195. ALDIZKARIA - 2014ko urriaren 6a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BAZTAN

Baztango kirol-klubek ohiko kirol-jarduerak garatzeko diru-laguntzak eskatzeko deialdi publikoa

Baztango Udalaren Tokiko Gobernu Batzarrak, 2014ko irailaren 26an egin bilkuran, onetsi zituen Baztango kirol-klubek ohiko kirol-jarduerak garatzeko diru-laguntzak eskatzeko deialdi publikoa arautzen duten oinarriak (ondoren heldu direnak).

Baztanen, 2014ko irailaren 26an. Alkatea, Garbiñe Elizegi Narbarte.

BAZTANGO KIROL-KLUBEK OHIKO KIROL-JARDUERAK GARATZEKO DIRU-LAGUNTZAK ESKATZEKO DEIALDI PUBLIKOA ARAUTZEN DUTEN OINARRIAK

1. artikulua. Xedea. Oinarri hauen helburua da Baztanen egoitza soziala duten kirol-klubek ohiko kirol-jarduerak garatzera zuzendutako diru-laguntzak norgehiagoka emateko araubidea jartzea.

2. artikulua. Helburua. Diru-laguntzak erabiliko dira kirol-jarduerak burutzean sortutako gastuak hein batean berdintzeko, baldin eta dagokion urtearen ilbeltzaren 1etik abenduaren 31ra bitarte egiten badira.

3. artikulua. Onuradunak. Baztanen egoitza soziala duten kirol-klubek hartzen ahal dituzte oinarri hauen xede diren diru-laguntzak.

4. artikulua. Betekizunak:

1. Eskatzaileek.

–Baztanen egoitza soziala duen kirol-kluba izatea.

–Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan diru-laguntzak eskuratzeko paratutako debekuren batean ere ez egotea.

–Baztango Udalak aitzinetik emandako diru-laguntzen justifikazioak behar den moduan eta egunean izatea.

–Zuzenbide publikoaren zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak ere ordainduak izatea, eta Baztango Udalarekin zorrik ez izatea.

2. Kirol-jarduerek.

–Irabazi-asmorik gabeko kirol-jarduera izatea, eta, hortaz, diru-laguntzak inola ere ezin izanen du irabazirik sortu diru-laguntza eskatu duen kirol-klubarendako.

–Diru-laguntzaren xede den jarduerak irekia izan behar du, horregatik Baztango herritar guztiek parte hartzeko aukera izan beharko dute. Hau da, kirol-klub eskatzailearen kide ez diren kirolariek ere parte hartzeko aukera izanen dute, betiere jarduera horretan partze hartzeko baldintzak betetzen badira.

–Ez dira baztertzaileak izanen arraza, sexu, erlijio, iritzi edo bertzelako arrazoiengatik.

–Herritar guztiek jardueraren informazio publikoa izatea.

–Aurkeztu diren proiektuak gauzatu, horien segimendua egin, justifikatu eta balioztatzeko beharrezko gaitasun eta bitarteko nahikoak izatea.

–Jarduerak finantza-bideragarritasuna izatea. Kirol-klub onuraduna arduratuko da estaltzeaz Baztango Udalaren diru-laguntzaren bitartez estali ez den gastua, eta horretarako finantziazio publiko edota pribatuko bertze iturri batzuez baliatuko da.

–Aurkeztutako proiektuak ez du lehiatuko udal eskaintzarekin.

–Baztango udalerria izatea, batez ere, diru-laguntza horren onuradun.

–Baztango udal esparruan euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen ordenantza betetzea.

5. artikulua. Kontu-saila. Diru-laguntzak ordainduko dira Baztango Udaleko aurrekontu orokorretan Tokiko kirolerako eta gainerakoendako diru-laguntzak izeneko 1-452-48900 kontu-sailaren kargura, kreditua dagoen bitartean.

6. artikulua. Diruz lagundu daitezkeen kirol-jarduerak. Diru-laguntzak emanen dira kirol-klubak modu egonkor eta etengabean gauzatzen dituen kirol-jardueretarako, betiere baztandar guztiendako badira.

Diruz lagundu daitezkeen kirol-jarduerak, izaeraren arabera, mota hauetakoak izanen dira:

1. Aisialdiko kirol-jarduerak. Aisialdiko kirol-jardueratzat joko dira mota guztietako kirol-jarduera irekiak, kirol federazioetako txapelketa ofizialetan sartuak ez daudenak, baldin eta haien helburu nagusiak kirol-jarduera zein kirolen bat sustatzea, edota horietako batean hastea edo aritzea badira.

