1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak
695/2013 EBAZPENA, azaroaren 22koa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, Erakunde Ordaintzailearen Koordinaziorako Zerbitzuko zuzendariaren esku uzten dituena araudiak nekazaritza arloan Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiari ematen dizkion eskumen administratibo batzuk.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen azken xedapenetako lehenak ezartzen du lege horren aurretiko foru araudiak kontseilariei esleitzen zizkien ebazteko eskumenak zuzendari nagusiei dagozkiela, salbuespen batzuk gorabehera.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 36.1 artikuluak xedatzen du organoen berezko eskumenak maila bereko edo beheragoko beste organo batzuen esku uzten ahalko direla.
Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko jarduerak arintasunez eta eraginkortasunez egiteko, bidezkotzat jo da Erakunde Ordaintzailearen Koordinaziorako Zerbitzuko zuzendariaren esku uztea indarreko araudiak Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiari ematen dizkion eskumen batzuk.
Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22 artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Erakunde Ordaintzailearen Koordinaziorako Zerbitzuko zuzendariaren esku uzten dira araudiak nekazaritza arloan Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiari ematen dizkion honako eskumen administratibo hauek:
–Mahastia birlandatzeko eskubideak transferitzeko baimena.
–Mahastia landatzeko baimena.
–Nafarroako Mahastien Erregistroan inskribatzeko, baja emateko eta aldaketak egiteko baimena.
–Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatutako nekazaritzako ustiapenen eta ustiapen titularren katalogazioak onestea.
2. Eskuordetza honen bidez ematen diren ebazpen guztietan inguruabar hori aipatu beharko da espresuki. Ebazpen horiek Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emanak bailiran hartuko dira ondorio guztietarako.
3. Ebazpen hau Erakunde Ordaintzailearen Koordinaziorako Zerbitzuari eta Idazkaritza Tekniko Nagusiari jakinaraztea.
4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2013ko azaroaren 22an.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Guembe Cervera.
Iragarkiaren kodea: F1316606