203. ALDIZKARIA - 2014ko urriaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

156E/2014 EBAZPENA, irailaren 8koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Ikaburuko harrobian Urdazubiko obra batzuetatik heldu diren lurrak aldi baterako pilatzeko proiekturako. Construcciones A. Bengotxea, S.L.k sustatu du.

2014ko uztailaren 9an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko O epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela, Ingurumen ukipenetarako baimena eman ala ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela bere baitan, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela. Horri dagokionez, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak jardueraren aldeko txostena eman du, zenbait baldintzarekin, 2014ko irailaren 2an igorritako dokumentuan ageri denez.

Espedientean Urdazubiko Udalaren aldeko txostena jasota dago, 2014ko abuztuaren 29koa.

Hona proiektuan jasotako jarduera: Urdazubin egiten ari diren obra batzuetatik heldu diren gai inerteen 127.000 m³ gutxi gorabehera aldi baterako ekartzea eta modu ordenatuan isurtzea.

Gaiak aldi baterako pilatzeko eta sarbideak hobetzeko, Urdazubiko 2. poligonoko 14., 122. eta 130. lurzatiak ukituko dira. 208. lurzatia kanpoan utzi da, sustatzaileak aintzat hartu baitu María Faustina Jaunarena andrearen alegazioa.

Proiektuan pista bat irekitzea definitu da, hain zuzen ere gaur egun dagoen bidetik abiatuko dena, 216. lurzatiaren paretik, eta 14. eta 122. lurzatietatik igaroko dena, zuhaitz eremu bat inguratuz.

Sobran geratutako lurrak aldi baterako pilatzeko hautatu den kokalekuan, non aurrerantzean lurren hondakindegia gaitu nahi den, marmola ustiatzeko harrobi abandonatu bat dago, eta ez dago hori topografikoki lehengoratzeko inolako zantzurik, nahiz eta han hemenka naturak azalera batzuk hartu dituen, landaredi espontaneoaren bidez.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abenduaren 31ko 1158/2013 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz.

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Ikaburuko harrobian Urdazubiko obra batzuetatik heldu diren lurrak aldi baterako pilatzeko proiekturako. Construcciones A. Bengotxea S.L.k sustatu du.

2. Baimena neurri hauek aplikatzearen baldintzapean ematen da:

–Aldi baterako pilaketan, hondeaketa lurrak botatzea onartuko da soil-soilik (LER 170504 kodea), 2003/33/EE Erabakian hondakin inerteei buruz ezarritako baldintzak beteta.

–Sustatzailea eraikuntza eta eraispen obretako hondakinen kudeatzaile baimendun bihurtuko da, eta, lurrak pilatzen hasi aurretik, eraikuntza eta eraispen obretako hondakinen harri zatiak, lurren jatorrizko obretan sor zitezkeenak, kendu direla ziurtatuko da. Fluxutik kenduko ditu hondeaketa lurren definizioa betetzen ez duten hondakin guztiak.

–Bidea zabaltzeko eta hobetzeko garbiketa lanak baliabide mekanikoak erabiliz eginen dira, bidearen mugak gainditzen dituen landaredian ebaki garbiak eginez.

–Itxitura ezarriko da, proiektuan deskribatutako ezaugarriekin, eta aintzat hartuko da itxituraren azken hariaren ordez burdin hari soila jarriko dela hegaztiei ez eragiteko.

–Baimena ematen da, soilik, ondoko obretatik datozen hondeaketa lurrak aldi baterako pilatzeko:

  • Dantxarineko merkataritza-gunea, Arrecheak sustatua, A31 UC9 unitatean (100.00 m³).
  • Bostargui, S.L.ren obra (12.000 m³).
  • Sotorik gabeko sei etxebizitza Urdazubin (75 m³).

–Urdazubiko 2. poligonoko 14., 122. eta 130. lurzatietako aldi baterako lur pilaketa kentzeko epea urtebetekoa izanen da, Ingurumen ukipenetarako baimena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Hirigintza arloko edukiak:

–Jarduketa eremuaren itxitura bide publikoen kanpoko ertzetik 3 metrora jarriko da gutxienez, zortasun eremu hori ezartzen duen 35/2002 Foru Legearen 112.2 artikuluarekin bat.

–Egin gogo den jarduerak uki ditzakeen edo jardueraren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 32.061,83 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Urdazubiko Udalari, Bidasoa aldeko Basozaintzari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2014ko irailaren 8an.–Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1412294