2. Federazioetako txapelketa ofizialetan sartuak dauden kirol-jarduerak.

Diru-laguntzak emanen dira, zehazki:

1. Kirol-jarduerak antolatzeagatik, betiere Baztanen gauzatzen badira eta mota hauetako jarduerak baldin badira:

a) Txapelketak.

b) Txapelketak ez diren kirol jarduerak.

c) Oinarrizko kiroleko kirol-eskolak, baldin eta kadete edota gazteagoekin lan egiten baldin bada.

d) Monitoreak, entrenatzaileak prestatzeko jardunaldiak.

2. Kirol-jardueretan parte hartzeagatik. Kirol-jarduerak diru-laguntza jaso ahal izateko, parte-hartze horrek diru-laguntza eskatu duen kirol-klubaren izenean izan beharko du, haren izenean parte hartzen duten horien %70ak Baztangoa izan beharko du, eta kirol-jarduera hauetakoren batean parte hartuko da:

a) Txapelketak:

–Federazioetako txapelketa ofizialak.

–Ofizialak ez diren txapelketak (kirol-federazioek antolatzen ez dituztenetan). Senior eta beteranoen mailek ez dute diru-laguntzarik jasoko.

b) Monitoreak, entrenatzaileak prestatzeko jardunaldiak.

7. artikulua. Eskaerak. Eskaerak eta agiriak aurkezteko modua eta epea.

–Epea. Eskaerak egiteko epea deialdiari dagokion urteko irailaren 30a arte izanen da. 2014an, urriaren 30a arte.

–Non. Diru-laguntzaren eskaerak eta agiriak Baztango Udaleko Erregistroan aurkeztuko dira.

–Agiriak.

a) Eskaera-orria. Eskaerak egiteko eskaera-orri ereduak erabiliko dira. Eskaerak egiteko informazioa eta eskaera-orri ereduak Baztango Udalaren web orrialdean (www.baztan.eus) eta Baztango Udaleko kirol-bulegoan eskuratu ahal izanen dira. Eskaera-orri bat beteko da diru-laguntza eskatzen den kirol-jarduera, modalitate eta maila bakoitzarendako.

b) Kirolarien datuak:

–Kirolari parte-hartzaileen edota kirolari federatuen lizentzien zerrenda, kategorien arabera, izen-abizenekin, sortze datekin, eta erroldatze helbideekin.

–Lizentzia indarrean duten entrenatzaileen izenen zerrenda, kopurua eta haien kategoria.

Eskaerak aurkezteko epea akitzerakoan kirol-jarduera batek bere denboraldia hasi gabe badu, kirol-klubak aitzineko denboraldiko kirolari eta teknikarien zerrendak aurkeztuko ditu.

c) Baztango Udalak, kasu zehatz bakoitza kontuan hartuta, egokitzat jotzen duen bertze edozein dokumentazio osagarri eskatu ahal izanen dio eskatzaileari, aurkeztutako eskaeraren balorazioa egiteko.

8. artikulua. Gastu konputagarriak:

a) Kirol-jardueran izen-ematea.

b) Federazioko gastuak: lizentziak, arbitrajeak, epaileak, fidantzak, eta federazioko bertzelako gastuak.

c) Txapelketetara joan-etorriak:

–Garraio enpresari ordaindutakoa.

–Joan-etorria norberaren kotxean egiten baldin bada, kontuan hartu beharrekoak:

  • Kotxearen eta parte-hartzaileen arteko onartutako erlazioa 1/5 izanen da. Kirol-jardunaldira zenbat jokalari joan diren frogatzeko, kirol-jardunaldi horren akta aurkeztuko da.
  • Kilometroa honela balioztatuko da: 0,25 euro/kilometroa.

d) Kirolarien ostatua eta mantenua, lehiaketetara joan-etorrietan. Baldin eta urrun joan behar izateagatik gastu horiek nahi eta nahi ez egin behar badira.

e) Kirol material suntsikorra eta kirol arropa (taldeko ekipazioa).

f) Monitoreei eta entrenatzaileei ordainsariak.

g) Monitoreen, entrenatzaileen prestakuntza.

h) Udalarenak ez diren kirol-instalazioak alokatzea, argia eta mantentze-lanetako gastuak. Baldin eta ez badago Baztanen Udalaren kirol-instalazio egokirik kirol-jarduera mota zehatz hori garatzeko.

i) Jardueraren antolaketa-gastuak:

–Bulegokoak: idazpaperak, telefonoa, posta.

