2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ALESBES
Ordenantza, Minden, simaurren eta abeltzaintzako, nekazaritzako eta industriako bertzelako hondakinen isurketa arautzen duena. Behin betiko onespena
Alesbesko Udalak, 2014ko abuztuaren 7an egin osoko bilkuran, aldaketa hasiera batean onetsi zuen Minden, simaurren eta abeltzaintzako, nekazaritzako eta industriako bertzelako hondakinen isurketa arautzen duen udal ordenantzan. 2014ko 163. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 21ean.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza horretan egin aldaketa behin betiko onetsi eta argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.
I. TITULUA
Xedea eta aplikazio eremua.
1. artikulua. Erregelamendu honen xedea da Alesbesko udal mugapean arauak ezartzea mindak, simaurrak eta abeltzaintzako, nekazaritzako eta industriako bertzelako hondakinak kudeatzeko eta horien isurketa egiteko, eta orobat, arau-hausteak eta horiei dagozkien zehapenak arautzea.
2. artikulua. Europar Batasuneko Zuzenbidearen araudiaren barnean, kontuan hartuz Espainiako Konstituzioaren 45. artikulua eta araudi sektoriala, bai autonomikoa bai estatukoa, eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25.2 f) eta 28. artikuluek ematen dizkioten eskumenak erabiliz, Udalak bidezkoa du Minden, simaurren eta abeltzaintzako, nekazaritzako eta industriako bertzelako hondakinen isurketa arautzen duen udal ordenantza hau onestea.
3. artikulua. Ordenantza honetako aginduak bete beharko dira mindak, simaurrak eta Alesbesko (Nafarroa) udalerrian kokatutako abeltzaintza, nekazaritza eta industria jardueretatik datozen bertzelako hondakinak botatzerakoan. Ez dira hor sartzen etxeko ukuiluetan sortutakoak.
4. artikulua. Definizioak, ordenantza honen ondorioetarako. Definizioak:
a) Simaurrak: aziendak iraitzitako hondakinak edo aziendak iraitzitako hondar eta hondakinen nahasketa, eraldatuak barne.
b) Mindak: aziendak iraitzitako eginkari likidoak.
c) Azienda: aprobetxamendurako edo irabazi asmoarekin hazten den animalia oro.
d) Isurketa: mindak, simaurrak eta nekazaritzako, abeltzaintzako eta industriako bertzelako hondakinak lursailean botatzea, bai gainalde osoan zabalduta, bai bertan injektatuz, lurrazpitik sartuz edo lurzoruaren gainaldeko geruzekin edo ureztatzeko urarekin nahasiz.
e) Nekazaritza jarduera: nekazaritzako, abeltzaintzako eta basogintzako produktuak eskuratzeko beharrezkoak diren lanen multzoa.
f) Nekazaritzako ustiategia: nekazaritzako jarduera batean haren titularrak enpresa gisa antolatutako ondasun eta eskubideen multzoa, nagusiki merkataritzara bideratua eta bere baitan unitate tekniko eta ekonomikoa osatzen duena.
g) Industria jarduera: Europar Komunitateetan, jarduera ekonomikoen sailkapeneko C eta D ataletan bildutako jarduera oro (NACE Rev.1), Kontseiluaren 3037/90 Erregelamenduan (CEE) jasoa, gehi elektrizitatea, gasa, lurruna eta ur beroa sortzearekin lotutako jarduerak; orobat, hondakin solido edo likidoak birziklatu, tratatu, suntsitu eta deuseztatzea.
II. TITULUA
Xedapen orokorrak
5. artikulua. Debekuak:
1. Debeku da arras mindak, simaurrak eta abeltzaintzako, nekazaritzako eta industriako bertzelako hondakinak garraiatzen dituzten ibilgailuak aparkatzea.
2. Debeku da arras mindak, simaurrak eta abeltzaintzako, nekazaritzako eta industriako bertzelako hondakinak botatzea Udalaren saneamendu sarera, bai eta ibaien ibilbideetara, erreketara, areketara, erretenetara, kolektoreetara, bideetara eta antzekoetara.
3. Debeku da mindak, simaurrak eta abeltzaintzako, nekazaritzako eta industriako bertzelako hondakinak dituzten upelak Alesbesko (Nafarroa) karrika eta zeharbideetan barna eramatea, salbu eta haien estankotasuna bermatua badago itxitura hermetikoen bidez.
4. Debeku da mindak, simaurrak eta nekazaritzako eta abeltzaintzako bertzelako hondakinak finka barnean istiltzea eta laborantzako landalurretik kanpora isurtzea.
