Iragarkia
195. ALDIZKARIA - 2014ko urriaren 6a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK
EBAZPENA, 2014ko irailaren 2koa, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiak emana. Honen bidez Nafarroako “Gozoki eta pastelen prestaleku eta fabrikak” sektorearen lan hitzarmen kolektiboaren testua erregistratu, gorde eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea erabakitzen da.
Ikusirik Nafarroako “Gozoki eta pastelen prestaleku eta fabrikak” sektorerako hitzarmen kolektiboaren testua (kodea: 31002705011981), erregistroan 2014ko abuztuaren 7an sartu zena, abuztuaren 7an berean sinatu zutena enpresaburuen legezko ordezkariek eta bertako sindikatuen ordezkarien zati batek (UGT eta CCOO), eta abuztuaren 20an zuzendua; Langileen Estatutuari buruzko legearen testu bategina onesten duen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan eta lan hitzarmen eta akordio kolektiboak erregistratu eta gordetzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat,
EBATZI DUT:
1. Nafarroako Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatzeko agintzea.
2. Ebazpen hau Negoziazio Batzordeari jakinaraztea, eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, denek jakin dezaten.
Iruñean, 2014ko irailaren 2an.–Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusia, Imelda Lorea Echavarren.
NAFARROAKO “GOZOKI ETA PASTELEN
PRESTALEKU ETA FABRIKAK” SEKTOREAREN LAN
HITZARMEN KOLEKTIBOAREN TESTUA
Arau orokorrak
1. artikulua. Lurralde eremua.
Hitzarmen kolektibo hau Nafarroako Foru Komunitate osoan aplikatuko da.
2. artikulua. Eremu funtzionala.
Hitzarmen kolektibo honek lan harremanak arautzen ditu, eta hurrengo lan jardueretan aplikatuko da:
Pastel, gozoki eta opilen prestaleku eta fabrikak, horietatik ondorioztatzen diren handizkako zein txikizkako merkataritza jarduerak barne.
3. artikulua. Langile eremua.
Hitzarmen honek aurretik aipatu enpresetan lan egiten duten langile finko zein behin-behineko langile guztiei eraginen die, salbu indarreko Langileen Estatutuaren lehenengo artikuluaren 3.c atalean sartzen ez diren eta araudi horren 2. artikuluan ezartzen diren goi-zuzendaritzako langileei.
4. artikulua. Iraunaldia.
Hitzarmen kolektibo honetan xedatutakoak indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean, eta atzerako eragina izanen du, ondorio ekonomikoak 2013ko urtarrilaren 1etik sortuko baititu.
5. artikulua. Indarraldia.
Hitzarmen honek 2013ko urtarrilaren 1etik 2016ko abenduaren 31ra arte iraunen du.
6. artikulua. Amaiera iragartzea.
Hitzarmen hau automatikoki salatuko da iraungitzen den unean, hau da, 2016ko abenduaren 31n.
Hitzarmena salaturik, Negoziazio Batzordeak gehienez hiru hilabeteko epea izanen du negoziazio prozesua hasteko. Horretarako, Negoziazio Batzordea eratuko da.
Langileen Estatutuaren 86.3 artikuluan aurreikusitako ondorioetarako, hitzarmenaren indarraldia amaitzean, beste hitzarmenik izan ezean, lehengoaren arauek indarrean segituko dute, hiru urtez gehienez ere, salatzen den egunetik hasita.
7. artikulua. Aplikatzeko araudia.
Hitzarmen honetan ezarri ez den guztirako, indarreko lege xedapenetan (batez ere, Pastelgintzako Esparru Akordioa, Langileen Estatutua eta geroko xedapen osagarriak) xedatutakoari jarraituko zaio.
8. artikulua. Baldintza hobeak.
Enpresetan gaur egun ezarrita dauden eta oro har hitzarmenekoak baino baldintza onuragarriagoak dakartzaten itunei, klausulei edo egoerei eutsiko zaie, horiek dauzkaten langileentzat.
9. artikulua. Konpentsazioa eta absortzioa.
Etorkizuneko erregelamenduzko edozein xedapenek hitzarmen honetan itundutako ordainsari guztiak konpentsatu eta irensten ahalko ditu oro har.
Konpentsazioak kalkulatzeko, hitzarmen honetatik ondorioztatzen den urteko ordainsari osoa eta lanbide kategoria bakoitzari dagokion legezkoa erkatuko dira. Hitzarmenekoa oro har legezko kalkuluaren berdina edo hortik gorakoa denean baino ez da ordainduko.
10. artikulua. Lan baldintzak ez aplikatzeko klausula.
1.–Kontzeptua.
Sektore honetara enplegu-egonkortasun handiagoa ekarriko duen esparru bat ezartzeko, beharrezkotzat jotzen da mekanismoak ezartzea haren alde, betiere prebentzio modura eta egoera honi loturik. Horretarako, aldi baterako bakarrik, zenbait lan baldintzatan ez da hitzarmena benetan aplikatuko.
Neurri horien helburua izanen da hitzarmena ez dadila aldi baterako benetan aplikatu; hori dena legezko eta hitzarmenezko esparruaren barnean.
Nolanahi ere, itundutako baldintza berriek ez dute hitzarmenarekiko lotura hausten gainerakoetan, eta beste klausula guztietan aplikatu beharko da.
2.–Ukitutako arloak.
Ondorio horretarako aldi baterako aplikazio ezak edo etenak ez ditu ukituko ondoko arloak, zeinak aplikatu beharreko enpresatik goragoko eremuko hitzarmen kolektiboan ezarri baitira, betiere galarazi gabe Langileen Estatutuaren 41. artikuluan ezarritakoa:
a) Lanaldia.
b) Ordutegia eta lanaldiaren eta lan denboraren banaketa.
c) Txandakako lan araubidea.
d) Laneko eta errendimenduko sistema.
e) Ordainketa sistema eta soldataren zenbatekoa.
f) Langileen Estatutuaren 39. artikuluan mugigarritasun funtzionalerako aurreikusten diren mugak gainditzen dituzten eginkizunak.
g) Gizarte Segurantzaren babesaren borondatezko hobekuntzak.
3.–Arrazoiak.
Lan baldintzak ez aplikatzeko, artikulu honetan ezarritako baldintzetan, arrazoi ekonomiko, tekniko, antolaketako edo produkziokoak izan behar dira.
Arrazoi ekonomikoak daudela ulertuko da enpresaren diru-sarreren maila etengabe jaisten denean edo enpresaren egoera eta aukera ekonomikoek eta, horren ondorioz, enpleguari eusteko aukerek eragin negatiboa pairatzen dutenean; arrazoi horiek daudela ulertuko da egoera ekonomiko negatiboa ondorioztatzen denean enpresaren emaitzetatik, adibidez egungo edo aurreikusitako galerak badaude edo diru-sarrera arrunten edo salmenten maila etengabe jaisten bada. Edonola ere, jaitsiera hori etengabekoa dela ulertuko da ondoz ondoko bi hiruhilekotan, hiruhileko bakoitzean, diru-sarrera arrunten edo salmenten maila aurreko urteko hiruhileko berarena baino baxuagoa bada. Hartara, ulertuko da arrazoi objektibo bat dagoela ez aplikatzeko.
Arrazoi teknikoak daudela ulertuko da produkzio baliabide edo tresnetan, besteak beste, aldaketak daudenean; antolaketako arrazoiak, berriz, langileen lan sistemetan edo produkzioa antolatzeko moduan, besteak beste, aldaketak daudenean; eta produkzioko arrazoiak, azkenik, enpresak merkaturatu nahi dituen produktu edo zerbitzuen eskarian, besteak beste, aldaketak daudenean.
4.–Prozedura.
4.1. “Arrazoiak” izeneko 3. puntuan lan baldintzak ez aplikatzeko aurreikusitako arrazoi bat duten enpresetan, langileen ordezkariei komunikatuko zaie lan baldintzak ez aplikatzeko nahia.
Langileek ordezkaritzarik ez badute enpresan, langileek aukera izanen dute nahi duten batzordeari esleitzeko ordezkaritza, hitzarmena negoziatzeko. Betiere, Langileen Estatutuaren 41.4 artikuluan xedatutakoaren arabera izendatuko da batzorde hori, hartan ezarritako ordenan eta baldintzetan.
Bi kasuetan prozeduraren hasiera komunikatuko zaio hitzarmenaren batzorde paritarioari.
4.2. Enpresaren komunikaziotik aurrera hasiko da prozedura, eta kontsultaldi bat hasiko da, langileen ordezkariekin edo izendatutako batzordearekin edo atal sindikalekin, horiek hala adosten dutenean, baldin eta enpresa batzordeko kideen gehiengoa badute, edo langileen ordezkarien artean gehiengoa.
