1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
153E/2014 EBAZPENA, irailaren 8koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena, Eugiko udal-mugapeko 34. poligonoko 47. lurzatiko P azpilurzatian dagoen obra-hondakindegia itxi eta lehengoratzeko proiekturako. Sustatzailea Eugiko kontzejua da.
2014ko ekainaren 26an, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen Esteribarko udal-mugapeko 34. poligonoko 47. lurzatian kokatzen den eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen hondakindegi legeztatua egokitu eta ixteko Ingurumen ukipenetarako baimenaren eskaera. Departamentu honek jarduera sailkatuaren espedientearen aldeko txostena eman du 1999ko urriaren 5eko 01346 Ebazpenaren bidez.
Zaila denez hondakindegia gaur egungo hondakinen kudeaketari eta hondakindegiei buruzko indarreko legeriak eskatzen dituen baldintzetara egokitzea, Eugiko kontzejuak proposatu du espazio hori behin betiko ixtea eta lehengoratzea.
Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean eraikuntza eta eraispenetako hondakinen sorrera eta kudeaketa arautzen dituen martxoaren 28ko 23/2011 Foru Dekretua betetzeko, lehengoratze-lanetan (hondakindegiak ixtea eta erauzketa lanen lehengoratzea) onartzen diren hondakin bakarrak, hots, kodearen arabera kontuan hartutakoak (R10), hondeatutako material naturalen hondakinak dira (hondeaketen ondoriozko lurrak).
Bestalde, hondeaketa-lanetako lurren hondakinak erabiltzeko, bi baldintza gehigarri bete behar dira:
1. Lehengoratzeak bere jarduera lizentziaren baitan edo lizentziatik kanpo ingurumeneko baimen eguneratua izatea (lizentziaren barnean onetsitako eta eguneratutako lehengoratze plana, edo bestela, ukipenen azterlana edo lizentzia berria), zeinak bermatuko duen hondeaketako lur horiek zein baldintzatan erabiliko diren.
2. Lurrak baimendutako kudeatzaile batetik helduko dira hondeaketako lurren R10 eragiketarako (edo bestela, jarduerak berak lehengoratze-lan horretarako hondeaketako lurrak kudeatzeko baimena izatea) eta aldez aurretik erabilera zehatz hori komunikatu izana.
Hori horrela, dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena tramitatzen da, uste baita hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko O atalean sartua dagoela. Beraz, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.
Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela, Ingurumen ukipenetarako baimena eman ala ukatzeari buruz.
Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela bere baitan, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela. Zentzu horretan, Lurraldearen Antolamendu Zerbitzuak jardueraren aldeko txostena eman zuen uztailaren 17an baimendutako jarduketa izateagatik.
Hainbat aukera planteatu dira lurzatiaren azken erabilerari, topografiari eta landareztatzeari dagokienez. Azkenik, aukeretako bat hautatu da, adierazitako ikuspegi ezberdinei jarraikiz planteatu diren alternatiben baturaren ondorio dena.
Alternatiba hori honakoan datza: obra-hondakindegia berehala itxi eta lehengoratzea. Horretarako, “Eugiko hondakin urak garraiatzeko sistema berritu eta garatzea” izeneko proiektutik heldu diren lurrak erabiliko dira; isurketa egiteaz gain, azalera berrien profila lehengoratuko da, forma leunen eta biribilen topografia lortu arte. Obra-hondakindegirako sarbidea mantenduko da eta, azkenean, hidroereitea eginen da, amaierako azalera larretarako erabiltzeko.
Obra-hondakindegia P azpilurzatian dago; lurzoruaren erabilera, katastroko informazioaren arabera, larretakoa da, eta kontrolik gabe botatako hondakinek 4.465 m²-ko azaleran izanen dute eragina.