6. artikulua. Mindak, simaurrak eta abeltzaintzako, nekazaritzako eta industriako bertzelako hondakinak, nekazariek ongarritako erabiltzen dituztenak, emateko arauak.
a) Mindak, simaurrak eta abeltzaintzako, nekazaritzako eta industriako bertzelako hondakinak garraiatzen ahalko dira astelehenetik ortzegunera. Debeku da haiek garraiatzea ortziralean, larunbatetan, jai bezperetan, igandeetan eta jaiegunetan, bai eta herriko bestetan, gazteriaren bestetan eta inauterietan.
Ortziralez botatzeko salbuespena Udalak baimenduko du espresuki.
b) Nekazaritzako lurretan, alderdian legez erabakitzen diren seinaleetatik abiatuta eginen dira minden, simaurren eta abeltzaintzako, nekazaritzako eta industriako bertzelako hondakinen isurketak. Isurketa egiteko tenorean, kontuan hartu beharko dira horietariko bakoitzean isurketarako ezarritako mugak, bereziki baldintza klimatologikoak eta haizearen norabidea; nahitaez izan beharko da horren guztiaren berri isurketa egiteko eta isurketetatik heldu den kiratsa hirigunera edo kontserba industriako alderdietara ailega ez dadin. Jarduketa horren erantzulea izanen da lan horien egilea, hura abeltzaina izan edo nekazari izan.
c) Mindak, simaurrak eta abeltzaintzako, nekazaritzako eta industriako bertzelako hondakinak landa-finkan eman eta lurrez estali beharko dira 24 ordutan, beranduenez ere, eta ardura berezia jarriko da hondakin horiek isuri eta ondoko bide, ubide edo finketara atera eta bazterrak kirats ez ditzaten.
d) Simaur likidoa hedatzen denean laborantzarako dosi egokietan zintzilikatutako hodien sistema erabiliz, ez da beharrezkoa izanen lurrez estaltzea laborantza motak horretarako aukera ematen ez duen lurretan, estaltze horrek laborantzaren galera edo kaltea badakar.
e) Isurketa horiek ez dute inoiz gaindituko 250 kilogramo nitrogenoko muga, hektarea eta urte bakoitzeko, eta kopuru hori 210-170 kilogramo nitrogenora murriztuko da, hektarea eta urte bakoitzeko, kaltebera deklaratutako alderdietan, betiere ura nekazaritzako nitratoen kutsaduratik babesteko indarrean den legediari jarraituz.
7. artikulua. Segurtasun tarteak.
1.–Eremu hauek osatuko dituzte segurtasun zerrendak:
a) Biztanleria edateko urez hornitzeko edo bertzelako horniduren hargune eta biltontzien inguruan, 500 metro zabaleko zerrenda utziko da haien kanpoaldeko mugatik hasita.
b) Lurrean paratu diren mugak, ikusteko moduko seinaleez identifikatuak, tokian bertan ezarri dira, baita ordenantza honen planoan ere. Hona seinalatu diren muga horiek:
1. oholtxoa: herrilurra (1. poligonoa, 67. lurzatia). 2. oholtxoa: Angel Cristóbal Vicente (Soldovar 1-77). 3. oholtxoa: José María Irisarri Tiraplegui (Foyas 1-86). 4. oholtxoa: bidea. 5 oholtxoa: Carrera Barca bidea. 6. oholtxoa: Carmen Soret Les (Lobera 1-107). 7. oholtxoa: Antonio Azcona Muñoz (Lobera 1-110). 8. oholtxoa: herrilurra. 9. oholtxoa: José María Burgui Arizala (Naveo 1-142). 10. oholtxoa: Camino Raso. 11. oholtxoa: Domingo Soret García (Quebradilla 6-825). 12. oholtxoa: Jesús Azcona Arrondo (Abenares 6-680). 13. oholtxoa: Alejandro Calahorra Ruiz (Abeniares 6-685). 14. oholtxoa: Higuerilla bidea. 15. oholtxoa: Javier Burgui Calahorra (Campillo 5-579). 16. oholtxoa: José Antonio Gorría Martón (Matabueyes 4-594). 17. oholtxoa: Campo de San Pedro zabortegia.
c) Orobat, ‘’Casa Nueva’’ eta ‘’Campo de San Pedro’’ alderdietan ondoko mugak ezarri dira jarraipen gisa, ikusteko moduko seinaleez identifikatuak, baita ordenantza honen planoan ere. Hona zehaztu den muga lerro hori:
18. oholtxoa: Mariano del Carmen Resano (Campo San Pedro 4-643). 19. oholtxoa: María Pilar Orta Calahorra (Campo San Pedro 4-663). 20. oholtxoa: José María Burgui Segura (Campo San Pedro 4-423).