Gehienez ere 15 eguneko epea izanen da hori, eta, hartan, enpresak erabaki hori hartzeko arrazoiei buruz hitz eginen da. Enpresak, aurreko lerroaldean aipatutako komunikazioarekin batera, eskaera babesten eta justifikatzen duen dokumentazioa eman beharko du. Azalpen gisa honako hau adierazten da, nahiz eta bestelakoa ere izan daitekeen: azalpen memoria, merkataritza-erregistroan aurkeztutako eta/edo auditatutako kontuak, egoeraren balantzea eta emaitzen kontua eta aurreikusitako urteko kontuen aurrerapena, edo, dokumentazio hori ez bada, antzekoa, enpresaren inguruabar zehatzei egokitutakoa.
Enpresak frogatu beharko du alegatutako arrazoiak arrazoizkoak eta proportzionalak direla eta enpresaren egoera hobetzen eta enpleguari eusten laguntzen dutela.
Edozein unetan, alderdiek erabakitzen ahal dute lan gatazken konponketa autonomorako prozedurak (Nafarroako Lan Auzitegiaren erregelamenduan araututakoak) erabiltzea kontsultaldiaren ordez. Ordezpen hori egiteko, alderdien (hots, enpresako zuzendaritzaren eta langileen ordezkarien) idatzizko eta berariazko akordioa behar da. Bertan kontsultaldia ordezteko alderdien asmo argi eta berariazkoa agertu beharko da, bai eta bitartekotza edo arbitraje prozedurari lotzeko berariazko erabakia ere, borondatezkoa izan behar dena.
4.3. Kontsultaldia akordioa lortuta bukatzen bada, ulertuko da lehen aipatutako arrazoietako bat badela, eta soilik jurisdikzio eskudunean aurkara daiteke iruzurragatik, doloagatik, hertsapenagatik edo eskubideaz abusatzeagatik.
Akordio hori hitzarmenaren batzorde paritarioari jakinarazi beharko zaio.
Hitzarmena ez aplikatzeko akordioak zehatz azaldu beharko ditu enpresan aplikatzekoak diren lan baldintza berriak eta haien iraupena. Azken hau ezingo da luzatu enpresan hitzarmen berri bat aplikatzekoa den unetik aurrera.
Lan baldintzak ez aplikatzeko akordioak ez du berekin ekarriko genero-arrazoiengatiko bazterketa desagerrarazteko betebeharrak ez betetzea, hitzarmenean ezarritakoak, edo, halakorik bada, enpresan aplikatzekoa den berdintasunerako planean aurreikusitakoak.
4.4. Kontsultaldian adostasunik ez bada eta behin kontsultaldia bukaturik, edo, kontsultaldiaren ordez Nafarroako Lan Auzitegiaren aurrean bitartekotza tramite bat erabiltzen bada eta alderdiek akordiorik erdiesten ez badute, edozein alderdik jar dezake desadostasuna hitzarmenaren batzorde paritarioaren menpe, eta horrek, gehienez ere, zazpi eguneko epea izanen du erabakitzeko, desadostasuna planteatzen zaionetik. Batzordearen esku-hartzea eskatzen ez bada edo batzordeak akordiorik lortu ez badu, alderdiek lan gatazken konponketa autonomorako prozedurak (Nafarroako Lan Auzitegiaren erregelamenduan ezarritakoak) erabili beharko dituzte, salbu eta alderdiek aldez aurretik kontsultaldiaren ordez lan gatazken konponbide autonomorako organo horren aurrean bitartekotza tramite bat erabili badute.
Arbitraje prozedurari lotzea borondatezkoa da eta, horregatik, beharrezkoa da alderdiek horren menpe jartzeko erabakia hartzea.
4.5. Kontsultaldia akordiorik gabe bukatzen denean eta aurreko lerroaldeko prozedurak ezin badira aplikatu, edo azken hauek desadostasuna konpondu ez badute, alderdietako edozeinek Hitzarmen Kolektiboetarako Aholku Batzorde Autonomikora jotzen ahalko du edo, hura eratu ez bada, Hitzarmen Kolektiboetarako Aholku Batzorde Nazionalera, eskuduna baldin bada. Organo horien erabakia organoan bertan hartuko da, edo haiek horretarako eta behar diren bermeekin izendatutako arbitro batek hartuko du. Hogeita bost eguneko gehieneko epean emanen da, gatazka organo horien menpe jartzeko erabakiaren datatik hasita. Erabaki horrek kontsultaldian lortzen diren erabakien eraginkortasun bera izanen du, eta errekurtsoa Langileen Estatutuaren 91. artikuluko prozeduraren arabera bakarrik jartzen ahalko da, eta, behar denean, bertan ezarritako arrazoietan oinarrituz.
4.6. Aurreko lerroaldeetan aipatzen diren prozeduren emaitza baldin bada lan baldintzak ez aplikatzea, horren berri eman beharko zaio lan arloko agintaritzari eta batzorde paritarioari, horren gordailua egin dezaten, besterik ez.
Kontratazioa
11. artikulua. Prestakuntza kontratuak.
Kontratu horien helburua da lanbide batean edo lanpostu kualifikatu batean egoki aritzeko behar den prestakuntza teorikoa eta praktikoa lortzea.
Prestakuntza kontratuei honako baldintza hauek aplikatuko zaizkie.
1. 16 urtetik gorako eta 21 urtetik beherako langileekin egiten ahalko dira.
2. Ezin izanen da kontratu mota hori erabili peoien eta garbitzaileen kategorietan prestakuntza kontratuak egiteko.
3. Alde negoziatzaileek adostu dute kontratua hiru urtera arte luzatzeko legeak ematen dien aukera onartzea.
Kontratazio mota honetan ordainsaria ondokoa izanen da: lehenengo urteko prestakuntza kontratuetarako, peoien kategoriako soldaten %75; bigarren urtekoetarako, soldata horren %85; eta hirugarren urtekoetarako, %100.
Halaber, prestakuntza kontratua duten langileek urtero aparteko bi eskersari eta mozkinetan partea izateko eskersari bat jasotzeko eskubidea izanen dute. Eskersari horiek hileko soldata adinakoak izanen dira.
12. artikulua. Langile gazteak.
Gutxieneko adina. Lan egiteko gutxienez 16 urteko adina beharko da, Lanaren Nazioarteko Erakundearen (LANE) horri buruzko ebazpena betetzearren.
Plusak: langile gazteak (ikastuna ez dena) bere soldataren araberako plusak jasoko ditu, beste edozein langileren zenbatekoan eta kalitatean.
Aparteko orduak: 18 urte bete arte debekaturik egonen dira. Adin horretatik aurrera, indarreko araudiari jarraituz egin ahal izanen dira.
13. artikulua. Lan kontratuak.
13.1. Errelebo kontratua: Langileen Estatutuari buruzko Legearen Testu Bategina onesten duen 1/1995 Legegintzako E.D.ren 12.7. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.
13.2. Enpresek planen eta kontratazio moten berri emanen diete langileen ordezkariei, betiere kontratazio motak behar bezala zehaztuta badaude.
13.3. Enpresek lan kontratazioaren berri emanen diete INEMeko Probintzia Batzordeetako sindikatuei zehatz-mehatz legez ezarri bezala, bereziki langileek ordezkari sindikalik ez daukatenean.
14. artikulua. Saltzailea.
Nafarroako “ Pastel eta gozokien prestaleku eta fabrikak” sektorearen probintziako hitzarmen kolektibo honetan 18 urtetik gorako saltzaileen lanbide kategoria sartu da. Langile horiek, beste betebehar eta eginkizun batzuen artean, bezeroei janari-edariak zerbitzatuko dizkiete.
Soldatari dagokionez, saltzaileen kategoria laguntzaileen kategoriarekin parekatuko da hiru urteko epean.
Kategoria horretarako hitzarmen honetan itundutako baldintzak ez zaizkie aplikatuko gaur egun beste hitzarmen bati lotutako saltzaileak dauzkaten enpresei.
18 urtetik gorako saltzaileen kategoriarako hitzarmen honetan ezarritako soldatari dagokionez, egoera onuragarrienak errespetatuko dira, horrelakorik baldin badago.
15. artikulua. Pastelgintzako laguntzailea.
–Definizioa:
Pastelgintzako laguntzailea da pertsona hura zeina, eskuzko hainbat trebetasun izanik, ematen zaizkion zereginak aise betetzen dituen, pastelgintzako prestaleku batekin loturik, betiere lanbideko esperientziarik eskatzen ez dutenak, ezta fabrikazio prozesua ezagutu beharra ere.
