2. ALDIZKARIA - 2014ko urtarrilaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1082/2013 EBAZPENA, azaroaren 28koa, Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana, "Dorre Elortzibarko industrialdea, eta Dorre Elortzibarko eta Zuluetako kontzejuak, lehen fasea, hornitzeko antena, Noain Elortzibarko udal mugapean (Nafarroa)" eraikitzeko administrazio baimena eman eta proiektua gauzatzea onesten duena.

Gas Navarra, S.A. enpresak, 2013ko abuztuaren 20an, administrazio baimena eta proiektua gauzatzeko onespena eskatu zituen Dorre Elortzibarko industrialdea eta Dorre Elortzibar eta Zulueta kontzejuak, lehen fasea, hornituko dituen antena bat eraikitzeko Noain Elortzibarko (Nafarroa) udal mugapean.

1434/2002 Errege Dekretuaren 78. artikuluari jarraituz, administrazio baimen hori jendaurrean jarri zen hogei egunez, iragarkia argitaratuz 2013ko 176. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, irailaren 12an, eta Diario de Navarra eta Diario de Noticias egunkarietan 2013ko irailaren 12an. Epe horretan ez da alegaziorik aurkeztu.

1434/2002 Errege Dekretuaren 80. artikulua aplikatuz, Noain Elortzibarko Udalari, Sustapen Departamentuko Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Ebroko Ur Konfederazioari, Imarkoaingo Kontzejuari eta Dorre Elortzibarko Kontzejuari igorri zitzaien Gas Navarra, S.A.ren eskaera. Aldeko txostenak, aipatu erakunde guztienak, daude espedientean jasota.

Instalazio proiektuaren oinarrizko datuak honako hauek dira:

Proiektatu da polietilenozko hodien (DN 110 eta Ac DN 4” diametroak) sare bat egitea, hornidura antenarako, MOP 5 bar-eko gehieneko presiopean aritzeko.

Proiektutako sareak guztira 1.894 metro luze dira, gutxi gorabehera.

Aurrekontua ehun eta bost mila eta berrogeita hemeretzi euro eta berrogeita bost zentimo da (105.059,45 euro).

Baimena eskatu duen enpresak Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legearen 67.2 artikuluan ezarritako baldintzak betetzen ditu.

Gas Navarra, S.A. enpresak ondasun eta zerbitzuak babesten dituzten erakunde publiko guztiei eskatu dizkie baimena eta baldintzak. Horregatik enpresa titularrak haiek ezartzen dizkioten baldintzak bete beharko ditu.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Instalazioa baimentzea eta proiektua gauza dadin onestea Gas Navarra, S.A. enpresari, Dorre Elortzibarko industrialdea eta Dorre Elortzibar eta Zulueta kontzejuak, lehen fasea, hornituko dituen antena eraiki dezan Noain Elortzibarko udal mugapean (Nafarroa).

2. Administrazio baimena baldintza hauetara egokituko da:

Lehenbizikoa. Enpresak bi hilabeteko epean 2.101,19 euroko bermea jarri beharko du, espedientean agertzen diren instalazioen aurrekontuaren %2a, bere eginbeharrak beteko dituela ziurtatzeko. Bermea Nafarroako Gobernuko Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuan jarri beharko da eta instalazioak abian jartzeko akta egin ondoren itzuliko da.

Bigarrena. Instalazioetan eta beren muntaketan Gas erregaien banaketari eta erabilerari buruzko erregelamendu teknikoan eta bere jarraibide tekniko osagarrietan ezarritakoa beteko da. Uztailaren 28ko 919/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendu hori.

Hirugarrena. Gas Navarra, S.A.k Hidrokarburoen Sektoreari buruzko Legearen 74. artikuluan eta bereziki d) idatz-zatian aipatzen diren eginbeharrak beteko ditu. Artikulu horren indarrez Gas Navarra, S.A. beharturik dago hornidura ematera eta behar diren hedakuntzak egitera, berdintasun baldintzetan, baimen honen eremu geografikoaren barreneko edozein eskatzailek zerbitzua eskatuz gero.

Laugarrena. Behin proiektua gauzatuta, zerbitzua abian jartzeko aktaren eskaera aurkeztuko da, jarraian adierazten diren agiriak erantsita:

–Obra bukaerako ziurtagiria, teknikari eskudun batek izenpetua, adierazteko instalazioak proiektuan eta hari aplikatzen zaizkion araudi, arau eta zehaztapenetan agindutakoaren arabera eraiki eta muntatu direla.

–Instalazioen muntaketa gainbegiratu eta kontrolatzeaz arduratzen diren enpresa edo entitateen azken ziurtagiria, azken ikuskapenen eta egin diren saiakuntza eta proben emaitza egokia adieraziko duena.

Bosgarrena. Urriaren 7ko 34/1998 Legearen 73. artikuluko 6. idatz-zatian aipatzen direnak ez ezik, hauek ere izanen dira administrazio baimena bertan behera uzteko arrazoiak:

a) Bermea adierazitako eran eta epean ez jartzea.

b) Proiektuaren exekuzioa aldatzea edo handitzea, Zuzendaritza Nagusi honek baimendu gabe.

c) Ebazpen honetan ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten instalazioak egitea edo pertsonen eta gauzen segurtasuna bermatzeko ezartzen diren baldintza eta agindu tekniko oinarrizkoak ez betetzea.

3. Ebazpen hau Gas Navarra, S.A.ri jakinaraztea, eta ohartaraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Hartan espediente zenbakia adierazi beharko da.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, denek jakin dezaten.

Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia, Iñaki Morcillo Irastorza.

Iragarkiaren kodea: F1316783