195. ALDIZKARIA - 2014ko urriaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

140E/2014 EBAZPENA, abuztuaren 21ekoa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena proiektu honetarako: Agoitz-Nagore aireko linea, deribazioa Urdirotz izeneko kanpoko transformazio zentro berrira, Artziko udal mugapean. Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U. enpresak sustatu du proiektua.

Goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu da Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I) epigrafean (Energiari buruzko instalazioak) sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela, Ingurumen ukipenetarako baimena eman ala ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela bere baitan, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektuaren xedea da Urdirozko kontzejuko herritarrak energia elektrikoarekin hornitzea. Horrela, proiektatutako jarduketaren arabera, aireko linea elektriko berria eraikiko da, zirkuitu bakunekoa, abiaburua “Agoitz-Nagore” linean izanen duena eta Urdirozko hiriguneraino iritsiko dena. Gutxi gorabehera, 1.100 metroko luzera izanen du. Proiektuan alternatiben azterlan bat aurkeztu da deribazio euskarria hautatzeko, eta azkenean, 30.86 euskarritik abiatzen dena hautatu da, ingurumena gutxien ukitzen duena baita.

2014ko 109. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 5ean, argitaratutako iragarkiaren bidez, espedientea jendaurrean jarri zen. Epe horretan ez da alegaziorik aurkeztu.

Espedientean Artziko Udalaren eta Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuaren aldeko txostenak ageri dira. Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak ere espedientearen aldeko txostena eman du.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abenduaren 31ko 1158/2013 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz.

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea proiektu honetarako: Agoitz-Nagore aireko linea, deribazioa Urdirotz izeneko kanpoko transformazio zentro berrira, Artziko udal mugapean. Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U. enpresak sustatu du proiektua.

2. Baimen honek neurri eta baldintza hauek betetzera behartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Proiektuko isolagailua ezin da erabili lotzeko kateetan. Isolagailu horrek makila isolatzaile bat eta babes inguratzaile bat ditu (PECA). Proiektua hartzen duen eremua abenduaren 31ko 1150/2013 Ebazpenak ezartzen dituen eremuetako bat da. Haren bidez, Nafarroako babes eremuak identifikatu ziren, hegaztiak goi tentsioko linea elektrikoak jo eta elektrokutatzetik babesteko neurriak ezarri zituen abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretua Nafarroan aplikatuz. Horrenbestez, gutxienez metro bat izan beharko da pausalekuen eta elementu eroaleen artean. U120AB132 isolagailua edo CS70AB 170/1150 isolagailua erabiltzen ahalko da, erreferentziako tentsiorako diseinatutakoa.

–Deribazioko euskarrian elektrokuzio arriskua gutxitzeko, linea nagusiaren eta linea deribatuaren arteko lotune-zubiak osorik isolatuko dira, bai eta linea nagusiko zubi laxoak ere.

–Linearen amaierako euskarrian eta eroaleak behe tentsioko lurpeko linearekin duen konexioan elektrokuzio arriskua murrizteko, erabat isolatuko dira lineako eroaleak eta XS zirkuitu-etengailuak lotzen dituzten zubiak, horien eta tximistorratz autobalbulen arteko lotuneak eta horien eta konexioko botilen artekoak. Isolamenduan erabiliko den materialak goi tentsioko lanetarako eta hegaztiak babesteko egokia izan beharko du. Bestetik, tximistorratz autobalbulak eta terminalak BCAC (“Bushing Connection Animal Cover”) aurremoldeatutako estalkiekin edo antzekoekin babestuko dira.

–Urrobi ibaia zeharkatzen duen baoa hegaztiak babesteko balizekin seinaleztatuko da. Txandaka ezarriko dira hiru eroaleetan, baliza bat 15 metrotik behin fase bakoitzean; horrela, proiekzio horizontalean, baliza bat ikusiko da 5 metroan behin, bi seinaleren artean. Eroaleak lurzoruan seinalatu beharko dira, edo hariak jaso eta tenkatu ondoren.

–Arbolarik bota behar bada, Mendi Zerbitzuaren baimena lortu beharko da (Telefonoa: 848426681).

–Agoitz aldeko Basozaintzari (posta elektronikoa: oficina.guarderío.forestal.aoiz.8@navarra.es) eman beharko zaie abisu obrak hasi baino 48 ordu lehenago, gutxienez ere.

–Ingurumen jarraipena:

  • Proiektua amaituta, txosten bat igorriko da non frogatuko baita hegaztien babeserako araudia bete dela, obra aurkeztutako dokumentazioarekin bat egin dela, eta ebazpen honetan ezarritako baldintzak bete direla.
  • Jardunean dagoela, jarraipeneko lau txosten eginen dira gutxienez, zerbitzuan hasi eta ondoko urteetan, martxotik urrira bitarte. Segimenduko txosten horietan sartu eginen da lanek ukitutako landarediaren bilakaera eta faunaren gainean izandako ukipena; horretarako, begiratuko da elektrokuziorik eta/edo kolperik izan den linearen trazaduraren inguruan, 30 metroko zerrenda batean. Kableetan edo linea elektrikoko euskarrietan pausaturik dauden hegaztiak erregistratuko dira, edo, posible bada, haien argazkiak aterako, bai eta bertan ibili izanaren arrastoak ere. Txostenetan argazkiak egonen dira, araudia betetzen dela eta gainerako inguruabar aipagarri guztiak frogatzen dituztenak.

Hirigintza arloko edukiak:

–Egin gogo den jarduera gauzatzeak uki ditzakeen edo gauzatze hori baldintzatzen ahal duten beste azpiegitura eta/edo zortasun batzuei dagokienez, sustatzaileak, obrak egiten hasi aurretik, organo eskudunen behar adina baimen eskuratuko ditu, kasuan kasuko gaiaren arabera, edo, hala balegokio, ukituta gera daitezkeen jabetzei dagokienez egon daitezkeen kontzesio, zortasun edo akordioen arabera.

Zehazki, honako hauek:

  • Herri Lan Zuzendaritza Nagusiaren baimena, Nafarroako Errepideei buruzko 5/2007 Foru Legean ezarritakoarekin bat, izan ere proposatutako ibilbideak NA-1720 errepidea ukitzen du.
  • Jabari publiko hidraulikoa eta ibilguen zortasun eremuak ukitzen dituzten obren kasuan, Ebroko Ur Konfederazioaren aldez aurreko baimena beharko da, Urei buruzko Lege indardunean ezarritakoarekin bat.
  • Ibilbidearen zati batek herrilurrak ukitzen dituenez, obra lizentzia eman baino lehen, Udalak, ukitutako herrilurren toki entitate titularra den aldetik, baimena eskuratu beharko du, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Herrilurren Atalaren bidez, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu, izan ere, artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Artziko Udalari, Agoitz aldeko Basozaintzari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2014ko abuztuaren 21ean.–Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1411738