Hitzarmen hau sinatzen denetik aurrera, enpresek laguntzaile kategoriako langileak kontrata ditzakete, 16 hilabeterako gehienez, behar diren ezagutza teoriko-praktiko zehatzak hartzeko, lana behar bezala egiteko eta instalazioak, makinak eta lanbideko gainerako baldintzak ezagutzeko. Aldi horretan, enpresak prestakuntzarako nahi dituen bitartekoak jartzen ahal ditu, eta lanaldiaren barnean erabiliko.
Kategoria horretan egoteko gehieneko epea iraganda, langileak peoiaren kategoria hartuko du, horrek berez dakartzan baldintzekin.
Laguntzaile kategoria duten langileek hitzarmen honen eranskinean aurreikusitako ordainsaria jasoko dute.
–Bete beharreko egitekoak:
a) Lehengaiez/produktuaz hornitzea.
b) Lanabesak eta lanerako lekuak erabiltzea eta garbitzea.
c) Berrikustea/kokatzea eta distira ematea.
d) Kutxak eratzeko txirrika elikatzea, eskuz jasotzea.
e) Produktua Flow-pack-ean sartzea.
f) Erraz paratzekoak paratzea: betegarria, miniaturak, irudiak/frutak, mahaspasak, txartelak, Lacasitoak, cookieak.
g) Erroskak egiteko, erroska luzatzea eta lotzea.
Kategoria berri hau ez zaie aplikatuko jendaurreko establezimenduetan ari diren langileei (saltzaileak).
–Igoerak.
16. artikulua. Erdi mailako kargudunak eta profesional teknikoak.
16.1. Etengabeko prestakuntzarako eta lanbide jarduerarako eskubidea: 100 langile baino gehiago dauzkaten enpresetan aldi ordainduak ituntzen ahalko dira kapitulu honetarako.
16.2. Enpresek irizpide objektiboei jarraitu beharko diete erdi mailako koadroen igoera prozesuan.
16.3. Urtebetean sei hilabetez baino gehiagoz eta bi urtean zortzi hilabetez baino gehiagoz onartutako lanbide kategoriatik gorako kategoriari dagozkion zereginak egiten dituen langileak igoera eskatzen ahalko du enpresako zuzendaritzaren aurrean, edo bestela, berak egin dituen zereginei dagokien lanpostu hutsa betetzea, galarazi gabe bidezko soldata aldea erreklamatzea, enpresari aplika dakizkiokeen igoera arloko arauen arabera.
Enpresak uko egiten badio, enpresa batzordeak edo langileen ordezkariek txostena egin ondoren, langileak zilegi du jurisdikzio eskudunean erreklamatzea.
16.4. Lan arloan indarra duen legeria gainerako langileei bezala aplikatuko zaie koadroei, haien enpleguaren egonkortasuna funtsean ziurtatzeko.
Langileak lagatzeko kontratuak
17. artikulua. Aldi baterako laneko enpresak.
Aldi Baterako Laneko Enpresei buruzko 14/1994 Legeak eta lege hori garatzen duen 4/1995 Errege Dekretuak indarra hartzearen ondorioz beharrezkoa da enpresa horien bidezko zerbitzuetarako gutxieneko arauak adostea, gaur egun izan daitekeen nahasmendua saihesteko. Hona hemen arau horietako batzuk:
1. Langileak lagatzeko kontratua idatziz gauzatuko da beti.
2. Enpresa erabiltzaileak langileak lagatzeko kontratu bakoitzaren eta hori erabiltzeko arrazoiaren berri eman beharko die langileen ordezkariei, aipatu kontratuak gauzatu eta hurrengo 7 eguneko epean.
3. Ezin izanen da langileak lagatzeko kontraturik gauzatu hurrengo kasuetan:
–Greban dauden langileak ordezteko.
–Segurtasunerako edo osasunerako, erregelamenduz ezarri bezala, bereziki arriskutsuak diren jardueretan edo lanetan aritzeko.
–Langileak beste ABLE bati uzteko.
4. Enpresa erabiltzaileek ABLEen erabilerari buruzko aurreikuspenen berri emanen diete ordezkari sindikalei hilabete lehenago, gutxienez. ABLEetako langileen zerbitzuen inguruan sortzen den dokumentazioa ere ordezkari sindikalen eskura jarriko dute.
Hitzarmena sinatu duten aldeek erabaki dute ABLEek beren langileei ordaindutako ordainsariak eta hitzarmen honetan ezarritakoak berdinak izanen direla, 14/1994 Legea aldatzen duen uztailaren 16ko 29/1999 Legean xedatutakoaren arabera.
Xedapen hori indarrean egonen da, indarrean dagoen bitartean Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioak (CEN) eta UGT eta CCOO sindikatuek 1995eko ekainaren 8an sinatu zuten Lan Harremanetarako Nafarroako Sektore arteko Akordioa (1995eko 91. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, uztailaren 21ekoa), 2013ko berrikuspenaren arabera (2013ko 250. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 31koa).
Ordainsariak
18. artikulua. Ordainsariak.
Hitzarmen honen eraginpeko langileek, salbu beren enpresekin prestakuntza kontratuen bitartez lotutakoek, I. eranskinean ageri diren ordainsariak jasoko dituzte, alegia, eranskin horretan lanbide kategoria bakoitzerako ezarritako oinarrizko soldata egun naturaleko. Eranskin horretan antzinatasuna kalkulatzeko oinarrien taula ere badago.
Hitzarmenaren indarraldiko lehen urtean, 2013ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra arte, soldaten taulek ez dute igoerarik izanen 2012ko abenduaren 31n indarra zutenen aldean. 2014. urterako, adosten da 2013ko abenduaren 31n indarrean ziren soldaten taulak %0,75 igoko direla; 2015. urterako, adosten da 2014. urteko abenduaren 31n indarrean ziren soldaten taulak %1 igoko direla; eta 2016. urterako, 2015. urteko abenduaren 31n indarrean ziren soldaten taulek igoera hau izanen dutela: 2015. urteko KPI nazional erreala.
Soldatakoak
19. artikulua. Erregelamenduzko eskersariak.
Hitzarmen honen eraginpeko langileek bi eskersari berezi (hilabeteko oinarrizko soldata gehi antzinatasuna) jasotzeko eskubidea izanen dute; lehenbizikoa uztailaren 6a baino lehen ordainduko da eta bigarrena abenduaren 25ean.
Langileek dituzten egoera onuragarrienak errespetatuko dira.
20. artikulua. Mozkinetan parte hartzea.
Mozkinetan partea izan dezaten, enpresak eskersari bat ordainduko die langileei: hogeita hamar eguneko oinarrizko soldata gehi antzinatasuna eta langile bakoitzari dagozkion gainerakoak. Eskersari hori bi zatitan ordaintzen ahalko da: lehen zatia martxoan eta bigarrena irailean, biak hilaren 15a baino lehen.
Urtean zehar lanpostua eskuratu edo lanpostua utzi duten langileek, kanpainako langileek, behin-behinekoek eta bitartekoek ere jasoko dute eskersari hori, lan egindako denboraren arabera.
21. artikulua. Antzinatasuna.
Hitzarmen honen eraginpeko enpresetan lan egiten duten langileek antzinatasuna dela-eta 10 hirurteko jasoko dituzte. Antzinatasuna kalkulatzeko oinarriaren %6 kobratuko dute hirurteko bakoitzeko. Ikastun gisa edo administrazioko langilegai gisa ematen den denbora ere aintzat hartuko da horretarako.
I. eranskinean antzinatasuna kalkulatzeko oinarri gisa erabiltzen den taula ageri da.
22. artikulua. Gaueko lanaren plusa.
Gaueko ordutzat hartzen diren orduak, hau da, 22:00en eta 6:00en artean lan egindakoak, honako igoera honekin pagatuko dira, baldin eta enpresak eskatuta egiten badira:
2013ko urtarrilaren 1etik 2013ko abenduaren 31ra | 2014ko urtarrilaren 1etik 2014ko abenduaren 31ra | 2015eko urtarrilaren 1etik 2015eko abenduaren 31ra |
2,28 euro | 2,30 euro | 2,32 euro |
2016an, 2005eko abenduaren 31n indarrean den zenbatekoa 2015eko KPI nazionalaren arabera handituko da.
23. artikulua. Jarduera nekagarri eta osasungaitzak.
Etengabe jarduera nekagarri eta osasungaitzak egiten dituzten langileek oinarrizko soldataren %25 jasoko dute beren ordainsari arruntaz gainera.