“Casa Nueva” eta “Campo San Pedro” alderdietan ezarritako mugetan mindak, simaurrak eta abeltzaintzako, nekazaritzako eta industriako bertzelako hondakinak ematen ahalko dira soilik azaroan, abenduan, urtarrilean eta otsailean, jarraian zehazten diren landa-finketan:
4. poligonoko landa-finkak, lurzatiak: 599.a, Eduardo Figueroa Zapateríarena; 598.a, María Villar Garrido Muñozena; 597.a, Felisa Barasoain Burguirena; 596.a, María Concepción Catalán Esparzarena; 595.a, María Victoria Muñoz Peraltarena; 594.a, José Antonio Gorría Martónena.
d) Tarte horiek ez dira aplikatuko simaur solidoak biltegiratzen direlarik, halakoetan 148/2003 Foru Dekretuari jarraikiko baitzaio. Haren arabera:
TARTEAK HONETATIK | UTZI BEHARREKO TARTEA |
1.–Errepideak | 10 metro |
2.–300 biztanletik beheitiko jendeguneak | 50 metro |
3.–300 biztanletik goitiko jendeguneak | 100 metro |
4.–Ubideak, aintzirak eta urtegiak | 25 metro (1) |
5.–Jendea hornitzeko putzuak, iturriak eta urtegiak | 200 metro (2), betiere haien babeseko perimetroa errespetatuz |
6.–Ohiko bainu tokiak | 50 metro |
(1) Ur Konfederazioen eskumenak ukatu gabe. (2) Inguruneko baldintza hidrogeologikoek bertze tarte bat uztera behartzen ez dutenean salbu. |
Isurketa horiek usain eta kalteak saihesteko ezarritako araudia bete beharko dute, hau da, botatzeko tenorean, kontuan hartuko dira baldintza klimatologikoak eta haizearen norabidea, usaina ez dadin herrigunera edo kontserbetako industria guneetara iritsi.
8. artikulua. Ordenantza honetan xedatutakoaz gain, araudi sektorialak, bai estatukoak bai autonomikoak, eskatutako baimenak eta lizentziak eskuratu beharko dira.
III. TITULUA
Zehapenen araubidea
9. artikulua. Ordenantza honetan ezarritako debekuak erabat edo hein batean ez betetzea arau-haustea da. Herrilurren eta Nekazaritzaren Informazio Batzordeko burua da zehapen prozedura abiarazteko organo eskuduna; ebazpena alkateari dagokio.
Zehapen ahalmena erabiltzeko prozeduraren Erregelamendua onesten duen abuztuaren 4ko 1398/93 Errege Dekretuan ezarritako prozedura baliatuko da zehapen ahalmena erabiltzeko.
10. artikulua. Alkateari dagokio landa-finketan ongarritzeko produktu mota horiekin egindako arau-hausteak zehatzea, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legea aldatzen duen 11/2004 Foru Legearen 52.2 artikuluak ezartzen duen bezala.
Hirurogeita hamabortz euroko diru zehapena (75 euro) izanen da arau-hauste mota guztietarako, eta pertsona fisiko eta juridikoa lau aldiz berrerortzen bada, 300 euroko isuna ezarriko zaio zehatzen den laugarren aldian. Aparte gelditzen da, ezarritako zehapenekin batean, hortik etor litezkeen eta bide administratibo, zibil edo penala erabilirik galda litezkeen kalte-ordainen erreklamazioa, irizpide hauei begiraturik: egiteko asmorik izan den edo behin baino gehiagotan egin den eta, orobat, egindako kalteak nolakoak diren.
3. artikulua betetzen ez bada 600 euroko diru zehapena ezarriko da eta arau-hauste larritzat joko.
11. artikulua. Zehapenak ezartzerakoan behar den oreka gordeko da arau-haustea sortu duen egitatearen larritasunaren eta ezartzen den zehapenaren artean. Honako irizpide hauek hartuko dira bereziki aintzat zehapena mailakatzeko:
a) Egiteko asmorik izan den edo behin baino gehiagotan egin den.
b) Kalteak nolakoak diren eta bereziki osasungarritasunari eragindako nahasmendua zenbaterainokoa izan den.
c) Berrerortzea, urtebetean eite bereko arau-hauste bat baino gehiago egin bada, ebazpen irmo batek hala deklaratuta.
12. artikulua. Ordenantza honen arabera arau-haustetzat hartzen diren egintzengatik pertsona fisikoak eta juridikoak zeha daitezke, haien erantzuleak badira, legearen ez-betetze soila bada ere.
13. artikulua. Zehapen prozedura.
1. Zehapen prozedura tramitatuko da Zehapen ahalmena erabiltzeko Erregelamenduan ezarritakoari jarraituz, abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuak onetsi baitzuen.
2. Edonola ere, zehapen prozedura tramitatzean kontuan hartuko dira Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean gaiaren inguruan ezarritako printzipioak.
3. Ordenantza honen aurkako arau-hausteak zehatzeko ahalmena alkateari dagokio.
Alesbesen, 2014ko irailaren 30ean.–Alkatea, María Carmen Segura Moreno.
Iragarkiaren kodea: L1413218