Obra-hondakindegia harrobia izandako batek utzitako zuloan kokatzen da, zeina, aldi berean, harizti atlantiko azidofilo batean dagoen. Iparraldeko ezpondan egiten jarraitzen diren isurketek landare formazio horri eragiten diote. Gainera, eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen hondakindegiaren ekialdeko eremutik interes turistikoa eta paisajistikoa duen herri ibilbide bat igarotzen da; hala, hondakinak hariztiraino iristea galarazten duen edozein ekimen positiboa izanen da ingurumenaren eta pasaiaren ikuspegitik.
Hondakindegia ixteko, “Eugiko hondakin urak garraiatzeko sistema berritu eta garatzea” izeneko proiektuaren obretatik heldu diren lurrak erabiliko dira. Aldez aurretik, obra-hondakindegiaren birmoldaketa topografikoa eginen da hautatutako alternatibaren (B2) topografiaren arabera, eta horretarako, bulldozer kateduna eta atzerakako hondeamakina erabiliko dira. Gero, eta aurreikusitako topografia lortuta, lursaila ereiteko egokia den azalera lortu arte prestatuko da, eta eskualdean berezkoak diren belarren eta zuhaixken haziak landatuko dira.
Kokalekuaren ezaugarriak ikusirik, eta egiaztatu ondoren jarduketa honen bidez ingurumenaren aldetik oso degradatua dagoen espazio bat lehengoratuko dela, Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak aldeko txostena eman du, zenbait baldintzarekin.
Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abenduaren 31ko 1158/2013 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz.
EBATZI DUT:
1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Eugiko udal-mugapeko 34. poligonoko 47. lurzatiko P azpilurzatian dagoen obra-hondakindegia itxi eta lehengoratzeko proiekturako. Sustatzailea Eugiko kontzejua da.
2. Baimena ingurumen arloko neurri hauek betetzearen baldintzapean eman da:
–Lurperatzeko egokiak ez diren kontrolatu gabeko hondakinak bertatik eramatea.
–Lanak egiten hastean, lehengoratu beharreko azalerak modu argian seinalizatu eta mugatuko dira. Itxitura bat ezarriko da obra-hondakindegiaren sarbidean, itxita geratuko baita ixteko obren lan-ordutegitik kanpo; itxitura hori mantendu beharko da, obra-hondakindegia behin betiko lehengoratu ondoren.
–Ahal dela, iparraldeko ezponda berrezpondatuko da; horretarako, burualdea atzera eramanen da eta eremu horretan isuritako kalitatezko landare lurra aprobetxatuko da.
–Malda homogeneoko gainazala bakarra izanen dute ezponda sortu berriek, ertz zuzenik izan gabe malda desberdineko gainazalen artean. Halakorik sortuz gero, biribildu egin beharko dira erliebe berria naturalizatzeko, batez ere lurzati mugakideak ukitzen dituzten tokietan.
–Amaieran birmoldatutako eta berdindutako azalerak estaltzeko, “Eugiko hondakin urak garraiatzeko sistema berritu eta garatzea” izeneko proiektutik heldu diren eta LER 17 05 04 kodea duten hondeaketako lur eta harri garbiak baizik ez dira onartuko.
–Jarduketarako gehieneko epea 3 hilekoa izanen da, lur soberakinak eragin dituen proiektuaren obrak bukatzen direnetik hasita.
–Lursaila prestatu ondoren, hidroereitea eginen da proiektuari erantsitako Ingurumen ukipenen azterlanean proposatutako belarren eta zuhaixken haziak landatuz.
–Obrak bukatu ondoren, eremua garbi geratuko da, eta obra amaierako txosten bat emanen da, obra-hondakindegia ingurumenaren aldetik lehengoratu dela erakusteko adina dokumentazio grafiko dakarrena.
3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.
4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen hau Esteribarko Udalari, 2. barrutiko Basozaintzari (Aezkoa-Kintoa) eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2014ko irailaren 8an.–Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.
Iragarkiaren kodea: F1412295