Osagarri hori erdira murriztuko da, baldin aipatu jarduerak lanaldiko hirurogei minututik gorako denbora tartean egiten badira, baina lanaldi erdia baino gehiago hartu gabe.
Ondorio horretarako, jarduera nekagarritzat joko dira hotz ganberetan zero azpiko 10 gradu zentigradutik beherako tenperaturetan edo lokaletan 40 gradu zentigradutik gorako tenperaturetan egin ohi direnak.
Era berean, jarduera osasungaitzak izanen dira langileen osasunean asaldurak sor ditzaketen hauts edo gasak darizkien materia, elementu edo lekuetan egin ohi direnak, enpresak ezaugarri hori ezabatzen duten babes baliabide egokiak aplikatzen ez dituen bitartean.
Soldataz kanpokoak
24. artikulua. Laneko arropa.
Oro har, hitzarmen honi loturiko enpresek jakak, prakak, mantalak, kofiak edo txanoak, lan-jantziak edo lohihartzekoak eta oihalak emanen dizkiete beren lanagatik horiek behar dituzten langileei derrigorrez eta doan. Eta oro har, behar den beste edozein jantzi emanen diete. Halaber, enpresak berokiak, arropa egokia eta oinetako iragazgaitzak eman beharko dizkie hotz ganberetan lan egiten duten langileei eta eurien sasoian aire zabalean etengabe lan egin behar dutenei.
-25 ºC arteko tenperaturan egin beharreko lanetarako arropa hauek emanen zaizkie: peto eta jaka termikoak, behi-larruzko eskularruak, galtzerdi termikoak eta mendiko botak.
Arropak urtebeterako izanen dira, baina berez hondatzen badira epe hori bete aurretik berrituko dira.
Langileek arropa garbitu eta zaindu beharko dute. Horretarako, honako kantitate hauek ordainduko zaizkie hilabetero (oporraldiak ez du halakorik sorraraziko):
2013. URTEA | 2014. URTEA | 2015. URTEA |
27,06 euro | 27,26 euro | 27,54 euro |
2016an, 2015eko abenduaren 31n indarrean den zenbatekoa 2015eko KPI nazional errealaren arabera handituko da.
Lan denbora
25. artikulua. Lanaldia eta malgutasuna.
Hitzarmen honen indarraldian, urtean 1.774 benetako orduko lanaldia ezartzen da, egiaz lan egindako orduak, bai lanaldi zatituko langileentzat bai lanaldi jarraitukoentzat.
Benetako lanaren kontzeptuaren barnean, lanaldi jarraituan ogitartekorako hamabost minutuko atsedenaldia dagoela ulertuko da. Hamabost minutu baino gehiago irauten duen edozein atsedenaldi langilearen kontura izanen da, kaltetu gabe langileek benetako lanaldi errealerako dituzten baldintza onuragarrienak (urterako aurretik adierazitakoak baino laburragoak direnak).
Enpresako zuzendaritzak lanaldiaren banaketa ezarriko du urteko ordu kopuruaren barnean eta enpresaren beharrizanak kontuan hartuta. Izan ere, berak egin beharko du indarrean egonen den lan egutegia, hitzarmenak irauten duen bitartean.
Malgutasuna
Honako neurri hauek ezarri dira:
1. Egutegiko jaiegunak: enpresa edo lantoki bakoitzaren urteko lan egutegia prestatzean, enpresek zilegi izanen dute, beharrezkoa baldin bada, adostuta edo bere aldetik erabakita, gehienez ere hiru jaiegun aldatzea.
2. Ordu poltsa: ordu erabilgarrien poltsa hau ezarri da bezeroen, hornitzaileen edo enpresaren beraren inguruabarrek produkzio programetan eragiten dituzten gorabeherei aurre egiteko, puntako produkzioko aldiei edo eskarien galera eta murrizketei eusteko, galdutako produkzioak berreskuratzeko, bezeroaren aginduz produktu edo zerbitzuen hornidura aldi baterako eten ahal izateko eta antzeko kasuetarako. Hala, langile bakoitzaren urteko lanaldiari enpresak 40 ordu gehitu edo kendu ahal izanen dizkio, gehienez ere, hitzarmen honek indarra izanen duen urte bakoitzean.
Urteko lanaldiari gehitu edo kendutako lanorduak orduen poltsa horretara eramanen dira. Enpresako langile bakoitzak bere kontua izanen du eta bertan bere alde agertuko dira urteko lanaldiaz gainetik egin dituen lanorduak, eta enpresaren alde, egin gabe utzi dituenak.
Urteko lanalditik egin ez dituen lanorduak langileari ordaindu eginen zaizkio egin izan balitu bezala, eta haren kontuan enpresarentzako saldoan jarriko dira.
Urteko lanaldia kontuan hartuta, langilearen aldeko saldo positiboa, hau da, soberan egindako orduak, gehienez ere 40 ordukoa izanen da hitzarmenaren indarraldiko urteetako bakoitzean.
Abenduaren 31n kontuan (behin orduen murrizketa eta konpentsazioa eginik) langilearen aldeko saldoa badago, hitzarmena indarrean dagoen bitartean langileak aukeratu ahal izanen du orduen saldo hori hurrengo urtera eramatea edo enpresak dirutan pagatzea urtarrileko nominan. Bigarren kasuan, soberako orduak aparteko ordu gisa ordainduko dira. Orobat, abenduaren 31n enpresaren aldeko ordu saldoa izanez gero, langileak aukera dezake saldo negatibo hori hurrengo urtera eramatea, konpentsatzeko, edo ordu horiek dirutan deskontatzea, urtarrileko nominan.
Ordu erabilgarriak, beharrezkoak izanez gero, lanegunetan egin daitezke, eta larunbat goizetan izanen dira, goizeko txandan, astelehenetik ostiralerako lan txanda duten langileentzat.
3. Lanaldiaren banaketa irregularra: eguneko lanaldia ordu bat handitzen edo txikitzen ahal da, halako moduz non itundutako urteko lanaldia errespetatuko baita, egutegian programatutako egunak aldatu gabe.
1., 2. eta 3. neurriek muga hau izanen dute: urteko lanaldiaren %5. Neurri horiek hartzeko 72 lehenago abisatu beharko da.
26. artikulua. Aparteko orduak.
Ikusirik langabeziaren egoera larria eta enpleguak sortzen laguntze aldera, bi aldeak ados jarri dira aparteko orduak ezinbesteko kasuetara murrizteko, irizpide hauei jarraituz:
26.1. Ohiko aparteko orduak kentzea.
26.2. Ezbeharrak edo bestelako kalte ez-ohiko eta urgenteak konpontzeko aparteko orduak egitea, eta orobat, lehengai galkorrak galtzeko arriskurik bada.
26.3. Egiturazko ordutzat joko dira eskariengatik, puntako ekoitzaldiengatik, ustekabeko absentziengatik edo mantentze lanengatik egin beharreko aparteko orduak, baldin eta legeetan aurreikusiriko aldi baterako edo lanaldi partzialeko kontratazio motaren bat baliatzerik ez badago. Nahitaez eginen dira. Enpresak arrazoiak jakinarazi beharko dizkie langileei aldez aurretik, ahalik eta lasterren. Halaber, adieraziko die gutxi gorabehera zenbat ordu egin beharko dituzten eta nola banatuko diren.
26.4. Aparteko orduak denborarekin konpentsa daitezke, denbora bereko atsedenaren bidez, edo ordainduz. 2013ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarteko aldirako, aparteko orduaren gutxieneko prezio hau ezarri da: saltegiko langileentzat (saltzaileak) 9,19 euro; eta prestalekuko langileentzat 10,05 euro. 2014ko urtarrilaren 1etik aurrera, hitzarmenaren indarraldian, aparteko ordua 13,00 euro gordin orduko izanen da arduradunarentzat, 12,00 euro gordin orduko ofizialentzat eta 11,00 euro gordin orduko gainerakoentzat. Larunbat, igande eta jaiegunetan egiten diren aparteko orduengatik %15 gehiago ordainduko da.
27. artikulua. Oporrak.
Hitzarmen honen eraginpeko plantillako langileek hogeita hamar egun naturaleko oporrak izanen dituzte urtean, hitzarmeneko benetako soldataren arabera ordainduak.
Langile berriek oporretatik dagokien zati proportzionala izanen dute, eta lanpostua uzten dutenek, berriz, lan egindako denboraren likidazioa jasoko dute.
Langileek hogeita hamar opor egunetatik hogei, gutxienez, ekainaren hamabostetik irailaren hogeita hamarrera bitartean hartzeko aukera izanen dute. Hogei egun horiek jarraian hartu beharko dituzte.