–Kartelak.

–Anbulantzia, medikua.

–Garaikurrak, dorsalak.

–Parte-hartzaileen anoa-hornidura. Kirol mota dela-eta beharrezkotzat jotzen denean onartuko da.

j) Mediku-gastuak: azterketa medikoak, mutualitateak.

k) Aseguruak: erantzukizun zibila, istripuak, medikuak.

9. artikulua. Diru-laguntzen zenbatekoa. Diru-laguntza izanen da, gehienez, onartutako gastu konputagarrien %50, eta inoiz ez, onartu eta justifikatutako gastuen %50 baino handiagoa.

Egindako eskaerek diru-laguntzaren lerroan aurreikusitako kreditua gainditzen badute, honelaxe erregularizatuko da:

Kalkulatuko da behin-behineko esleipenak zenbateko portzentajean gainditzen duen diru-laguntzaren lerroan dagoen zenbateko erabilgarri osoa eta emaitza hori koefiziente zuzentzailea izanen da; ondotik, behin-behineko esleipenari aplikatuko zaio. Hau da, behin-behineko esleipena 54.000 euro (%100) balitz, eta lerrorako 47.340 euro (%87,67) bagenitu, koefiziente murriztailea %12,33 izanen litzateke. Beraz, behin-behinekoz 3.000 euro esleituko balira, behin betiko emaitza, koefiziente zuzentzailea aplikatuta, 2.630,1 euro izanen litzateke.

10. artikulua. Antolamendua eta instrukzioa. Baztango Udaleko Kirol Arloa izanen da oinarri hauetan bildutako diru-laguntzak emateko prozeduraren antolaketa eta instrukziorako organo eskuduna.

11. artikulua. Balorazioa. Eskaerak Balorazio Batzordeak aztertuko ditu, eta batzorde horretako burua Udaleko Kirol Arloko arduraduna izanen da.

Balorazio Batzordeak txostena egin eta bertan ebaluazioaren emaitza zehaztuko du eta, beharrezkoa bada, eskaeren arteko lehentasuna paratuko du.

12. artikulua. Balorazio irizpideak. Onartutako gastu konputagarrietatik diruz lagunduko den ehunekoa:

1. Kirol-jardueraren antolakuntzaz arduratzea: %20 arte.

a) Kirol-jarduerak antolatzea, betiere Baztanen gauzatu eta mota hauetako jarduerak baldin badira: %20.

–Txapelketak.

–Txapelketak ez diren kirol-jarduerak.

–Oinarrizko kiroleko kirol-eskolak, baldin eta kadete edota gazteagoekin lan egiten baldin bada.

–Monitoreak, entrenatzaileak prestatzeko jardunaldiak.

b) Kirol-jardueretan parte hartzea. Kirol-jarduerak diru-laguntza jaso ahal izateko, parte-hartze horrek diru-laguntza eskatu duen kirol-klubaren izenean izan beharko du, haren izenean parte hartzen duten horien %70ak Baztangoa izan beharko du, eta kirol-jarduera hauetakoren batean parte hartuko da: %10 arte.

–Txapelketetan: %10 arte.

  • Federazioetako txapelketa ofizialetan: %10.
  • Ofizialak ez diren txapelketetan (kirol-federazioek antolatzen ez dituztenak). Senior eta beteranoen mailek ez dute diru-laguntzarik izanen: %5.

–Monitoreak, entrenatzaileak prestatzeko jardunaldietan: %5.

2. Tokiko kirola sustatzea (pilota eta herri-kirolak): %10.

3. Oinarrizko kirola sustatzea: % 12 arte.

–Parte-hartzaileak kimuak eta gazteagokoak dira: %12.

–Parte-hartzaileak haurrak eta gazteagokoak dira: %10.

–Parte-hartzaileak kadeteak eta gazteagokoak dira: %8.

4. Kirolean emakumezkoen parte-hartzea sustatzea: %5 arte.

–Emakumezkoak parte-hartzaileen %20 eta %40 artean: %1.

–Emakumezkoak parte-hartzaileen %41 eta %60 artean: %3.

–Emakumezkoak parte-hartzaileen %61 eta %80: %4.

–Emakumezkoak parte-hartzaileen %80 baino gehiago: %5.

