1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
514E/2013 EBAZPENA, azaroaren 27koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Uharten, metalak, bateriak, aparatu elektrikoak eta elektronikoak biltegiratu eta kudeatzeko nabearen proiektuari, Ambiental Recicla, S.L.k sustatuari, Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluaziorik ez egitea erabakitzen duena.
2013ko azaroaren 13an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteak Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa behar al zuen erabakitzeko laburpen memoria, horrela, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 46. artikuluan ezarritakoarekin bat, proiektuak Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa behar duen edo ez erabaki dadin.
Aretako industrialdean, Altzutzate kaleko 34an eraikita dagoen nabe batean eta hari erantsitako biltegi batean garatuko da jarduera; funtsean, transferentzia zentro bat ezarriko da, non hondakin hauek: metalak, bateriak, etxetresna elektrikoak eta aparatu elektronikoak, jaso, sailkatu, biltegiratu eta kudeatzaile baimendu baten esku utziko diren.
Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren atalase eta irizpideen aplikazioaren ondorioz 2A eranskinean (Ingurumen baimen integratuaren eta Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioren mende dauden jarduerak) sartu den proiektua aztertuta, kontuan hartuta haren tamaina eta ezaugarriak, eremu urbanizatu batean dagoela industrialdi baten barrenean eta izan dezakeen inpaktua, 3C eranskinean ezarritakoaren arabera, uste da ez zaiola Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluaziorik egin behar, ez dagoelako muntako neurri zuzentzaileen aplikazioa behar duen ingurumen inpaktu garrantzitsurik.
Horrenbestez, proiektuaren ezaugarriak, kokalekua eta izan dezakeen eragina azterturik, espedienteko txostenak ikusita, eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak irailaren 13an emandako 1436/2011 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Uharten Ambiental Recicla, S.L.k metalak, bateriak, aparatu elektrikoak eta elektronikoak biltegiratu eta kudeatzeko sustatzen duen nabearen proiektuari, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2.A eranskinean sartua baitago, ez zaio Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluaziorik egin behar, foru dekretu bereko 3.C eranskineko irizpideak aplikatuta.
2. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Ebazpen hau Uharteko Udalari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2013ko azaroaren 27an.–Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.
Iragarkiaren kodea: F1316992