Nafarroako Gobernuak legezko arauetan urtero ezartzen dituen 14 jaiegunak oporren jarraian edo oporrekin batera hartuz gero, langileek 2 opor egun gehiago izanen dituzte.
Langileek beren oporrei lanaldi bat gehitu ahal izanen diote. Oporrei gehitu ezean, lanaldi hori nahi dutenean hartzen ahalko dute, enpresako zuzendaritzari 15 egun lehenago abisua emanda.
Ezintasun egoeran egoteagatik edo, amatasuna edo aitatasuna dela-eta lan kontratua etenda izateagatik, langileak ezin baditu oporrak itundutako egunean hartu, osorik edo partez, eskubidea izanen du beste data batzuk ezartzeko, behin alta medikoa hartu ondoren edo etenaldia bukatu ondoren, Langileen Estatutuaren Legearen Testu Bateginaren 38.3 artikuluan ezarritako baldintzekin bat.
28. artikulua. Jaiegunetako lana.
Ordaintzekoak eta errekuperatu ezinezkoak diren jaiegunen ordainetan atsedenaldia beste lanegun batera pasatzen denean, –indarreko hitzarmenaren 27. artikuluko 4. idatz-zatian ezarritako egun kreditua metatu gabe, baizik eta banaka hartuz–, ordezko atseden egunaz gainera 51,50 euro ere hartuko dira 2013. urtean, 51,89 euro 2014. urtean eta 52,41 euro 2015. urtean. 2016. urtean, 2015. urterako ezarritako zenbatekoa 2015. urteko KPI erreal nazionalaren arabera igoko da. Langileak aukeratuko du atseden eguna, muga hauen barnean:
A.–Enpresak hautapenetik kanpo utz ditzake produkzio handiko aldiak (gehienez 90 egun urtean). Enpresak otsailaren 1a baino lehen jakinarazi behar die langileei zein diren konpentsaziorako hautatu ezin diren egunak. Hori egin ezean, produkzio handieneko alditzat hartuko dira herriko jaiak (zaindariarenak zein bestelakoak), Aste Santua eta Eguberriak.
B.–Nolanahi ere, langileak konpentsazioko atsedenaldia hartu nahi duen eguna baino 10 egun lehenago jakinarazi beharko dio enpresaburuari; aipatu atseden egunen artean 15 eguneko epea egon beharko da, gutxienez ere.
29. artikulua. Zaindariaren eguna.
2013. urtean, hitzarmen honen eraginpeko langileak zaindariaren egunaz gozatu ahal izan daitezen, jaiegun hori Gurutze Santuaren Gorapenaren Egunean (irailaren 14a) ezartzea adostu da. Egun horretan lanaldia 4 ordukoa izanen da.
Halaber, 2013. urtean, hitzarmen honen eraginpeko langile guztiei eskersaria emanen zaie aipatu jaia dela eta. Eskersariaren zenbatekoa 49,53 euro izanen da kategoria guztietako langileentzat.
2014. urtean, Gurutze Santuaren Gorapenaren Eguna (irailaren 14a), pastelgilearen eguna, laneguna izanen da ondorio guztietarako, eta gainerako lanaldien tratamendu bera izanen du.
Halaber, jai hori dela-eta langileek jasotzen zuten eskersaria, hainbanatu egin da aurten eta etorkizunerako, urteko 15 pagetan. Hortaz, oinarrizko soldatan sartu da, eranskineko soldaten tauletan agertzen diren kategorietarako.
30. artikulua. Eguberrietako jaiak.
Prestalekuetan ez da lanik eginen abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean (Eguberri eguna eta Urteberri eguna, hurrenez hurren). Egun horiek ordaintzeko eta berreskuratu ezinezko jaieguntzat joko dira ondorio guztietarako. Era berean, hitzarmen honetan “saltzaile” deitutako langileek ere jai izanen dute egun horietan.
31. artikulua. Lizentziak.
Langileak baimen ordainduak izateko eskubidea izanen du hurrengo kasuetan eta zenbatekoan:
–Ezkontza: 22 egun.
–Odol- edo ezkontza-ahaidetasuneko 2. maila arteko senitarteko baten ezkontza: egun bat.
–Ezkontidearen edo seme edo alaba baten heriotza: 6 egun natural.
–Ezkontidearen gaixotasuna, ospitaleratuta egonik, edo erditzea edo seme-alaben jaiotza, behar bezala frogaturik: 5 egun natural. Egun horiek ez dira jarraian hartu behar derrigorrean: langileak nahi duenean hartzen ahal ditu egunak, betiere ezkontidea ospitaleratuta dagoen bitartean. Seme edo alaba baten jaiotza: 5 egun. Horietatik hiru jaiotzaren hurrengo hamar eguneko epearen barrenean hartzen ahal dira. Dena dela, zehaztu behar da goian aipatutako lizentziak egun bat luzatuko direla langileak 100 km-tik gorako joan-etorria egin behar duenean, eta 2 egun, joan-etorria 200 km-tik gorakoa denean.
–Seme edo alaba baten gaixotasun larria edo ospitaleratzea: 4 egun natural. Horietatik bat urtean behin emanen da bakarrik.
–Seme edo alaba baten jaunartzea: egun bat.
Langileen Estatutuaren 37.3.b) artikuluak aipatu odol- edo ezkontza-ahaidetasuneko 2. maila arteko senitarteko bat ospitaleratuta egoteagatiko baimenei dagokienez, baimen egunak langileak eskatzen duenean eta ospitaleratze aldiak irauten duen bitartean hartzen ahalko dira; hala ere, baimena hartzen den unean egun guztiak jarraian hartu beharko dira.
Gaixorik egoteagatik edo seme edo alaba bati laguntzeagatik edo ezkontideari edo izatezko bikotekideari laguntzeagatik langileak medikuaren kontsultara joan behar badu bere lanaldian, horretarako 14 orduko kreditua izanen du urtean hitzarmen honen indarraldian. Medikuarengana joaten den bakoitzean baimen hori erabiltzeko gehieneko aldia bi ordukoa izanen da, eta medikuaren ziurtagiriaren bidez justifikatu beharko da irtenaldi bakoitza. Ziurtagirian eguna, ordua eta kontsultaren ardura duen medikua agertuko dira. Medikuaren kontsultara joateko 20 kilometrotik gorako joan-etorria egin behar badu, baimen hau erabiltzeko gehieneko denbora 4 ordukoa izanen da medikuarengana joaten den aldiro.
Artikulu honetan ezarritako baimenak izatezko bikoteen kasuan ere aplikatuko da, bizikidetzako ziurtagiria aurkeztu ondoren eta bidezko erregistroan behar bezala inskribatuta egonez gero.
Edozein modutan ere, hitzarmen hau izenpetzean enpresetan lehendik dauden akordio eta eskubideak orokorrean hobeak badira, errespetatu eginen dira.
Artikulu honetan aurreikusi ez den orotan Langileen Estatutuan ezarritakoa beteko da.
32. artikulua. Esnea emateko baimena.
Emakumezko langileek haurrari esnea emateko eguneroko ordua metatzen ahalko dute, gehienez ere 13 egun osatu arte. Amatasun bajaren segidan hartzen ahalko dituzte egun horiek. Baimen hau amak edo aitak hartzen ahalko du, biak lanean ari badira.
33. artikulua. Seme edo alaba bat zaintzeko lanaldi murrizketa.
Legezko zaintzapean hamabi urtetik beherako adingaberen bat duten langileek lanaldia murrizteko eskubidea izanen dute Langileen Estatutuaren 37. artikuluaren 5. eta 6. idatz-zatietan ezarritako baldintzetan, eta horren araberako soldata murrizketa eginen zaie.
34. artikulua. Lanaldia borondatez murriztea.
Hitzarmen honetan aldeek lortu duten akordioari jarraiki, sektoreko enpresei gomendioa egin nahi zaie berariaz, langileek beren borondatez lanaldia etengabeko 6 hilabeteko gutxieneko aldian %50 murrizteari begira egiten dituzten eskaerak aztertu eta ahal den neurrian erantzun diezaieten. Murrizketa horrek soldataren murrizketa proportzionala ekarriko du.
35. artikulua. Soldatarik gabeko lizentzia.