5. Kirolean Baztango herritarren parte-hartzea sustatzea. Kirol-klubaren izenean parte hartzen dutenen %80 baino gehiago Baztangoak: %5.

6. Borondatezko lana sustatzea. Ez dago monitoreendako eta entrenadoreendako ordainsaririk: %5.

7. Parte-hartzaile kopurua kirol-jardueran. 30 parte-hartzaile baino gehiago: %3.

13. artikulua. Ebazpena. Laguntzen eskaerei buruzko ebazpena emateko organo eskuduna Tokiko Gobernu Batzordea da. Balorazio Batzordearen proposamena aztertu ondoren emanen du organo eskudunak bidezko ebazpena, eta interesdunei jakinarazio die, diru-laguntza eskatzeko epea akitzen den egunetik hiru hilabeteko epean, gehienez.

Paratutako epean ebazpen espresik ematen ez bada, eskaerak ezetsitzat hartuko dira.

Diru-laguntza emateko ebazpenean diru-laguntzaren zenbatekoa agertuko da eta baita bilduko da diru-laguntza eman zaien eskatzaileen zerrenda ere.

Ematen den diru-laguntza bateraezina izanen da Baztango Udaleko bertze diru-laguntzekin, eta bateragarria izanen da bertze administrazio publiko batzuek, erakunde publiko edo pribatuek eta norbanakoek, naziokoek zein atzerrikoek, ematen dituzten bertzelako diru-laguntzekin. Haien zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du behin ere gainditu egin beharreko jardueraren kostua. Diru-sarreren eta gastuen justifikazioa aztertutakoan, diru-sarrerak gastuak baino handiagoak direla ikusten bada, Baztango Udalak emandako diru-laguntzari gehiegizko diru-sarreraren zenbatekoa kenduko dio.

14. artikulua. Diruz lagundutako kirol-jarduerak justifikatzea. Diru-laguntzak justifikatzeko agiriak aurkezteko modua eta epea.

–Epea: deialdiari dagokion ondoko urteko ilbeltzaren 30a arte.

–Non: Baztango Udaleko Erregistroan.

–Agiriak: diruz lagundu den jarduera bakoitzeko aurkeztu behar diren agiriak:

a) Eskaera egiteko aurkeztutako eskabide-orria, benetako datuekin betea.

b) Jarduerari buruz informazioa:

–Dokumentazio grafikoa edo/eta ikus-entzunezkoa: prentsa, kartelak, publizitatea.

–Txapelketari edo/eta kirol-jarduerari buruzko datu hauek: egutegia, partidetako aktak, lizentziak eskuratzeko betetako inprimakia, emaitzak.

c) Kirol-jardueraren memoria zehatza.

d) Kirolarien benetako datuak:

–Parte-hartzaileen edota federatutako kirolarien lizentzien zerrenda (izen-abizenekin, sortze datekin eta erroldatze helbideekin) kategorien arabera.

–Lizentzia indarrean duten entrenatzaileen izenen zerrenda, kopurua eta kategoria.

Kirol-klubak, diru-laguntzak justifikatzeko epea akitzerakoan, indarrean dagoen denboraldiko kirolarien eta teknikarien zerrendak aurkeztuko ditu.

e) Kirol-jardueraren gastuak.

Onartutako gastuen %100 justifikatuko da, ez Baztango Udalak emandako diru-laguntza kopurua bakarrik. Gastuak justifikatuko dira kirol-klubaren izenean dauden jatorrizko fakturen bidez; hauek, behin egiaztatu eta zigilatu ondoren, diru-laguntzaren eskatzaileari bueltatuko zaizkio. Faktura horietan bilduko dira legeek eskatzen dituzten datu guztiak eta baita jarduera edo zerbitzuaren deskripzio zehatza ere.

Hartu-agiriak onartuko dira bertze modu batez egiaztatu ezin diren gastuak zuritzeko bakarrik, eta, edonola ere, hartu-agiria sinatzen duen pertsona ezin izanen da enpresaria edo profesionala izan; hala balitz, faktura egin eta ematera behartuta bailegoke. Hartu-agiriak datu hauek bildu behar ditu: jaulkitzailearen eta jasotzailearen izen-abizenak, IFZa eta helbidea; ekintza edo zerbitzuaren deskripzio zehatza; guztizko prezioa, eta tokia, data eta jasotzailearen sinadura.

