195. ALDIZKARIA - 2014ko urriaren 6a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARTZIBAR

Udal ordenantza, Musika ikasketen arloko laguntzak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Artzibarko Udalak, 2014ko uztailaren 31n egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Musika ikasketen arloan laguntzak arautzen dituen udal ordenantza. Iragarkia 2014ko 159. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, abuztuaren 14an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, Nafarroako Toki Araubidea Gaurkotzeari buruzko urriaren 29ko 11/2004 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu gabe iraganik, aipatu ordenantza behin betiko onetsi eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratzeko agindu da.

Artzibarren, 2014ko irailaren 23an.–Alkate udalburua, Carlos Oroz Torrea.

UDAL ORDENANTZA, MUSIKA IKASKETEN ARLOKO LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUENA

I.
Xedapen orokorrak

1. artikulua. Helburua eta definizioa.

Ordenantza honen xedea da, batetik, Artzibarko biztanleen artean musika ikasteko jarduerak sustatzea eta, bestetik, seme-alabak Agoizko musika eskola ofizial batean matrikulatzen dituzten familiei laguntzea, hura publikoa zein pribatua izan. Orobat, helburu horiek lortzeko laguntzak zehaztu eta arautu nahi dira.

Ez da ordenantza honen xedea Garraldako “Orreaga” musika eskolan ari diren ibarreko ikasleendako Udalak ematen duen laguntza, bertako Patronatuko kidea baita.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

Ordenantza hau aplikatuko zaio Artzibarko udal mugapean erroldaturik egon eta bertan bizi den orori.

3. artikulua. Laguntza motak eta zenbatekoak.

Honako hauek dira ordenantza honetan araututako Udalaren laguntza ekonomikoak:

Agoizko musika eskola batean ikastaroen matrikula ordaintzeko laguntzak: diruz lagunduko da matrikularen kostuaren %50, betiere muga izanen delarik Artzibarko Udalak “Orreaga” Musika Eskolako patronatuari urtero ikasle bakoitzeko ematen dion zenbatekoa.

4. artikulua. Eskatzaileen betebeharrak.

Laguntzen eskatzaileek baldintza hauek bete beharko dituzte:

–Artzibarko udal mugapean erroldaturik egotea eta bertan bizitzea.

–Agoizko musika eskola batean matrikulaturik egotea.

5. artikulua. Frogagiriak.

a) Eskatzailearen nortasuna frogatzen duen agiriaren fotokopia.

b) Egiten ari den edo egin nahi den ikastaroaren, matrikularen edo ordainagiriaren fotokopia.

c) Kontu korrontearen fotokopia.

6. artikulua. Eskaerak nola, non eta noiz aurkeztu.

Eskaera Artzibarko Udaleko bulegoetan aurkeztuko da, 5. artikuluan zehaztutako dokumentazio osagarriarekin batera.

7. artikulua. Laguntza emateko modua.

Laguntza ordainduko da aldez aurretik onuradurak frogatzen badu babestutako jarduera edo proiektuak egin dituela, gutxienez ere eskolen %75era joanez, agiri bidez justifikaturiko kasuetan izan ezik.

8. artikulua. Interesdunei jakinaraztea.

8.1. Hartutako erabakia interesdunei jakinaraziko zaie, espedientean jakinarazpenetarako adierazitako helbidean.

8.2. Laguntzaren onuradunei eginen zaien jakinarazpenean espresuki adieraziko zaie zein diren laguntzak kobratzeko bete behar dituzten baldintzak. Orobat, espresuki adieraziko zaie Udalak laguntza kendu eginen diela ez badituzte ezarritako baldintzak betetzen, laguntza emateko erabakiaren jakinarazpena jaso eta 30 eguneko epean.

8.3. Emandako erabakiaren aurka legez ezarritako errekurtsoak aurkeztu ahalko dira.

9. artikulua. Laguntzen onuradunen eta hartzaileen betebeharrak.

Laguntzen onuradunak honako hauetara beharturik daude:

9.1. Artzibarko Udalari norberaren egoeran gertatzen diren aldaketen berri ematea eta eskabidea egiteko izandako arrazoiak jakinaraztea.

9.2. Laguntza zertarako eman zen, jasotako zenbatekoa xede horietarako erabiltzea.

9.3. Jasotako zenbatekoak itzultzea, laguntzak eman ziren xedeetarako erabili ez badira.

9.4. Agoizko musika eskolaren ziurtagiria aurkeztea, gutxienez eskolen %75era joan dela frogatzen duena, agiri bidez justifikaturiko kasuetan izan ezik.

10. artikulua. Laguntzak ezeztatzea.

10.1. Laguntza zertarako eman zen, beste xede baterako erabiltzea laguntza ezeztatzeko arrazoia izanen da eta hura berehalakoan itzuli beharko da, organo eskudunak errekerimendua egin ondotik. Hala ez egiteak dagokion ekintza betearazlea ekarriko du, ezertan ukatu gabe kasu bakoitzean abia daitezkeen jarduketa zibil, penal edo bestelakoak.

10.2. Eskatzaileak datuak faltsutu edo ezkutatu baditu, eskatutako laguntza ukatu ahalko zaio, laguntza emateko baldintzak beteko balitu ere.

10.3. Laguntza ezeztatu ahalko da, hura ordaintzeko prest izan eta hiru hilabeteko epea iragaten bada ordaindu gabe, betiere interesdunari egozten ahal zaizkion arrazoiak direla medio.

10.4. 9.4 puntuan eskatutako ziurtagiria ez aurkeztea.

11. artikulua. Bateraezintasunen araubidea.

Ordenantza honetan ezarritako laguntzak bateragarriak dira beste administrazio batzuek ematen dituztenekin, eta betiere, haien osagarri izanen dira. Artzibarko Udalak ematen duen diru-laguntzak ez du inoiz ere gaindituko ordaindu beharreko zenbatekoaren kostu osoa, ez bakarrik ez beste administrazioek edo ente publiko zein pribatuek emandako edozein motatako laguntzak edo diru-laguntzak metatuta. Izandako diru-sarreren eta gastuen justifikazioa aztertuta ikusten bada diru-sarrerak handiagoak direla gastuak baino, Artzibarko Udalak emandako diru-laguntza murriztuko du, diru-sarrera gehiegizkoen zenbatekoa kenduz.

II.
Azken xedapena

Bakarra.–Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, ondorio juridiko osoak sorraraziko dituela.

Iragarkiaren kodea: L1412987