Langileen Estatutuaren 46. artikuluan araututako lizentziez gainera, enpresan gutxienez bi urte lanean eman dituen langileak soldatarik gabeko lizentzia eskatzen ahalko du hilabete batetik hirurogei egunera bitarteko aldirako, hurrengo baldintzen arabera:
1. Idatziz eskatu beharko da, hilabete bat lehenago, gutxienez.
2. Enpresak eskaerei erantzunen die sarrera egunaren ordena zehatzari jarraikiz.
3. Atal eta kategoria bereko bi langilek ezin izanen dute lizentzia hori aldi berean hartu.
4. Lizentzia hori eskuratu duen langileak ezin izanen du berriro eskatu bi urteko epean.
5. Enpresak 20 langile baino gutxiago baditu, urte bakoitzean langile bakar batek hartzen ahalko du lizentzia. Enpresak 20 langile baino gehiago baditu, urte bakoitzean plantillako langileen %5ek hartzen ahalko dute lizentzia gehienez.
6. Egoera horretan dagoen langileak baja eta alta hartuko ditu enpresan, Gizarte Segurantzaren ondorioetarako.
Kontratutik ondorioztatzen diren eskubideak eta betebeharrak
36. artikulua. Osasun azterketa.
Maiatzaren 15eko 113/87 Foru Dekretuan eta Pastelgintzako Esparru Akordioan agindutakoa betetzeko, elikagaien manipulazioan modu gutxi-asko zuzenean esku hartzen duten pertsona guztiei aldian behin osasun azterketa eta zainketa eginen zaie, eta elikagaien manipulatzailearen txartela eduki beharko dute. Txartel hori legezko arau aplikagarrietan eskatzen den bezala berritu beharko da. Halaber, aipatu foru dekretuaren 2.A artikuluak arrisku handiko janari-erabiltzaileak diren aldetik pastelgintzako prestalekuetako langileei ematen dien arreta kontuan harturik, 31/1995 Legearen 22. artikuluan aipatzen diren osasun azterketak nahitaezkoak izanen direla adostu da, eta langileak osasun azterketa horri uko egitea hutsegite oso larria izanen dela.
Enpresak ordainduko ditu zerbitzu horrek sortzen dituen gastuak.
Hitzarmen honi lotutako langileek elikagaien manipulatzaileen txartela eduki dezaten, enpresek bidezko jarraibideak eta hori lortzeko beharrezko erraztasunak emanen dizkiete beren langileei. Elikagaien manipulatzaile txartela berritzeko gastuak enpresaren kargura izanen dira. Halaber, elikagaien manipulatzaile txartela berritzeko ikastaroak lanalditik kanpo egiten badira, denbora hori ordaindu eginen da.
37. artikulua. Eritasuna.
Gaixotasunagatiko baja hartu behar izanez gero, enpresak Gizarte Segurantzak emandako sarien eta hitzarmen honen ordainsari guztien arteko aldea ordainduko du lehenengo egunetik aurrera, betiere absentismoaren indize kolektiboa %4tik gorakoa ez bada baja egunaren aurreko urtean. Enpresek absentismoaren indizea ezartzeko jarraitu duten kalkulua adierazi beharko diote langileari. Amatasun baja ez da horretarako kontuan hartuko. Gainditzen baldin bada, legean ezarritakoari eutsiko zaio.
Aurreko lerroaldean ezarri dena gorabehera, enpresak soldata kontzeptu guztien %100 bermatuko du baja hartu gabe 18 hilabeteko aldia eman ondoren gertatzen diren gaixotasun edo lanekoa ez den istripuagatiko baja guztietarako, absentismoaren ehunekoak alde batera utzirik.
Haurdunaldiaren arriskuagatiko aldi baterako ezintasuna.–Hitzarmen honen eraginpeko langileek, haurdunaldiaren arriskuagatik aldi baterako ezintasun egoeran suertatuz gero, Gizarte Segurantzak ordaintzen duen sariaren osagarria jasotzeko eskubidea izanen dute bajaren lehenengo egunetik eta egoera horretan dauden bitartean, beren soldataren %100 jaso arte.
38. artikulua. Istripuak.
Lan istripuagatiko aldi baterako ezintasun egoeran, langileak eskubidea izanen du istripua gertatu den unean jasotzen zuen ordainsari osoa jasotzeko. Horretarako, enpresak istripu aseguruaren prestazioak osatuko ditu.
Onura horiek istripua gertatzen den egunean hasiko dira eta aldi baterako ezintasun egoerak adina iraunen dute.
39. artikulua. Aseguruen poliza.
Hitzarmen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hilabete bat igaro ondoren ondorioak izanik, enpresek aseguru poliza kolektiboa itundu beharko dute, hurrengo kasuak estaltzeari begira:
a) 53.684 euroko kalte-ordaina 2013. urtean, 54.087 eurokoa 2014. urtean eta 54.627 eurokoa 2015. urtean, lan istripuaren ondoriozko ezintasun absolutuaren edo osoaren kasuetan. 2016an, 2005eko abenduaren 31n indarrean den zenbatekoa 2015eko KPI nazional errealaren arabera handituko da.
b) 46.060 euro kalte-ordaina 2013. urtean, 46.406 eurokoa 2014. urtean eta 46.870 eurokoa 2015. urtean, lan istripuaren ondoriozko edo eritasun profesionalaren ondoriozko heriotzaren kasuan. 2016an, 2005eko abenduaren 31n indarrean den zenbatekoa 2015eko KPI nazional errealaren arabera handituko da.
40. artikulua. Kanpainako eta behin-behineko langileak.
Kanpainako eta behin-behineko langileek, aldizkako lana egiteagatik, konpentsazio gisa sei eguneko oinarrizko soldata jasoko dute lan egindako hilabete bakoitzeko, beren kategoriari esleitutako ordainsaria edozein izanda ere. Diru kopuru hori kontratu bakoitza amaitzean jasoko dute. Enpresan plantillako langile finkoen kategorian lanean jarraitzen duen langileak eskubide hori galduko du.
Behin-behineko, bitarteko edo kanpainako langile batek kontratua sinatzen duenean, aurrean izanen dira, lekuko gisa, enpresako delegatu bat eta enpresan diharduen sindikatu baten ordezkaria, eta sinatu eginen dute.
41. artikulua. Erretiro aurreratua (berezia 64 urterekin).
Arau iragankorren aplikazioaren ondorioz erretiro mota hori dagoen kasuetan, uztailaren 17ko 1194/85 Errege Dekretuan xedatutakoari segituko zaio. Bertan ezarritakoa espresuki onartu beharko dute enpresek eta, beraz, errege dekretu horretan erretiro berezien gainean eta langile erretiratuak ordezteko kontratazio berrien gainean ezarritakoa bete beharko dute; ordezteko kontratazio horien iraupena, gutxienez, urtebetekoa izanen da.
Enpresako ordezkaritza organoak
42. artikulua. Hauteskunde sindikalak.
Enpresa batzorderako hauteskundeen kasuan, 1etik 7rako kotizazio taldeak (biak barne) teknikarien elkargoari atxikirik egonen dira, eta elkargo horretan eman beharko dute botoa. Gainerako kotizazio taldeak espezialisten elkargoko parte izanen dira, eta elkargo horretan emanen dute botoa.
43. artikulua. Ordezkari sindikalen orduak.
Enpresa batzordeko kideen eta langileen ordezkarien orduak –guztiak edo parte bat– kide baten edo batzuen eskura jar daitezke, baina Legeak ezarritako gehieneko kopurua gainditu gabe. Orduak hartzen dituena lan egitetik libre gelditzen ahal da, soldata kobratzea deusetan galarazi gabe. Bakoitzaren ordu kopurua, bai eta metatutakoa ere, sei hilean behin kontatuko da.
44. artikulua. Langileek enpresan parte hartzeko eskubidea.
Hitzarmen honen eraginpeko langileek enpresan parte hartzeko eskubidea izanen dute, legez eratutako ordezkaritza organoen bidez eta Langileen Estatutuaren 64. artikuluak eta hurrengoek emandako eskumenekin.
45. artikulua. Lan osasuna.
Hitzarmen honen eraginpeko langileek Laneko Segurtasun eta Osasun Batzordea osatuko dute probintzia mailan, eta langileek gai horri buruz azal daitezkeen arazo eta kexa guztiak aurkeztuko dizkiote. Hitzarmena sinatu duten sindikatuetako bina kidek osatuko dute Batzorde horretako ordezkaritza sindikala.
Batzorde horrek kexak bideratzen ahalko ditu Pastelgintza, Gozogintza eta Bonboigintzako enpresaburu artisauen Nafarroako Elkartearen (ANEP) aurrean, eta arazoak konpondu ezean, kexak aurkezten ahalko ditu erakunde eskudunen aurrean.
Prebentzio ordezkariek eta Laneko Segurtasun eta Osasun batzordeetako kideek langileen ordezkarien eta enpresa batzordeetako kideen ordu kreditu bera izanen dute.