Joan-etorriak norberaren autoan egiten badira, gastuak justifikatzeko agirietan agertu behar du nork eraman duen autoa, joan-etorria nondik norat egin den, zertarako egin den eta data. Joan-etorria garraio enpresa baten bidez eginez gero, garraio enpresako faktura aurkeztu beharko da eta, bertan, legeek eskatzen dituzten datu guztiak agertuko dira, bai eta jarduera edo zerbitzuaren deskripzio zehatza ere (joan-etorria nondik norat egin den, zertarako egin den, data).

f) Kirol-klubak izandako diru-sarreren eta gastuen balantze orokorra.

g) Baztango Udalak, kasu zehatz bakoitza kontuan hartuta, kirol-klub onuradunari egokitzat jotzen duen bertze edozein dokumentazio osagarri eskatu ahal izanen dio, justifikazioa egiteko aurkeztutako dokumentazioa argitzeko.

h) Baztango Udalak eskumena du kirol-klub onuradunaren finantza-egoera egiaztatzeko beharrezkotzat jotzen duen guztia egiteko, barneko edo kanpoko auditoriak barne.

15. artikulua. Betebeharrak. Diru-laguntzaren hartzaileek dirua, nahitaez, diru-laguntzaren helburuetan erabili beharko dute eta hala egin dela dokumentuen bidez justifikatu.

Diru-laguntzen hartzaileek diruz lagundutako jarduera finantzatzeko eskatu edo lortutako bertze laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri eman beharko diote Baztango Udalari.

Egiaztatu eta kontrolatzeko lanak bermatzeko, kontabilitate liburuak, erregistro diligentziatuak eta behar bezala auditatutako bertzelako agiriak eduki beharko dituzte, indarrean diren legeetan xedatu bezala.

Diru-laguntzen onuradunek indarrean dagoen araudia bete beharko dute; batez ere, Baztango udal esparruan euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen ordenantza eta, zehazki, ordenantzaren “41. artikulua. Baztango Udalak, udalerrian egiteko, diruz laguntzen dituen kultura, kirol edo bertzelako jarduera eta aktibitateetan, bai eta haien idazki, iragarki nola karteletan ere, euskarari lehentasuna eman beharko diote antolatzaileek”, eta “42. artikulua. Baztango Udalak euskara erabiltzeko gonbita eginen die udal instalazioak eta materiala erabiltzeko eta besta egunetan barrakak paratzeko baimena eskatzen dutenei. Horrekin batera, Udalak jakinaraziko die, behar izanez gero, Udaleko Euskara Zerbitzuaren hizkuntza aholkularitzaz baliatzen ahal direla.”

Kirol-klub onuradunek Baztango Udaleko ikur ofíziala erabili beharko dute diru-laguntzaren xede diren jardueren publizitatean eta zabalkundean.

Kirol-klubek berek eginen dute langileen kontratazioa, eta Baztango Udalak ez du kontratazio horretan erantzukizun subsidiariorik izanen.

16. artikulua. Diru-laguntza nola eta noiz pagatuko den. Emandako diru-laguntza transferentzia bidez pagatuko da, hiru hilabeteko epean, gehienez, kirol-jardueraren justifikazioa onartu ondoren.

17. artikulua. Ez-betetzeak. Oinarri hauetan ezarritakoa ez betetzeak, gezurrezko datuak emateak edo Baztango Udalaren baimenik gabe diru-laguntzaren helburuak aldatzeak diru-laguntza galtzea eta jasotako dirua itzuli behar izatea ekarriko du. Orobat, ondotik egiten diren helburu bereko edo beretsuko diru-laguntza eskaerak bortz urtez ukatzea ere izan dezake ondorio, legeek agintzen dituzten bertze erantzukizunak ezertan galarazi gabe.

Halaber, onuradunak betebeharrak ia osorik bete dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak burutzeko jarrera frogatzen duenean, itzuli beharreko zenbatekoa aurreko atalean aipatzen den proportzionaltasun irizpideari segituz zehaztuko da.

18. artikulua. Aplikatu beharreko legeria. Diru-laguntza hauek arautuko dituzte deialdiko oinarriek, dagokion urterako Baztango Udaleko aurrekontua betearazteko oinarriek, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak eta horiekin bat datorren gainerako legeriak.

Azken xedapena.–Euskarazko eta espainolezko testuen artean interpretazio-auzirik sortuko balitz, jatorrizkoa euskaraz idatzitakoa dela kontuan izanik, hura hartuko litzateke aintzat.

L1413134_0.pdf

L1413134_1.pdf

Iragarkiaren kodea: L1413134