
Telefonoa: 948844802. Faxa: 948844803.
Web orria: www.serviciossocialescadretia.com.
Posta elektronikoa: ssbcadreita@infolocal.org.
Arreta zein herritan, aldez aurretik hitzordua eskatuta:
HERRIA | ARRETA EMATEKO EGUNA | TOKIA |
Arguedas | Asteazkena | Udaletxea, solairuartea |
Valtierra | Astelehena | Udaletxea, solairuartea |
Cadreita | Asteartea | Gizarte zerbitzuak |
Alesbes | Osteguna | Udaletxea, beheko solairua |
Milagro | Asteartea | Osasun etxea |
10.–Zerbitzuen gutunaren ardura duen unitatea:
Unitatea | Cadreita aldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko kalitate taldea |
Helbidea | Udaletxe plaza, 2 |
31515 Cadreita (Nafarroa) |
Telefonoa | 948844802 |
Faxa | 948844803 |
Web orria | www.servicossocialescadreita.com |
Helbide elektronikoa | ssbcadreita@infolocal.org |
Iragarkiaren kodea: L1413452