Gatazkak konpontzeko prozedura.
46. artikulua. Batzorde paritarioa.
Hitzarmen hau aplikatzerakoan eta sektoreko enpresetan emandako prestakuntza teorikoa ebaluatu eta aztertzerakoan sor daitezkeen zalantzak argitzeko asmoz eta Lan Administrazioko Agintaritzaren eskumenen kalterik gabe, Batzorde paritarioa hautatu da, hitzarmen hau egiten parte hartu eta sinatu dutenen artean sindikatuen hiru kidek eta enpresaburuen hiru kidek osatua, beren ordezkaritzaren arabera.
Batzorde paritarioaren eginkizunak:
a) Hitzarmen hau aplikatu eta interpretatzearen ondoriozko auzien berri izatea.
b) Hitzarmen honetan berariaz esleitzen zaizkion gainerako eginkizunak, hitzarmenaren testu artikuluduna aldatzekoa izan ezik, hori Negoziazio Batzordearen eskumen esklusiboa baita.
c) Hitzarmen honetan itundutakoa betetzen dela begiratzea.
Batzorde paritarioak denen intereseko arloetan hartzen dituen akordioak hitzarmen honen partetzat joko dira eta horiek ere bete beharrekoak izanen dira. Halako akordioak lan arloko agintaritzari igorriko zaizkio, erregistra ditzan.
Batzorde paritarioa biltzeko deia erakunde sinatzaileetako edozeinek eginen du, eta horretarako aski izanen da idatzizko komunikazio bat, eguneko gai zerrenda azalduko duena, aurkeztea.
Batzorde paritarioa bilduko da gaiaren garrantziaren arabera komeni den epearen barnean, baina deialdia egin eta hamabost eguneko tartean beranduenez.
Epe horretan batzordea biltzen ez bada, batzorde paritarioaren esku-hartzea amaitu dela ulertuko da eta interesatuak bidezko iruditzen zaizkion ekintzak baliatu ahal izanen ditu.
Batzorde paritarioa behar bezala eratutzat joko da ordezkaritza bakoitzaren gehiengo soila bertaratzen denean. Alderdiak bileretara joaten ahal dira bina aholkulari hartuta, gehienez.
Batzorde paritarioak erabakiak hartu ahal izateko, batzordekide guztien erdiek gehi batek eman beharko dute aldeko botoa.
Bilera bakoitzaren akta eginen da, eta idazkari lanetan ari direnek eta alderdi bakoitzeko ordezkari batek sinatuko dute.
Alderdiek Batzorde paritarioaren mende jarri behar dituzte sortzen diren interpretazioko edo interes orokorreko gai guztiak, edozein ekintza judizial edo administratiboren aurretik, nahiz horrek ez duen galarazten gero eskubide kolektiboak erabili ahal izatea. Nolanahi ere, onustearen printzipioari jarraituz negoziatu beharko da.
Langileen Estatutuaren 41. artikuluko kasuetarako, non langileen legezko ordezkaririk ez egonik langileek ordezkaritza uzten dioten Langileen Estatutuaren 41.4 artikuluan xedatutakoarekin bat izendatutako batzorde bati, prozedura honako hau izanen da:
1. Kontsultaldia akordiorik izan gabe bukaturik, enpresak Batzorde paritarioari idazki arrazoitu bat igorriko dio, lan baldintzak nabarmen aldatzeko eskaera justifikatzeko zergatikoak azaltzen dituena. Idazkian ukitutako langileen kopurua azalduko da, arrazoiak, eta zenbat denborarako izanen den. Gainera, eskaera justifikatzeko agiriak erantsiko ditu. Hitzarmenaren batzorde paritarioak idazkia jaso eta hurrengo 15 egunetan ebatziko du.
2. Desadostasunik badago, alderdiek lan gatazken konponketa autonomorako prozedurak (Nafarroako Lan Auzitegiaren erregelamenduan ezarritakoak) erabili beharko dituzte, salbu eta alderdiek aldez aurretik kontsultaldiaren ordez lan gatazken konponbide autonomorako organo horren aurrean bitartekotza tramite bat erabili badute.
Arbitraje prozedurari lotzea borondatezkoa da eta, horregatik, beharrezkoa da alderdiek horren menpe jartzeko erabakia hartzea.
Jakinarazpen eta deietarako, Batzorde paritarioaren helbidea Nafarroako Lan Auzitegiaren egoitza izanen da (Kale Berria, 30-32 behea, 31001, Iruña).
47. artikulua. Nafarroako Lan Auzitegia.
Alderdiek erabaki dutenez, lan hitzarmen kolektibo honen interpretazioan eta aplikazioan sor daitezkeen gatazka kolektiboak ez ezik, baita haren aplikazio eremuko langileengan eta enpresaburuengan eragina izan dezaketen beste guztiak ere, Nafarroako Lan Gatazkak Konpontzeko Auzitegira eramanen dira, adiskidetze eta bitartekotza faseetan.
Era berean, adierazten dute ahaleginak eginen dituztela ukituriko alderdiak auzitegi horren arbitraje prozeduraren esanetara jar daitezen.
Beraz, artikulu honek balio du alderdiak gatazkak konpontzeko arbitraje-organo horri berariaz atxikitzeko, eraginkortasun osoa duela, eta ondorioz, itunak enpresaburuak, ordezkari sindikalak eta langileak behartzen ditu beren desadostasunak aipatu organoaren bitartekotza eta adiskidetze prozeduretan azaltzera, epaitegietara jo aitzin. Hartaz, ez da nahitaezkoa alderdien desadostasun edo gatazka bakoitzerako atxikimendu berariazkoa eta banakakoa egitea, arbitrajera lotzeko ez bada, zeina bultzatzeko eta sustatzeko konpromisoa hartu baitute lan hitzarmen honen sinatzaileek.
LEHENDABIZIKO KLAUSULA GEHIGARRIA
Hitzarmena sinatu duten aldeek adierazi dute 1997ko maiatzaren 1ean indarra hartu zuen hitzarmenean sinaturiko akordioa aplikatuz eta egun horretatik aurrera zenbatutako 5 urteko aldian, jarduera-plusak izan zituen igoerak oinarrizko soldataren barnean sartu zirela. Gainera, 5 urteko aldi horretan oinarrizko soldatak jarduera-plus hori irentsi zuen, unean uneko plusaren 1/5 urtean, eta irenspen horrek ez zuen inolako igoerarik ekarri.
BIGARREN KLAUSULA GEHIGARRIA
Berdintasunerako planak
3/2007 Lege Organikoan ezarritakoarekin bat, enpresek tratu eta aukera berdintasuna errespetatu behar dute lan esparruan, eta xede horretarako, lanean emakumeen eta gizonen arteko edozein bereizkeria eragozteko neurriak hartu behar dituzte. Neurri horiek langileen legezko ordezkariekin negoziatu beharko dituzte, lan arloko legerian zehazten den moduan.
Enpresak 250 langile baino gehiago baditu, lantoki bakarra nahiz lantoki gehiago izan, aurreko paragrafoan aipatutako berdintasun arloko neurriak biltzen dituen berdintasunerako plana egin eta aplikatu beharko da.
Enpresek, gainera, berdintasunerako plana prestatu eta aplikatuko dute, aldez aurretik langileen legezko ordezkariekin, hala bada, negoziatu edo kontsultatuta, lan arloko agintaritzak zehapen prozedura batean erabaki badu zehapen osagarrien ordez plan horren prestaketa eta aplikazioa ezartzea, aipatu erabakian finkatzen den moduan.
Gainerako enpresek beren borondatez egin eta ezar ditzakete berdintasun planak, aurretik langileen legezko ordezkariei kontsulta eginda.
A.–Berdintasunerako planen kontzeptua:
3/2007 Lege Organikoan ezarritakoaren arabera, enpresetako berdintasunerako planak egoeraren diagnostikoa egin ondoren ezartzen diren neurrien multzo ordenatuak dira. Haien bidez, enpresan emakumeen eta gizonen arteko tratu eta aukera berdintasuna lortu behar da eta sexuagatiko bereizkeria ezabatu.
Berdintasun planetan finkatuko dira berdintasunaren arloko helburu zehatzak eta horiek lortzeko erabili beharreko estrategiak eta jardunbideak. Halaber, helburuen jarraipenerako eta ebaluaziorako sistema eraginkorrak ezarriko dira.
B.–Egoeraren diagnostikoa:
Lortu behar diren berdintasun helburuak finkatu aurretik, enpresek egoeraren diagnostikoa eginen dute, lan baldintzen inguruko datuak biltzeko sexuaren arabera sailkaturik. Gai batzuk arreta bereziz aztertuko dituzte, hala nola laneratzeko aukera, prestakuntza, lanbide sailkapena, lana ordaintzeko eta lanaldia antolatzeko baldintzak, lana, familiako bizitza eta bizitza pertsonala uztartzea, etab. Horrela atzemanen dira gizonen eta emakumeen arteko tratu edo aukera desberdineko egoerak, arrazoi objektiborik eta zentzuzkorik gabeak, edo sexuarengatiko bereizkeriak, halakorik bada; horrekin batera, haiek zuzentzeko helburuak finkatu beharko dira.
Enpresek horren guztiaren berri emanen diete idatziz langileen ordezkariei, eta horiek txostena egiten ahalko dute, egokia iruditzen bazaie.
Egoeraren diagnostikoan sexuaren arabera banatutako datuak emanen dira honako gai hauei buruz, besteak beste:
–Plantillaren banaketa: adina, antzinatasuna, hierarkiako maila, lanbide taldeak eta prestakuntza maila.
–Plantillaren banaketa: kontratu motak.
–Plantillaren banaketa: lanbide taldeak eta soldata taldeak.
–Plantillaren banaketa: lanaldiaren antolamendua, urteko lanorduak, txanden araubidea eta familiako bizitza eta lana bateratzeko neurriak.
–Plantillaren banaketa: ordezkaritza sindikala.
Azken urtean enpresan sartu diren langileak eta enpresa utzi dutenak: lanbide taldea, adina eta kontratu mota.
Absentismo mailak, absentismoaren arrazoiak zehaztuta: baimenak, ezintasunak eta beste batzuk.
Azken urteko eszedentziak eta horien arrazoiak.
Azken urteko igoerak: zein lanbide taldetara eta lanpostutara igo den zehaztuko da, bai eta mugigarritasun geografikoari lotutako igoerak ere.
Azken urteko prestakuntza orduak eta prestakuntza ekintzen motak.
Ondokoak ere sartu behar dira diagnostikoan: langileak aukeratu, trebatu eta mailaz igotzeko prozesuetan erabiltzen diren irizpideak eta informazio edota komunikazio bideak; lanbide profilen eta lanpostuen deskribapenetan erabiltzen diren metodoak; enplegu eskaintzetan eta langileak aukeratu, trebatu eta mailaz igotzeko prozesuetan parte hartzeko eskaera-orrietan erabiltzen den hizkuntza eta agiri horien edukia.
C.–Berdintasunerako planen helburuak.
Egoeraren diagnostikoa egin ondoren, bildutako datuetan oinarrituta, lortu beharreko helburu zehatzak ezartzen ahalko dira; adibidez, ekintza positiboko neurriak arrazoi objektiborik gabe emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak dauden gaietan, edo tratu berdintasunaren eta bereizkeriarik ezaren printzipioa eraginkortasunez aplikatzeko neurri orokorrak.
Helburu horien artean sartzen dira haiek lortzeko estrategiak eta praktikak. Lehentasunezkoak izanen dira lana lortzea, prestakuntza, lanbide sailkapena eta sustapena, ordainsarien eta lanaldiaren baldintzak, lana eta familiako bizitza bateratzea, etab., eta, besteak beste, honako hauek:
–Langileak aukeratzeko eta mailaz igotzeko prozesuetan bereizkeria bertikala eta horizontala eta hizkuntza sexista saihestea. Horrenbestez, enpresetan sartzeko hautapen prozedura gardenak bermatu beharko dira, enplegu eskaintzak bereizkeriarik gabe idatziz eta zabalduz eta eskaintzen den lanpostuaren eskakizunetarako egokiak diren proba objektiboak ezarriz, pertsonaren jarreren eta gaitasunak baloratzea xede bakarra dutenak.
–Emakumeek agintea eta/edo ardura eskatzen duten lanpostuak har ditzaten sustatzea.
Emakume gutxiegi dagoen lanpostuetan emakumeak hautatu eta sustatzeko berariazko programak ezartzea.
Ohiz kanpoko kontratazio motek (lanaldi partzialeko kontratuak eta aldi baterako kontratazioaren modalitateak) emakumezko langileen kolektiboan duten eragina aztertzea, gizonezko langileekin alderatuz, eta behar diren zuzenketa neurriak hartzea, emakumezkoengan eragin handiagoa dutela ikusten bada.
Enpresa barneko zein kanpoko prestakuntzarako aukera berdinak ematea gizonei eta emakumeei, emakumeek lanean iraun dezaten, eta emakumeen prestakuntza maila eta enplegu eskariaren baldintzetara moldatzeko gaitasuna areagotzea.
Emakumeei berariaz informazioa ematea, gizonezkoek bete izan dituzten lanpostuetarako prestakuntza ikastaroei buruz.
Aukera berdintasunari buruzko berariazko ikastaroak egitea.
Soldataren osagarriak aztertzea, horien atzean emakumezko langileen kontrako bereizkeriarik ez dagoela egiaztatzeko.
Gizonen eta emakumeen arteko soldata desberdintasunak badaude, horiek zuzentzeko prozesuak sustatu eta epeak ezartzea.
Gizonek zein emakumeek familiako bizitza eta lana hobeki uztartu ditzaten lortzea, sentsibilizazio kanpainak eginez eta legezko baimen eta eszedentzien berri zabalduz, etab.
Emakumezko langileen osasunari kalte egiten ahal dioten arriskuak atzeman eta zuzentzeko neurriak ezartzea, batez ere emakume haurdunentzat, eta jazarpen moral eta sexuala eragoztea.
D.–Enpresek eta langileen ordezkariek berdintasunerako planak eta araubide iragankorra prestatzeko dituzten eskumenak.
Egoeraren diagnostikoa egiteko eskumena enpresari dagokio. Diagnostiko horretan egiten diren agiriak langileen ordezkariei emanen zaizkie, txostenerako.
Egoeraren diagnostikoa egin ondoren, xedapen hauen eraginpeko enpresek (250 langile baino gehiago dituztenek) langileen ordezkariekin negoziatu beharko dute berdintasunerako plana. Negoziazioaren emaitza edozein dela ere, bai planaren edukia bai hartu beharreko neurriak beti egonen dira aurretik egindako diagnostikoaren mende.
Enpresan berdintasunerako plana ezarririk, langileen ordezkariei urtero emanen zaie haren bilakaeraren berri, eta haiek txostena egiten ahalko dute, egokitzat jotzen badute.
Enpresek hitzarmen kolektibo honen indarraldia amaitu arteko epea izanen dute, artikulu honetan egoeraren diagnostikoei eta berdintasunerako planei buruz xedatutakoa aplikatzeko.
I. ERANSKINA Soldaten taulak |
KATEGORIAK | OINARRIZKO SOLDATA | ANTZINATASUNA KALKULATZEKO OINARRIA | ||||
Euroak | Euroak | |||||
2013. urtea | 2014. urtea | 2015. urtea | 2013. urtea | 2014. urtea | 2015. urtea | |
ARDURADUNA | 48,53 | 49,00 | 49,49 | 31,33 | 31,57 | 31,88 |
1. MAILAKO OFIZIALA | 43,29 | 43,73 | 44,17 | 29,95 | 30,17 | 30,47 |
2. MAILAKO OFIZIALA | 39,30 | 39,70 | 40,10 | 28,53 | 28,74 | 29,03 |
LAGUNTZAILEA | 36,60 | 36,98 | 37,35 | 27,22 | 27,43 | 27,70 |
GARBITZAILEAK | 31,54 | 31,89 | 32,20 | 25,44 | 25,64 | 25,89 |
PEOIA | 35,47 | 35,85 | 36,21 | 25,84 | 26,03 | 26,29 |
18 URTETIK GORAKO SALTZAILEA | 36,22 | 36,60 | 36,96 | 26,79 | 27,41 | 27,69 |
LAGUNTZAILEA | 30,47 | 30,78 | ||||
IKASTUNA EZ DEN 17 URTEKO LANGILEA | 22,36 | 22,64 | 22,87 | 16,77 | 16,90 | 17,07 |
IKASTUNA EZ DEN 16 URTEKO LANGILEA | 19,41 | 19,66 | 19,86 | 15,91 | 16,03 | 16,19 |
PRESTAKUNTZAKO KONTRATUAK: | ||||||
–LEHEN URTEKOA | 26,61 | 26,89 | 27,16 | |||
–BIGARREN URTEKOA | 30,15 | 30,47 | 30,78 | |||
–HIRUGARREN URTEKOA | 35,47 | 35,85 | 36,21 | |||
F1412031 | ||||||
Iragarkiaren kodea: F1412031
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
